TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

barra
barra

3. BULETINA / 2022.12.23

ABIAN DA KLIMA ETA LANDA EREMUAREN INGURUKO GIPUZKOAKO HERRITAR BATZARRA

Gipuzkoako Foru Aldundia, Telesforo Monzon Euskal herrigintza laborategia eta Arantzazulaben eskutik Gipuzkoako Herritar Batzarrak hiru saio burutu ditu iada

Abian da Telesforo Monzon Euskal herrigintza laborategiak (TMeLab) eta Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak sustatu duten nekazaritza-jarduera eta klima-aldaketa ardatz izango dituen Herritar Batzar deliberatzailea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

Gipuzkoako bizilagun gisa, ausaz hautatutako 32 herritar beraien ikuspegiak eta esperientziak partekatu eta gogoeta egin ahal izateko elkartuko dira. “Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?” galderari erantzun beharko diote. Adituak eta sektoreko eragileak entzungo dituzte eta horren baitan gogoetatu eta eztabaidatu, 4 asteburutako saioen bidez.  Haien deliberazioetatik eratorriko diren emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztuko zaizkion hainbat gomendio izango dira.

Unai Pascual TMeLabeko kolaboratzailearen iritzian “Gomendio hauek datozen urteetako nekazaritza-politikaren arloko jarduerak bideratzeko lagunduko dute, beti ere nabarmenduz etorkizuneko nekazal sektoreak jadanik bertan dugun klima larrialdiari aurre egin beharko diola bere etorkizuna bermatu ahal izateko.”

Zergatik da garrantzitsua landa inguruan aurrera daraman nekazal sektorea eta klima larrialdi egoera, biak elkarrekin jartzea?

Badira hamaika arrazoi, baina Unai Pascualek bere aurkezpenean hiru nabarmendu ditu:

1. Herrialde guztientzat tokiko nekazaritza sektorea estrategikoa da. Nekazal sektorea garrantzitsua da herrialde guztiok behar ditugun elikagaiak ekoizteko eta landa inguruak sortzen dituen beste hainbat onuraren kudeatzaile ere bada. Hala nola, ura, bioaniztasuna, eta abar. Klima aldaketak munduko beste edozein txokotan bezala, Gipuzkoan ere, nekazal sektorearen kudeaketa balditzatuko du.

2. Esan bezela, jadanik gurean dagoen eta azeleratzen ari den klima aldaketak etorkizunean nekazal munduaren bilakaera balditzatuko du hein handi batean. Beraz, nekazaritza sektorearen etorkizuna bermatu ahal izateko, sektoreak berak klima aldaketara egokitu beharra dauka. Horrek baliabide berriak erabiltzea eskatzen du (adib. giza kapitala, teknologia, eta abar) eta jakin badakigu baliabideak urriak direla eta modu egokian esleitu behar direla.

3. Landa inguruak negutegi efektua sortzen duten gasen isurketak, CO2a edo metanoa esaterako, xurgatzeko ahalmena izan dezake nekazal jarduera egokiak direnean.

TmeLab Telesforo Monzon Herrigintza Laborategiak, Herritarren batzar honen sustatzailetako bat izanik, bertatik eta Gipuzkoako Aldundiari helaraziko zaizkion gomendioak Gipuzkoar gizarteari helarazten lagunduko du.

Herritarren Batzar hau Telesforo Monzon Euskal Herrigintza laborategiak (TMeLab) eta Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak Etorkizuna Eraikizen baitan orain ia urte bete aurkeztutako egitasmoaren gauzapena da. Proiektu hau demokrazia deliberatiboan adituak diren bertako zein nazioarteko aholkularien bidelaguntzarekin garatu da (ELGA, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea, eta Deliberativa elkartea).

Herritar Batzarraren informazio osoa HEMEN

NAZIOMETROA JARDUNALDIAK BURUTU ZIREN EHUKO BIZKAIA ARETOAN

Zer esaten digute inkestek herritarren gogo eta nahiei buruz, burujabetza eta bere inguruabarrak direla eta? Nola ulertu behar ditugu hauek? Zein dira joerak? Nola irakurri? Nola eragin daiteke beraiengan edota beraiekin?

