Babes ditzagun gure irakasleak eta ikerlariak!
IÑAKI GOIRIZELAIA
UPV/EHUko katedraduna eta errektore ohia.
IÑAKI GOIRIZELAIA
UPV/EHUko katedraduna eta errektore ohia.
Nolakoa izango litzateke euskal unibertsitate publikoa, bere garapena Espainiako Estatuko markoari lotuta egon ez balitz?
Nolakoa izango lirateke gure zientziaren ekoizpena eta nazioarteko presentzia duela 400 urte unibertsitate publiko bat sortu izan bagenu? Zein izango litzateke duela 200 urte sortutako unibertsitate publiko bikain baten eragin ekonomikoa? Zer eragin izango luke gure kultura eta nortasunaren garapenean? Zelako eragina izango luke pertsona kultuen prestakuntzan?
Argi dago gaur egun herri desberdinen arteko borondatez onartutako dependentzia dagoela, dependentzia egokia esango nuke, [...] Baina dependentzia hori inposatzen denean?
Eta duela 400 urte sortutako Unibertsitate publiko bat eta zientzia sistema bikain bat izan bagenitu, hobeto erreakzionatu ahal izango genuen gaixotasun berri honi aurre egiteko? Etorkizunari begira zerbait ikasten ari gara?
Azken egun hauetan argi ikusi dugu derrigorrezko dependentziaren kontzeptua zein den. Argi dago gaur egun herri desberdinen arteko borondatez onartutako dependentzia dagoela, dependentzia egokia esango nuke, batzuetan beharrezkoa, haien artean dependenteak diren guztiek irabazten dutelako harreman mota hori libreki onartzen dutenean. Baina dependentzia hori inposatzen denean?
Argazkia: Chuttersnap, Unplash.
Gure euskal agintariak protestatzen ikusi ditugu, gure euskal enpresariak ere, sindikatuak ez dira atzean gelditu, … bakoitza bere argumentuekin, bakoitza bere banderarekin. Espainiar Estatuak ezarritako alarma egoerak derrigorrezko dependentziaren kostua zein den erakutsi digu gordintasun osoarekin. Euskal agintarientzat, enpresarientzat, sindikalistentzat, … altuegia izan da kostua eta, behar bada batzuk lehenengo aldiz, kontzienteak izan dira.
COVID-19 gaixotasuna agertu baino lehen argi zegoen, orain are argiagoa, hezkuntza eta ikerketa arloetan nahi ditugun ereduak garatzeko Espainiarekin daukagun derrigorrezko dependentziak oztopoak sortzen dituela eta gure proiektuak ezinezko bideak bihurtu daitezkeela.
Nire ustez, gure herriak daukan aukera bakarra jakintza sortzea eta pertsona kultuak heztea da, besterik ez.
Eten gabe eta abisatu barik aldatzen ari den mundu globalizatu honetan, gaixotasun honek erakutsi digun bezala, euskal gizarteak nola egiten dio aurre hobeto bere etorkizunari? Erantzuna emateko lau berba hauek egokiak direla uste dut: Jakintzaren Euskal Komunitate Kultua.
Nire ustez, gure herriak daukan aukera bakarra jakintza sortzea eta pertsona kultuak heztea da, besterik ez. Horretarako hezkuntza eta ikerketa sistemak gakoak dira. Bestalde, Euskal Komunitatea aipatzen dudanean euskal identitateari eta kulturari buruz hitz egiten ari naiz, mundu globalizatu honetan, bakoitzak bere tokitik, identitatearen eta kulturaren bidez mundua aldatzen duten ekarpen esanguratsuak egin ditzaketelako jakintzan hezitako pertsona kultuek.
Argazkia: Science In HD N4, Unplash.
Jarraitu baino lehen, aipamen bat egitea gustatuko litzaidake. Identitatea ez da 19. mendeko kontzeptu zahar bat, batzuek esaten duten bezala. Ibarretxe lehendakariak esaten duen legez “Nortasunaz hitz egitea ez da iraganaz hitz egitea, etorkizunaz hitz egitea baizik. Ez da gai politikoez bakarrik hitz egitea, ekonomiaz, elkartasunaz, enpleguaz, jardueraz hitz egitea baizik. Bizitzari buruz hitz egitea da”.
