TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Covid-19 gogoeta gunea

COVID-19 ETA ONDOREN ZER?

Liburua kalean Elkarren eskutik:

Oso ekarpen desberdinak jaso ditugu, egoera globalaz ari direnetik hasi eta identitatean, ingurugiroan, ongizatean edo lurralde zein herri kohesioan COVID-19ak edukiko duen inpaktuaz gogoetatzen duteneraino.

Gogoeta noski ez da amaitu eta aurkeztu dugun liburuaren bidez eta bestelako ekimenen bidez gogoeta hau elikatzen jarraitzea da gure asmoa.

Eskerrak eman nahi dizkiegu gogoeta honetan parte hartu duten eta beraien denbora eta ezagutza eskaini diguten guztiei.

TM eLab

Euskal Herrigintza laborategia.

video
play-sharp-fill

LIBURUAREN AURKIBIDEA

COVID-19aren ondorioak ez dira neurgarriak oraindik, baina maila globalean, Europa zein Espainiar eta Frantziar Estatu mailan, eta Euskal Herri mailan ere, ezer ez da orain arte bezalakoa izango. Irailak 11ko gertakariek edota 2008ko krisi ekonomikoak nazioarteko agertoki aldaketa bat ekarri zuten bezala, COVID-19aren ondorengo mundua ez da berdina izango eta kudeatu beharreko ondorioak nabariak izango dira. Gurera ekarrita, COVID-19 eta bere garapenak ondorengo hilabete eta urtetako Euskal Herriko dinamika ekonomiko, politiko eta soziala baldintzatuko du. Eta testuinguru honetan, gure asmoa etorriko denaren gaineko gogoetarako espazio ireki bat eskaintzea da.

 

Horretarako, hasiera batean, tresna eta ingurune digitalak erabiliko ditugu. Hori horrela, TM eLab-eko webgunearen atal honetan (www.telesforomonzonlab.eus), Euskal Herriaren etorkizuneko erronken inguruko ekarpen kualifikatuak bilduko ditugu, gure herriak COVID-19 osteko etorkizunari aurre egiteko beharrezkoa duen herri gogoeta zabal eta sakonari lagundu asmoz. Hau da, gure asmoa Euskal Herriak beharko duen elkarrizketa zabalari ekarpena egitea da. Ekarpen kualifikatu horiez gain, nazioartean zein Euskal Herria mailan interesgarriak deritzogun ekarpenak jasoko ditugu ere.

COVID-19a katalizatzaile gisa

Shaun Riordan

 

COVID-19a: EUROPAR BATASUNAk huts egin du elkartasun proba batean. Ordaina austeritate zorrotzagoa eta okerragoa izango da

Duroyan Fertl

 

COVID-19a, mundua eta gu

Urko Aiartza Azurtza

 

Mundu berrira zabaldutako gure atea. Ate joka dugun mundu berria eta bertan dugun lekua

Ander Caballero Barturen

 

COVID-19ak ekar litzakeen epe luzeko inpaktuen dekalogoa

Mikel Navarro Arancegui

 

Normal berria

Garazi Goia Imaz

 

Elkarrekin euskaratik berreraiki

Paul Bilbao Sarria

 

Kulturatik ere, Euskal Herria helburu

Joanmari Larrarte Telletxea

 

Hezkuntzak behar du iraultza

Zigor Ibarzabal Bastarrika

 

COVID-19az, distopiaren falaziaz,(tele)hezkuntzaz eta zaintzaren pedagogiaz

Nora Salbotx Alegria

 

Komunikazioan, gure Ro zenbakiak behera egin du

Josu Amezaga Albizu

 

Gure ongizate-estatua biluztu duen krisia

Gemma Zabaleta Areta

 

COVID-19aren krisia eta ekonomia globala: erronken azelerazioa

Andoni Eizagirre Eizagirre

 

Ondasunak eta baloreak. Boterea eta demokrazia

Isidro Esnaola Herrero

 

Natura errespetatzen duen ekonomia baterantz, COVID-19 osteko Euskal Herrian

Unai Pascual Garcia de Azilu

 

Kapitalismoaren logiken deskonfinamendua. Hyman Minskyrekin pentsaezina zena berriz pentsatuz: aberatsenei zergak, langabezia masiboari aurre egiteko

Xabi Larralde

 

Normalitate berrirako agroekologia feminista

Mirene Begiristain Zubillaga

 

Hurrengo mundua: orain eta hemen

Mixel Berhokoirigoin

 

Koronabirusak sortutako egoera kooperatibista baten ikuspegitik

Iñigo Iñurrategi Irizar

 

Mondragoneko kooperatibismoa COVID-19 osteko aroan

Aritz Otxandiano Kanpo

 

Turismoa, COVID-19a eta Aldaketa Globala: 2030 eraldaketarako hausnarketa

Aurkene Alzua Sorzabal

 

Animalien kontsumoa birpentsatzen hurrengo pandemia globala prebenitzeko

Eneko Axpe Iza

 

COVID-19a, arazo sakonagoen ondorio

Joxerra Aihartza Azurtza

 

Babes ditzagun gure irakasleak eta ikerlariak!

Iñaki Goirizelaia Ordorika

 

Datuen jabetza eta burujabetza, datuek gidatutako jendartean

Iratxe Esnaola Arribillaga

 

Euskal Nazio Algoritmikoa Sortuz: Subiranotasun Teknologikoa Post-COVID-19 Gizartean

Igor Calzada

 

Segurtasuna, defentsa eta Estaturik gabeko nazioak, beharrezko hausnarketa COVID-19aren harira

David Bajona i Carrera eta Daniel Soler i Gonzalez

 

Subiranismoa eta burujabetzak

David Lannes eta Nicolas Goñi

 

Birusa hedatu mugatutako lurraldean

Imanol Esnaola Arbiza

 

COVID-19aren ondorengo agertokiaz

Agirre Lehendakari Center (ALC)

Nondik gatozen behar dugu gogoan hartu, nora goazen ere.

COVID-19a mundu osoan zehar barreiatzen eta euskal gizartea indar handiarekin kolpatzen ari zenean ekin genion COVID-19 Gogoeta Guneari. Helburua bikoitza zen: izurriteak gurean utziko zituen ondorioez eztabaidatzea eta COVID-19 osteko gure erronken gaineko hausnarketa irekitzea. Telesforo Monzonek zioen moduan, enbataren erdian bada ere, inguruetara begiratzeko istant bat hartu dugu, nondik gatozen eta nora joan nahi dugun eztabaidatzeko. Parte-hartzaile askok “Normal Berria” gisa definitu duena nolakoa izango den edo behar lukeenaren inguruko gogoetak zabalik darrai han eta hemen, eta horrela jarraituko du denbora luzean, egoera hobetzen badoa ere, oraindik ezezaguna baitzaigu izurriteak hurrengo hilabeteetan hartuko duen norabidea. Iritzi orokorra baita ezer ez dela orain artekoaren “berdina” izango. Auzia da normal berri horrek gu definituko gaituen edota guk definituko ote dugun normal berri hori, kontuan edukita Joxerra Aihartzak dioen moduan “lehengo egoerak eta orduko jardunak ekarri dutela gaurkoa”. SARS-COV-19 bezalako birus infekziosoen agerraldia eragiten duten funtsezko faktoreak, Eneko Axpek azaldu bezala, gizakiaren jardunaren ondorio izan baitira: animalia basatien merkatuak eta etxeko animalien etxalde industrialak, besteak beste.