Jardunaldi hauen helburua orain arteko datuen inguruan gogoeta eta erreflexioa bultzatzea izan da. Horretarako, batetik, orain arteko datuak azaldu eta hauen azterketa sakonagoa egin nahi  izan dugu, datu hauek diotenarekin edo hauek oinarri hartuta, subiranismoak eraginkorragoa izateko zer egin behar duen aztertu eta eztabaidatzeko. Horretarako, Naziometroak orain artean egindako lau inkestetaz bai eta bestela egindakoetaz baliatu gara. Era berean Eskoziako Common Weal fundazioko Robin McAlpinek Eskoziako independentziaren datuen inguruko azterketa xehea egin du eta Nuria Franco-Guillen irakasleak Kataluniako irakurketa ekarri digu. Azkenik mahai inguru batean Floren Aoiz, Onintza Odriozola, Xabier Barandiaran, Estitxu Garai eta Txomin Povedaren hausnarketak entzun ahal izan ditugu.

Jardunaldiaren informazio osoa HEMEN

XXI. MENDEKO HIZKUNTZA POLITIKAZ JARDUNALDIA - TXILLARDEGIREN HERIOTZAREN 10. URTEURRENEAN

Urriaren 19an Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakin-ek eta UEUk XXI.mendeko Hizkuntza Politikaz jardunaldia antolatu genuen.

40 urte pasa dira EAEn 1982ko Euskararen Legea onartu zenetik eta 35 bat Nafarroako Euskararen Legetik. Ordutik gaur arte mundua, eta Euskal Herria ondorioz, nabarmen aldatu duten prozesuek gurutzatzen dituzte: robotizazioa, gauzen Interneta, inteligentzia artifiziala…

Aldaketa guzti horiek eragina izan dute gure balio sistemetan, eta are gehiago gurea bezalako nazio gutxiagotuetan. Horren aurrean, hizkuntzaren arloari erreparatuta, behar berrien aurrean ekitea ezinbestekoa da. Beste modu batera esanda, testuinguru berri honetara egokituta hizkuntza politika batean pentsatzen hasi beharra dugula konturatu gara.

Jakin Fundazioa eta UEUrekin batera aipatutako kezka partekatu eta problematika horren inguruan pentsatu eta ekiteko plaza eskaintzea izan da jardunaldiaren helburua.

Jardunaldiko informazioa eta hitzartzeak HEMEN

BAKE PROZESUETAKO NEGOZIATZAILE, AHOLKULARI ETA DEFENDATZAILEENTZAKO SEGURTASUN ZEIN BERME PERTSONALEN GARRANTZIARI BURUZKO MINTEGIA

Ekainean Bake Berghof fundazioarekin batera Bake prozesuetako negoziatzaile, aholkulari eta defendatzaileentzako segurtasun zein berme pertsonalen garrantziari buruzko mintegi itxia burutu genuen Arantzazun kanpotik etorritako ordezkariekin.

Mintegiaren laburpena jasotzen duen txostena HEMEN irakur daiteke ingelesez.

L A B U R R A K

Etorkizuna Eraikiz Kongresuan parte hartzea

Egungo erronka konplexuei aurre egin eta demokrazia sendotzera dator Deliberazio Olatua deritzona. #EECongress22 Plazan  @arantzazulab -ekin Gipuzkoan egiten ari garen bidea azaldu genuen  @malentxooo Dominguez Proiektu Koordinatzailearen eskutik.

“Escocia: ¿ahora sí? Oportunidades y barreras del segundo referendum” hitzaldia Xavier Solano i Belloren eskutik

Gure Esku Dago eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterrarekin batera, Xavier Solano i Belloren hitzaldia antolatu genuen Bilboko Burtsa aretoan azaroaren 17an.

Ongizatea neurtzeko Zeelanda Berriko kasua hizpide SEHren Nazioarteko kongresuan

Malen Dominguez TMeLabeko Proiektu Koordinatzaileak Zeelanda Berrian ongizatea definitu eta neurtzeko daramaten politika azaldu zuen Subiranotasuna Europako Herrietan masterrak antolatutako Nazioarteko Kongresuan.

Euskaltzaindiak osatutako Euskararen Gogoetagunean izan gara

Donostiako Luis Villasante Ikergunean (Tolare Baserria) Euskaltzaindiaren Jagon sailak antolatutako gogoeta gunean pare hartu genuen. Malen Dominguez Proiektu Koordinatzailea dinamizazio lanetan aritu zen jardunaldian.

barra

TELESFORO

MONZON

eLab