TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Elkarrekin euskaratik berreraiki

Elkarrekin euskaratik berreraiki

paul_bilbao

PAUL BILBAO SARRIA

Kontseiluko Idazkari Nagusia.

Download PDF

PAUL BILBAO SARRIA

Kontseiluko Idazkari Nagusia.

Download PDF

Lehenik eta behin, eskerrak helarazi nahi dizkiet Telesforo Monzon Laborategiko lagunei. Eskerrak, bai, noski, ekarpena egiteko luzatu didaten gonbidapenarengatik, baina are gehiago, egun bizi dugun testuinguruak utzi dituen ondorioetako gakoetan hizkuntza gutxituaren gaia ere kokatzeagatik.

Izan ere, askotan, gehiegitan akaso, gizarteak egiturazko arazoak bizi dituenean eta etorkizuneko lehentasunak ezarri behar direnean, hizkuntzaren gaia elementu folkloriko eta apaingarrien kaxan uzteko joera dago.

Bigarrenik, horrelako hausnarketa bati mugak non jarri arazoak sortu dizkidala aitortu behar dut. Finean, gai konplexua izanik, ekarpena amaitutakoan, ohartu naiz hari-mutur bakoitzarekin mataza bat askatu dudala eta nahi baino oihal handiagoko emaitza izan dela. Espero, halere, intereseko elementurik egotea.

Atariko elementuak

Lehen kontsiderazio gisa, interesgarria litzateke ikusmira zertxobait igo eta, nazioartean azken hamarkadotan hizkuntza gutxituen garapena zein elementuk baldintzatu edo ardaztu duten ikustea. Eta, noski, egun bizi dugu testuinguruak elementu horietan zer nolako eragina izango duen aztertzea:

Hiru M nagusirekin lotzen da globalizazioa, MTV (denok gauza bera ikusten dugu, informazio bera jasotzen dugu), Microsoft (denok bide bera baliatzen dugu komunikatzeko, mundu osoa lotuta dago, bai eta kontrolpean ere), eta McDonalds (denok gauza bera jaten dugu, denok gauza bera kontsumitzen dugu).

Argazkia: Jason Leung, Unsplash.

Globalizazioa:

Esan daiteke globalizazioak baduela bere baitan, bere DNAri lotuta, hitz bat: interdependentzia globala. Izan ere globalizazioa prozesu ekonomikoa, teknologikoa, soziala eta kulturala da, baina herrialde desberdinen arteko komunikazioa gero eta handiagoa den interdependentasunean datza; eta hori dela-eta, herrialde horien merkatua, gizartea eta kultura bateratzeko joera du.

Hiru M nagusirekin lotzen da globalizazioa, MTV (denok gauza bera ikusten dugu, informazio bera jasotzen dugu), Microsoft (denok bide bera baliatzen dugu komunikatzeko, mundu osoa lotuta dago, bai eta kontrolpean ere), eta McDonalds (denok gauza bera jaten dugu, denok gauza bera kontsumitzen dugu). Definizio sinplea, baina egia ere bada, globalizazioaren muina bere gain hartzen duena. Gainera, hiru Mak erabiltzen direnean, beste bi elementu jarri nahi izaten dira mahai gainean. Batetik, hiru marka direla, eta horrek islatzen du globalizazioaren atzean enpresa zehatzen interesak daudela; bestetik, hiru hitz edo marka horiek ingelesezkoa direla, horixe baita globalizazioaren hizkuntza.

Argazkia: Joshua Rawson Harris, Unsplash.

Hainbat ondorio izan dituzte globalizazioak edo mundializazioak hizkuntza gutxituen garapenean, baina bat ekarri nahi izan dugu, hain zuzen ere, munduko hizkuntzen posizioaren berrantolaketa. Ondorioz, hizkuntza bati nazioarteko izaera unibertsala eman dio, eta beste hizkuntzak hainbat talde berritan sailkatu ditu. Interesgarria da ikustea horietan guztietan gurea bezalako hizkuntzak azken multzoan kokatzen direla, dela, David Graddolek aurkeztutako piramidean (hizkuntza handiak, erregio hizkuntzak, nazio hizkuntzak, Estatuetako hizkuntzak eta tokiko hizkuntzak), dela Johan Heilbronek zehaztutako hizkuntzen sisteman (hiperzentrala, zentrala, erdi-zentrala eta periferikoa), dela Abram de Swaanek zehaztutako taldeetan (hiperzentrala, supertzentrala, zentrala, periferikoa).

Egungo testuinguruak, neurri batean, indartu egingo ditu globalizazio-prozesuaren ondorioak eta are argiago utziko du munduko hizkuntzen posizioaren berrantolaketa. Ondorioz, periferian kokatutako hizkuntzek multzo horretan betikotzeko joera izateaz gain, segurki, hizkuntza gehienek sailkapen bat atzera egingo dute.

Hizkuntza boterea da eta horrexegatik Estatuek erabaki nahi izan dute herritarrek zein hizkuntzatan hitz egin behar duten.

