TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

COVID-19ak ekar litzakeen epe luzeko inpaktuen dekalogoa

Testu hau beste hizkuntza hauetan ere eskuragarri: Español

COVID-19ak ekar litzakeen epe luzeko inpaktuen dekalogoa.

mikel_navarro

MIKEL NAVARRO ARANCEGUI

Ikertzaile nagusi elkartua Orkestran.

Katedradun emeritoa Deustuko Unibertsitatean.

Download PDF

MIKEL NAVARRO ARANCEGUI

Ikertzaile nagusi elkartua Orkestran.

Katedradun emeritoa Deustuko Unibertsitatean.

Download PDF

COVID-19ak gure eguneroko bizimodua gogor astindu du eta, dirudienez, are bortitzago astinduko du etorkizunean.

Aztertzaileek eta komunikabideek kasu handia egin diete epe laburrean COVID-19ak sortutako ondorioei eta hari aurre egiteko hartu beharreko neurriei. Oraingo egoeraren larritasunagatik ulertzekoa da hori. Haatik, aztertzaile eta komunikabideek ez dute hainbeste arreta jarri, bizitzen ari garen esperimentu kolektiboaren atzean jokatzen ari diren joera eta dilemetan, zeinak neurri handi batean COVID-19ak epe luzean gure artean izango duen inpaktu sozioekonomikoa biziki baldintzatuko duten.

Krisialdietan aukera-leiho zabalagoak irekitzen dira, eta arau, portaera eta sistema batzuk sustatu edo indartzen dira, eta beste batzuk erreformatu edo zuzendu

COVID-19ak ez du modu determinista eta itsu batean gure geroa moldatuko. Gure jarduerak eta erabakiak marko edo testuinguru jakinetan hartzen dira, noski. Baina marko eta testuinguru horiek guk iraganean izandako jarduera eta erabakien ondorio dira. Krisialdietan aukera-leiho zabalagoak irekitzen dira, eta arau, portaera eta sistema batzuk sustatu edo indartzen dira, eta beste batzuk erreformatu edo zuzendu (ikus The Second Deep Transition). Noah Hararik dioen bezala, orain oso une historiko jariakor edo moldagarri batean gaude. Baina, jariakortasun leiho horrek ez du luze iraungo eta laster ordena berri bat gailendu eta solidotu egingo da. Horregatik, oraintxe da historiaren norabidean eragiteko garaia. Behinola Leninek zorrotz esan zuenez: “hamarkadetan ezer igaro ez, eta asteotan hamarkadak igaro”.

Egin dezagun, bada, inbentario moduko bat orain jokatzen ari diren joera eta ezbaiez, haiekiko kokatzeko eta, gizarte zibiletik, horietan, politikariak eta Estatua presionatzeko. Honako hauek dira, nire irudiz, dekalogo moduan jarrita, joera eta dilemarik nabarienak. (Ikus antzeko inbentarioak hemen, hemen eta hemen; eta euskararen mundutik sortutakoa hemen).

Argazkia: Joshua Hoehne, Unplash.

1. Merkatuaren ahultzea eta Estatuaren esku-hartze ekonomikoaren indartzea.

Jadanik 2008ko Atzeraldi Handiak auzitan ipini zuen ekonomia eta finantzak ahalik eta gehien liberalizatuta egon behar zutelako ustea, edota Estatuaren esku-hartzea ekonomian ahalik eta txikiena izan behar zuela. Orduan, Sarkozyk, Europako estatuburuak, “kapitalismoa birsortzeko” beharra aldarrikatu eta guzti egin zuen. Baina, Atzeraldi Handiaren irakaspenak ezin garbiagoak izan arren, krisialdiaren une ezohiko eta gorrienak igaro eta handik hamar urtetara, asmo handi horiek guztiak alboratuta zeuden eta kapitalismoaren eguneroko kudeaketan benetako aldaketa gutxi ageri zen. Hori bai, krisialdiak agertuz gero, haien eskari eta eskaintzako shockak moteltzeko eta ez hedatzeko, laguntza sozioekonomikoko programak azkar eta kemenez abiarazi behar zirela ikasi zen, eta halaber diru eta finantza egonkortasunaren arauak denen gainetik ez zirela jarri behar. (Ikus koronabirusaren krisi ekonomikoaren azalpen labur eta argia hemen; krisiaren kontra hartzen ari diren neurriak jorratzen dituzten bi blog ekonomiko interesgarri hemen eta hemen; eta Euskaditik egindako COVID-19ari buruzko hausnarketa, hemen).

