TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Photo by Juliet Flx on Unsplash

COVID-19, mundua eta gu

Testu hau beste hizkuntza hauetan ere eskuragarri: English

COVID-19, mundua eta gu

COVID-19, mundua eta gu

urko_aiartza

URKO AIARTZA

TM eLabeko Zuzendaria.

[sgb_pgawvc_pdf_button sgb_pgawvc_width=”40″ sgb_pgawvc_height=”60″ sgb_pgawvc_image=”8972″ sgb_pgawvc_class=”” sgb_pgawvc_id=””]

URKO AIARTZA

TM eLabeko Zuzendaria.

[sgb_pgawvc_pdf_button sgb_pgawvc_width=”35″ sgb_pgawvc_height=”50″ sgb_pgawvc_image=”8972″ sgb_pgawvc_class=”” sgb_pgawvc_id=””]

Kontatu ohi da AEBko Nixon Presidentea eta Txinako Deng Xiaopingen arteko bilkura ekarri zuen negoziaketa prozesuan, 70 hamarkadan, Henry Kissingerrek, orduan AEBko Estatu Idazkari zenak, Zhou Enlai lehen ministro Txinatarrari galdetu ziola bere iritzian zein izan ote zen Frantziar Iraultzaren eragina historian; eta honek erantzun ziola zaila zela ondorioez aritzea, oraindik ez zegoelako perspektiba historikoarekin erantzuterik; goizegi zela horretaz iritzi bat izateko, alegia. Zer esan, beraz, COVID-19 izurriteak geopolitikan ekarriko dituen ondorioei buruz. Zhou Enlaientzat, seguru aski, ausardia ez, lelokeria litzateke. Baina XX. mendeko 70. hamarkada eta XXI. mendea ez dira berdinak eta, bat-batekotasunaren kulturan bizi garenez, ezinbestekoa da gutxienik COVID-19ak utziko dituen ondorio batzuen inguruan hausnartu edo espekulatzea behintzat. Egungo egoera aldakorrak galdatzen duen irakurketen behin-behinekotasuna ahantzi gabe, noski.

Orokorra da nazioarteko adituen artean COVID-19aren ondoren ezer ez dela orain arte bezala izango esatea, baina agian egokiagoa litzateke adieraztea, askok dioten bezala, lehendik bazetozen joeren areagotze eta azkartze bat emango dela eremu desberdin askotan. COVID-19ak, horrela, lehendik bazetozen tendentzia kontraesankorrak azkartuko ditu; eta sakonki azkartu gainera.

pawel-czerwinski-OfwiURcZwYw-unsplash
Argazkia: Pawel Czerwinski, Unsplash

COVID-19ak, horrela, lehendik bazetozen tendentzia kontraesankorrak azkartuko ditu; eta sakonki azkartu gainera.