Euskaraz Bizi Gizakatea 2012. Argazkia: EHE

Estatuen zentralizazio-prozesuak:

Estatuek ekitaldi formaletan edota lege-prozeduretan, administratiboetan edota judizialetan hizkuntza arautzeko agertu izan duten interesa Estatuaren beraren existentzia bezain zaharra da. Are gehiago, interes horren ondorioz lurralde batean hizkuntza-komunitate desberdinak egon izan direnean, Estatuek jarraian jarri izan dituzte indarrean arau juridikoak hizkuntzen erabilera ordenatzeko.

Hizkuntza boterea da eta horrexegatik Estatuek erabaki nahi izan dute herritarrek zein hizkuntzatan hitz egin behar duten. Hizkuntza boterea da, izan ere, hizkuntza, Estatuak lehenesten duen hizkuntza hitz egiten dutenentzako aukera ekonomikoa da eta hizkuntzaren erabileraren edo hizkuntza-aukeren ukazioa gatazka etnikoen arrazoi izaten da.

Bidasoaren bi aldeetan hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira neurri ausartak edo berritzaileak hartu izan direnean ere, Estatuek jarraian baliatu dute Damoklesen ezpata

Hizkuntza gutxituen eremuan ohikoa izan da Estatuen jarrera zentralista berezko errealitatea saihestuz eta hizkuntza hegemonikoaren hedapena ahalbidetuz. Horrela, gure kasuan ere, bi Estatuek une oro erakutsi nahi izan dute hizkuntza gutxituen berreskurapen-prozesuei lotutako azken erabakia zeinek hartzen duen, alegia, Damoklesen ezpata zeinen eskuetan dagoen.

Bidasoaren bi aldeetan hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira neurri ausartak edo berritzaileak hartu izan direnean ere, Estatuek jarraian baliatu dute Damoklesen ezpata, dela prefetaren edo gobernu ordezkarien murrizketen bidez, dela epaitegiak baliatuz, dela bortxa zuzena baliatuz eta proiektuak itxiz, etab.

Egungo testuinguruan ikusten ari garen zentralizazio-joera horrek, herritarren balizko berdintasunaren izenean, gurea eta gurea bezalako hizkuntzetako hiztunak babesgabe utzi ez ezik, ikusgabe ere bihurtzeko bokazioa duela.

Egunotan ere beldurgarria izan da zentralizaziorako erakutsitako grina. Frantziak zentralismo jakobinoari jarraipena eman dio. Bestalde, Espainiako Estatuak lehen unetik bertatik erabaki zuen autonomia-erkidegoei eskumen estrategikoak kentzea, eta une oro erabaki estrategikoak nork hartzen dituen erakusten ari da. Hor kokatu behar da, besteak beste, hezkuntzaren inguruan ere irizpide nagusiak zeinek ematen dituen erakutsi nahi izana.

Horri lotu behar zaio, noski, azken asteotan gure herri eta hirietan sorrarazi dituzten irudiak, besteak beste, armadaren bidez. Horrela, edukizko zentralizazio hori, zentralizazio bisual bilakatuz.

Errazki ondoriozta dezakegu, beraz, egungo testuinguruan ikusten ari garen zentralizazio-joera horrek, herritarren balizko berdintasunaren izenean, gurea eta gurea bezalako hizkuntzetako hiztunak babesgabe utzi ez ezik, ikusgabe ere bihurtzeko bokazioa duela.

Uste zen gutxiengoetako kideen eskubideak babestu egingo zirela giza eskubideen errespetua hedatu ahala. Ondorioz, NBEren mekanismo berriak gutxiengoen babeserako sistema baztertu zuen.

Nazioarteko erakundeen babes eskasa.

Lehen Mundu Gerraren amaieran eta Nazioen Ligaren ardurapean, gutxiengo nazionaletako kideen hizkuntza-eskubideen babesa bildu zen zenbait itunetan. Aipatu itunak Estatuek aldebikotasunez egiten zituzten, baina haien eraginkortasuna auzitan jarri izan da. Bestalde, bi mundu gerren artean zenbait Estatuk hizkuntza-gutxiengoen aldeko lege garapenak zirriborratu zituzten.

Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, nazioarteko ordena berrirako sortutako tresnek ez zuten gutxiengoen eskubideei buruzko xedapenik. Sentimendu nazionalekin lotutako araubideak ez ziren ongi ikusiak. Gainera, Nazioen Ligak garatutako ereduak Europa oinarri izateak, eta, bestalde, giza eskubideen babesa Nazio Batuen Erakundearen markoan kokatzeko ikuspegi berriak Nazioen Ligaren aurreko babes-sistema alboratzea eragin zuen. Izan ere, uste zen gutxiengoetako kideen eskubideak babestu egingo zirela giza eskubideen errespetua hedatu ahala. Ondorioz, NBEren mekanismo berriak gutxiengoen babeserako sistema baztertu zuen.