Acemogluren [...] ustez, krisitik irteera egoki bat izateko, bi gauza konbinatu behar dira: alde batetik, Estatuak ahalmen erabakitzaile handiagoak izan behar ditu; eta, bestetik, gizarteak, kolektiboki jokatuz eta bere arau, ohitura eta erakundeak indartuz, jerarkia politikoaren gehiegikeriak mugatu eta Leviatanaren gaineko kontrol demokratikoa sendotu behar ditu.

2. Autoritarismoaren indartzea eta askatasunen murriztapena.

Estatuaren esku-hartze ekonomikoaren indartzearekin batera, hainbat aztertzailek azpimarratzen dute, era berean, haren izaera autoritarioaren eta askatasun murriztailearen sendotzea. Kanpotik etorritako mehatxuen aurrean (adib. Dorre Bikietako eraso terrorista), hiritarrak prest agertu ohi dira haien zenbait askatasun galtzeko eta Estatuaren boterea sendotzeko. Gainera, krisi honetan, komunikabideek maiz iradoki dute, koronabirusaren pandemia azkar eta kalte txikiagoz gainditzeko Txinak erakutsitako gaitasuna, hango Estatuak, hiritarrak aurka agertu gabe, ezohiko kontrol neurriak hartu ahal izateari zor izan zaiola. Haatik, Txinakoa baino arrakastatsuagoa izan den Hegoaldeko Korearen kasuak, demokrazian oinarrituago dagoenak, agerian uzten du pribatutasunaren eta osasunaren arteko dilema hori faltsua dela. Erabateko gainbegiratze eta kontrolean oinarritutako erregimen totalitarioen ordez, hiritarrak ahaldundu daitezke (ikus Noah Harari). Horri buruz, guztiz interesgarria da Royal Economic Societyk antolatutako webinar batean (ikus hemen) Acemogluren gogoeta. Pentsalari honen ustez, krisitik irteera egoki bat izateko, bi gauza konbinatu behar dira: alde batetik, Estatuak ahalmen erabakitzaile handiagoak izan behar ditu; eta, bestetik, gizarteak, kolektiboki jokatuz eta bere arau, ohitura eta erakundeak indartuz, jerarkia politikoaren gehiegikeriak mugatu eta Leviatanaren gaineko kontrol demokratikoa sendotu behar ditu. Tamalez, erakundeen kalitatea oso apala da Espainian (ikus hemen eta hemen). Hego Euskal Herriko erakunde garrantzitsu asko Espainiakoen berdinak direnez, erakundeen kalitateari buruzko balorazio hori guri ere aplikagarria zaigu hein handi batean. Espainiako autonomia erkidegoen artean desberdintasun handiak daude, ordea, eta Europako erregioen erakundeen kalitateari buruz argitaratu diren rankingetan EAE eta Nafarroa toki gorenetan agertzen dira Espainiako autonomia erkidegoekin alderatuta (ikus hemen).

3. Misio bati erantzunez eta ez lehiakortasunari soilik antolatutako politikak.

Arestian esan bezala, azken hamarkadan berpiztu da eta COVID-19ko krisiaz are gehiago indartu Estatuak ekonomian bete beharreko funtsezko zereginaren aitortza (Mazucattok entrepreneurial state deitutakoa). Horrekin batera, estrategia eta politika publikoak (bereziki berrikuntzari dagozkionak) misioei erantzunez antolatu behar direlako iritzia nagusituz joan da (ikus hemen, adibidez, aldaketa klimatikoari aurre egiteko estrategia edo politikak). Joan den mendeko 50 eta 60ko hamarkadetako politika zientifiko eta teknologikoak hartu dira inspirazio iturri horretarako. Izan ere, garai horietan lehiakortasuna soilik jomuga izan ordez, misio baten arabera (hala nola osasunaren zaintza, espazioaren konkista…) antolatu ziren politika zientifiko eta teknologikoak, baliabide zientifiko eta teknologikoak horietara lerrokatuz eta horietan enpresentzako merkatuak sortuz. Europar Batasunak 2019an aurkeztutako Itun Berde europarra izeneko ekimena dugu gaur egun horren adibide garbia. Alde horretatik, koronabirusak piztutako pandemiaren kontrako borroka gizarte-erronka handi horien antzekoa izango litzateke, misio bati erantzuteko estrategia eta politika publiko espezifikoak eskatzen dituena. Hori horrela, COVID-19ak politika publikoen orientazio berri hori berretsi egingo luke. ZTBP Euskadi 2030rako Eusko Jaurlaritzak 2019ko abenduan argitara emandako Oinarrizko lerro estrategikoak eta ekonomikoak izeneko dokumentua (hemen) aurrerapauso bat da norabide horretan, Aranguren eta bestek egindako txostenak aldezten zuena (hemen), baina Ekonomiaz aldizkariaren hurrengo alean argitaratuko den Morgan eta besteen artikuluan oraindik ere aski jotzen ez dena.