Dena delakoa izurritearen jatorria —hau ere eztabaidagai—, aditu gehienak bat datoz COVID-19ak “lehendik zetozen joera edo tendentzien katalizatzaile” edo azkartzaile gisa jokatuko duela (Shaun Riordan). COVID-19a mundu mailan aldaketa sakonak, sistemikoak, ematen ari ziren unean gertatu baita. Aldaketa hauek historian inoiz ezagutu ez den abiaduran ematen ari baziren, honek oro har sortzen duen ziurgabetasun zentzuarekin, izurriteak are gehiago “areagotuko ditu gure gizartean sortu diren joerak eta dena aldakorragoa izatea eragingo dute” (Ander Caballero). Hans Kungek definitutako “paradigma-aldaketen garaian” bizi gara eta COVID-19ak dena azkartu du. XX. mende amaieran hasitako globalizazio-prozesuak, hala nola teknologien, robotikaren, inteligentzia artifizialaren eta bestelako fenomenoen garapenak, erronka handien aurrean jarri bazituen herriak eta nazioak oro har, bai beraien erakundeak, ehundura sozialak, enpresak edo eta herritarrak ere, pandemiak areagotu egin du hau guztia.

Hori gutxi balitz, ezin dugu ahantzi gure herria, Euskal Herria, une historiko honetara, eginahal asko eginda ere, egoera zaurgarrian iritsia zela: kulturalki zarpaildurik, linguistikoki gutxiagoturik, hiru administraziotan banatuta, eta bere DNAn zentralizazioa hain errotuta duten Espainia eta Frantziaren menpe oraindik ere. Hau berriro ere argi gelditu da COVID-19aren inguruan, Paris eta Madriletik bultzatu diren politika zentralista eta inposatzaileetan, Iñaki Goirizelaiak, Agirre Lehendakari Center ALCk edota David Bajona eta David Soler i Gonzalezek azpimarratu bezala. Erronka globalak, orokorrak, bai eta berezkoak ere erantzun beharrean gaude, beraz. Gainera, XX. mendeko bigarren erdian definitutako euskal nazio estrategia desberdinak aspaldi agortuta, XXI. mendearen hirugarren hamarkadan sartzen ari garenean oraindik ere ez gara mende honetarako euskal nazio estrategia berria, ez definitzeko ez adosteko gai izan. Herri gisa dugun potentzialitate osoa askatu ezinik, inertziak jota gabiltza.

Ataka honetan, COVID-19ak herri gisa erronka global zein berezko izugarriei aurre egin beharra azalarazi digu berriro ere, eta hauen inguruan aitzakiarik gabe eztabaidatzeko parada eman digu. Jada ez dago hau beste une baterako uzterik. Garazi Goiak gogorazten digun Milton Friedmanek zioen bezala: “krisi batek bakarrik eragiten du benetako aldaketa bat, ezinezko ziruditen ideiak bat-batean posible bihurtzen direlako”. Ea horrela den. Gure buruaz errukitu ordez, aukera probestu beharko genuke herri-hausnarketa serio eta sakona burutzeko. Gogoeta Gunean bildutako lanek eztabaida honen nondik norakoen inguruko zertzelada batzuk biltzeko aukera eman digute. Aurretik jada abiatua zen eztabaida (gogoratu Eusko Ikaskuntzak landutako Liburu Zuria eta horren baitan egindako gogoeta edota estatus berriaren inguruko EAEko gogoeta parlamentarioa), baina areago garatu beharreko herri-eztabaida zabal eta sakonerako baliagarriak izan daitezkeen hainbat gogoeta plazaratu dira oraingoan.

Badugu indargunerik

Lehenik, erronka hauen guztien aurrean, mundu aldakor honen aintzinean herri gisa ditugun indarguneen inguruko gogoeta legoke. Ekarpen askok azpimarratzen duten bezala, badugu zeri eutsi; badugu non oinarritu.

Batetik, gure balioak leudeke. Agirre Lehendakari Center ALCk gogorarazten duen bezala badago gurean nolabaiteko balio-sistema partekatu bat: auzolana, auto-erantzukizuna, elkartasuna, egoera berrietara egokitzeko gaitasuna eta erresilientzia askotariko eragileen artean identifikatutako gure herriaren balioak lirateke; eta elementu nagusi gisa, berdintasunaren balioa. Iñigo Iñurrategik dioen bezala, euskal tradizio kooperatiboan badago ere behar indibidual eta kolektiboei elkarlanean erantzuteko sena, norberak eta guk, norberaren eta gure beharrei erantzutea, dauzkagun baliabide eta elkarlanerako gaitasunekin eta protagonista izanik, herrigintzan ere, oro har, nabaria dena. Besteren eskutan ezer utzi gabe. Zentzu komunitario honek ere “nia” zein “gu” bera transzenditzen duen identitate kolektiboaren, nazioaren oinarria diren hizkuntza, kultura, zein identitatearekiko konpromisoa dakar. “Gu” hori, gaur eta hemen soilik baino, iraganeko eta etorkizuneko euskal belaunaldiekin lotzen gaituen “gu nazionala” da. Narrazio komun bat egiteko balio-sistema indartsua dugu, beraz, oraindik bere potentzialitate osoa askatzen jakin ez duguna, eta bertako zein kanpoko joeren eraginez arriskuan dena. Bai, badugu ere gurean kontrako joerarik, historikoki gure herrian ere bai baitira banderizak, Oinatz eta Gamboa, Agaramontarrak eta Beaumondarrak… Ander Caballerok gogorarazten digun bezala, batzuek diote euskaldunok izan garela gure etsairik okerrenak, bai eta gure helburuak lortzeko eta ametsak egi bihurtzeko dugun oztoporik handiena ere. Noski, honek ere badu zerikusirik kanpo-injerentziekin eta gure izate zarpailduarekin.

Bestetik, gurean arrakastatsuak izan diren jarduerak eta lan-moduak ere gogoratzea komeni da. Erronka eta apustuen herria da gurea eta apustu kolektiboetan arrakastatsuak izan diren ekinbideak, sakonak baina praktikoak, ugariak izan dira. Frankismoaren ilunean, baliabiderik gabe euskararen estandarizazioari ekin genion, inolako babesik gabe Ikastolak eraiki genituen, proiektu komunikatibo propioak jarri genituen martxan, helduen alfabetatzeari heldu genion, kultur berpizkundeari, egituratze administratiboari, nazioartekotzeari… Mugimendu kooperatiboan ere garai berean komunitatearen beharrak asetzera bideratutako egitura kooperatibistak sustatu izan dira, enpresa-eredua eraldatzeaz haratago: eskola politeknikoak, kontsumo-kooperatibak, kooperatibisten aurrezkiak kooperatiben finantziaziora bideratzeko kutxak, erretiroak, fundazioak, eta abar.

Finean, nazioartean, ekonomia zein estatu politiken arloan, indarra hartzen ari diren “misioei zuzendutako politikak”, herritarrak zein instituzionalak, jarri izan ditugu martxan, teoria askorik gabe, intuizioz eta aipatu ditugun balioetan oinarrituta; ezina ekinez egitera ohituak baikaude. Gure kapital nagusia pertsonak baitira, komunitatea baita. Hori argi izan behar dugu. Gurea ez da, baliabide naturalei dagokionez, herri aberatsa. Gure balioa herritarrak dira, herria da. Pertsonek, beraz, herri honetako ezein politikaren erdigunean egon beharko dute: pertsonak, kolektibo bateko gizaki indibidual gisa. Komunitatearekiko konpromisoak izan behar du jardun politikoaren oinarri, jardun instituzional zein sozialaren ardatz eta helburu.

Izurriteak erakutsi digu, berriro ere, aipatutako balio hauen garrantzia. Une zail hauetan ez gara egon urrutikoari begira, eta ez da izan urrutikoa ataka honetan aurrera ateratzeko behar izan duguna, auzokidea, komunitateko partaidea baizik; herriari lotutako erakundeak, publikoak zein pribatuak, bertokoak… horietan izan dugu konfiantza (gehiago edo gutxiago); horiengan izan dugu esperantza.