Aipatu beharrekoa ere bada UNESCOk berak geratu zuela Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala nazioarteko itun bihurtzeko prozesua.

Azken urteotan agerian geratu da zein diren erabakiak baldintzatzen dituzten erakundeak eta zeintzuk geratu izan diren bigarren mailan, Europako Batasunetik bertatik hasita. Aipatzeko modukoa ere bada, NBEak berak sortutako erakunde batzuen bidea, esaterako, Nazioarteko Diru Funtsa. Izan ere, hor daude haren jatorrizko helburuei, besteak beste, kooperazio ekonomiko globala suspertzeari muzin egin eta interes zehatzen alde kokatu izanagatik jasotako kritikak.

Akaso, gurea bezalako hizkuntzen biziraupenari dagokionez, aipatu beharrekoa ere bada UNESCOk berak geratu zuela Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala nazioarteko itun bihurtzeko prozesua, edo berriki proposatutako garapen jasangarrirako hasierako agendan hizkuntza gutxituek tokitik ez izatea.

Argazkia: Davi Mendes, Unsplash.

Hartara, esan dezakegu munduko Estatuen arteko oreka eta herritarren arteko berdintasuna bermatzea helburu duen NBEaren funtzioak ahulduz joan direla. Are gehiago, berriki ikusi ahal izan dugu AEBetako presidente Donald Trumpek Osasunaren Mundu Erakundeari diru-ekarpena gutxituko diola mehatxatu izana bere jardunarekin bat egiten ez duelako. Horrelakoek erakusten dute, bai, zaila dutela independentzia mantentzea eta modu independente eta neutralean jokatzea. Eztabaida sakonagoa da, zalantzarik gabe, baina akaso NBEaren beraren sistemaren birplanteamendua espero genezake etorkizun ez oso luze batean.

Afera da, gurea bezalako komunitateei eskaintzen dien babesa ez-nahikoa bada ere, babes hori gabe Estatuek askatasun handiagoz jardun ahal izango dutela eskubide kolektiboen urraketetan.

Nazioarteko instituzioak etorkizuneko politikak justifikatzeko zelaia presatzen ari direla esan genezake. Eta ez dezagun zalantzarik izan, etorkizuneko politika horietan hizkuntza gutxituei eta hiztunoi ez zaigula tokirik egingo.

Eta, akaso, horregatik, harriduraz eta pozik hartu genituen Europako Kontseiluak eta Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Antolakundeak bizi dugun pandemiak Europako estatu gehienetan itxialdiak eragin zituen unean bertan publiko egin zituzten gomendioak eta irakurketa. Bi erakundeok tokiko hizkuntzen erabilera herritarren gizarte ongizatearekin lotu zuten.

Egia da, bai, erakundeetatik jaso diren mezuen artean oasia irudikatu dutela. Halere, diskurtsoaren parametroak non kokatu behar diren zehazteko arras baliagarriak izan dira.

Dena dela, gauzak horrela, ondoren aipatuko dugun bezala, nazioarteko instituzioak etorkizuneko politikak justifikatzeko zelaia presatzen ari direla esan genezake. Eta ez dezagun zalantzarik izan, etorkizuneko politika horietan hizkuntza gutxituei eta hiztunoi ez zaigula tokirik egingo.

Akaso, horrela ulertu behar dugu azken egunotan hainbat aldetatik kazetari kanadar Naomi Kleinek The Shock Doctrinen egindako azterketa berriz ere mahai gaineratu izana. Berak azaldu bezala, zenbait politika ekonomikok garrantzia lortu zuten, ez popularrak zirelako, baizik eta hondamendietatik edo kontingentzietatik abiatuta psikologia sozialean eragindako inpaktuak baliatu zituztelako. Eta, beraz, egun bizi dugun katastrofea baliatuz, gizartearen ahultasuna eta izua baliatuz, testuinguru arruntean onartezinak ziratekeen erreformak abian jartzeko tentazioa hor egongo da. Esan gabe doa, aipatu erreformen izaera globalizatzaileak eta ekonomizistak albo batean utziko dutela geure bezalako hizkuntza-komunitateen biziraupena, nazioarteko erakundeen oniritziarekin.

Egoera gutxituan dauden beste hizkuntzetan bezalaxe, gurean eragin handia dute inguruko gertaerek.

Gurean, zein ondorio?

Izugarri gustatu zitzaidan EHUko irakasle Josu Amezagak Euskadi Irratian esandakoa: Pertsona ahulak nola, hala jotzen ditu birusak bortitzen hizkuntza ahulak. Finean, gure gizartean, beste batzuetan ez bezala, egoera gutxituan dagoen hizkuntza bat egonik, horren garapenaren inguruko kezka ere hor dago.

