TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

COVID19az, distopiaren falaziaz, (tele)hezkuntzaz eta zaintzaren pedagogiaz.

COVID19az, distopiaren falaziaz, (tele)hezkuntzaz eta zaintzaren pedagogiaz.

Nora_Salbotx

NORA SALBOTX ALEGRIA

Haur Hezkuntzako maixtra Amaiurko herri eskolan.

Download PDF

NORA SALBOTX ALEGRIA

Haur Hezkuntzako maixtra Amaiurko herri eskolan.

Download PDF

Hezkuntza lekua da non erabakitzen dugun munduaren erantzukizuna gure gain hartzeko adina maite dugun eta, arrazoi beragatik, hondamendi horretatik salbatzeko, berritze horregatik ez bada, berriaren eta gaztearen etorreragatik ez bada, saihestezina litzatekeena.

Hannah Arendt

Deskonfinamenduaren bigarren fasearen akaberan idazten nabilen honetan, gaur gero, irakurle hori, esparru guztietatik ailegatutako ekarpenak leituta izanen dituzu koronabirusaren osasun krisiak ekarriko dituen ondorioen inguruan. Dagoeneko distopia hitza mila bider agertu izanen zaizu idazlan horietan, kaleko eta lagun arteko solasaldietan eta gisa guztietako streaming bidezko hitzaldi eta enparauetan. Bizi dugun esperimentu sozial honetan, normaltasun berriaz ari zaigu etengabean diskurtso ofiziala, distopia eta normalkeriaz gaindiko statuo quo berria iragartzen digute, norma, otzan onartu dezagun, atzokoa bezalaxe, etorkizunerako programatu digutena baita.

Alta, hezkuntza publiko-komunitario, euskaldun, demokratiko, kohesionatzaile eta feminista baten peskizan gabiltzanontzako, nekez erran liteke distopia, antiutopia hura nahi bada, 2020ko martxoaren 14 batez hasi zenik. Jendarte neoliberal, heteropatriarkal eta kolonial honetan, distopia ez baita ekoizpen garestiko audiobisual bat, ez da beraz tipografia futuristako errotulu ilunaz hasi eta 90 minuturen bueltan, krispeten gatza eta lehertu ez diren arto ale bakan batzuk baino gelditzen ez zaizkigunean, “the end” batez akabera duen istorio aztoragarria. Erretorika hegemonikoak saldu digun ideia baino ezin da izan, dena delako garaitan bizitzea egokitu zaigularik ere, distopia etorkizun urruneko puntu helezin batean kokatzen duen diskurtso hori. Eta bitartean gu bagoaz, ustez aitzinerat, pelikulan gertatzen diren horietaz salbu bizi garenaren fantasian murgilduta. Soilik “begirada zuriaren” (L. Leung, 2005) antiojoetatik begiratuta irentsi genitzake gisakorik, izan ere “distopiek orainaldia deskribatzen dute etorkizuna balitz bezala(J. Goikoetxea, 2020).

Argazkia: Filip Filkovic, Unsplash.

Gure hezkuntza sistema, guretik -beraz komunitatearen interesen zerbitzura egotetik- aski gutxi daukanak dena erraten hasita, XXI. mendeko EHn ez da subiranoa, patriarkatua hezur-muinean darama, neoliberalismoa eta arian-arian korporazio erraldoiak zein profil jakin bateko think tank eta lobbyak elikatzeko tresna bilakatzen ari da, hizkuntza eta kultur transmisioa inolaz ere ez ditu bermatzen eta, momentura artean behinik behin, gaitasun ekosoziala landuz larrialdi klimatikoari erantzukizunez ekiteko pausurik ez du eman era arautu eta orokortuan (Plaza Hutsa Hezkuntza, 2020).

Goazen bada hezkuntzara eta goazen zintzoki begiratzera ea antiutopiarik ba ote zen birus malapartatua gurera ailegatu aitzinean ere. Hezkuntza askoz lehenagotik ere normalkerian murgilduta zegoela defendatzeko elementu franko baititugu (eta bagenituen) mahai gainean. Koronabirusak azeleragailua zapaldu du, bistan da, hezkuntza komunitatea modu orokortu xamarrean zenbait disfuntzioz ohartzeko agertokia prestatu du akaso. Beraz intentsitate kontu bat dela erran genezake, ez aldiz dagoeneko ez zegoen zerbaiten sorrera. Gure hezkuntza sistema, guretik -beraz komunitatearen interesen zerbitzura egotetik- aski gutxi daukanak dena erraten hasita, XXI. mendeko EHn ez da subiranoa, patriarkatua hezur-muinean darama, neoliberalismoa eta arian-arian korporazio erraldoiak zein profil jakin bateko think tank eta lobbyak elikatzeko tresna bilakatzen ari da, hizkuntza eta kultur transmisioa inolaz ere ez ditu bermatzen eta, momentura artean behinik behin, gaitasun ekosoziala landuz larrialdi klimatikoari erantzukizunez ekiteko pausurik ez du eman era arautu eta orokortuan (Plaza Hutsa Hezkuntza, 2020).