Baina balore hauek, gizartea eta mundua ikusteko ikuskera hau, ez da berezkoa eta betirako. Landu beharra dago, elikatu beharra, ongarritu beharra dago, etengabean. Iñigo Iñurrategik aipatzen duen moduan, balio horiek landu eta hedatzeko eragile desberdinen konpromisoa behar da (hezkuntzakoena, kulturakoena, komunikaziokoena, eragile publiko zein pribatuena…). Konpromiso pertsonala eta komunitarioa aktibatzen asmatzen badugu etorkizunari aurre egiteko moduan izango baikara.

Herri erronkak izugarriak dira

Indargune hauek oinarri hartuta, etorkizunari begira badira hainbat arlo eta erronka Gogoeta Guneko ekarpenetan azpimarratu izan direnak; eta mereziko luke herri-gogoeta (eta ahal bada ekinbide) sakona egiteak hauen inguruan.

Pandemiak eta honek ekarri duen hezkuntzaren itxialdirako egokitzapen beharrak argi utzi dute orain arteko hezkuntza-eredua agortua dela. Gaurko jendarte eta jendarte-erronka konplexuen aurrean behar ditugun baliabide metodologiko eta pedagogikoetatik urrun gaudela. Inertziak jota dihardugula. Jada baziren horren inguruko gogoetak, baina COVID-19ak sortutako egoerak bete-betean agerian utzi du eredu honen krisia. Nora Salbotxen esanetan ezagutzak -akaso lehen herri-ondasuna- gaurko hezkuntza sisteman daukan jitea birpentsatzeko arrazoi berriak eman dizkigu krisi honek. Zigor Ibarzabalek dioen bezala, ezagutzaren eta informazioaren garaian bizi gara eta oraindik ere XX. mendeko jendarte-egoerari erantzuten dion hezkuntza-eredua baliatzen ari gara. XXI mendean beharrezkoa da Nora Salbotx Alegriak esan bezala, orain arteko eskola edukiak birpentsatzea, oinarri entziklopediko nabarmenekoak baitira. Argi izan behar dugu gure ikasleekin zein ezaugarri garatzeko lan egin nahi dugun, zein den landu nahi dugun ikasle-profila eta zein diren gure erakundetan ikastearen ondorioz ikasle horiengan sortu nahi ditugun inpaktuak. Pertsona-ereduaren definizio hori izan behar da ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuen oinarria eta iparra. Eta honek aurreko puntura garamatza: zein pertsona mota formatu nahi dugu gure hezkuntzaren bidez? Zein balio sustatu nahi ditugu? Zein identitate eta partaidetza dira landu beharrekoak? Iñaki Goirizelaiak oso argi azaltzen du gure herriak duen aukera bakarra pertsona kultuak heztea dela, jakintza sortzeko. Mundu globalizatu honetan, jakintzan hezitako pertsona kultuek identitatearen eta kulturaren bidez mundua aldatzen duten ekarpen esanguratsuak egin ditzaketelako. Baina horretarako, XXI. mendeko ziurgabetasunean, berriarekiko ezjakintasunean konfiantzaz mugitu ahal izango diren pertsona kultuak eta ongi errotuak hezi behar ditugu. Beraz, ezinbesteko eztabaida da zelako hezkuntza-sistema behar dugun, zelako unibertsitatea behar dugun XXI. menderako. Eta eztabaida hau estatuak ezartzen dizkigun muga eta dependentzien markotik at egin behar dugu. Zer eta zertarako behar dugun da lehenik eztabaidatu beharrekoa eta, ondoren, noski, hori nola lortu.

Paul Bilbaok dioen moduan, globalizazioak munduko hizkuntzen posizioaren berrantolaketa ekarri du eta gurea bezalako hizkuntzak azken multzoan kokatzen dira. Eta COVID19aren ondorioz joera hauen areagotzea ematen bada, periferian kokatutako hizkuntzak horretan betikotzea arrisku nabaria da, baita euskararentzat ere. Josu Amezagaren esanetan, pertsona ahulak nola, hala jotzen ditu birusak bortitzen hizkuntza ahulak ere. Eta euskararen berreskurapen-prozesuan XX. mendean zehar gure herrian egindakoa izugarria izan bada ere, euskarak hizkuntza gutxiagotua izaten jarraitzen du. XX. mendeko euskalduntze-prozesuak agortze-zantzu nabariak bazituen (euskararen kale-erabileraren adierazleek agertzen duten geldotze/atzeratze-joera hor dugu; iparraldean inoizko erabilera indizerik baxuenak…), COVID19ak agerian utzi du ereduaren hauskortasuna. Hezkuntza-eremuan gazteek derrigorrezko hezkuntza amaituta lortzen duten euskara-gaitasunarekiko kezka bazegoen, itxialdiak kezka areagotu egin du, Zigor Ibarzabalek Dioenez. Paul Bilbaok, bere aldetik, ikasle euskaldun eleaniztunak erdietsiko dituen ikasketa eredu orokor bat garatzea ezeinbestekoa dela sinesten du. Helduen euskalduntzean ere alarma gorriak piztuta daude eta jauzi kualitatiboen garaia heldu da. Paul Bilbaok dioen bezala, herritarren aktibazioari eta herri-gogoetaren susperraldiari begirako estrategiez hausnartu beharra dago. Eta hor berriro ere pertsona jarri behar da erdigunean. Baina pertsona ez da izate abstraktua, tokiarekiko lotua bazik eta, beraz, pertsona erdigunean jarriko duten estrategiek, pertsona hau gurean euskara-duena, euskalduna behar duela izan hartu beharko dute kontuan.

Juan Mari Larrartek euskal kulturaren egoera zaila ez dela COVID19aren ondorio gogorarazten digu; lehendik ere horrelakoa zela, baina krisi honek areagotu egin duela eta kinka larrian ipini. Euskal kulturaren transmisioaren biziraupena ez zegoen lehendik ere inolaz ziurtatua. Elkar fundazioak COVID19ren aurretik argitara emaniko azken inkestaren arabera, euskal hiztunon erdiak ez dugu euskal produkturik kontsumitzen, eta ohitura eta erraztasun-falta ematen ditu horren arrazoi nagusi gisa. Eta kontsumitzeko erdarazko produktuen kopurua esponentzialki hazten den une berean gertatzen da hori. Euskal kulturaren biziraupena euskararen unibertsaltasunarekin lotuta dago, noski, baina baita ere euskal kulturari lehentasuna emateari lotuta, eta hortik urrun gaude oraindik. Juanmari Larrartek dion bezala, aldaketak ez dira egun batetik bestera emango, baina eman daitezen eragin beharko da; eta horretarako ezinbestekoa da helburuak argitzea eta definitzea; eta hori lortzera begirako elkarren arteko herri-ekimena sustatzea, euskal kulturak behar duen susperraldia izan dezan.

Covid-19ak lehendik ere oso ahuldua zegoen euskal komunikabide sistema gogor astindu du ere eta aurretik zetozen desorekak eta joerak sakondu eta areagotu egin ditu. Josu Amezagak gogoratu bezala ikus-entzunezkoen arloan Euskal Herria kanpotik datozkigu eduki gehien gehienak, eta horiek garraiatzen dituzten euskarriek Espainia edo Frantzia birsortzen dituzte. Komunikazio arloan espazio hutsen teoria inon baino nabariagoa da, euskal komunikabideek betetzen ez duten espazioa ez da hutsik gelditzen, espainiar edo frantziar espazioek betetzen dute. Itxialdiak komunikabideen kontsumoa igo du eta ondorioz areagotu egin da espazio estatal-nazionalaren alde (espainola zein frantsesa izan) pairatzen dugun desoreka. Bistakoa da Euskal komunikabide publikoetan eta batik bat etb1ean izandako kaltea; euskal telebista publikoaren ereduak gaztelerazko kanala indartu eta euskarazko kanala ahultzea eragin du. Gainera, itxialdiak areagotutako joerak egonkortzea ziurrena da. Hemen ere, beraz, ereduaren agortzea nabaria da. Euskal komunitate nazionalak bere birsortzerako ezinbestekoa du komunikazio espazio propio bat eta horrek egun, Josu Amezagak aipatu bezala, azpiegiturez aritzea ere dakar, gure datuak barreiatzen dituzten azpiegiturez. Ondorioz, berak dion bezala, Euskaltelez eta bere kontrola berreskuratzeaz aritzea funtsezkoa da. Komunikazio arloan eragile anitzen artean eraikitako Euskal Herrirako Komunikazio Plan Estrategikoaren beharra urgentziazkoa da, Euskal Herria osorako komunikazio proiektuak planteatuko dituena, Eusko Ikaskuntzak 2018an Oñatin burututako Geroa Elkarrekin biltzarraren ondorioztatu bezala. Horrek konpromiso sozial, politiko zein instituzional sendoak eskatzen ditu bai eta berariazko baliabideak.