Pribatutasunerako eskubidea vs. segurtasuna eztabaida

Irailaren 11ko atentatuen ondoren askatasun eta eskubideen arloan hartu ziren neurri murriztaileek, bereziki pribatutasunerako eskubidearen arloan, eragin nabarmena izan zuten oinarrizko eskubideengan ondorengo urteetan. Baina neurriak, batik bat, sektore sozial edo jatorrizko batzuetara zuzendu ziren eta, ondorioz, gizarte zabalak nahiko erraz onartu eta barneratu zituen eskubide murrizketa hauek, “War on Terror” delakoaren mehatxupean. Gizartea prest egon zen murrizketa horiek onartzera segurtasunaren izenean. Gogora dezagun Patriotic Act delakoa, gero munduan zehar zabaldu ziren beste legedi askoren aurrekaria, salbuespeneko legedi bezala zabaldu zela. Baina jakin badakigu, berarekin etorri ziren eskubide murrizketa asko, ez soilik atxilotu edo akusatuen bermeen inguruan, baizik eta batik bat komunikazioen interbentzio arloan eta pribatutasunerako eskubidearen inguruan, betirako geratu zirela gero. Gaur egun, COVID-19aren izurritearen aurkako borrokan ezartzen ari diren alarma-estatuko legedi bereziak hartzen ari diren salbuespenezko neurri asko eta asko, edota teknologia arloan ematen ari diren pribatutasunari eragiten dioten neurriak —hala nola data-erabilera eta mugikorren bidezko kontrol eta jarraipena—, osasunaren defentsa helburu hartzen ari badira ere, ikusi beharko da ez ote diren gurekin betirako geldituko. Eta hauek, Irailak 11koak ez bezala, biztanleria osoari zuzenduak daude. Irailak 11n bezala, hemen orain War on Covid da planteatzen ari zaiguna. Espainiar Presidenteak ere “guda” terminoa erabili du, Macronek eta beste hainbatek bezala. Baina, segurtasunaren lelopean aztia botilatik ateratzea erraza bada ere, zaila izaten da berriro botilara itzularaztea. Guzti honek jada lehendik datorren tendentziaren areagotzea dakar, batipat gizabanakoen eskubideak baztertzeko joera duten Estatuen partetik. Ikusi besterik ez ditugu Hungariako Orban Presidentearen dekretua edo Duterte Filipinetako presidentearen adierazpenak. Kezkagarriena, halaz ere, joera hauek, teorian bederen, eskubide eta askatasun demokratikoetan oinarrituta dauden sistemetan oposiziorik gabe zabaltzea da. Eskubide murrizketak eta pribatutasunaren asaldatzeak ia beti salbuespenezko egoeratan ematen dira; baina behin-behineko behar lukeenak behin-betiko bilakatzeko arriskua bizia izan ohi da. Thomas Hobbesek zioen mehatxu egoeratan herritarrak botere subiranoarengana jotzen dutela bata bestearengatik babesteko, eskubideak eta askatasunak beregan errendituz. Leviathanaren indartzea ez ote da izango Post COVID-19aren ondoriotako bat? Gai hau puri-purian dago teknologien arloan. Txinan, Singapurren, Hego Korean edo Israelen bertan zabaldu den izurriteari aurre egiteko jarraipen teknologikorako aplikazioek ez badute aurkakotasun asko sortu ere, kokapen-datuen erabilera eta jarraipenak eztabaida eragin du Europan eta AEBn. Halaz ere, jada erabiltzen ari dira Madriden, Italian, Belgikan edo Norvegian. Osasunaren alde teknologia berriak erabiltzea eta pribatutasuna ziurtatzearen arteko oreka ez da erraza, Vincent Keunenek, Andaman 7 app enpresako fundatzaileak dioen bezala.1 Lehendik irekia zegoen eztabaida hau, data erabilera eta pribatutasunerako eskubidearen arteko orekari buruzkoa, areagotu egingo da COVID-19aren ondorioz. Guzti honek isla izango du geopolitikan, eredu autoritario eta demokratikoagoen arteko talkan.

Gaur egun, COVID-19aren izurritearen aurkako borrokan ezartzen ari diren alarma-estatuko legedi bereziak hartzen ari diren salbuespenezko neurri asko eta asko, edota teknologia arloan ematen ari diren pribatutasunari eragiten dioten neurriak —hala nola data-erabilera eta mugikorren bidezko kontrol eta jarraipena—, osasunaren defentsa helburu hartzen ari badira ere, ikusi beharko da ez ote diren gurekin betirako geldituko.

Finean, krisi sakonek herritarren aldetik sortzen duten babesaren behar eta aldarriari erantzunez, ez al da berriro ere estatuaren eskuhartzea emango, batik bat estatuentzat errazena eta errentagarriena den eremutik? Seguritatearen eta kontrolaren eremuan, adibidez? Ondorioetako bat ez al da “anai handiaren” indartzea izango? Teknologia berriek ematen dituzten aukerez itsu-itsuan baliatzeak ez al du neurtu gabeko ondoriorik ekarriko gurera? Pribatutasunerako eskubidearen defentsa XXI. mendeko borroka-zelai bihurtuko ote da?

Eta gurera ekarrita, zer ondorio ditu guzti honek gu bezalako estatu gabeko herrientzat? COVID-19a baino lehen jada estatu-kolpe digitalaz ari ginen gurean, Espainiar Gobernuak hartu zituen neurrien inguruan. Zein da gure subiranotasun maila guzti honetan? Ba al dugu ezer esaterik? Zein da gure herriarentzat nahi dugun eredua? Badugu baten bat? Eta ez badugu, zein dira gabezia honen ondorioak?