Baina gure herria modu jasangarri batean garatzen jarraitu dezagun behar ditugun pertsona kultu horiek hezteko gure hezkuntza eta ikerketa sistema Espainarekiko daukagun derrigorrezko dependentziaren menpean dago. Egoera horrek erabat baldintzatzen digu gure etorkizuna, legez Espainiak zehaztutako ereduari jarraitzea beste aukerarik ez daukagulako.
Espainiar Estatuak Lege Organikoen bidez eta Errege Lege Dekretuen bidez gure eskumen horiek erabat mugatu ditu azken urteetan.
Ez ziren horiek Gernikako estatutua adostu zutenen izpiritua eta nahia. Bertan, bai irakaskuntzako maila guztiak eta baita ikerkuntza zientifiko eta teknikoa garatzeko eskumena ere Euskal Autonomia Erkidegoarenak direla adostu zuten, eta horrela agertzen da Estatutuaren 10.16 eta 16. artikuluetan.
10.art.-Euskal Herriko Komunitate Autonomoak ondoko gaiei dagozkienean konpetentzia esklusiboa du:
16.Zientzien eta tekniken ikerpena, Estatuarekin koordinatuki.
16.art.-Konstituzioaren lehen Erabaki Gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149-1-30. artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke.
Argazkia: l, Unsplash.
Baina Espainiar Estatuak Lege Organikoen bidez eta Errege Lege Dekretuen bidez gure eskumen horiek erabat mugatu ditu azken urteetan. Beste batzuen artean aipatzekoak dira, hala nola, 1983ko Unibertsitateen Erreformarako Lege Organikoa, LRU famatua, 2001eko Unibertsitateen Lege Organikoa, 2011ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua, … eta azken urteetan ahaztu ezin dugun Errege Dekretuen zerrenda luzea.
Azken urteetan ikusi duguna da goi mailako hezkuntzan Espainiak uniformitatea inposatu duela.
Beraz, argi dago Gernikako Estatutuan agertzen diren eskumenak era bat bazterturik, Espainiako Gobernuak, gehienetan lege organikoen bidez, baina baita ere Errege Dekretuen bidez edo Agindu Ministerialen bidez, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren garapena guztiz baldintzatu duela eta ezinezkoa izan da gure eredu propioa sortzea.
Horrek ez du esan nahi aukera izan bagenu hobeto egingo genukeenik. Baina ez dago hori frogatzerik. Azken urteetan ikusi duguna da goi mailako hezkuntzan Espainiak uniformitatea inposatu duela. Unibertsitate publiko guztiek sufritu dituzte agintari horien erabaki uniformatzaile eta desegokiak.
Zelako unibertsitate publikoa behar dugu?
Unibetsitate publikoa zertarako nahi dugun adostea lehenengo urratsa litzateke. Argi daukat gelditzeko momentua heldu dela eta hausnarketa egin. Askotan entzuten dugu gure hezkuntza eta ikerketa eta berrikuntza sistemak oso oso onak direla. Ez dut eztabaida horretan sartu nahi. Eskuragarri ditugun datuak aztertu besterik ez dugu egin behar. Beraz gelditzeko unea etorri zaigu eta hezkuntza sistema, baina batez ere unibertsitate publikoa, zertarako nahi dugun adostea komeniko litzaiguke lehenbailehen.
Mundu aldakor baten erronka handiak direla eta, batzuetan unibertsitatea arazo zehatzetarako konponbide espezifikoen iturri gisa ikusten da. Beste era batera esanda, batzuetan unibertsitatea merkatura joateko prest dagoen merkantzia-iturri bezala ikusten da. Are gehiago, unibertsitateari eskatzen zaio bere jarduera berriz diseinatzeko, eskari horri erantzuteko, eta askotan, politika publikoak zentzu horretan bideratzen dira.
Argazkia: Science In HD, Unsplash.
Unibertsitateak gizarte-eredu berriak, gobernantza, jarduera, prozesu, produktu eta ekoizpen-sistema berriak, …sortu ahal izateko ingurune egokia eraikitzen lagundu behar du. Hemen bai, arlo honetan unibertsitatearen zeregina funtsezkoa da, bai beharrezko ezagutzaren sorreran, bai pertsonen prestakuntza egokian.