Bizitzaren iraunkortasuna zalantzan dugu

COVID19ak zerbait ikustarazi badigu, ekosistema naturaletatik zeharo deskonektatuta dagoen gizarte eredu bat eraiki dugula da; eta naturaren neurrigabeko esplotazioak eta globalizazioak eragindako mugikortasuna direla pandemia honen inguruan gertatzen ari zaigunaren oinarri, Aritz Otxandianok gogorarazi bezala. COVID19ak aukera eman digu abiada bizian amildegirantz doan eredu honen inguruan hausnarketa egiteko. Hamarkada hauetan hartuko diren erabakiek baldintzatuko dute belaunaldi berrien etorkizuna. Hori dela eta, mende honetako dilema nagusia kapitala vs. bizitza bada, eta baldin eta bizitzaren iraunkortasuna eta belaunaldi berrien etorkizuna ziurtatu nahi baditugu, gaurtik gure politika ekonomiko zein sozial, publiko eta herritarrak honi begira zuzendu beharko ditugu. Pertsonak badira gure kapital nagusia, hauen biziraupena, bizitza da gure politiken erdigunean jarri behar duguna. Unai Pascualek gogorarazi digun bezala, gainera, dikotomia faltsuak ezarri izan zaizkigu. Horrela, osasunaren eta ekonomiaren arteko dikotomia falazia litzateke.

Honela, beraz, Unai Pascualen esanetan, Covid-19 osteko etorkizunari ezin diogu modu linealean begiratu: lehenik ekonomia, gero osasuna, eta, gero —agian—izango dugu interesik eta jarriko ditugu baliabideak ingurumenarazoez kezkatzeko . Horri begira, Isidro Esnaolak dion moduan, ekonomiak eman behar dituen ondasunen inguruko azterketa egitean BPGak ezer gutxi laguntzen du. Euskal Herrian eraiki beharreko ekonomia berriak “ekonomia ekologikoa” izan beharko du, Unai Pascualen iritzian. Ekologikoa, bai, ekonomia jendartearen zerbitzura dagoen azpisistema interdependentea dela ulertzen duelako, non jendarteak ezinbestean prozesu eta dinamika naturalei lotuta jarraituko duen.

Eta ekonomia honek tokikoari edo lokalari garrantzia eman beharko dio, Mixel Berhocoirigoinek gogorarazten digun bezala. Izan dadila elikagaiak, zerbitzuak, energia, kultura, osasuna, edo ekonomia mailan, tokikoari garrantzia emateko ordua heldu da; “lokal” gisa ulertuaz koherentzia duen lurraldea, proiektu bat daukana eta kidetasun-sentimendua sortzen duena. Horrela, elikadura berlokalizatu beharko da, baserritarren rola gehiago baloratu, lurra babestu eta elikadura aldatu. Mirene Begiristainek COVID19aren osteko gogoeta honetan gure antolaketa sozioekonomiko eta politikoan elikadurari eta elikagaien ekoizpenari leku bat ematea nahitaezkotzat jo du. Elikagaien inportazioarekiko dugun menpekotasuna sustatzen jarraitu behar al dugu? Edo ez ote da zentzuzkoagoa eta erabaki estrategikoa, gure elikagaien ekoizpena esentziala izanik, hau tokikotzea eta sostengarria bihurtzea? Zein nekazaritza-eredurantz jo nahi dugun eztabaidatu beharko dugu, elikadura eta nekazaritza iraunkorrerantz doazen trantsizio-prozesuetan sakondu edo ez.

Covid-19ak gogor erasotu ditu ere bigarren eta hirugarren sektorea. Berez robotika, inteligentzia artifiziala zein digitalizazioa eraldaketa handiak eragiten ari baziren industria arloan, pandemiak gogor jo ditu globalizazioarekin egungo ekonomia estrukturatu duten produkzio eta balore kate globalak eta horiek sortutako segmentazioak. Argi dago produkzio eta balore kateen birestrukturazio bat emango dela, kanpo shock zein dependentziekiko esposaketa arindu asmoz. Egoera honetan, Iñigo Iñurrategik dion bezala, Euskal Herrian XXI mendean zer produzitu behar/ahal dugunaren inguruko gogoeta sakona behar dugu. Hirugarren sektoreari dagokionez nabaria izan da ere pandemiaren eragina turismoaren arloan. 2020an nazioarteko bidaiarien kopurua % 20 eta % 30 artean murriztuko omen da. Aurkene Alzua-Sorzabalen iritzian COVID-19ren inpaktua eraldatzailea izango da turismo-sektorearentzat. Orain arteko turismo ereduarekin jarraitzea ezinezkoa zen lehendik ere, eta COVID19ak areagotu egin du egoera. Berak adierazi bezala erronka nagusia turismo eredua aldaketara egokitzeko gai den garapen-eredu baterantz eraldatzea da, gizatiarragoa eta justizia sozial eta ekologiko handiagokoa.

Beraz, herri gisa zer helburu ditugun eztabaidatu behar dugu eta, hortik abiatuta, ekonomiak eta politika publikoek zein pribatuek horiei nola laguntzen dieten hausnartu beharko genuke. ALCk dioen bezala, globalak diren erronkei berezko erantzunak ematen asmatu behar dugu.

Gure ekonomia karbono-isuririk gabeko —edota isuri gutxiko— bidera egokitzeko ekidin ezineko eraldaketa hor dago. Trantsizio ekologikoa burutu beharra dago gure herrian: erregai fosiletan oinarritutako industri eredu lineal batetik, energia berriztagarrietan oinarritutako industria eredu zirkular batera. Kanpo shock zein esposaketatik babesteko gure herrian zer produzitu eztabaidatu beharra dago. Horrek eragile publiko zein pribatuen lan kontzertatua eskatuko du. Prozesuak ez du atzerabiderik eta, Europako trenaren lokomotoratik gertu egon nahi badugu, ezinbesteko erronka da, erronka izugarria, eta berandu gabiltza.

Herritarron ongizatea kinka larrian dago

Bestalde, ziurrenik lehendik zetorren gizartearen dualizazio nabaria areagotu egingo da COVID19aren ostean, neurri sakonak hartzen ez badira behintzat. Eurostat-en datuen arabera, COVID19aren aurretik 115 milloi biztanle esklusio-arriskuan zeuden Europan; desberdintasunak eta dualizazioa gora egiten ari ziren. Caritasek ere berdina zioen COVID19aren krisia hasi aurretik Euskal Autonomia Erkidegoari buruz: “gizartea gero eta bereiziagoa dago, “integratuta” edo aukerekin bizi diren insiderren, eta “esklusio arriskuan” edo hobetzeko aukera gutxirekin dauden outsiderren artean”. Mikel Navarrok gogorarazten duen bezala, 2008-2018 artean desberdintasuna areagotu egin bazen, COVID19 ostean desberdintasunak hazteko arriskua du, krisia batik bat lanpostu estandarrik ez dutenei ari baita kolpatzen; eta gure lan-merkatuaren egiturak erraztu egiten du izurritearen eragina; gazte eta emakumeen kolektiboak egora zaurgarrian bazeuden, hau areagotu egingo da. Izan ere, Mikel Navarroren esanetan, emakumeak dira erregimen prekarioan aritzen diren langileetatik ehuneko handiena osatzen dutenak, eta konfinamenduan gertatu ohi den familia barruko biolentziaren areagotzearen ondorio latzak pairatu ohi dituztenak. Horri aurre egiteko beharrezko politika publikoen inguruko eztabaida ezinbestekoa da. Eta eztabaida horretan genero berdintasunean Covid-19aren eraginak sakonak eta iraunkorrak izango direnez, politika publikoek genero irizpidea ere kontuan eduki beharko dute. Mikel Navarrok dion bezala, Europan COVID19ak babes sozialeko sistemaren eta osasun-sistemaren desmantelatzearen ondorio larriak agerian utzi ditu; eta gurean ere izan du honek eragina.