Baina, segurtasunaren lelopean aztia botilatik ateratzea erraza bada ere, zaila izaten da berriro botilara itzularaztea

charles-deluvio-9BXL-Vn22Do-unsplash
Argazkia: Charles Deluvio, Unsplash

Estatuaren indartzea

Post COVID-19aren krisiaren ondorioetako bat jada ematen ari zen estatuen presentziaren indartzearen tendentzia areagotzea izango dela dirudi. Hirugarren globalizazioaren garaian2, estatuaren indarra gutxiagotzen ari zela zioten askok: entitate gain- zein subestatalen indartzearekin, estatuez gain sorturiko hainbat eragile publiko zein pribatu berrien presentziarekin nazioartean, multinazional zein korporazioekin, GKEekin, Internetaren eredu ustezko demokratikoarekin… Baina hau jada azken urteotan atzera-bueltan zihoan, arrazoi desberdin askorengatik.

Reagan eta Thatcherrekin abiatu zen eredu neoliberala —hau da, merkatuaren subiranotasuna, merkatuentzako mugen irekitzea mendebaldearen baloreak deitu izan direnaren nagusitasunaren baitan (demokrazia liberala), non AEB super botere gisa agertzen zen…— amaiera zantzuak agertzen ari zen mundu osoan zehar, gero eta nabariago. Trump/Johnson binomio populistak aldaketa garaia argi adierazten zuen, Reagan/Thatcher binomioaren aurrean. Berlineko murrua erori eta Fukuyamak, nazioarteko ordenu liberalaren garaipenarekin, historiaren amaiera aldarrikatu zuenetik urte gutxira, krisia nabaria zen. 2003an Iraken inbasioarekin eta II. Mundu Gerra ostean ezarritako multilateraltasunaren arauei aldebakarrez emaniko urratzearekin, eta estatu emergenteen indartze eta subiranotasun defentsarekin (nagusiki Txina, baina baita India, Turkia, etab.) hasi ziren eredu neoliberalaren amaiera zantzuak. Eta areagotu egin ziren Errusia eskena globalera itzultzearekin —NATOk, Errusiak bere intereserako bitaltzat kontsideratzen duen ekialdeko Europako segurtasun eremua arriskuan jarri ostean3—, eta 2008ko krisi ekonomikoarekin eta Europar Batasunaren izate-krisi sakonarekin. II. Mundu Gerra ostean sortutako nazioarteko arkitektura zaharkituak ez zuen egoera berriari erantzuteko balio. Horren adierazlea da NBEn egungo krisi sakona eta erantzuteko gaitasun eza, munduko hainbat gatazken kudeaketan aditzera eman den bezala. Eta guzti honen ondorioa estatuaren paperaren indartzea aldarrikatzen duten indarren gorakada izan da

COVID-19aren ondorioetako bat krisiaren sakontzea eta estatuen indartze joera areagotzea izan daiteke. Mugen itzulera horren adierazle nabaria dugu.

Egoera honetan, COVID-19aren ondorioetako bat krisiaren sakontzea eta estatuen indartze joera areagotzea izan daiteke. Mugen itzulera horren adierazle nabaria dugu. COVID-19arekin estatuak bere mugak ixten ikusi ditugu. AEBk EBtik datozenentzat mugak itxi ditu, eta Ameriketako hainbat estatuk ere bere historian lehen aldiz atea itxi diote Europari. Europar Batasunean Schengen ere bertan-behera gelditu da eta mugak berrezarri dira. Ez al ditu guzti honek lehendik zetozen joera batzuk areagotuko? Jada migrazio krisiarekin AEBn eta Europan ikusitako joerak ez al dira orokortuko? Gure herrian bertan EH bitan zatitzen duen mugaren zurruntzea ikusi dugu. Bortxarako boterearekin batera, Estatuaren boterearen beste adierazleetako bat, mugen kontrola, berraktibatu baita. Atzera egingo al du honek gero, edo hau ere geratzeko etorri da? Ez al ditu pandemia honek mugen kontrol tresna berriak irekiko? Jada batzuk pasaporte sanitarioaz ari dira; munduko leku batzuetara sartzeko oraindik sukar horiaren aurkako kartilla aurkeztu behar den bezala, ez al ditugu kontrol eta sarrera murrizteko tresna berriak ikusiko? Zer ondorio izango ditu guzti honek azken urteotan ezagutu dugun nazioarteko komertzioan, produkzio-kateetan eta giza mugikortasunean? Zein izango dira guzti honen ondorioak Euskal Herrian?