Aldiz, hau guztia gutxi balitz, eskas geratuko ginateke pairatzen dugun hezkuntza egitate horri egindako kritika hor hasi eta akituko bagenu. Izan ere, gaineko horiek denak hezkuntza komunaren izebergaren muturrean gertatzen direnak baino ez baitira, ikusgarri zaigun hiruki didaktiko horren bueltan hauteman daitezkeenak, beraz ikas/irakas-objektu irakasle ikasle elkarrekintzen baitan, ad hoc prestatutako espazio-denboren mugetan ageri zaizkigunak.

Beraz, curriculumari eta batik bat kontzeptuzko edukiei zuzenki atxikitakoez gain, badagokigu, are argiago hondar hilabete hauetako ondorio gisara, hezkuntza-bizitza sostengatzen duten, «ezagutza komuna» (S. Federici, 2019) posible egiten duten, pertsona eta kolektibo oro kontuan hartuko duen birnorabideratze bat planteatzea.

Hezkuntza formala, deitutako – konbokatutako edo atondutako- jarduera da, toki eta helburu aldi berean, non, hala beharrez, komunitatea osatzen dugun subjektu oro erlazionatuko garen (gaur gaurkoz ez beti modu simetrikoan bistan denez). Beraz, curriculumari eta batik bat kontzeptuzko edukiei zuzenki atxikitakoez gain, badagokigu, are argiago hondar hilabete hauetako ondorio gisara, hezkuntza-bizitza sostengatzen duten, ezagutza komuna (S. Federici, 2019) posible egiten duten, pertsona eta kolektibo oro kontuan hartuko duen birnorabideratze bat planteatzea. Afera hau termino politikoetan problematizatzeko tenorea da, izan ere, eskola, hezkuntza, batik bat arautuari dagokionean, inondik ere ez da edukiontzi hutsa, inondik ere ez da neutrala. Zer diote bada gure ikastetxeetako espazioek? Eta curriculumak? Komunitateko kide ezberdinekiko gure jarrerek? Zer lan, eduki eta kolektibo subalternizatu ditu hezkuntza instituzioak? Ezbairik gabe galdera hauen erantzunen bilaketan aurkituko genuke COVID19aren garaiak azalarazi dituen korapiloen muina. Hezkuntza herri-komunal gisara jorratu nahi dugunon erronka kolektiboa litzateke ondorengoei erantzunak bilatzeko ariketa. Jarraian norabide horretan kontuan hartu beharreko zenbait ildo proposatuko ditut, osasun krisi honen aitzinetik, plano diskurtsiboan, hezkuntza komunitatean onarpen zabal xamarra zuten hainbat ideiaren zehaztapen praktikorako aukera berriak zabaldu direla zintzoki sinetsita. Proposamen hibridagarria izan nahiko luke honoko hau, nola bertzenaz! Goazen bada eztabaida horretan kontuan hartu beharreko zenbait aldagai apuntatzera:

Pantailatik pantailara hezkuntzaren izenean egiten dugun horren kontzientzia hartzea litzateke lehenbiziko pausua; kasu askotan telegrafoaren edo «efektuen komunikaziora» (M. Kaplún, 1998) eraman baikaitu kanal aldaketak, alderdi metodologikoa baztertuz.

Argazkia: Sharon McCutcheon, Unsplash.

1. Komunikazio demokratikoa, horizontala eta interaktiboa, inguratzen gaituzten pertsona eta kolektiboekiko daukagun posizio politikoarekin zerikusia dauka, entzuteko gure nahiarekin, eta, ondorioz, preteknologikoa den jarrera da. Elkar ulertu nahi izatea, elkar aditzea eta norabide anitzeko komunikazio prozesuak gure hezkuntza komunitatean inplementatzeak ez dauka zerikusirik daukagun baliabide eta dispositibo teknologiko kopuruarekin. Baliabide hauek noski, oraintxe bizitakoa bezalako egoeratan lagungarriak izan daitezke, baina inolaz ere erabakiorrak. Komunitateko bertze kideak aditu nahi izatearen eta haien hitzarekiko aitortzan legoke gakoa. Ondorioz, pantailatik pantailara hezkuntzaren izenean egiten dugun horren kontzientzia hartzea litzateke lehenbiziko pausua; kasu askotan telegrafoaren edo “efektuen komunikaziora” (M. Kaplún, 1998) eraman baikaitu kanal aldaketak, alderdi metodologikoa baztertuz.

Arrakala digitalaz aunitz solastatu da egunotan, gehienetan generoarekin zein faktore ekonomiko, geografiko edota kulturalekin zerikusia daukana, edota, nahi bada, hauen intersekzioen ondorioz gertatzen diren bazterkeria eta zapalkuntza anitzekin. “Erretorika zinez neoliberal bortitz” batek baino ( Alonso, A., eta Arzoz, I., 2005) ez lituzke prekarizatutako edo subalternizatutako kolektibo eta pertsona horiek “analfabeto digitaltzat” joko, eta aldiz, aski zabaldutako ideia da, akritikoki erabilitako terminoa.