Ez dut zalantzarik unibertsitateak funtsezko zeregina duela berrikuntza enpresarialean edo berrikuntza sozialeko prozesuetan. Baina oso garrantzitsua iruditzen zait ulertzea zein izan behar den unibertsitatearen ekarpena, unibertsitatea ez delako berrikuntza industrialaren motorra. Enpresen berrikuntza ezin da inola ere unibertsitatearen izateko arrazoia izan. Ez gaitezen berriz okertu. Unibertsitatea enpresen berrikuntzaren motorra bihurtzen badugu ez gara inoiz gai izango, adibidez, gaur egun daukagun pandemiari zientifikoki modu egokian aurre egiteko.
Unibertsitateak gizarte-eredu berriak, gobernantza, jarduera, prozesu, produktu eta ekoizpen-sistema berriak, …sortu ahal izateko ingurune egokia eraikitzen lagundu behar du. Hemen bai, arlo honetan unibertsitatearen zeregina funtsezkoa da, bai beharrezko ezagutzaren sorreran, bai pertsonen prestakuntza egokian.
Zelan hezi behar ditugu gure ikasleak?
Pandemia honek zerbait erakutsi badigu ezezagunaren garrantzia da. Gure ikasleei ezagutza profesionala eta trebetasun zehatzak irakatsi behar dizkiegu, jakina. Baina hori bakarrik oker handia litzateke. Irakaskuntza-metodologia egokiak erabiliz, jakina, ezagutzen duguna ondo erakustea garrantzizkoa da baina hori ez da nahikoa gaur egun. Etorkizunari begira ezjakintasunean ondo mugitzen diren pertsonak heztea gakoa da. Zientzian pauso handi bat ematen dugun bakoitzean gure ezjakintasunaren mugak handitzen dira. Beti sortzen dira galdera gehiago.
Gure ikasleengan ezagutzeko grina piztu behar dugu, ulertzeko nahia. Unibertsitateek lan egin behar dute ikasleek egun ezagutzen diren interpretazioak edo egoerak zalantzan jar ditzaten.
Argazkia: Science In HD, Unsplash.
Horregatik, belaunaldiz belaunaldi, gure ikasleek hausnarketa egiten ikastea da unibertsitatearen misioa. Ez ditugu teknika jakin bat menderatzen duten edo trebetasun espezifikoa duten langileak prestatzen, eta ez ditugu gure ikasleak horrela hezi behar.
Gure ikasleengan ezagutzeko grina piztu behar dugu, ulertzeko nahia. Unibertsitateek lan egin behar dute ikasleek egun ezagutzen diren interpretazioak edo egoerak zalantzan jar ditzaten. Informazioa edo datuak antolatu gabe daudenean edo, informazioa kaotikoan murgilduta gaudenean, argudiatzen erakutsi behar ditugu.
Unibertsitateak galdera egokiak egiten irakatsi behar die ikasleei, arazo bat konpontzeko garrantzitsua dena bereizten, arazo horiek ebidentzian oinarritutako argudioen bidez konpontzen. Ondorioz, konplexutasun handieneko egoeretan egoki jokatzen ikasiko dute, egoera horiek ulertzen eta gainditzen.
Hori da pandemia honek berriro ere erakutsi diguna. Ezjakintasuna nagusitzen denean ondo hezitako pertsona kultuak behar dira. Eta hori noski garestia da. Ezin da egin “zero kostua” kontzeptua erabiliz. Derek Bok-ek, Harvard Unibertsitateko presidente ohiak esan omen zuena ez ahaztu: “Heziketa garestia dela uste baduzu, saiatu ezjakintasunarekin”.
Goi mailako hezkuntza-eredu berria behar dugu. Ez dugu behar lege uniformatzailerik edozein bazterretan unibertsitate klonikoak sortzen dituena.
Zer behar dugu?