Urrats ikaragarriak egin dira euskararen normalizazio-prozesuan, baina jarraitzen dugu hizkuntza hauskorra izaten. Egoera gutxituan dauden beste hizkuntzetan bezalaxe, gurean eragin handia dute inguruko gertaerek. Adibide gisa balio dezake, azken boladan, lurralde-antolaketa eta hizkuntza jorratzean egiaztatu dugula kontrolik gabeko aldaketen eragin negatiboa hizkuntzaren garapenean. Hortaz, egun aurrean dugun eta hainbat hari-mutur duen testuinguruak biziki kolpa dezake gure biziraupena, behar bezala aurre egin ezean.

Diagnostiko labur bat egite-aldera, egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten normalizazio-prozesuaren oinarrizko aldagaiak aztertu ditugu egungo testuinguru eta erronka nagusiekin batera:

Korrika Zuberoan. Argazkia: Mikel Ibarluzea

Ezagutzaren unibertsalizazioa

Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko bi iturri nagusitan utziko du arrastoa egun bizi dugun egoerak.

Martxoaren erdialdetik, eta seguruenik, irailera arte, milaka eta milaka haurrek eta gaztek galduko dute haien euskarazko arnasgune bakarra den ikastetxean egoteko aukera.

Batetik, hezkuntzaren eremua dugu. Azken urteotan kezka nahiko hedatua izan da gure gaztetxoek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan lortzen duten euskara-gaitasunarekin. Kezka hori areagotzeko elementuak mahai gaineratu izan dira azken urtean. Eta, nola ez, hemen ere euskararen gune ahulenetan, alegia, ezagutza-tasa baxua den eremuetan agerikoago geratzen da.

Egoera horretatik abiatuz, martxoaren erdialdetik, eta seguruenik, irailera arte, milaka eta milaka haurrek eta gaztek galduko dute haien euskarazko arnasgune bakarra den ikastetxean egoteko aukera.

Egia da, bai, ikastetxeen, eta oro har, hezkuntza-komunitatearen inplikazioa ikaragarria izaten ari dela ikasleek ahalik eta alboko-kalte ondorio gutxien pairatzeko, bai eta hizkuntza-mailan ere. Bihoakie aitortza erakusten ari diren erantzukizunarengatik. Halere, aurreikusi behar dugu soziolinguistikoki ahulagoak diren eremuetan eragina handia izango dela.

Horrek esan nahi du, etorkizunari begira azkartu beharko dela ikasle euskaldun eleaniztunak erdietsiko dituen ikasteredu orokorra abian jartzea, beharrezkoak dituen inbertsio guztiak barne; eta noski, gutxien duenari gehiago emanez.

Arrazoi ekonomikoak, arrazoi funtzionalak eta izua tarteko herritarrek ez diote euskalduntze-prozesuari ekingo edo prozesuarekin jarraitzea ez dute lehentasunetan jarriko.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, hemen ere sektoreak duen onena eman dio proiektuari ikasleek ikasturtea ahalik eta egokien amaitzeko. Hartara, 2019-2020 ikasturteari dagokionez, testuinguruak ez dio horrenbeste eragingo, esan bezala, bertako kideen konpromisoari esker.

Halere, hurrengo ikasturteari begirako kezkak gainean daude. Egoera honek arrazoi desberdinengatik arrastoak utziko ditu sektorean, eta beraz, bai eta normalizazio-prozesuan ere. Arrazoi ekonomikoak, arrazoi funtzionalak eta izua tarteko herritarrek ez diote euskalduntze-prozesuari ekingo edo prozesuarekin jarraitzea ez dute lehentasunetan jarriko.

Euskararen Astea.

Horrek eskatzen du, batetik, doakotasun unibertsal erreala bermatzea; eta bestetik, motibazioetan eragiteko estrategia bat prestatzea. Eratu beharreko diskurtso berrian kokatu beharko dira, beraz, euskara ikasteko motibazio pragmatikoak, instrumentalak, norberaren garapenari begirakoak… Halere, horrekin batera, euskararen ikaskuntza motibazio integratibo ardatz duen komunitatea eraikitzea izango da etorkizunerako erronka nagusiena.

Egia da, bai, testuinguruak baldintzak aldatu dituela, baina egia ere bada egungo testuinguruak eragin ditzakeen kalte-ondorioak gainditzeko jauzia egiteko aukera badagoela.

Urrats handiak egin dira azken hamarkadotan ezagutzaren unibertsalizazioa erdiesteko, baina duela lau urte Inkesta Soziolinguistikoak zein Kale Erabileraren Neurketak agertutako datuen inguruko irakurketan aurreratu genuen jauzia kualitatiboa egiteko garaia zela, baldintza soziopolitiko egokiak zeudelako. Egia da, bai, testuinguruak baldintzak aldatu dituela, baina egia ere bada egungo testuinguruak eragin ditzakeen kalte-ondorioak gainditzeko jauzia egiteko aukera badagoela.

