TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

makenna-entrikin-DXubuwWtgbc-unsplash

Covid-19aren krisia eta ekonomia globala: erronken azelerazioa (1/3)

Covid-19aren krisia eta ekonomia globala: erronken azelerazioa (1/3)

andoni_eizagirre

ANDONI EIZAGIRRE

Mondragon Unibertsitateko irakaslea.

“Herrigintzaren berrikuntzan” aditu-tituluaren koordinatzailea.

Download PDF

ANDONI EIZAGIRRE

Mondragon Unibertsitateko irakaslea. “Herrigintzaren berrikuntzan” aditu-tituluaren koordinatzailea

Download PDF

Jakina, egitura sozialean eta ekonomikoan Covid-19aren krisiak eragina izango du, ez egin zalantzarik. Baina ziklo historikoa da euskalherrigintzaren agenda markatuko duena.

Alde horretatik, eraldaketa teknologiko eta komertzialek izango dute pisu erabakigarria herri-egitasmoetan. Covid-19aren krisiak, gainera, eskala globaleko patroi ekonomiko eta sozial berriak azeleratu baizik ez ditu egingo.

1. Atarikoak: Covid-19aren krisia

Covid-19aren krisiak gure bizitzako eremu guztietan utziko ditu ondorioak. Batzuk epe motzean azaleratzen ari zaizkigu, beste batzuk epe ertainagoan nabarmenduko dira, eta krisiaren efektuak agerikoak zein ezkutukoak izango dira. Horixe erakusten digute 2001eko irailaren 11ko atentatuek eta 2008ko finantza-krisiak, hain zuzen ere. Covid-19aren krisiak arrastoa utziko du arlo sozialean eta ekonomikoan ez ezik, baita ere arlo zibilean eta politikoan.

SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako COVID-19 gaixotasunaren pandemiak arrisku sistemikoa azaleratu du. Alde horretatik, krisiak maila lokalean, eskualdekoan eta globalean astindu ditu gobernantza-ereduak eta balio-sistemak, eta agerian utzi ahultasunak eta sendotasunak. Esperientzien konparaketak merkatuen eta gobernuen akats instituzionalak ezagutzeko eta ikaskuntzarako aukera paregabeak eskainiko dizkigu, zalantzarik gabe. Besteak beste, sektore publikoaren tamainak eta, bereziki, baliabideak mobilizatu eta koordinatzeko gaitasunak eta kalitateak garrantzia dutela egiaztatu dugu. Ziurrenik, SARS, MERS, H1N1 eta Ebola agerraldiekin ez bezala, aurrerantzean arrisku probableei arreta ipiniko diegu eta auzi epidemiologikoek eta osasuneko eta ingurumeneko aldagaiek pisu gehixeago izango dute auzi publikoak definitu, politikak diseinatu eta estrategiak planifikatzeko orduan. Efizientzia, inbertsioa edota aukeren kostua ulertu eta baloratzeko moduan ere eragingo du. Gainontzean, iritzi sozialetan eta politikoetan, une garrantzitsu orotan bezalaxe, egiaztapen-sesgoa dela eta, gutako bakoitzak Covid-19aren krisian munduari buruzko gure bisioaren baieztapena ikusiko dugu.

Bien bitartean, herri-erakundeek 2020 urteko lehen eta bigarren hiruhilekoetan ekonomiaren uzkurtze ikaragarriak iragarri dituzte; serie historikoetan handienak. Euroguneko bi ekonomia handienak aipa ditzagun, zuzenean eta zeharka gure enpresa industrialen merkataritza-bazkide nagusienak diren heinean: Frantziak lehen hiruhilekoan % 6 atzera egin du, eta Alemaniak lehen hiruhilekoan % 1,9, bigarren hiruhilekoan % 9,8 eta urte osoan zehar % 4,2 atzera egitea aurreikusi da. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena da 2020 urtean BPGa % 3,6 jaistea (aurreko prebisioa hedapen-fasean % 1,9 igotzea izaki, aldea % -5,5 da, beraz), eta langabezia-tasa % 11,4ra igotzea (% 9,2 zen krisiaren aurretik).

SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako COVID-19 gaixotasunaren pandemiak arrisku sistemikoa azaleratu du. Alde horretatik, krisiak maila lokalean, eskualdekoan eta globalean astindu ditu gobernantza-ereduak eta balio-sistemak, eta agerian utzi ahultasunak eta sendotasunak.

makenna-entrikin-DXubuwWtgbc-unsplash
Argazkia: Makenna Entrikin, Unsplash

Zentzu horretan, Covid-19aren krisiak inbertsio publikoaren eta pribatuaren geldialdia, enpleguaren suntsiketa eta langabezia-tasen igoera, kontsumo-gastuen jaitsiera eta aktibitate ekonomikoen galera utziko dizkigute. Hori dela eta, kontingentzia-planak diseinatu eta garatu dira: birusaren aurrerapenak, osasun-larrialdiari erantzuteaz gainera, ekonomiaren euste-neurriak eskatu ditu (soldatak eta gizarte-kotizazioak, familia zaurgarrien errentak, eta mailegu eta kredituen epe-mugak ordaintzea, hurrenez hurren). Horrek, noski, gastu publikoaren igoera, zorpetzearen handitzea, zerga-bilketaren beherakada eta defizitaren gehitzea eragingo ditu. Lehen neurri horien xedea da epe-motzean likidezia mantentzea; bankuek, gainera, kredituak emateko gaitasuna badute. Honenbestez, familia eta enpresen inbertsioei eta kontsumoari loturiko aurreikuspenak, gaur gaurkoz bederen, baikorrak dira. Halere, herri-erakundeen artean finantza publikoak egoera oso ezberdinean aurkituko dira hurrengo fasean; atzeraldiari loturiko politikek eta produkzioa eta kontsumoa biziagotzeko suspergarriek beste behin ekonomia, aurrekontu eta zerga alorretako neurri-sortak eskatuko dituzte. Europaren esku-hartzea, gainera, bermeen eta kredituen bidez gauzatzen ari den heinean (erreskate-funtsa osasun arlorako prestamoekin 240.000 milioi eurokoa, 200.000 milioi euro kreditutan enpresek egiturazko gastuak estaltzeko, langabeziaren kontrako denbora baterako funtsa 100.000 milioi eurokoa enpleguari laguntzeko), epe motzean herrialdeen artean disparekotasunak handituko dira, eta arrisku-primen mamua itzuliko den izuak merkatuan konfiantza-gabezia indartu dezake. Guztiarekin ere, Covid-19aren krisia egoera zaurgarrian daudenekin grinatuko da; esate baterako, enpleguaren galera ohi denez behin-behineko kontratuak dituzten pertsonetan igarriko da, eta itxierak, berriz, enpresa zorpetuetan eta likidezia ahulak dituzten haiengan. Dudarik gabe, krisia -eta honen efektu proziklikoa- herrialdez-herrialde oso ezberdina izango da: lan-merkatuaren konfigurazio instituzionala, finantza publikoen egoera, edota enpleguak eta langabezia-tasak ziklo ekonomikoei dien mendetasun-maila, besteak beste, faktore erabakigarriak izango dira.

Europako herrialde eta eskualdeen artean, bada, Covid-19aren krisiak paisaia sozial eta ekonomiko aski ezberdinak utziko ditu. Hortaz, herrialde-bazkideek sormen, eskuzabaltasun eta koordinazio handia erakutsi beharko dute. Nola ez, eurogunean aurreiritziek eta interesen arteko talkek pisu handia dute, baina sarritan erabakiak arau kognitibo sinpleetan oinarritzen dira. Kasu honetan, merezimenduaren heuristikak aukera ematen digu zera iragartzeko: jatorria birusa izateak, neurrien premia osasun-, ekonomia- eta gizarte-larrialdi batek eragin izanak, krisia aldez eta moldez bazkide guztiek pairatzeak, eta herrialde zaurgarrienak gainezka egoteak, herrialdeen betekizun-exijentziak malgutzea eta neurri ausart eta berritzaileak hartzea ekarriko ditu. Europar herrialdeen arteko interdependentzia ekonomikoak eta etorkizuneko desafioek bidea erraztuko dute. Merezimenduaren heuristika betetzera, hurrengo aste eta hilabeteetan erabakiak modu progresiboan hartuko dira, eta pixkanaka organismo supranazionalen indartzeari, Altxor Publikoa sortzeari eta zerga-politikaren auziei loturiko gaiek eztabaidetan garrantzia hartuko dute. Eurogunearentzat inflexio-puntua izango da, edozelan ere.