Argazkia: Martin Adams, Unplash.

Baina politika publikoak misioen arabera antolatzeaz aparte, gure buruari galdetu beharko genioke aldaketa klimatikoaren kontrako borroka zinez eszenatoki nagusira igoko den eta gizartearen eta gobernuen jarduerentzat funtsezko jomuga bihurtuko den. Aurreko lerroaldean esandakoak horrela pentsaraz badiezaguke ere, gaia arreta handiagoz begiratuta, hori ez dagoela hain garbi ondorioztatzen da. Egia da, 2020ko apirilaren hasieran hamahiru herri elkartekidek izenpetu dutela eskaera-gutun bat (hemen), non Bruselari eskatzen dioten Itun Berde europarra COVID-19ko krisiaren ondorengo susperraldi ekonomikoaren palanka bihurtzea. Halaber, oraingo krisiak ezin garbiago frogatu du, gure produkzio eta kontsumo ereduak errotik aldatzea eskatuko zutelakoan guztiz ezinezko iruditzen zitzaizkigun neurriak, horren premia gorriaz ohartu edo jabetu direnean, gizarteak eta gobernuek onartu eta betearazi egiten dituztela, ezinezko zirudiena egingarri bihurtuz.

Krisi hau piztu aurretik, aldaketa klimatikoaren kontrako borroka lehenetsi behar zela zioten hainbat ekonomialarik, krisia sortutakoan, hura gainditzea zer konplexua den eta zenbat baliabide eskatuko dituen ikusi eta gero, bi erronka horiei batera heltzea ez dela komeni diote orain.

Baina horrekin batera adituek nabarmentzen dute COVID-19aren eta aldaketa klimatikoaren mehatxuak oso bestelakoak direla, bigarrena hain berehalakoa, ikusgarria eta gizabanakoentzako hilgarria sentitzen ez delako. Gainera, hainbat adituk pandemien eta aldaketa klimatikoaren artean kausalitate-erlazioak aipatzen badituzte ere (adib, Errusiako iparraldean permafrost gesaltzeak ekar litzakeen ondorio epidemologikoak), oraindik ez dago horretaz ebidentzia sendorik. COVID-19ko krisiak ekarritako energia-gaien prezioen amiltzea dela eta, energia kontsumoa (adib. garraioan) gutxitzeko, energiaren erabilera eraginkorragoa sustatzeko, energia berriztagarrien ezarpena bizkortzeko… egitasmoak auzitan jarriko dituzte berriro edota haien ezarpena geroratuko dute. Adibidez, COVID-19ko krisiarekin batera, erabili eta botatzeko materialak (muki-zapiak, eskularruak, maskarak…) ugaldu egin dira eta kotxe partikularren erabilera bultzatu egin da. COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriek hurrengo hilabeteetan ekarriko duten ekonomiaren eta langabeziaren okerragotzeak horien konponbidea lehenestera eta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokak epe laburrean ekartzen dituen kostuak geroratzera (edota gure gain hartu nahi ez izatera) eraman lezakete. Areago, krisi hau piztu aurretik, aldaketa klimatikoaren kontrako borroka lehenetsi behar zela zioten hainbat ekonomialarik, krisia sortutakoan, hura gainditzea zer konplexua den eta zenbat baliabide eskatuko dituen ikusi eta gero, bi erronka horiei batera heltzea ez dela komeni diote orain.

4. Ongizatearen Estatuaren berreskuratzea.

COVID-19ko krisia agerian jarri du epe luzera zer-nolako kalte handia dakarren osasuneko eta gizarte-babeseko sistemak eraisteak edo ahultzeak. Krisia lehertu denean zerbitzu publiko horien deuseztatzea aurrerago eraman zuten herriek (AEB eta Erresuma Batua, esaterako) arazo ezin larriagoak izan dituzte osasuneko eta gizarte-babeseko eskaerei erantzun ahal izateko (hemen). Diru eta finantza egonkortasuna bermatzeko arau zorrotzen ezarpena bultzatu zuten hainbat nazioarteko erakunde (adibidez, ELGA eta Europako Batzordea) huts egin zutela aitortuz joan dira, eta gaur egun prest daude arau horiek erlaxatzeko edo alboratzeko, eta Estatuei gastu (eta zorpetze) publikoa handitzea gomendatzen diete.