COVID-19ak eta beronek ekarri duen hornigaien katearen kolapsoak, globalizazio neoliberalarekin ezarritako ereduak sortutako arazoak ere agerian jarri ditu, hala nola deslokalizazioak, lan-katearen internazionalizazioa, ekonomiaren finantziarizazioa, estrategikoak diren sektoreen produkzioak albo batera uztea, estatuaren interbentzio-eza… Zein izango da honen guztiaren ondorioa? Batzuen aldetik, Estatuen interbentzio handiagoa planteatuko da hainbat sektore estrategikotan eta hauen kontzepzioa zabaldu egingo da. Posible da, halaber, estatuaren interbentzio sakonagoa planteatzea berreskurapen prozesuetan, aditu asko —sozialdemokrata zein liberalak asko— idazten ari diren bezala. Denen ahotan dira berriro FDRren New Deal edo Keynesen errezetak, jada larrialdi klimatikoari erantzun beharrarekin mahai gainean jarri zirenak. 4 Ereduen talka segur aski areagotu egingo da, gorabeherak gorabehera, betikoarekin jarraitu nahi dutenen eta aldaketa estrukturalak planteatuko dituztenen artean. Eta estatuaren indartzeak berriro tentsioen areagotzea ekarriko du halaber, maila supraestataletan, nahiz estatuak eta entitate subestatalen artean ere.

Ereduen talka segur aski areagotu egingo da, gorabeherak gorabehera, betikoarekin jarraitu nahi dutenen eta aldaketa estrukturalak planteatuko dituztenen artean. Eta estatuaren indartzeak berriro tentsioen areagotzea ekarriko du halaber, maila supraestataletan, nahiz estatuak eta entitate subestatalen artean ere.

Hau nabaria da Estatu Espainiarrean, azken urteotan Madrildik eman den joera zentralizatzailean; ez soilik arlo politiko juridikoan, baizik eta hain nabariak ez diren arlo ekonomikoan, mediatikoan, ezagutzarenean, eta abar. Eta COVID-19ari aurre egiteko moduak eskuhartze joera hau azkartzeko arriskua dago. Alarma-estatuaren ezarpenak, zein haren ondoren hartutako erabakiek, entitate subestatalen burujabetza maila hutsaren hurrena dela erakutsi dute. Baina tentsio hauek beste leku askotan ematen ari dira lehendik ere, eta areagotu egingo dira. Gogoratu AEBetan, hiri eta estatu federatuek nola egin dioten aurre Gobernu federalari aldaketa klimatikoaren inguruan, emigrazioaren inguruan eta abarretan. Orain ere talka bera ematen ari da COVID-19aren inguruan hartu beharreko neurriak direla-eta (Kalifornian, Floridan, Texasen…). The Economist berak adierazi duenez, “federalismoa, AEBn sistema politiko maila anitzekoa, gerra zibilaren geroztik jasandako estres proba gogorrenari aurre egiten ari da”. 5

Europako hainbat herrialdetan ere tentsio berak ageri dira eta estatu zentralen boterea berreskuratzeko joerek tentsio hauen areagotzea ekarriko dute segur aski. Madrilgo gobernuak, gainera, joera orokor honi bere nazio proiektua indartzeko —espainiar nazionalismoa hauspotzeko— egitasmoa gehitu dio. Hor besterik ezin dira kokatu Espainiar erregearen adierazpenak, Madrilgo Gobernuaren prentsaurrekoen militarizazioa, armadaren erabilera publizitarioa, komunikabideetan zabaltzen diren mezu patriotikoak, Moncloako itun berri baten proposamena… Aza artean uraza sartu nahian dabil Estatua.

Entitate supraestatalei dagokionez, krisi honek agerian utzi du berriro ere NBEn lidergo eza, eta Antonio Guterresek zenbait arlotan hartutako iniziatibek ez dute sentsazio hau ekiditea lortu. NBEtako Batzar Orokorrak zein Segurtasun Kontseiluak aspaldi galdu zuten indarra G7, edo G20 gailurren aurrean. Baina ez da NBE bere josturak zartatuta sumatu dituen entitate supraestatal bakarra. EB ere adibide garbia dugu.

Madrilgo gobernuak, gainera, joera orokor honi bere nazio proiektua indartzeko —espainiar nazionalismoa hauspotzeko— egitasmoa gehitu dio.

