NAZIOMETROA
Euskal Burujabetzaren Barometroa
6. NEURKETA · 2024/04
ONDORIOAK
ONDORIOAK: PERTENENTZIA
Lurraldea eta komunitatearen inguruko esaldiekiko adostasun maila
Datuek erakusten dute euskal herritarrek adostasun handia dutela beren historia, kultura eta ingurumenaren garrantzia azpimarratzen duten baieztapenekin. Inkestatu gehienek bere historia baloratzen dute ( % 90,5), bere lurraldeko edertasun naturalarekin eta ondarearekin konektatuta sentitzen dira ( % 88,8), eta bere lurraldearen garapena eta ongizatea balioesten dute ( % 88,2). Gainera, tokiko hizkuntza eta kultura oso balioetsiak dira ( % 87,7), bai eta kultura-aniztasuna ( % 86,6) eta bertako lurrak eskaintzen dituen aukerak eta askatasunak ere ( % 84,0).
Era berean, euskal herritarren proportzio esanguratsu bat elkarrekin erronkak gainditzeko gai den komunitate baten parte sentitzen da ( % 73,9) eta harro dago bere sentimendu nazionalaz ( % 72,5). Beste datuetatik beherago badago ere, konpromiso zibikoa eta parte-hartze politikoa ere garrantzitsuak dira haientzat, % 66,2 ados baitaude.
Norberaren atxikimendua
Oro har, datuek erakusten dute Euskal Herrian bi/hiru identitateek atxikimendu positiboa lortzen dutela, nahiz eta haien artean aldeak dauden. Horrela, Euskal Herri osoan euskal herritar sentimendua nagusi da (7,8 batezbeste), espainiar/frantziar sentimenduaren gainetik (6,4).
Bien arteko aldea, espainiar/frantziar sentimenduak 5etik behera kokatzen den jende gehiago (% 20,8 vs % 11,6) eta 8-10ean kokatzen den jende askoz gutxiago duelako (% 41,8 vs % 68,1) ematen da.
Erkidegoka aztertuta ere alde nabarmenak ikusten dira. Euskal nortasuna nagusi da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian. Piska bat indartsuagoa bigarrenean. Baina bien arteko alde handiena estatu identitatearekiko atxikimenduan ikusten da. EAEn nabarmen baxuagoa da eta bertan 10eko atxikimendua duten herritarren proportzioa % 13,7 den bitartean, Ipar Euskal Herrian % 32,6koa da.
Nafarroa Garaian, berriz, nafar sentimenduaren zentralitatea, euskal eta espainiar nortasunen nahasketa nabarmenarekin aurkitzen dugu. Bertan, nafar eta espainiar sentimenduen joerak Ipar Euskal Herriko euskal eta frantziar sentimenduen oso antzekoak dira. Aldiz, euskal herritar sentimenduak herritar zati handi batean kontrakotasun handia eragiten du (%23,2k 0 atxikimendua adierazi du).
Zuretzat zer garrantzia du ondorengo hauetako bakoitzak espainiarra/frantziarra izateko?
Euskal herritarren arabera estatuko hizkuntza (frantsesa edo espainola) hitz egiteko gaitasuna da faktore garrantzitsuena Frantzia edo Espainiaren parte sentitzeko, 7,8ko puntuazioarekin. Beste faktore esanguratsu batzuk dokumentu ofizialak izatea eta herrialdean bizitzea dira, 7,4 eta 6,9 puntuazioekin, hurrenez hurren. Faktore kulturalagoak ere, hala nola tradizioak partekatzea eta herrialdearen parte sentitu nahi izatea, garrantzitsuak dira, baina pixka bat gutxiago, 6,8-6,9 inguruko puntuazioekin. Sinbolo edo talde lokalen jarraitzaile izatea da garrantzia gutxien duen faktorea testuinguru honetan, 5,7ko puntuazioarekin.
Eta euskal herritarra izateko?
Euskal Herriaren parte sentitzeko alderdi emozional eta kulturalak dira garrantzitsuenak, hala nola kide izateko eta bertan bizitzeko nahia, eta ondoren faktore legalak eta jaiotza-faktoreak. Euskaraz hitz egiteko trebetasunak eta tokiko sinboloen jarraipenak garrantzi txikiagoa dute, konparazio batera.
Zehazki, Euskal Herriaren parte sentitzeko nahia da euskal nortasunerako faktorerik garrantzitsuena euskal herritarrentzat, 8,1eko puntuazioarekin. Beste faktore garrantzitsu
batzuk Euskal Herrian bizitzea (7,9) eta bertako ohiturak eta tradizioak partekatzea (7,8) dira.
Dokumentu ofizialak izatea (7,4) eta Euskal Herrian jaio izana (7,3) ere esanguratsuak dira, zertxobait gutxiago bada ere. Euskaraz hitz egin ahal izatea (6,8) eta sinbolo edo talde lokalen jarraitzaile izatea (6,4) ez dira hain faktore erabakigarriak testuinguru horretan.
Eta nafar izateko?
Nafar sentitzen direnentzat (eta euskal herritar ez), nafar sentitzeko, faktore erabakigarrienak dira Nafarroa Garaian bizitzea, Nafarroako ohiturak eta tradizioak partekatzea eta horietan parte hartzea, eta bertako kide izateko nahia izatea. Dokumentu ofizialak izatea eta Nafarroa Garaian jaio izana ere garrantzitsuak dira, baina neurri txikiagoan. Testuinguru horretan, euskaraz hitz egiteko trebetasuna da garrantzi gutxien duen faktorea.