Argazkia: Clement Falize, Unsplash.

Badaude, dena dela, bi gauza, Ongizatearen Estatuari lotuta egonik, gogoeta labur bat merezi dutenak. Lehenengo eta behin, Ongizatearen Estatuaren dimentsio guztiak ez dira, krisi hau igarota, neurri berean sustatuko. COVID-19ko krisitik atzeratuta iritsiko den faktura eskergak eta osasun sistema sendotzeko denok onartutako inbertsio handiak diru gutxi utziko dute beste gizarte-erronka handietatik (adibidez, biztanleriaren zahartzetik edota aldaketa klimatikotik) etorriko diren gastuei aurre egiteko. Hori horrela, baliteke murrizketa galantak hezkuntzako gastu publikoan egotea, nahiz eta Ortunek eta bestek honako hau ohartarazi: “Herrialde aurreratuetan, hezkuntza da osasun maila esplikatzeko aldagairik esanguratsuena, herriaren ahalmenari eta harmoniari egiten dien ekarpenaz gainera”.

Krisiaren kontrako politika publikoak finantzatzeko bide emankorrena, epe laburrera, sektore publikoaren zorpetzea da, zalantzarik gabe.

Bigarrenik, krisiari aurre egiteko politiken kostua nola finantzatuko den ia ez da inon aipatzen. Aurrekontuko beste kontu-sailetan mozketak eginez diru hori lortzeko ez dago marjina handirik, azken urteetako aurrekontuak dagoeneko nahiko argalduta daudelako. Erakundeen kalitatea hobetuko balitz eta ustelkeriaren kontrako borrokak aurrera egingo balu, sarrera gehiago lortuko ziren, ezbairik gabe; baina, Alcalak ohartarazten duen bezala, bide hori inola ere baztertu behar ez badugu ere, errealitatean, epe labur edo ertainera ezin dugu bide horretan itxaropen handirik izan. Krisiaren kontrako politika publikoak finantzatzeko bide emankorrena, epe laburrera, sektore publikoaren zorpetzea da, zalantzarik gabe. Izatez, horretara jotzen ari dira gobernuak. Baina, lehenago edo beranduago, zor horiek itzuli beharko dira eta orduan kostua zergapekoen gainean eroriko da. Noski, ahaleginak egin behar dira zergadun horien artean GAFAM direlakoak (hots, Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft) eta zerga-paradisuetan aritzen direnak egon daitezen. Baina ahalegintze hori benetan emankorra izan dadin, lehenago munduko herri aurreratuen artean akordioetan eta lankidetzan aurrera egin beharko da, hain probablea ez dena geroxeago azalduko denez. Hori guztia kontuan hartuta, krisiaren kontrako finantzazioaren zama astunena pairatuko dutenak egungo gazteak izango dira, seguruenik, biharko zergapekoen belaunaldia osatuko dutenak.

5. Desberdintasunen handitzea.

Aurreko krisi handi guztietan gizartearen desberdintasunak areagotu egin dira. Ahulenak izan ohi dira krisialdiaren zartadarik latzenak jasotzen dituztenak. EAEn 2008tik 2018ra bitartean errenta banaketan egondako desberdintasunaren handitze nabariari (ikus Iruarrizaga eta Colinas, Ekonomiaz aldizkariaren hurrengo alean), egungo krisia sortzen ari dena gehitu behar zaio. Aztertzaile guztiek aho batez aitortzen dutenez, oraingo krisiak gogorren jo dituenak estandar ez diren enplegua dutenak dira: aldi baterako kontratua dutenak, langile autonomoak, aldi partzialeko kontratua dutenak… Gure lan-merkatuaren egitura bereziagatik (batez ere, aldi baterako kontratuen pisu handiagatik) COVID-19ko krisiak ondorio sozioekonomiko bereziki latzak izan ditu gure artean (hemen).

Argazkia: Dan Burton, Unsplash.

COVID-19ak emakumeak gutxiago jo baditu ere, inpaktu sozioekonomikoaren aldetik emakumeak gehiago kaltetu ditu, gizonezkoak baino.