Photo by Sara Kurfeß on Unsplash
Argazkia: Sara Kurfeß, Unsplash

Europar Batasuna noraezean

COVID-19ak Europar Batasunaren izate-krisia agerian utzi du berriro ere. Bere egungo antolaketa ereduak dituen mugak nabariak dira munduan ezartzen ari den eredu geopolitikorako. Europa “ez arre ez so” ari da. Krisiari aurre egin behar izan dioten lehen Europar estatuak, (Italia, Espainia..) guztiz abandonatuta sentitu dira orain artean EBtik jaso duten laguntza-eza dela-eta, jendartean abandonu sentimendua nabaria delarik. Europak erabaki egin behar du ezartzen ari den mundu global honetan zer paper jokatu nahi duen: aktore izan nahi duen, edo aktore nagusien zelai gune. Bere definizio-ezak beste potentzien zelaigune bihurtu du Europa. gero eta gehiago (AEB, Txina eta Errusia batik bat). Eta afrikar atsotitzak dioen bezala, “bi elefantek borroka egitean belarra da sufritzen duena”. Europak elefante edo belar izan nahi duen erabaki behar du.

Ez dirudi, halere, Europar Batasunak horretarako gaitasunik duenik, azken hamarkadako krisiek adierazi bezala. Euroaren krisiak moneta bakarraren zimenduak zalantzan jarri zituen, bai eta erreforma monetario baten beharra ere; errefuxiatuenak askatasun-mugimenduen krisia, Schengen espazioarena eta europar balioak deitutakoena. Brexitak areagotu egin zuen guzti hau, eta COVID-19ak are gehiago, mugak berriro ezarriz, merkatu bakarraren kontzeptua bera zalantzan jarriz, estatu batzuek produktu batzuen esportazioa beste Europar estatu batzuetara galaraziz, eta oinarrizko elkartasun eta kooperazio kontzeptuak berak kinka larrian jarriz. 6

COVID-19ak Europar Batasunaren izate-krisia agerian utzi du berriro ere. Bere egungo antolaketa ereduak dituen mugak nabariak dira munduan ezartzen ari den eredu geopolitikorako.

Europaren irudia nazioartean oso ukitua gelditu da gainera. Lehendik jada ukitua bazegoen, 2008ko krisia eta Brexitaren ondoren, COVID-19ari erantzun azkar eta koordinatu bat emateko gaitasu-ezak areagotu egin du pertzepzio hori. Txina, Errusia, bai eta Kuba ere, azkar ibili dira eta kooperazio mediko, teknologiko zein militarreko ekimen mediatiko azkarren bidez, Italian zein Europa ekialdean sekulako irudi kolpea eman dute. NATOk zein europar estatu batzuk erantzun arren, kolpe mediatikoa emana dago, eta kolpe honek munduan zabaltzen ari desmendebaltze-prozesuaren sentsazioa areagotu egingo du.

Izurriteak Europar Batasunaren oinarri diren elementuetan (gizarte irekiak, merkatu libreko ekonomia eta segurtasuna eta defentsa) eragin handia izango du. Europar Batasunak erreforma sakon batekin soilik egin dezake seguruenik aurrera. Baina COVID-19ari ematen ari zaion erantzunak agerian utzi ditu berriro ere horretarako zailtasunak. Mundu globalizatuaren interdependentzia eta hiper-konektibitatearen markoan, Europa mailan ere puri-purian dago munduan ematen ari den estatuen arteko kooperazio vs talka eskema. 7

Beijing
Argazkia: Tedward Quinn, Unplash

Txinaren indartzea eta etorkizuneko geopolitika

Azkenik, argi dago COVID-19ak lehendik zetorren joera bat indartzea ekarriko duela. Txinaren mendea izango da XXI mendea; mila miloi biztanle baino gehiago dituen kultura milurteko eta alderdi bakarreko estatu zentralizatu baten mendea. Munduaren erdigunea Pazifikora mugitu dela argi dago. Hobe genuke hori oso presente edukitzea. Euskal Herria Eurasia kontinenteko Europar Penintsularen mutur batean dago kokatua. Ez orain arte ikusi dugun bezala, munduko maparen erdian. 8 Ongi legoke irudi hori buruan ongi sartzea, etorkizuneko mundua ulertzen joateko. Mapak beti izan dira oso garrantzitsuak mundua eta geopolitika ulertzeko, eta interkonektatutako XXI. mende honetan garrantzitsuak izaten jarraituko dute.