Honela, beraz, ekonomia nola eta zertarako nahi dugun inguruko gogoeta lehen baino lehen berraktibatu behar da. Ezin dugu onartu, Isidro Esnaolak dioen bezala, euskal lan-indarraren zati handi bat lanik gabe uztea; are gutxiago salbuespenezko egoera batean. Bere iritzian, administrazioak lanpostu publikoen sorreran jarrera proaktibo bat izatea ekarri beharko luke horrek; langabeei laguntzak zabaldu, errenta unibertsala sortu edota enpresa pribatuek sortzen dituzten enplegu eskasak diru publikoarekin laguntzetik haratago joan beharko litzatekeena; administrazioek gizartearentzat baliagarriak diren enpleguak sustatuz eta, beraz, sektore pribatuaren dinamikaz haratago erakunde publikoek egin beharko luketenari buruz eztabaidatuz. Honetaz ari da Xabi Larralde, Hyman Minsky ekonomilariaz aritzean eta estatuak izan dezaken “azken aukerako enplegatzaile” rola aipatzean.

Mikel Navarrok gogorarazten digun bezala, 2008ko krisiak zalantzan jarri zuen ekonomia eta finantzak ahalik eta liberalizatuenak egon behar zutela eta Estatuaren esku-hartzea ahal eta gehien murriztu behar zela zioen sinesmena. Azken urteotan indartu diren ideien arabera, aldiz, estatuaren funtzioa errebindikatu egin da ekonomian (Mazucattoren Entrepeneurial State delakoa); eta estatu-politika publikoak, batik bat berrikuntza ingurukoak, “misioei begira” antolatu behar direla nagusitu da. Zein dira, ordea, gure herriaren estrategia eta politika publikoak definitu behar dituzten “misio” horiek?

Gemma Zabaletaren iritzian gizarte-estres-proba bat izan da bizi izan duguna eta publikoa denaren giharra neurtu ahal izateko balio izan du. Osasun-arloari dagokionez, osasungintzan sistema artikulatu bat izaten jarraitzen dugu, nahiz eta ahuleziak izan eta hobetu beharrekoa den. Zainketa-ereduaren inguruan, halere, eztabaida ezinbestekoa da; Zabaletak dioen moduan, ez baikara euskal zainketa-sistema integral publikoa eta kalitatezkoa sortzeko gai izan. Zainketa-sistemaren euskal eredu bat birpentsatu beharra dago, horretarako gobernantza-eredua birpentsatuz. Krisiak zerbait azpimarratu badu, zainketen garrantzia erabakigarria da.

Eta horrek ondorio bereziak dauzka Euskal Herrian, biztanleagoaren zaharkitzea hain nabaria den honetan: EAEn zein NFEn matrikulatze negatiboa dugu; jaiotzetasa Europako batazbestekoa baino baxuagoa da; euskal biztanleriaren piramidea buruz gorakoa ari da bihurtzen; azken urtean hazkunde demografikoa positiboa izan bada Euskal Herrian, atzerriko biztanleria etorkinari esker izan da eta, halere, ez da nahikoa izan zahartzejoera demografikoa eteteko. Honen guztiaren inguruan ere badago zer hausnartua.

Zer gobernantza nahi dugu?

Pandemiak mahai gainean jarri duen beste gogoeta segurtasun nazionalarena da. Noren esku dago euskal nazioaren segurtasuna? David Bajona eta Daniel Soler i Gonzalezek definitu bezala, segurtasun nazionala ongizate eta egonkortasun nazionalari eusteko gaitasuna da, krisi-egoeretan kalte garrantzitsuak saihesteko edo gutxitzeko beharrezkoak diren tresnak erabiliz gauzatzen dena. Ikuspegi horrek tradizionalki militarra edo sekuritarioa izan den ikuspegia gailentzen du, arrisku zibilak kudeatzera bideratuagoa dagoen ikuspegia landuz eta herritarren bizi-kalitateko gutxieneko estandarrak mantentzeaz arduratzen diren egitura kritikoez arduratuz; bai eta gizarte gisa dugun erresilientzia indartzeko politikak bideratuz ere. Baina eztabaida hori ere egin gabe dugu gurean. Zein da gure herriak behar duen politika sekuritarioa? Zein dira arriskuak, mehatxuak…? Zein gure erresilientzia maila eta nola indartu dezakegu? Alarma-egoeraren ezarpenak gure erakundeen burujabetza-maila ere agerian utzi dute, noski. David Bajona eta Daniel Soler i Gonzalezek dioten moduan, administrazio autonomikoak, segurtasun eta larrialdi kidegoak, eta osasun-sistema osoa garatzeaz arduratzen diren administrazioak, erabakiak hartzeko gunetik baztertu dira; eta erakunde hauen burujabetza-maila estatu zentralaren borondatearen menpekoa dela agerian gelditu da.

Covid-19aren krisian lehen lerroan egon den beste arlo bat digitalizazioarena da. Iratxe Esnaola Arribillagak aipatu bezala, jaso eta sortu dugun datu kopurua esponentzialki hazi da eta honek agerian utzi du Interneten neutraltasunaren ezinbestekotasuna: Internetek zerbitzu publiko bat izan behar duela; eta Interneterako sarrerak eta gutxieneko alfabetizazio digitalak oinarrizko eskubideak izan behar dutela. Krisi honek une honetan ingurune digitala kontrolatzen duten multinazional teknologiko eta plataforma gutxi batzuen indartzea ekarri du, zeinak gure datuak euren balio propioa handitzeko erabiltzen dituzten. Iratxe Esnaola Arribillagak datuen jabetzaren eta burujabetzaren gaineko kontzientzia garatzeko beharraz hausnartu du, euskal hezkuntza sistemen digitalizazioa multinazional estatubatuarren eskutik egitea salatu du eta, oro har, estrategia digital oso baten beharra azpimarratu du, datuen eta teknologiaren burujabetza oinarri izango dituena.

Ildo horretan, Igor Calzadak dioenez, gobernantza digitala, datu ekonomia eta adimen artifiziala gure herri-proiektua erabat baldintzatzen ari da jada, eta epe ertain eta luzean bektore digitalak are gehiago baldintzatuko du. Eta horri aurre egiteko ‘euskal nazio algoritmikoa’ sortzeko joateko beharra defendatzen du, teknologia burujabetzak Europar testuinguruan irekitzen dizkigun aukerak baliatuz.

Era berean, gobernantza-ereduen krisia eta talka ere areagotu egin ditu COVID19ak eraldaketa sakon eta azkarreko aro honetan: jendartearekiko eta bere parte hartzearekiko konfiantza-ezean oinarritzen diren eredu bertikal, zentralizatu autoritarioak vs. ebatzi nahi diren arazoetatik hurbilen dauden eta gizartearen parte hartzea sustatzen duten erabaki-esparruak bultzatzen dituen eredu deszentralizatu kolaboratiboak. Zer nahi dugu sustatu gurean? Zer eredu dugu buruan? Gobernantza-mekanismo berrien inguruko gogoeta ezinbestekoa dugu halaber; bai eta herritarren eta eragileen kopartizipazioa sustatuko duten mekanismoak bilatu eta inplementatzea ere, dela politiken definizioan, dela hauen garapen eta kontrolean.