Badaude bi talde, krisi aurretik egoera txarragoan egonda, krisialdiak gogorrago jo dituenak: gazteak eta emakumeak. Lehenengoei dagokienez, Iruarrizagak eta Colinasek erakusten dutenez, azken hamarkadan langileak (gazteak) pentsiodunak (adinekoak) ordezkatzen joan dira errentaren banaketaren beheko mailan. Gainera, Ludwigen esanetara, koronabirusaren krisiari aurre egiteko hartzen ari diren neurriak doikuntzaren kostuaren parterik handiena gazteen eta geroko belaunaldien bizkarrean ipintzen ari dira.

Sexu desberdintasunei dagokienez, azken hamarkadan aldea gutxitu bada ere, krisia iritsi zenean oraindik ere handi samarra zen. Eta, hildakoen aldetik, COVID-19ak emakumeak gutxiago jo baditu ere, inpaktu sozioekonomikoaren aldetik emakumeak gehiago kaltetu ditu, gizonezkoak baino. Izan ere, emakumeak dira eskuarki gizarte eta osasun zainketaren ardura dutenak, erregimen prekarioan aritzen diren langileetatik ehuneko handiena osatzen dutenak, eta konfinamenduan gertatu ohi den familia barruko biolentziaren areagotzearen ondorio latzak pairatu ohi dituztenak. Solanasek honako hau idatzi du horretaz: “COVID-19ko krisiari emandako erantzunetan genero-inpaktuak ez dira kontuan hartzen ari, eta horrek ondorio ekonomiko eta sozialak izango ditu eta jadanik zeuden desberdintasunak areagotuko ditu (…). Pandemiek sortutako beste krisiek erakutsi eta azterketa akademikoek horri buruz azaldutakoaren arabera, genero ezberdintasunean COVID-19aren eraginak sakonak eta iraunkorrak izango dira, eta neurrietan ‘genero aldetik neutro’ den ikuspegia aplikatzea okerra da”.

Argazkia: Markus Spiske, Unsplash.

6. Maila anitzeko gobernantza edo “aginte bakarra”.

Eskumen banaketari so eginez gero, estatuz gaindiko administrazio mailek osasun arloan eskumen gutxi daukate, baita Europar Batasunean ere. Estatuen barruan, herri batzuetan osasun arloko eskumena gobernu zentralari dagokio (Frantzia bezalako herri zentralistetan) eta beste batzuetan gobernu erregionalei (Alemania edo Espainiako bezalako herri deszentralizatuetan). Koronabiruseko krisiari aurre egiteko erabil daitezkeen politika ekonomikoen artean hiru nabarmendu daitezke: diru politika, aurrekontu politika eta arauketa politika. Eurogunearen barruan sartuta dauden Espainia bezalako herrietan, diru politika estatuz gaindiko organoetan (Europako Banku Zentralean, hain zuzen) erabakitzen da. Aurrekontu politikak pisu gutxi du estatuz gaindiko maila administratiboan (Europar Batasunaren aurrekontuaren gastua EBko BPGaren % 1 inguru dago, soil-soilik); Gizarte-Segurantza eta zerga-alorra gobernu zentralaren eskumena izan ohi da (EAEko Itun Ekonomikoa eta Nafarroako Hitzarmena salbuespena izanik, Espainiaren kasuan); eta gastu guztitik erregioko eta tokiko gobernuei dagokiena, estatuaren deszentralizazio mailaren araberakoa izaten da. Azkenik, arautzeko ahalmena (adib. lan-merkatuko enplegu erregulazioko espedienteetarako baldintzak ezartzea), funtsean, gobernu zentralaren eskumena da Espainian.

Oraingo krisia kanpotik etorritako shock asimetriko baten ondorioz sortua izan denez gero, nazioarte mailan adostu eta abiarazitako politikak beharko lirateke haren taxuzko konponbiderako.