Covid-19aren krisia egoera zaurgarrian daudenekin grinatuko da; esate baterako, enpleguaren galera ohi denez behin-behineko kontratuak dituzten pertsonetan igarriko da, eta itxierak, berriz, enpresa zorpetuetan eta likidezia ahulak dituzten haiengan.

Retirement Home, St.Johann, Italy
Bi emakume Italiako nagusien egoitza baten. Argazkia: Eberhard Grossgasteiger, Unsplash.

Herri-erakundeak, banku zentralak eta ikerketa-institutuak konfinamendu-politikak etorkizun hurbilean nola eragingo duen aurreikusi nahian ere ari dira. Garrantzitsua da ezagutzea zein diren geldiera handieneko okupazioak, lanpostuen galerak, familietako egoera, edota aktibitate ekonomiko ezberdinen bilakaera, ezen agertokiek neurri politikoak aurreratzea eta bideratzea ekarri ohi dute. Alde horretatik, aktibitate ekonomikoak modu sekuentzial eta mailakatuan itzuliko dira, eta epe motzean industriak bere jarduera, inbertsio eta produkzioari ekingo dien arren, urte bete inguru gutxienez beharko da komertzioak, turismoak, ostalaritzak eta garraio eta bidaiek lehengo martxa ostera ere hartzeko. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena da 2021 urtearekin ekonomia %2,6 haztea eta langabezia %9,6ra jaistea. Haatik, gaur gaurkoz agertoki guztiak birusa ezabatzeko estrategia epidemiologikoan oinarritzen dira (supression strategy), eta, Covid-19aren krisia gogorra eta motza izango den konbikzioarekin, ekonomiak epe laburrean bizkortze motelari (bataz beste % 0,7 eta % 1,2 artean) berrekingo dion uste osoarekin ari gara. Udazkenak agertoki epidemiologiko eta sozio-ekonomiko hori modu argiagoan eztabaidatzeko parada emango digu. Gutxi behar da agertokiak oso bestelakoak izan daitezen.

Covid-19aren krisia gogorra eta motza izango den konbikzioarekin, ekonomiak epe laburrean bizkortze motelari (bataz beste % 0,7 eta % 1,2 artean) berrekingo dion uste osoarekin ari gara. Udazkenak agertoki epidemiologiko eta sozio-ekonomiko hori modu argiagoan eztabaidatzeko parada emango digu. Gutxi behar da agertokiak oso bestelakoak izan daitezen.

Codiv-19aren krisiak ezbairik gabe ondorio nabariak utziko ditu, beraz. Bien bitartean, dokumentu honetan planteatuko dut hilabete gutxiren buruan ostera ere ziklo historikoak ezartzen digun agendara itzuliko garela. Ideia hori da nire dokumentuaren abiapuntua. Dokumentu laburra eta irakurterraza egite aldera, bi auzitan soilik zentratuko naiz. Bigarren atalean, ekonomia globalean herrialdeen arteko pisua epe motzean ikaragarri aldatu dela azalduko dut. Covid-19aren krisiak herrialdeen arteko hazkunde asimetrikoak eta disparekotasunak indartuko ditu. Gero, hirugarren atalean, dinamika espazialetan zentratuko naiz, eta globalizazioaren dinamika berria eta europar eskualdeen arteko ezberdintasun horizontalak azpimarratuko ditut, hurrenez hurren. Mundua bestelakotzen ari da eta transformazio globalak euskal eskalaren elementu konstitutiboak dira.