Euskal Herria Eurasia kontinenteko Europar Penintsularen mutur batean dago kokatua. Ez orain arte ikusi dugun bezala, munduko maparen erdian.

Txina-AEB konpetentzia ezartzen ari den ordenu global berriaren erdian egongo da, eta hau komertzioan, baina batik bat teknologia berrietan, bioteknologian eta adimen artifizialean islatuko da; baina baita ideologia mailan ere. Txina ez baita teknologia bakarrik. Munduaren eta bere gobernantzaren ikuskera bat ere bada.

Blank_Map_Pacific_World-01
Irudia: Dmthoth / CC BY-SA (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0)

COVID-19aren kudeaketak Txinaren irudia indartuko du munduan zehar, batik bat Afrika eta Asian, baina baita Europan eta Hego Amerikan ere. Hurrengo hilabetetan Txinatarrek izurritearen kudeaketan egindako errelatoaren borroka ikusiko dugu mendebaldeko komunikabideetan, baina munduko estatu asko eta asko Txina zein Errusiara ari dira zuzentzen laguntza bila, eta hau areagotu egingo da.

Nabaria izan da, halaber, AEBen lidergo-gabezia krisi guzti honetan, baina AEBen gainbehera seguruenik askok diotena baino urrutiago dago. AEBek munduko lehen potentzia izaten jarraitzen dute eta horrela izaten jarraituko dute. Eta ez soilik potentzia militarra. Ez dezagun ahantzi munduko inbertsio-funts nagusiak dolarrean eta AEBetako altxorraren bonuetan babesten direla, sekulako finantza zein ekonomia gaitasuna duela, baita nekazaritza industrialean ere, hala nola autokontsumo energetikorako gaitasun osoa duela. Halere, Brookings Institutioneko Rush Doshik dioen bezala, hau mundu mailako lehen krisia izango da AEBen lidergo nabaririk gabe eta Txinaren lidergo maila batekin 9. Ikustekoa da oraindik AEBetan izurriteak izango duen bilakaera, eta horren ondorioak udazkeneko hauteskundeetan. Hauteskunde hauek lehen baino garrantzia handiagoa hartuko dute, nazioarteko harremanen eta geopolitikaren bisio oso desberdinak baitaude jokoan.

Historiak norabidea aldatu du XXI. mende hasieran eta mendebaldearen domeinu garaia amaitu da. Gurea bezalako herri txiki batek ez du inolako eragin gaitasunik mundua hartzen ari den norabidean, baina norabide honek edukiko du eragina gugan, nola ez. Egin dezakegun hoberena errealitate eta erronka berri hauetarako gure herria eta belaunaldi berriak prestatzea izango da. Ari al gara horretan?

Argi dagoena da XXI. mendea Txina eta AEBen arteko harremanek gidatuko dutela, direnak direlakoak harreman hauek. Munduaren erdigunea ozeano barera mugitu da eta Europa ez dakigu subjektu edo objektu izango den ezartzen ari den mundu-ordenu berri honetan. Historiak norabidea aldatu du XXI. mende hasieran eta mendebaldearen domeinu garaia amaitu da.10 Gurea bezalako herri txiki batek ez du inolako eragin gaitasunik mundua hartzen ari den norabidean, baina norabide honek edukiko du eragina gugan, nola ez. Egin dezakegun hoberena errealitate eta erronka berri hauetarako gure herria eta belaunaldi berriak prestatzea izango da. Ari al gara horretan?

  1. Tracking coronavirus: big data and the challenge to privacy | Free to read
  2. Ontiveros Emilio. Exceso ( 2019, Madrid).
  3. Gomart Thomas L,affolement du monde. (2019, Paris)
  4. Jeremy Rifkin, New Green Deal (2019, New York)
  5. The United States Are Coming Apart eta Gavin Newsom Declares California a ‘Nation-State’
  6. Morillas Paul, Lecciones de una crisis global: coronavirus, orden internacional y el futuro de la UE CIDOB.
  7. ibid
  8. Bruno Macaes, The Dawn of Eurasia ( 2018, London)
  9. Doshik Rush, The coronavrus could reshape the global order
  10. Mahbubani Kishore, Has the West lost it? (2019, London)