Beste toki batean zehaztasun handiagoz azaldu dudanez (hemen), oraingo krisia kanpotik etorritako shock asimetriko baten ondorioz sortua izan denez gero, nazioarte mailan adostu eta abiarazitako politikak beharko lirateke haren taxuzko konponbiderako: bai osasun esparruan (krisiaren jatorri edo zergatia han baitago) eta bai sozioekonomikoan (osasun krisiari aurre egiteko hartutako neurriek alor sozioekonomikoan ondorio latzak sortu baitituzte). Krisi honek guztiz agerian utzi du estatuz gaindiko erakundeen osasun alorreko eskumenak handitu beharra, nola aurrekontuan hala arauketan. Tamalez, aldeaniztasuna ahuldu egin da azken urteetan, indartu ordez, eta nazioarteko erakundeek erreakzio ahalmen txikia erakutsi dute krisian, Osasunaren Munduko Erakundea (OME) barne. Europar Batasunaren hasierako erantzunak ere nahiko etsigarriak izan ziren, geroxeago zenbait erakunderen erreakzioak (Europako Banku Zentralarenak eta Europako Parlamentuarenak, batez ere) itxaropenerako leiho txiki bat ireki bazuten ere. Gutxienez Europako hegoaldeko estatu batzuek izango dituzten finantzazio-premia gorriak arintzeko, zenbait laguntza-mekanismotara jotzea erraztuko dute. Arlo honetan estatuz gaindiko gobernantza edo lankidetza baterantz joan beharra begien bistan badago ere, arlo sozialean ez da askotan betetzen Darwinek izaki bizidunentzako formulatutako legea: “funtzioak organoa sortzen du”.

Estatuen mailara jaitsita, koronabirusa sistema politikoen zentralizazio mailarako estres proba bat izaten ari da.

Estatuen mailara jaitsita, koronabirusa sistema politikoen zentralizazio mailarako estres proba bat izaten ari da. Batzuk hasi dira alderatzen eredu federalen (Alemania) eta zentralizatuen (Frantzia) abantaila eta desabantaila teorikoak, eta batzuetan eta besteetan lortutako emaitza konkretuak; eta lehenengo begiratu batean, balantza lehengoaren alde ateratzen da (hemen). Ziurgabetasun handiko egoeretan eta bide berri eta era askotakoak esploratu behar izaten direnean, teorikoki sistema deszentralizatuek abantailak dituzte, baldin eta horietan koordinazio-mekanismo eraginkorrak badaude. Bestela esanda, kasu horietan sareko gobernantza egokiagoa da jerarkietan edo merkatuetan oinarritutako gobernantza baino. Gainera, orain bezala Estatuaren eta botere beterazleen sendotzea behar denean, hobe izaten da botere-guneen kopurua handia izatea; izan ere, horrela botere-gune ezberdinek elkar kontrolatu eta kontrapisatzen dute, erabakiak hartzerakoan ikuspegi desberdin gehiago kontuan hartzen dira eta erabaki-guneak hiritarrengandik hurbilago daude (Acemogluk funtsezkoa jotzen duena, Leviatan despotikoan ez erortzeko). Baina, aitzitik, azkarrago erreakzionatu eta baliabide handiagoak mobilizatu behar izanez gero, oso tentagarria da jerarkietan oinarritutako gobernantzara jotzea. Hau da, eskumenen birzentralizaziora eta aginte bakarrera jotzea, Espainian egin nahi izan den bezala. Hori oso arriskutsua da aginte bakar horren kalitate instituzionala oso badaezpadakoa denean, Espainiako erakundeen kalitateari buruzko azterketa guztiek erakutsi duten bezala. Laburbilduz, maila anitzeko gobernantza baterantz urratsak eman beharko bagenitu ere, ez dago batere garbi horixe izango denik oraingo prozesuen helmuga.

Argazkia: National Cancer Institute, Unsplash.

7. Zientziaren eta adituen aitortza eta populismoaren atzera-egitea.

COVID-19aren desafioak ezin nabariago utzi du zein beharrezkoak diren zientzia, ikerketa eta adituen jakintza hari egokiro erantzuteko eta, orobat, zer arriskutsu eta kaltegarri den norberaren iritzi subjektiboetan edota populismoetan oinarrituta erantzunak ematea. Alde horretatik, beharrezkoa da handitzea EAEren eta Nafarroaren I+Garekiko konpromisoa, oraindik ere Europar Batasunaren batezbestekoaren azpitik dagoena (EAEn: 1.85ean, Nafarroan 1.68an eta EBn 2.12an, BPGaren ehunekotan adierazita). Baina, era berean, gure herrian think tank gehiago behar dugu, informazio eta azterketa kalitatekoak, fidagarriak eta independenteak eskaintzeko gai direnak. EAEn eta Nafarroan horrelako erakunde oso gutxi dago, nahiz eta, Tirolek ongi dioen bezala, Estatu ahalguztidun baten aurrean, gizarte zibila ahalduntzeko bide aproposenetako bat izan.