Gobernantza-ereduaren eztabaida honetan, Imanol Esnaolak faktore honek gurean duen lurralde-dimentsioa gogorarazi digu. COVID19ak agerian utzi du lurralde-zatiketa administratiboaren indarra (Iparraldea eta Hegoaldearen arteko mugak itxi dizkigutelarik, eskasa izan da honen aurkako erreakzioa). Azken urteotan aurrera pausuak eman badira ere arlo ekonomiko, instituzional edo sozialean, mugaren inguruko bizikidetza fenomeno sozioekonomiko babestua izatetik zein urrun gauden agerian utzi digu honek, Imanolek azaldu bezala. Lurralde-kohesioa landuko duten dinamika zentripeto nahikoa indartsuak sortzetik oraindik oso urrun gaude; eta COVID19ak agerian utzi du hau ere. Mugaz gaindiko bizikidetzari dimentsio erreala eman behar diogula argi dago. Euskal Herria bizikidetza-espazio erreala bihurtzea, elkartasunezkoa, da gure herriaren erronketako bat eta horrek denontzat baliagarria den agenda mamitzea eskatzen du. Elkartasun hori eraikitzea da, David Lannes eta Nicolas Goñik dioten bezala, gure bizitzako baldintzen birkonkista honetan kontuan eduki behar dugun helburu nagusietako bat.

Gure herriak, Euskal Herriak, sortzen ari den nazioarteko testuinguru berrian bere burua nola kokatu behar duen, eztabaida hori ere hor dugu. Urko Aiartza Azurtzaren esanetan, gure nazioak ezer gutxi baldintzatuko du munduaren norabidea, baina munduaren norabideak bai du baldintzatuko gure herriaren etorkizuna. XXI. mendea Asiaren mendea izango omen da, eta munduaren pibotea ozeano barera mugitzen ari ei da. Europaren norabidea ere ez dago argi: Duroyan Fertlek Europaren mugak argiki azaldu dizkigu eta de facto abiadura desberdinetako Europa ezberdinen aurrean aurki gaitezke. Lokomotoraren ondoan edo azken bagoietan egon nahi dugun erabaki beharko dugu. Aiartzak dion modura, gure herriak testuinguru berri horretara egokitzeko prestatu beharra du, bai eta ondorengo belaunaldiak itsaso berri horietan nabigatzeko gai izango direla ziurtatu ere. Horretarako, hurrengo hamarkadetan herrialde gisa non eta zer izan nahi dugun bisioa zehaztu beharko dugu, Ander Caballerok dioen moduan. Eta horretarako “ideia-nodoez” hornitu behar gara; gure herria jakintza aurreratuena eskaini ahal diguten mundu osoko ezagutza-nodoekin lotuaz, herri gisa gure gaitasun pertsonal eta instituzionala eraiki eta hedatzeko. Gure nazioa munduko jakintza, teknologia eta ezagutza eremuetara zuzenean konektatua egotea —Madriletik edo Parisetik pasatu behar izan gabe— ezinbestekoa da, menpekotasunean bizi nahi ez badugu. Horrek ere gure herriaren nazioartekotze-estrategiaz aritzea eskatzen du.

Indarrak askatzeko garaia da

Eztabaida hauek guztiak, nola ez, ezin ditugu herri gisa dugun potentzialitate osoa ateratzea mugatzen diguten bi estatuen menpe, eta hiru administraziotan banatuta gaudela ahantzita egin. Iñaki Goirizelaiak aipatzen duen dependentziaren kostua hor dugu. Herri gisa ditugun erronka hauek guztiak gutxieneko baldintzetan aurrera eramatea ahalbidetuko duen marko juridikoaz ere aritu beharko dugu, helburu estrategikoak buruan. Burujabetza oinarri, XXI. mendean gure nazioari munduan dagokion lekua emango dion marko juridikoaz aritu beharko dugu; eta hori erdiesteko estrategia nazionalaz. Burujabetza politikoa eraikitzea, David Lannes eta Nicolas Goñik dioten bezala, gure bizitzako baldintzen gaineko kontrola berreskuratzea eragozten duten mugetatik askatzeko bitartekoak bilatzea ere badela ahantzi gabe. Horrek, ezinbestean, herri honen burujabetzan sinisten dugunon arteko eztabaida zintzo eta argia eskatzen du. Monzonek zioen moduan, askatasunik ez baitugu edukiko indarrik ez badugu, eta indarrik ez baitugu izango batasunik ez badugu. Bada garaia.

Agirre Lehendakaria Center (ALC) Gizarte zientzien arloko diziplinarteko ikasketa zentro bat da, Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) eta haren Bikaintasun Campusari (Euskampus) lotuta dagoena eta unibertsitate hauen lankidetza jaso duena: New Yorkeko Columbia Unibertsitatea, Seton Hall University eta George Mason University. Haren helburua da ikerketako, berrikuntzako eta ezagutzaren difusiorako jarduerak egitea, eraldaketa sozioekonomikoaren arrakasta eredu gisa euskal gizarteari hedatzea ahalbidetu dioten erabakiak eta proiektuak nazioartean partekatzeko eta giza garapen sostengarria bultzatzeko.

 

Aihartza Azurtza, Joxerra (Donostia, 1962) Diman bizi da. Biologian Lizentziatua (1989) eta Doktorea (2001). UEUko Natur Zientziak saileko kide da 1985etik, eta EHUko Zoologia eta Animali Zelulen Biologia sailean irakaslea 1993tik gaur arte, Ornodunen Zoologia irakatsiz. Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa ditu aztergai nagusi, batez ere espezieen ekologia espazial eta trofikoa, kontserbazio-biologia eta biodibertsitatea jorratuz. Oro har kontserbazio-arazoak dituzten espezieak jomuga izanik, ugaztunak aztertzen ditu, eta batez ere saguzarretan espezializatu da, Euskal Herrian eta nazioartean.

 

Aiartza Azurtza, Urko (Donostia, 1970) Zuzenbidean lizentziatua (EHU) eta Konfliktologian masterra (UNITAR). Gipuzkoako Abokatu Elkargoko abokatua da 1994 geroztik. 2011-2015 artean senataria Madriden. 2017tik aurrera European Institute of Peace EIPko Sennior Adviser. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzarako Laborategiko zuzendaria.

 

Alzua Sorzabal, Aurkene (Donostia, 1963) Nazioarteko turismoan doktorea (Purdue University). Egun, Nebrijako Unibertsitatean eta Deustuko Unibertsitatean afiliazio bikoitza du. CICtour GUNEko (Turismo Ikerkuntza Gaitasunen Ikerketa Zentroa) zuzendari exekutiboa izan da eta Lurmetrika Labs enpresaren sortzaileetako bat da. Bere ikerkuntza turismoaren neurketa-sistema aurreratuen (BIG Data), helmuga turistiko adimendunetarako estrategia lehiakorretan eta konponbide adimendunen alorretan zentratzen da.

 

Amezaga Albizu, Josu (Caracas, 1960) Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, 1987tik. Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko zuzendaria da 2013tik, eta NOR Ikerketa Taldeko burua. Komunikazio, hizkuntza eta nortasunaren inguruko ikerkuntza egiten du, bereziki hizkuntza gutxituen inguruan. Australia eta Eskoziako zenbait unibertsitatetan ikerketa egonaldiak egin ditu. Euskal Hedabideen Behatokiko kidea da (www.behategia.eus).