Euskal sentimendu nazionala izateak eragin dezake
Gizartearentzat, euskal sentimendu nazionala izateak kultura, tradizioak eta historia zaintzearekin lotuta daude, bai eta nortasun-zentzua eta komunitateko kide izatea indartzearekin ere. Halaber, euskal sentimendu nazionala izateak garrantzitsua da harrotasuna eta lorpen partekatuak sortzeko, konpromiso zibikoa eta gizarte-kohesioa. Aldiz, lotura txikiagoa ikusten da askatasun indibidualak mugatzeko, besteak diskriminatzeko eta baztertzeko, eta nazioarteko lankidetzaz ez kezkatzeko. Horrek, oro har, euskal sentimendu nazionalarekiko ikuspegi positiboagoa negatiboa baino iradokitzen du.
Nafar sentimendu nazionala izateak eragin dezake
Nafarroako sentimendu nazionala, batez ere, kultura, tradizioak eta ohiturak sustatzen eta babesten dituela pentsatzen da, bai eta komunitatearen eta identitatearen zentzua indartzen dituela ere. Historiari eta memoriari ere berebiziko garrantzia diola uste da. Aldi berean, askatasunak, nazioarteko lankidetza eta inklusioa mugatzen dituzten ekintzak gutxi edo ez dira Nafarroako sentimendu nazionalarekin lotzen.
Bien arteko aldea
Bi sentimenduek pizten dituzten balorazioak alderatuz gero, oro har, Nafarroako sentimendu nazionalak pertzepzio positiboagoak ditu, ‘Atzerritar’ edo ‘desberdin’ gisa hartzen direnak gutxiago baztertzen eta diskriminatzen dituelakoan, nazioarteko lankidetzaz gehiago kezkatzen delako, ingurumena eta ondarea zaintzeari garrantzi handiagoa ematen diotelako eta norbanakoen aukerak eta askatasunak gutxiago mugatzen dituelako. Azkenik, historian eta memorian lan egitea eta identitatearen zentzua eta komunitate bateko kide izatea indartzean bi sentimenduek oso balorazio antzekoa jasotzen dute.
ONDORIOAK: GOBERNANTZA EREDUAREN INGURUKO IRITZIA ETA EUSKAL ESTATUAREKIKO JARRERA
Estatuen antolaketa ereduez
Naziometroaren ohiko galderekin jarraituta, estatuen antolaketa ereduen inguruan galdetuta, iazko neurketako jaitsieraren ondoren, aurten, berriro ere, “Erabakitzeko-eskubidea / Autodeterminazio-eskubidea aitortzen duen estatua” da babes gehien jaso duena (% 32,5). Ondoren, % 28,4arekin, “Eskumen gehiago / Autonomia gehiago duten erkidegoez / lurraldeez osatutako estatu bat” dator. % 20aren bueltan dabiltza egungo ereduaren alde egiten dutenak, azken neurketa honetan hiru puntu behera eginez, eta eredu zentralizatuago baten aldekoak behera egin dute azken bi neurketetan, % 10era hurbilduz.
Erabakitzeko eskubideaz
Erkidego bakoitzak bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubideaz galdetzean, aurreko neurketetan bezala, erabakitzeko eskubidea izan behar dutela uste dutenek ia hirukoiztu egiten dituzte kontran daudenak.
Madril edo Parisek tokian toki adostutako erreferendum bat onartu edo debekatu beharko luketen galdetzean, gehiengo zabal batek onartu beharko luketela uste dute (%53,9 azken neurketan). Onartzearen aldekoak, gehiengo zabal bat izan arren, proportzio hori jaisten joan da zalantza edo erantzunik ematen ez dutenen alde. Debekatu beharko litzatekela uste dutenak % 20,1 dira, orain arteko Naziometroaren batezbestekoan kokatuz gutxi gora-behera.
Independentziaz
Aldiz, Espainiatik edo Frantziatik independizatzeko asmoak gora egin du azken bi neurketetan, tarte guztian izandako goiko franjatik hurbil kokatuz (%25,6). Hala ere, desadostasuna nagusi izaten jarraitzen du eta % 43aren inguruan mantentzen da.
Euskal Estatuaz
Egoera adostu eta onartu batean, Euskal Estatuaren alde edo kontra dauden galdetzean, aurreko neurketarekin alderatuta apur bat gora egin du aldekotasunak (% 35,2) eta kontrakotasuna mantendu (%26,8) egin da. Horrela, bien arteko aldea 8,4 puntura zabaldu egin da.
Independentziarako asmoa eta Euskal Estatuaren aldeko jarreraren arteko alde hau (bigarrena handiagoa lehenengoa baino), ez da berria eta horregatik, horren interpretazioan lagundu ahal izateko hiru galdera gehitu dira Naziometro honetan. Iritziz aldatzen dutenei hiru esaldirekin zein adostasun maila duten galdetu zaie.
Kontrakotasun argia jaso du esaldi honek: “Euskal estatua lortzea ezinbestekoa da, edozein modutan erdietsita.” Oso kontra edo kontra % 53,7 eta oso alde edo alde % 29,4.
Eta aldekotasun argia jaso dute hiru esaldi horietatik bik, %66 ingurukoa bi kasuetan: “Euskal Estatuaren alde nengoke, horrek gatazkarik sortzen ez badu.” eta “Independentismoa ez zait erakargarria egiten.”
Ondorioz, aurretik egin diren hipotesiak indartu egiten dira, hau da, independentismoak aktibatzen dituen iruditegiak eta proiekzioak ez dira positiboak jende multzo honetan, eta horrelako prozesu bat modu gatazkatsuan ulertzeak edo ikusteak, jende bati atzera eginarazten dio.