Espazioak euskalduntzea

Erronka bat nagusitu da azken urteotan espazioak euskalduntzeari dagokionez: eremu sozioekonomikoa. Izan ere, eremu sozioekonomikoan, eta zehatzago lan-munduan, erdarak dira nagusi. Hiru arrazoi nagusi izan dira; batetik, betebeharrik ez delako egon; bigarrenik, enpresek etekinei besterik begiratu egin izan ez dietelako eta gastu kontsideratzen zuten inbertsioa dena; eta hirugarrenik inertziari jarraitu izan diotelako.

Espazio digitalak ere abiadura ikaragarria hartuko du oraingo testuinguruan. Horrek, beraz, lanketa berezituak eskatuko ditu, espazioak irabazteko.

Erronka berriak jarri dira eremu horretan, bai eta diskurtso berriak garatzen hasi ere: enpresen erantzukizun soziala, langileen eta zerbitzuak jasotzen dituzten herritarren eskubideak… Eta, hor kokatu behar da iparra, baldin eta testuinguru honetan urratsak egingo badira. Pertsonak erdigunera ekarri behar ditugulako, eta enpresek erantzukizun sozialari jarraitu behar diotelako, parametro horietan kokatutako estrategiak garatu beharko dira elkarlanean eremu sozioekonomikoan zeresana duten eragile guztiekin. Ulertezina litzateke enpresen produkziora besterik gabe bideratutako politiken sustapena.

Argazkia: Zdenek Machacek, Unsplash.

Horrekin batera, espazioen berrantolaketa aurreikusi behar dugu etorkizun laburrean. Aisialdia da eremu horretan euskararen normalizazioan pisu handia hartzen duen eremua. Hartara, etorkizunari begira ere berrantolaketa horren ezaugarritzean hizkuntzaren irizpidea bermatzea jorratu beharko da.

Eta, nola ez, harremantzeko moduetan aldaketak sumatzen bagenituen ere, egungo testuinguruak eraldaketa hori bizkortuko duela aurreikus dezakegu. Eta, gero eta ohikoago bihurtzen ari zaigun espazio digitalak ere abiadura ikaragarria hartuko du oraingo testuinguruan. Horrek, beraz, lanketa berezituak eskatuko ditu, espazioak irabazteko.

Erantzukizun soziala kontzeptua zer den aski ongi erakutsi du komunitateak.

Euskaraz bizitzeko tresnak

Harro egoteko modukoa da komunitateak egoera honetan emandako erantzuna. Harro egoteko modukoa da zaintza ardatz, hamaika sortzailek eta eragilek erakutsitako erantzukizuna. Finean, harro esan dezakegu jendeak bere onena eman duela hurkoari konfinamendua errazagoa eta eramangarriagoa izan dakizkion. Erantzukizun soziala kontzeptua zer den aski ongi erakutsi du komunitateak.

Hor dugu euskarazko herri ekimeneko hedabideek egindako ekarpen ikaragarria. Egungo testuinguru gorabeheratsuan, haien funtzio sozial garrantzitsua betetzen jarraitu dute euskarazko informaziorako eskubidea bermatuz. Baldintza zailetan jarraitu dute lanean, une oro, komunitateari informazio hurbila eta gaurkotua eskainiz. Aipatzeko modukoa da euskarazko hedabideen kontsumitzaileen igoera itxialdian. Eta hori guztia, ohiko moduan, erantzukizun sozialaren ikuspegitik eta informazio guztia doan eskainiz. Are gehiago, batzuetan, gainera, produktu edo zerbitzu berriak eskainiz.

Hor dugu, nola ez, euskarazko sortzaileen ekarpena. Haien egoera plazaratzeko adierazpenean jaso dutena irakurtzea besterik ez dago: Itxialdi garaiotan, kultur ekimenak etengabe zabaltzen ari dira sare telematikoetan eta hedabideetan. Zuzeneko emanaldiak, grabatuak, irakurketa aholkuak, dantza ikastaroak…, gehien-gehienak debalde. Sortzaileok egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen eta, oraingoan, trukean kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu. Larrialdi egoera honek aurretik euskal kulturgintzarekiko atxikimendurik ez zenuten herrikide asko euskal kulturgintzara hurreratzea ekarri du.

Zinez, esan dezakegu, zaintza kolektiboa eta erantzukizunezkoa izan dela testuinguru honetan euskaraz bizitzeko tresnak ahalbidetzeko ardatza.

Finean, sortzaileek haien adierazpenean jaso bezala, hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar. Eta, beraz, zein mundu genuke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, musikaririk, margolaririk, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik… kulturgunerik gabe?

Hor ere badugu euskal argitaletxeek lizentzia asko dohainik eman izana, jendeak etxean ikasi ahal izan dezan. Edota, Euskalgintzako hainbat eragilek plataformak eta produktuak herritarren eskuetan doan jartzeko egindako urratsa.

Argazkia: Drew Coffman, Unsplash.

Zinez, esan dezakegu, zaintza kolektiboa eta erantzukizunezkoa izan dela testuinguru honetan euskaraz bizitzeko tresnak ahalbidetzeko ardatza. Halere, badakigu horrek denak bere kostuak eragin eta eragingo dituela, eta hortaz, etorkizunean ere tresna horiek guztiak eskuragarri izateko neurriak abian jarri beharko dira. Sareetan irakurritako galdera batek zioen bezala: Sortzaileak gu zaintzen ari diren bezala zainduko ote ditu komunitateak eurak?