 

Axpe Iza, Eneko (Barakaldo, 1983) Fisikan doktorea (EHU), 2014 eta 2015 urteetan Oxfordeko Unibertsitatean egon zen. Cambridgeko Unibertsitateko Homerton College research fellow eta irakaslea izan da. Egun, NASAn eta Stanfordeko Unibertsitatean aritzen da. Biomaterialen arloan ikertzen du. Hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Europar Komisioaren Marie Curie Global Fellowship, Basque Young Investigator Award (Bizkaia Talent eta SRUK) eta NASA Ideas Competition Award (TRISH)-en finalista izan zen.

 

Bajona i Carrera, David (Barcelona, 1971) Politologoa da eta komunikazio analista gisa jardun du Kataluniako komunikabideetan. Política de defensa i Estat propi (Editorial Base, 2017) liburuaren egileetako bat da.

 

Begiristain Zubillaga, Mirene (Andoain, 1972) Gaur egun Getarian bizi da. Ekonomian doktorea da eta 1998. urteaz geroztik Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultatean irakasle eta ikerketa lanetan dihardu. Bere ikerketa agroekologia eta elikadura sistemako eremuan garatzen du.

 

Berhokoirigoin, Mixel (Gamart, 1952) Laboraria Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuko militante hasieratik, Confédération Paysanne sindikatuan ere Europako nekazaritza politikaren eta nekazaritza iraunkorraren sailetan aritua, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) sortzaile taldekoa. Etxalde mugimenduan partaide Hegoaldeko nekazariekin elikadura burujabetza garatzeko.

 

Bilbao Sarria, Paul (Algorta, 1971) Euskal Filologian lizentziaduna eta Hizkuntza Plangintza Graduondo diplomaduna, Giza Eskubideetan Unibertsitate aditua eta Oinarrizko Eskubideak eta Botere Publikoetan masterduna. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari izan da hainbat urtez, eta 2010etik Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia da. Halaber, European Language Equality Network sareko lehendakariordea da, erakundearen sorreratik.

 

Caballero Barturen, Ander (Bilbo, 1979) Harvard University Akademiko Bisitaria Center for American Political Studies zentroan. Lehenago, Euskadiren Ordezkaria izan zen Ameriketako Estatu Batuetan Eusko Jaurlaritzak New Yorken daukan ordezkaritzan bai eta bioteknologia sektoreko enpresa lider euskaldun batean zuzendaria Ameriketako Estatu Batuetan eta Ekialde Ertainean.

 

Calzada, Igor (Donostia, 1975) Doktorea, MBA, FeRSA. Egun eraldaketa digital, urbano, eta politikoak ikertzen dituen Zientzialari Seniorra da, 2012tik Oxfordeko Unibertsitatean eta Europar Komisioko Ikerketa Zentro Bateratuan (bereziki, ekonomia/eraldaketa digitalak gizartean eta adimen artifizialak erakunde publikoetan duen eragin soziala aztertzen).

 

Eizagirre Eizagirre, Andoni (Zarautz, 1979) Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziaduna da, gradu bereziarekin, eta Filosofian doktorea. Mondragon Unibertsitateko irakaslea da eta “Herrigintzaren berrikuntzan” graduondokoaren koordinatzailea ere bada.

 

Esnaola Arbiza, Imanol (Lezo, 1971) Naziogintzako egitasmoei lotutako ibilbidea egin du hainbat arlotan, besteak beste, Soziolinguistikan (Bat aldizkariko editore, SEI-Soziolinguistika elkarteko koordinatzaile…), Udalbiltzan eta Gaindegian. 2004. urteaz geroztik Gaindegiako koordinatzaile da. Bere egitekoa da Elkartearen egitasmoak bideratu eta sozializatzea.

 

Esnaola Arribillaga, Iratxe (Zarautz, 1981) Ama, ingeniaria Informatikan eta doktorea Hezkuntzan (biak Deustuko Unibertsitatean). PuntuEus domeinuaren proiektua zuzendu zuen, hasieratik abiarazte-aldira arte. Egun, Deustuko Unibertsitatean egiten du lan. Olaso Dorrea Fundazioko lehendakaria eta TM eLab-eko Koordinatzailea da, eta hedabideetan kolaboratzaile gisa aritzen da.

 

Esnaola Herrero, Isidro (Astigarraga, 1967) Ekonomia politikoan lizentziatua Moskuko Estatuko Unibertsitatean (M.V. Lomonosov). 1988-1993 urteetan Herri Batasunaren eta Batasunaren arlo sozioekonomikoaren partaidea. Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkidea (1999-2003). Gipuzkoako Ogasunean diputatuaren aholkularia hasieran eta Zerbitzu eta Zerga Heziketarako zuzendaria ondoren (2011-2015). Egun Gara egunkariko iritzi saileko arduraduna da.

 

Fertl, Duroyan (Sidney, 1978) Analista politiko eta idazlea, egun Kopenhagen-en bizi dena. Sinn Féin eta European United Left/Nordic Green Left (GUE/NGL) taldeko aholkulari politiko gisa aritu da Europako Parlamentuan. Hainbat komunikabidetan idazten du Europa zein nazioarteko aferez.

 

Goia Imaz, Garazi (Segura, 1978) Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziatua. Ikus entzunezkoetan aditua (BBC eta Sky etxeetan zuzendaritza eta es- trategia lanetan urte askotan lanean ibilia). Coach exekutiboa eta idazlea. Bere azken lana, 1.362 km euri (Elkar, 2019) Goizalde Landabasorekin batera idatzitako liburua da. Londresen bizi da.

 

Goirizelaia Ordorika, Iñaki (Bilbo, 1958) Ingeniaritza industrialean doktorea, Ingeniaritza Telematikoan katedraduna. EHUko errektorea (2009- 2017), Bizkaiko Campuseko errektore ordea (2005-2008) eta unibertsitate-enpresako errektore ordea (1998-2000). Irakasle bisitaria Kaliforniako Stanford Research Institutuan (1984-1985), Massachusetts-eko Institutu Teknologikoko MediaLab laborategian (2004), Boise State University-ko Eloise Garmendia Bieter katedran (2017). PuntuEus Fundazioaren sortzailea eta presidentea. Dantzaria eta Mungiako Amilotx dantza taldeko dantza maisua.

 

Goñi, Nicolas (Donibane Lohizune, 1980) Ekologoa, janari ekoizpen sostengagarrian ikerlaria, eta Bizi! mugimenduaren barruan Burujabe lantaldeko kidea.

 

Ibarzabal Bastarrika, Zigor (Oñati, 1979) Unibertsitate ikasketak amaitu zituenetik hezkuntza arloan aritu da; Txantxiku Ikastolan hasi zuen bere ibilbidea atzerriko hizkuntzako irakasle lanetan hasieran eta zuzendari lanetan ondoren. Irakasleen prestakuntzan aritu zen Ikastolen Elkartean eta egun erakunde horretako Hezkuntza Arduraduna da. Horrekin batera Ikaselkar Hezkuntza argitaletxeko Zuzendaritza taldeko kide da.

 

Iñurrategi Irizar, Iñigo (Bergara, 1973) Industri Antolakuntzan ingeniaria, kooperatibista, Mondragon Unibertsitatean lehenengo Ingeniaritza Fakultatean eta ondoren Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateetan irakasle eta ikerlari gisa jardundakoa, LANKI Lankidetzaren Ikertegiko kide ohia, 2013tik MONDRAGON Taldeko Heziketa kooperatiboko koordinatzailea. Euskalgintzaren arloan han eta hemen aritutakoa, azken urteotan Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkarteko lehendakaria.

 

Lannes, David (Baiona, 1973) Matematikaria, CNRSko ikerlaria Bordeleko unibertsitatean, eta Bizi! mugimenduaren barruan Burujabe lantaldeko kidea.

 

Larralde, Xabi (Baiona, 1970) Ekonomian doktorea, jendarte zientzietako irakaslea Etxepare lizeoan. Urteetan politikan aritua: gaur Sortu-ren nazio kontseiluko kidea eta EH BAIren Zuzendaritzako kidea.