Nolanahi ere, populismoaren atzera-egitea ez da guztiz ziurra. Fondation pour la Recherche Strategiquek argitaratuko txosten bikainean ohartarazten denez, krisiaren kudeaketaren ondorioz gizarte-desberdintasunak, ezegonkortasuna eta hiperinflazioa ugaltzen badira, gizarte-desordenarako haziak ernaltzeko baldintzak sortuta leudeke eta populismoaren “bigarren olatu” baten agerpena gerta liteke.

COVID-19ak sortarazitako hainbat produkzio-kate globaletako hornikuntzen etenaldiek eta osasun-produktu funtsezko batzuk eskuratzeko Europan aurkitutako zailtasunek globalizazioa urrutiegiraino joan denaren konbentzimendua berretsi besterik ez dute egin.

8. Nazioartekotzearen eta balio-kate globalen birmoldaketa.

Duela hainbat urte Rodrik bezalako ekonomialari ospetsuek ohartarazten ari ziren globalizazioa urrutiegiraino eramana zegoela, haren aurrerapena oso desorekatua zela eta globalizazioaren galtzaileei konpentsatzeko inongo neurririk ez zela hartu. Izatez, 2008tik aurrera zenbait adierazletan (adibidez, esportazioak eta atzerriko zuzeneko inbertsioa BPGaren ehunekotan adierazita) atzerapauso garbiak ageri ziren. Beherakada horren sortzaile, finantza-krisiaz gainera, honako faktoreak ere aipatzen ziren: protekzionismoa eta merkataritza-gerlak piztea (Trump dela-eta), automatizazioen biziagotzea (zenbait produkzio herri aurreratuetara atzera eramatea ahalbidetu zuena), ingurumenari buruzko kezka… COVID-19ak sortarazitako hainbat produkzio-kate globaletako hornikuntzen etenaldiek eta osasun-produktu funtsezko batzuk eskuratzeko Europan aurkitutako zailtasunek globalizazioa urrutiegiraino joan denaren konbentzimendua berretsi besterik ez dute egin.

Argazkia: Guillaume Bolduc, Unsplash.

Hala ere, globalizaziori mugak ipini behar zaizkiola uste duten Rodrik bezalako ekonomialariak ere, ez dute uste globalizazioari uko erabatekoa egin behar zaionik edota globalizazioan atzera-egite handia egongo denik. Seguruenik, dagoeneko somatzen ari garen fenomeno edo joera batzuk areagotuko dira, baina globalizazioa ez da errotik aldatuko (ikus Rodrik, hemen). Zentzuzkoa dirudi oinarrizko hornigai funtsezko batzuei lotutako produkzioaren kokapena birplanteatzeak (elikadura eta osasun gaiak, bereziki) eta beste horrenbeste egiazki estrategiko edo giltzarri diren zenbait produkturena. Baina enpresek eta gizabanakoek erosten dituzten ondasun eta zerbitzu arruntetan, haiek erabaki beharko lukete, eta ez Estatuak, askotan lobby protekzionisten interesen txotxongiloa izaten dena (ikus Tirole hemen). Lehen aipatutako inportazioen menpekotasunetik eratorritako arriskuen aurrean enpresek aukera estrategikoak egin beharko dituzte: haien produkzioa zenbateraino internalizatu (hau da, enpresak berak egin) eta zenbateraino kanporatu (hau da, beste enpresei erosi); zenbateraino produzitu just in time edo zenbateraino biltegiak eratu enpresan bertan; zenbateraino kontzentratu erosketa hornitzaile gutxi batzuetan edo zenbateraino dibertsifikatu hornikuntzak…

Baliteke eguneroko bizimodurako funtsezkoak diren hainbat jarduera […], berrikuntzan oinarritutako estrategia horiek orain arte bazter utzi izan dituztenak, etorkizunean presentzia handiagoa izatea herriaren garapen estrategietan.

Aurrekoak zerikusia du, baita ere, herriaren espezializazio adimentsuko garapen estrategiak funtsezko edo estrategikotzat jo izan dituen sektoreekin. Horri dagokionez, litekeena da, Galesen bezala, hemendik aurrerako espezializazio adimentsuko estrategia horiek foundational economyrekin loturiko sektoreei kontu handiagoa egitea (ikus foundational economyari lotutako Galesen plana, hemen). Hots, COVID-19ko krisialdian egondako arazoak direla-eta, baliteke eguneroko bizimodurako funtsezkoak diren hainbat jarduera (hala nola elikagaiak, txikizkako merkataritza, gizarte-zaintzak, eta abar), oro har maila teknologiko eta jakintza-intentsitate apalekoak izanik, berrikuntzan oinarritutako estrategia horiek orain arte bazter utzi izan dituztenak, etorkizunean presentzia handiagoa izatea herriaren garapen estrategietan.