Herritarren jarrerak eta aktibazioa

Zaila da, bai, itxialditik hizkuntza-normalizazioaren eremuan herritarren jarreren eta aktibazioa suspertzea. Halere, badira eremu horretan herritar aktiboz osatutako komunitatea dugula erakusten duten zantzuak.

Batetik, hasi berri den Etxealditik Euskaraldira dinamika. Bertan, norbere ingurune hurbileko hizkuntza ohiturez gogoetatzeko gonbidapena egin ez ezik, ariketa sorta bat ere proposatuko dute hizkuntza ohiturak aldatzeko. Zalantzarik gabe, horrelako ekimen bat abian jartzeko erabakiaren atzean taldeen eta herritarren borondatea eta konpromisoa daude, eta horrek bermatuko du proiektuaren arrakasta. Herritarren eta taldeen aldetik borondate irmoa egon da dinamika garatzeko.

Testuinguru honetan herritarrak hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean jarrera irmoagoa hartzen ari dira, bestetik, egoera honetan gertatutako urraketek hizkuntza-eskubideen kontzientziazioa piztea ekarri dute.

Bigarrenik, azpimarragarria izan da, arestian hezkuntzan ikasleen euskara-gaitasunetan gerta daitezkeen atzerakadei aurre egiteko zaintza-komunitateetatik abian jarritako ekimenak, besteak beste, umeei, gazteei edota helduei mintzapraktika saioak bermatzeko abian jarri diren dinamikak.

Hirugarrenik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kudeatutako datuetan oinarrituz, bi ondorio ikusi du aipatu erakundeak; batetik, testuinguru honetan herritarrak hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean jarrera irmoagoa hartzen ari direla, eta bestetik, egoera honetan gertatutako urraketek hizkuntza-eskubideen kontzientziazioa piztea ekarri dutela.

Halere, ondoren azalduko dugun bezala, egia ere bada egun bizi dugun testuinguruak eta hemendik gutxira biziko dugunak alde handiak izango dituztela. Egoeraren gordintasuna bizitzen hasi da gizartea, baina egoera are gordinagoa izango da kalera irteten garenean. Hortaz, biziko dugun testuinguruan herritarren aktibazioari eta herri-gogoaren susperraldiari begirako estrategiez hausnartu beharra dago.

Argazkia: Jason Leung, Unsplash.

Eraikitze-fasea

Urteak dira hizkuntza gutxituen normalizazioa lau zutabe sendoren gainean kokatzen den prozesua jartzen dugula sinbolo gisa. Hartara, sartzen ari garen fase berrian ere lau zutabe indartsu beharko ditugu aurrera egingo badugu.

Halere, egungo testuinguruak eskatzen du lau zutabe horien ezaugarriak definitu aurretik, hizkuntzaren normalizazio-prozesua zein oruberen gainean eraikiko dugun zehaztea.

Izan ere, normalizazio-prozesua gizartearen garapenarekin batera uztartu behar da, ez da elementu isolatua. Hartara, gizartearen garapena nola, normalizazio-prozesua hor txertatuko beharko da.

Euskalgintzak, euskararen herri mugimenduak, orain arte bere egin izan dituen baloreak zein izan diren ere berrikusi beharko dugu gizarte-eredu berrian gure tokia egiteko eta gure aldarriak txertatzeko.

Zinez uste dugu agertoki berri baten aurrean gaudela eta ezer ez dela lehengo modukoa izango. Zaila egiten da etorkizunean etorriko denari neurria hartzea, baina ikusten ari gara mundu mailan, Estatu mailan eta herri mailan eragile sozialak, ekonomikoak, politikoak eta abarrekoak tokia hartzen ari direla etorkizuneko gizartea zein paradigmaren gainean eraiki behar den aldarrikatzeko.

Euskalgintzak, euskararen herri mugimenduak, orain arte bere egin izan dituen baloreak zein izan diren ere berrikusi beharko dugu gizarte-eredu berrian gure tokia egiteko eta gure aldarriak txertatzeko.

Argazkia: Hannah Busing, Unsplash.

Lehen esan dugu, bai, azken egunotan elkarrekiko zaintza ardatz jardun duela komunitateak, bai norbanakoek, bai eragileek ere. Zaintza hizkuntzaren ikuspegitik garatzeko beharra azaleratzeaz gain, horren exekuzioa ere egin da hainbat modutara. Pertsona ahulak nola, hala jotzen ditu birusak bortitzen hizkuntza ahulak esaldira itzuliz, hizkuntzaren ikuspegitik ahul bihur zitekeen egoerari aurre egiteko bitartekoak jarri dira.