 

Larrarte Telletxea, Joanmari (Hernani, 1967) Lan ibilbidea euskarari lotuta egin du, AEKn 1987an hasi zenetik. Euskaldunon Egunkarian aritu ondoren, Berria egunkariko kontseilari ordezkaria izan zen. Gaur egun Elkarreko komunikazio eta kultur arloko zuzendaria da, eta Jakin Fundazioko lehendakariordea.

 

Navarro Arancegui, Mikel (Donostia, 1954) Deustuko Unibertsitateko ekonomia katedradun emeritua da, eta Orkestra-Euskal Lehiakortasunerako Institutuko ikertzaile nagusi elkartua. Lurralde lehiakortasunaren eta berrikuntzaren alorrean espezializatua dago eta argitalpen ugari ditu.

 

Otxandiano Kanpo, Aritz (Otxandio, 1979) Ingeniaritza industrial ikasketak egin ditu Mondragon Unibertsitatean, eta garapen kooperatiboan aditua da. Zortzi urtez Otxandioko alkatea. Ibilbide profesional guztia Fagor Taldean egin du. Zazpi urtez izan da Fagor Arrasate kooperatibako lehendakaria eta 2017 urtetik hona Fagor Taldeko iraunkortasun edo gizarte erantzukizuneko arduraduna da.

 

Pascual Garcia de Azilu, Unai (Gasteiz, 1973) Ingurumen Ekonomian doktorea (University of York, 2002). Hainbat unibertsitateko ikerlari eta irakaslea (University of Manchester, 2001-13, University of Cambridge 2003-2011). 2010 geroztik Ikerbasque Research Professor da, Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroan. Nazioarteko hainbat proiektu eta komite zientifikoetako kidea da, hala nola IPBES (Intergovernmental Platform on Biodiversity and Ecosystem Services) erakundean 2015 urtez geroztik.

 

Salbotx Alegria, Nora (Iruñea, 1973) Magisteritzan eta Psikopedagogian graduatua, Landa Eremuko Hezkuntzan aditua eta Hezkuntza eta Komunikazioan graduondokoa. Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle aritutakoa, gaur egun Amaiurko eskola txikiko zuzendaritzan eta maistra lanetan ari da. Hik Hasiko aholkulari, Herri Hezitzaileen sareko kide, Sortzen, Plaza Hutsa eta bertze hainbat elkarte eta eragilerekin kolaboratzen du hezkuntza aferetan. Irakasleen formakuntzan aritzen da hizkuntza idatziaren didaktika, landa eremuko hezkuntza eta metodologi aktiboen ildoak jorratuz.

 

Shaun Riordan (Hastings, 1961) Nazioarteko Ikasketen Europako Institutuko Diplomazia eta Geopolitika Katedraren zuzendaria da, bai eta Research 287Fellow Charhar Institut-ekoa ere (Pekin). Britaniar diplomatiko ohia da eta The New Diplomacy eta Cyberdiplomacy: Managing Security and Governance Online liburuen egilea.

 

Soler i Gonzalez, Daniel (Cardedeum, 1983) Ingeniaria da eta 11 urtez lan egin du Kataluniako Generalitateko Departament d’Agricultura sailean. Egun analisi politikoei buruzko master bat ari da ikasten. 2012an Assemblea Nacional Catalanaren defentsa sektorialaren fundatzailea izan zen. 2014an Societat d’Estudis Militarsen fundatzailea eta analista burua. Egun bertako idazkaria da. Política de defensa i Estat propi (Editorial Base, 2017) liburuaren idazletako bat.

 

Zabaleta Areta, Gemma (Donostia 1957) Filologia Hispanikoa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Berrikuntza Pedagogikoaren zuzendaria (Eusko Jaurlaritza, 1989). Gizarte Politika diputatua (Gipuzkoako Foru Aldundia, 1991). Gipuzkoako senataria (1993-1996), Eusko Legebiltzarkidea (1998-2009) eta Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburua (2009-2012) eta Bideberri institutuko irakaslea.

EKARPEN GUZTIAK HEMEN

AURKENE ALZUA-SORZABAL, PhD. Deustuko Unibertsitatea. Nebrija University.

DAVID LANNES ETA NICOLAS GOÑI. Burujabe lantaldeko kideak– Bizi!

JOSU AMEZAGA. EHUko irakaslea eta Euskal Hedabideen Behatokiko ikerlaria.

NORA SALBOTX ALEGRIA. Haur Hezkuntzako maixtra Amaiurko herri eskolan.

SHAUN RIORDAN. Nazioarteko Ikasketen Europako Institutuko Diplomazia eta Geopolitika Katedraren zuzendaria.

SHAUN RIORDAN. Nazioarteko Ikasketen Europako Institutuko Diplomazia eta Geopolitika Katedraren zuzendaria.

ZIGOR IBARZABAL. Ikastolen Elkarteko Hezkuntza Arduraduna.

MIXEL BERHOCOIRIGOIN. Laborantza iraunkorraren aldeko militantea.

AGIRRE LEHENDAKARIA CENTER for Social and Political Studies.

SHAUN RIORDAN. Nazioarteko Ikasketen Europako Institutuko Diplomazia eta Geopolitika Katedraren zuzendaria.

SHAUN RIORDAN. Nazioarteko Ikasketen Europako Institutuko Diplomazia eta Geopolitika Katedraren zuzendaria.

DUROYAN FERTL. Analista politikoa. Sinn Feineko eta GUE/NGLko kontseilari politiko ohia Europako Parlamentuan.

MIRENE BEGIRISTAIN ZUBILLAGA. Ekonomian doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU.

MIKEL NAVARRO ARANCEGUI. Ikertzaile nagusi elkartua Orkestran. Katedradun emeritoa Deustuko Unibertsitatean.

JOXERRA AIHARTZA. EHUko Zientza eta Teknologia Fakultateko irakaslea, Biologian Doktorea.

IÑAKI GOIRIZELAIA. UPV/EHUko katedraduna eta errektore ohia.

ANDER CABALLERO. Irakasle bisitaria. Harvard University Graduate School of Arts and Sciences.

IRATXE ESNAOLA ARRIBILLAGA. Informatika Ingeniaria. Hezkuntzan doktorea. TM eLab-eko Koordinatzailea.

GARAZI GOIA. Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziatua. Ikus entzunezkoetan aditua (BBC eta Sky etxeetan zuzendaritza eta estrategia lanetan urte askotan lanean ibilita). Coach Exekutiboa eta Idazlea.

UNAI PASCUAL. Ikerbasque-eko Ikerlaria, Ingurumen Ekonomian doktorea.

JOANMARI LARRARTE TELLETXEA. Elkarreko Komunikazioa eta Kultur arloko zuzendaria eta Jakin fundazioko lehendakariordea.

ANDONI EIZAGIRRE. Mondragon Unibertsitateko irakaslea. “Herrigintzaren berrikuntzan” aditu-tituluaren koordinatzailea.

ANDONI EIZAGIRRE. Mondragon Unibertsitateko irakaslea. “Herrigintzaren berrikuntzan” aditu-tituluaren koordinatzailea.

ANDONI EIZAGIRRE. Mondragon Unibertsitateko irakaslea. “Herrigintzaren berrikuntzan” aditu-tituluaren koordinatzailea.

Dr IGOR CALZADA. MBA, FeRSA. Ikertzaile/Gizarte Zientzilari Seniorra. University of Oxford / European Commission.

Dr IGOR CALZADA. MBA, FeRSA. Ikertzaile/Gizarte Zientzilari Seniorra. University of Oxford / European Commission.

ISIDRO ESNAOLA. Ekonomilaria Gara egunkariko Iritzi Saileko arduraduna.

URKO AIARTZA. TM eLabeko Zuzendaria.

ENEKO AXPE. Fisikan doktorea, Marie Curie doktoretza ondokoko kidea. Stanfordeko Unibertsitatea eta NASA.

GEMMA ZABALETA. Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailburu ohia.

TELESFORO

MONZON

eLab