Goi mailako hezkuntza-eredu berria behar dugu. Ez dugu behar lege uniformatzailerik edozein bazterretan unibertsitate klonikoak sortzen dituena. Benetan etorkizuneko erronkei erantzun nahi badiegu, gure unibertsitatean irakasle onenak eta zientzialari onenak behar ditugu. Hain sinple dirudien proposamen hau ia ia ezinezkoa da gaur egun daukagun espainiar legediarekin.
Autonomia guztiarekin lan egiten duten gobernu-organo modernoak eta eraginkorrak behar ditugu. Gaur egun Espainiako unibertsitate guztietan gobernu-organo berdinak daude kontuan hartu barik bakoitzaren berezitasuna, helburuak edo eta beharra. Hemen ere ausartak izan behar gara. Adibide bat ematea arren, gure unibertsitateko errektorea, legeak horrela aginduta, irakasle katedradunen artean aukeratzen da botoen bidez. Hori da biderik egokiena errektorerik onena izateko? Etengabe egokitzeko gaitasuna duten egitura malguak behar dira unibertsitateko zentro guztietan, kudeaketa-prozesuetan prestigio ez-akademiko aitortua duten pertsonen presentzia ere ahalbideratzen eta baloratzen dutenak.
Autonomia aipatu dut baina horrekin batera kontu-emate publikoa ere behar beharrezkoa da txapon beraren bi aldeak direlako. Unibertsitate publikoaren autonomia ezin da ulertu gizarteari kontu-emate egokia eman barik horrek dakartzan ondorio guztiekin, noski.
Hezkuntzaren eta ikerketaren arloak, behar den bezala garatzeko, finantzaketa egokia eta egonkorra behar dugu. Pandemia honek erakutsi digu pertsonak salbatzeko gure sanitarioak direla behar beharrezkoak, ikerlarien eskuetan gaudela bakuna berria lortzeko eta pertsona kultuak gutxiago gaixotzen direla. Agintari politikoek ez dute beldurrik izan behar hezkuntzan eta ikerketan behar den inbertsioa (ez gastua) egiteko. Orain arte ez dute egin eta azken urteetan kontrakoa ikusi dugu agindu ministerialen bidez edo lege organikoen bidez. Penagarria da ikerlari gazteen egoera!
Argazkia: Hal Gatewood, Unsplash.
Unibertsitateak autonomia izan arren, erakunde publikoen kudeaketa ekonomikorako ezarritako irizpideak ez dira egokiak. Unibertsitateak irizpide malguak behar ditu, irakaskuntzaren eta ikerketaren kudeaketaren espezifikotasunera egokituak.
Adibidez, munduko unibertsitaterik onena omen denak, Harvardeko Unibertsitateak, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua baino hiru aldiz handiagoa den funts bat kudeatzen du (endowment). Legeak kontabilitate-urte bakoitzaren amaieran gerakinik ez sortzera behartzen gaitu; beraz, horrelako funts bat kudeaketa-arazo bat izango litzateke unibertsitate publikoarentzat. Holako tresnak izateak malgutasuna ekarriko liguke, irakasleen eta ikerlarien kudeaketa egokiagoa eta malguagoa egiteko aukera berriak zabalduz.
Pandemia honek gauza asko erakutsi dizkigu eta oraindik asko dauzkagu ikasteke. Baina horien artean badago bat nagusitzen dena; benetako egoera larriak sortzen direnean zerbitzu publikoa da arazoetatik aterako gaituena. Zalantzarik gabe, berriro ere pandemia hau baino gogorragoa den zerbaiti aurre egin beharko diogu etorkizunean eta soluzioa Jakintzaren Euskal Komunitate Kultuan dago. Orain da unerik egokiena etorkizuneko arazo larrien konponketa asmatzen hasteko. Xabier Letek esan zigun bezala “Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea…”. Etorkizunean beharko dugun jakintza orain sortu behar dugu autonomia akademiko osoaz. Noski, hori lortzeko goi-mailako hezkuntza sistema birpentsatu behar dugu patxadaz eta libreki. Bitartean, gure irakasleen, ikerlarien eta zerbitzari publikoen aldeko kultura sortu behar dugu. Babestu ditzagun! Eta ahalik eta hobekien babesteko ez dugu derrigorrezko mendekotasunik behar.