Horrek esan nahi du, beraz, etorkizuneko gizartean zaintza erdigunera ekartzea ere bihurtuko dugula lehentasun, eta zaintza horren hizkuntza-ikuspegia izango dugula lan-ildo.

Horretaz gain, aipatu dugu berezko hizkuntzan egiten diren komunikazioek hiztunen ongizateari eta, ondorioz, kolektiboari egiten dieten ekarpena. Finean, hizkuntzaren normalizazio-prozesuan jardutea, ikuspegi indibidual zein kolektibotik gizartearen normalizazio-prozesuan ekarpenak egitea da. Horrek esan nahi du, justizia, oreka, berdintasuna eta demokrazia ipar izango dituen gizartean birusak bortitzen jo duen hizkuntza ahularen berreskurapena erdigunean kokatu beharko dugula. Alegia, kontua ez da hizkuntzaren gaia agendetako post-it bilakatzea hor dagoela gogoratzeko, agendetako gai-ordenan sartzea baizik.

Halere, helburu hori erdiesteko gizarte-eragileen lana eta ekarpenak ez dira nahikoak. Zaintza erdigunera ekarrita, berdintasuna, justizia, oreka eta demokrazia ardatz, politiketan ere aldaketak beharko dira. Esan bezala, ez gara lehengo egoerara itzuliko, eta beraz, etorkizuneko urratsak gaurdanik definitzen hasi beharko dugu.

Ikusi dugu, bai, ezagutzaren unibertsalizazioan zein espazioen euskalduntzean urrats ausartak behar direla, eta zinez uste dugu urrats horiek araugintzan ere aldaketak eskatuko dituztela, eragingarriak izango badira.

Araugintza

Egoerak erakutsi du hizkuntza ahula zaurgarria izateaz gain, hauskortasun-maila handia ere baduela. Ondorioz, etorkizunari begira hizkuntza-zaurgarritasun horri aurre egingo dion marko eragingarria pentsatzen hasi beharko dugu. Herritarren eskubideen urraketari zirrikituak uzten ez dion markoa, edota urraketen aurrean mekanismo eragingarri eta berehalakoak aurreikusiko dituena. Hizkuntza ahula, eta ondorioz hizkuntza ahuleko hiztuna, ez dadin inoiz babesgabe sentitu.

Marko orokorra berrikusi beharko da, baina bai eta eremukako markoa ere. Ikusi dugu, bai, ezagutzaren unibertsalizazioan zein espazioen euskalduntzean urrats ausartak behar direla, eta zinez uste dugu urrats horiek araugintzan ere aldaketak eskatuko dituztela, eragingarriak izango badira.

Argazkia: Kelly Sikkema, Unsplash.

Urgentziazko plangintza

Artikuluan zehar ateratako, eta oraindik definitu beharreko, lehentasunak kontuan hartuta, ezinbestekoa izango da hizkuntza-politikari buruzko urgentziazko plangintza bat zehaztea. Horretarako, Euskalgintzatik urratsa egin behar da plangintza hori ahalik eta modurik bateratuenean jorratu eta aurkezteko, sektore guztien ikuspegia barneratuz, baina bai eta ikuspegi orokorra bermatuz ere. Eta, noski, plangintza horren barruan sektoreek urgentziazko neurriak ere definitu beharko dituzte, horien exekuzioa albait arinen abian jartzeko.

Urrats hori eginda, eta kontuan hartuta instituzioek ere antzeko azterketa egina izango dutela, horien uztarketa letorke. Horrela, diagnosian bi aldeek adostasunez ondorioztatzen dituzten elementuak lankidetzatik eta konplizitatetik lantzeari ekin beharko zaio. Esan gabe doa, zenbat eta elementu gehiagotan adostasuna agertu, orduan eta urrats eragingarriagoak egiteko aukera izango dela.

Orain, berriz ere, politika ekonomikoetan lehentasunak ezarri beharko dituzte eta testuinguru honek herritarrengan utziko dituen ondorioei erreparatuta, zalantzarik ez dago gai korapilatsua izango dela.

Baliabideak

2008ko krisiak gogor jo zuen euskararen normalizazioan. Inbertsio eta laguntza gehien zeuden eremuetan, aurrekontuetan bost zenbateko jaitsi zen euskararen aldeko partida.

Orain, berriz ere, politika ekonomikoetan lehentasunak ezarri beharko dituzte eta testuinguru honek herritarrengan utziko dituen ondorioei erreparatuta, zalantzarik ez dago gai korapilatsua izango dela.

Berriki zenbait azterketa argitaratu dira Euskalgintzako eragileen eragin ekonomikoaren karira. Azterketa horiek erakutsi dute, sektore gisa, zenbat lanpostu sortzen dituen, zenbat inbertitzen duen herrian bertan, eta abar. Gainera, kasu ia gehienetan eragile horien irabaziak ez dira inora joaten eta ez dira inoren poltsikotan geratzen. Aitzitik, irabazi horiek guztiak proiektu berriak abian jartzeko baliatzen dira, herria euskaratik eta euskaraz eraikitzeko hain zuzen. Erantzukizun sozialetik lan egiten duten eragileak eta kapitala herrian berrinbertitzen dutenak. Are gehiago, lehen aipatu bezala, ikusten ari gara une latz eta gogor hauetan zer-nolako erantzukizunez ari diren jokatzen.