Eskolaren egunerokoa problematizatzea badagokigu, kontzientzia hartzea, ibiltzen ditugun pasilloen garbiketa eta mantenua, jangelan bazkaltzen dugun horren prestaketa, jatorria eta ekoizpena, eskolako atariraino ailega gaitezen gertatu behar izan diren zaintza lan eta ardura horiek denak ikustarazi beharko ditugu, haiek gabe ez baita, bertzeak bertze, matematikako klasea posible egiterik, ez eta, ondorioz, biderketak nola ebazten diren ikasterik ere.

Akitzeko, eskola, ezagutza komuna izan beharko lukeen modu berean, honek oinarrian darabilzkien tresnak ere horrelakoxeak izan beharko lukete, komunal digital aske eta publikoa beraz premiazkoa litzateke baldin eta medioa, eta hau operatibo egiteko hezkuntzan hain zabaldua legokeen software jabeduna, mezu bilakatuta ikusi nahi ez badugu.

2.- Eskola-bizitza sustengatzen duten funtsezko lanak eta zaintzaren bistaratzea, eskola itzuleraren premiazko lehen eginkizun gisara. Hezkuntza izebergaren muturrean legoken hiruki didaktikoa (arestian aipatua) zerk sustengatzen duen kontuan hartuko duen eta ongi azalduko duten jarduerak ezartzea justizia sozialean eta feminismoan aitzinerat egitea da. Beraz eskolaren egunerokoa problematizatzea badagokigu, kontzientzia hartzea, ibiltzen ditugun pasilloen garbiketa eta mantenua, jangelan bazkaltzen dugun horren prestaketa, jatorria eta ekoizpena, eskolako atariraino ailega gaitezen gertatu behar izan diren zaintza lan eta ardura horiek denak ikustarazi beharko ditugu, haiek gabe ez baita, bertzeak bertze, matematikako klasea posible egiterik, ez eta, ondorioz, biderketak nola ebazten diren ikasterik ere.

Argazkia: Bernard Hermant, Unsplash.

Beraz, zaintza balioan jarri eta politizatu, zaintzaz arduratzen diren komunitateko kolektibo horiek ahaldundu eta prestigioa eman eta, horrekin batera, zaintzarako gaitasunak landu (norberarentzako zein ingurukoak zaintzeko) zaintzaren pedagogia eta zaintza lanen hausnarketa politiko kritikoa eginez. Zaintzatik ere irakatsi dezakegula garbi edukita, beti ere, zaintzan bertan jakin, izaten jakin eta elkarbizitzen jakin gaitasunak bilatuz, hala nola, zaintzatik irakurriz hezkuntza zein, gurean bereziki, hizkuntza eskubideak ere. Eskola (zein balizko krisi eta konfinamendu berriak) prestatu, hezkuntza lege, sail eta curriculumen presio produktibista, positibista eta patriarkalaz gaindi, zaintzaren potentzial hezitzaileari arretaz begiratzeko eta, adibidez, pedagogia munduko aurrekari emankor gisara, Emmi Piklerren ekarpena gogoan izanda.

Argazkia: Sharon McCutcheon, Unsplash.

3.- Eskola edukiak, oinarri entziklopediko nabarmenekoak, birpentsatu beharko ditugu konplexutasuna bilatuz. Ezagutzak -akaso lehen herri-ondasuna- gaurko hezkuntza sisteman daukan jitea birpentsatzeko arrazoi berriak eman dizkigu krisi honek. Sistemaren posizio ideologikoa, hezkuntza arautuan ikasleek ikas dezaten bilatzen den horretan hautematea badagoela uste dugu, eta ondorioz, gure kasuan, eduki horiek gutxienik susmopean paratzeko arrazoiak ez genituzke faltan. Lehenagotik ere, ezagutza deitzen dugun magma amaigabe eta konplexu harengandik testuliburu eta programazioetaraino ematen den transposizio didaktikoa kanporatua edo azpikontratatua dugula erran genezake; irakasleentzako gida-liburuak, aldez prestatutako programazioak, ebaluazio estandarrak, gisa guztietako froga diagnostikoak, eta abarrek baldintzatu dutelarik, aski logika entziklopedikoan, beraz ezagutza zatikatuz, zer irakatsi eta zer aldiz ikusezin egin. Ezagutzaren oinarriak desmuntatzeaz baino, berau eskolaratzeko modua konplexutasun berriz janztea proposatzen ari gara hemen, diziplina anitzeko den eskola ordutegi hura, transdiziplinaritatetik pasatuz metadiziplinar bilakatzera ailegatzeaz hain zuzen ere (A. Zabala, 1999). Hala beharrez taldetasunetik egin beharreko ariketa horretan, batetik orain artean entziklopediatik eta curriculumetatik kanpo gelditutako edukietako aunitz barnebildu beharko ditu planteamendu berriak. Bertzetik, zientzia ezberdinak uztartu eta ezagutzaren aurkezpen poliedriko, holistiko, aberats, konplexu, integral eta kritikoak bilatzea dagokigu, ezagutza komun berria bilatu, justizia sozialean, patriarkatuaren eraisketan eta demokrazian zangoak pausatuko dituena.