9. Nazioarteko lidergoa: Estatu Batuak versus Txina. Aztertzaile gehienen ustez, oraingo krisialditik ateratzeko egiten ari diren ahaleginetan ez da inon sumatzen Ameriketako Estatu Batuen lidergorik. Badago, aldiz, nolabaiteko eztabaida, ea COVID-19ko krisiaren ondoren Txinaren lidergoa nagusituko den edo ez. Batzuen ustez, Txina COVID-19ko krisia gainditzeko ahalmen handia erakutsi eta beste herriei konfinamenduaren eredua erakusteko gai izan da; beste hainbat herrialderi osasun laguntza eta oinarrizko materiala eskaintzen edo hornitzen nabarmendu da; eta first mover izatetik datozen abantailaz baliatzeko estrategia argi bat dauka. Badaude, ordea, Txinarekiko kritikoagoak diren adituak, krisia piztu zenean hari aurre egiteko erakutsitako moteltasuna, salatariak eta ahots kritikoak isilarazteko hartutako neurriak, darabilen lotsagabeko propaganda diplomatikoa (gezurrezko datuez baliatzeko eragozpenik ez duena), herri askotara bidalitako baliorik gabeko test eta maskarak… gogoan dituztela. Eta, gorago esan denez, Europar Batasunaren portaera ez da beste bi horiena baino askoz hobea izan. Hori horrela, Ortega zuzen bide dabil idazten duenean: “Inork ez du lideratzen, inor ez dagoelako lideratzeko moduan”.

Nazioarteko lidergoa. Irudia: Mikel Ibarluzea.

10. Produkzio, kontsumo eta erosketen ereduen aldaketa. Produkzio alorrean egondako aldaketarik agerikoena, eta seguruenik etorkizunean hein handi samar batean mantenduko dena, telelanak eta bilera birtualek izandako garapena da, bereziki zerbitzu sektorean eta jakintza-intentsiboak diren jardueretan. Hezkuntza munduan aurretik pentsa ezinezko proportzio batean jo izan da online ikasketara, eta horretan ikasitakoak biziki eragingo du etorkizuneko heziketan. Konfinamenduak eta balio kate globalen etenaldiek produkzioan sortutako arazoak berriro ez izateko, baliteke industria sektorean automatizazioa (“makinak ez dira gaixotzen”) eta 3D inpresioa (bertan zenbait pieza edo osagai ekoizteko) areagotzea. Bio-zientzia-osasun alorrean ere bultzada bat egongo da segur aski; bertan EAEk eta Nafarroak iraganean apustu bat egin zuten, COVID-19ko krisia iritsi arte horien emaitza ekonomikoak hain nabariak izan ez badira ere, EAEn batez ere. Kontsumo eta salerosketa ereduetan portaera aldaketa handiak egon dira, bereziki merkataritzaren bi muturreko arloetan: bai Internet bidezko eta dendari txikien bidezko merkataritzan. Azkenik, krisian ordainketak txartelaren bidez egiteko eta diru fisikoa ekiditeko garatutako ohiturek iraungo dute seguruenik krisia igarota ere.

Ezin uka daiteke krisi honetan inoiz ez bezalako esperimentazio eta aldaketak egon direla eta, ezbairik gabe, horietako asko etorkizuneko normaltasunaren parte izango direla.

Laburbilduz, nahiz eta aipatuz joan garen fenomenoak COVID-19 baino lehenagotik etorri, ezin uka daiteke krisi honetan inoiz ez bezalako esperimentazio eta aldaketak egon direla eta, ezbairik gabe, horietako asko etorkizuneko normaltasunaren parte izango direla. Hasieran esan bezala, prozesu hauen azken emaitza ez dago aurretik determinaturik, baizik eta guk egindako aukera eta hartutako erabakien araberakoa izango da. Ongizate ekonomiko eta sozialean, berdintasunean, jasangarritasunean eta demokrazian hain emaitza ezberdinak posible izanik, agertutako hamar arlo horietan dagoen eztabaidatik kanpo ezin gaitezke geratu, ez axolarena eginez. Pentsalari eta ekintzaile entzutetsu batek behinola idatzi zuenez, kontua ez da mundua eta bere joerak ulertzea, haiek eraldatzea baizik.