Ezin dugu mundu paralelo bat eraiki, eta gureari bakarrik so egin. Horrela eginez gero, ez dugu herri-gogo indartsua egituratuko.

Hartara, zinez uste dugu egungo baliabideen banaketan ere paradigma berriak baliatu beharko direla irabazi hutsak baino, beste parametro batzuk lehenetsiz, eta une oro herritarrak erdigunean jarriaz. Ez luke onargarria izan behar erantzukizun sozialaren parametroa alboratuko duen politika ekonomikoak. Hartara, eztabaida horretan ere konplexurik gabe kokatu beharko dugu geure burua.

Herritarren motibazioa eta herri-gogoa

Gizartean, oro har, arrasto handia uzten ari da eta etorkizun hurbilean ere utziko du egungo testuinguruak. Zuzenean edo zeharka herritar guztiak ukituko ditu, eta horrek eragina izan dezake bizitzan jartzen ditugun lehentasunetan.

Horrexegatik, besteak beste, diskurtsoak berrikusi behar ditugu, eta egungo testuinguruari lotzen zaion hizkuntzan eraiki. Ezin dugu mundu paralelo bat eraiki, eta gureari bakarrik so egin. Horrela eginez gero, ez dugu herri-gogo indartsua egituratuko.

Horrexegatik interesgarria da egun zabaltzen ari diren paradigma berrien inguruan hausnartu, eta hizkuntzaren, hizkuntza-eskubideen, normalizazioaren gaia egoki nola txertatu pentsatu, eta akaso, horrexegatik beste eremuetan (ekologismoa, feminismoa, ekonomia kooperatiboa) garatzen ari diren diskurtsoei buelta bat ematea interesgarria izan dakiguke.

Korrika 21. Argazkia: Hiruka Komunikazio Taldea.

Bestalde, egia da ezen, sektore batzuetatik testuinguru hau baliatuko dutela hizkuntzaren gaia are atzerago eramanarazteko, edukiz husteko edota ideia marko desegokiak elikatzeko. Hartara, aukera bezala hartu behar dugu testuinguru berrian diskurtso berriak eraikitzea.

Eta, nola ez, beharrezkoa izango da komunitatea eta herri-gogoa ikustaraztea. Gizartearen garapenarekin batera, baina komunitate trinkoa, bizia eta gogotsua dagoela sentitu eta sentiarazi behar dugu.

Epe ez oso luzean baditugu emozioekin lotutako bi ekimen, Euskaraldia eta KORRIKA. Zalantzarik gabe, hurrengo edizioak ez dira aurrekoak bezalakoak izango, baina aukera ikaragarria eskainiko dute herri bizia eta gogotsua badagoela erakusteko

Nire buruari galdetzen diot ea orain ez den unea Maria Mercé Marçalen hiru dohainen eta errebelde izateko hiru arrazoien ideian (emakumea, klase apalekoa eta nazio zanpatukoa) sakontzeko. Finean, intersekzionalitatea geure eginez.

Azken gogoeta: Paradigmak elkarrekin eraiki

Saiatu gara egungo egoerak hizkuntzaren normalizazioari nola eragin diezaiokeen aztertzen. Halere, arestian esan bezala, etorkizuna eraikitzeko paradigmak ezbaian dauden honetan, interesgarria da eremu desberdinetan eragiten dutenen proposamenei begirada botatzea.

Egoera hau bizitzen hastearekin batera, Euskal Herriko Mugimendu Feministak berriz ere jarri zuen zaintzaren parametroa erdigunean, bizilagunen bizitza erdigunean kokatzeko hain zuzen. Horrela, zaintza-krisiari erantzungo dion estrategiaren beharra mahai gaineratu zuten, etorkizuna irizpide horien arabera eraiki beharra aldarrikatuz. Akaso, horren barruan hizkuntzaren ikuspegia nola uztartu bada egin beharreko ariketa. Hasia da feminismoaren eta euskalgintzaren arteko uztarketa, bai eta praxian garatzen ere. Akaso, euskalgintzan ere harreman-eredu berria nola jorratu hausnartzen hasteko aukera egon daiteke. Nire buruari galdetzen diot ea orain ez den unea Maria Mercé Marçalen hiru dohainen eta errebelde izateko hiru arrazoien ideian (emakumea, klase apalekoa eta nazio zanpatukoa) sakontzeko. Finean, intersekzionalitatea geure eginez.

(Suzanne Romainek) giza ongizatea muga sozial eta ekologikoen barruan bakarrik egon daitekeela iradokitzen denez, ingurumen-iraunkortasuna eta hizkuntza-justizia batera jorratzearen garrantzia nabarmentzen du.

Hor ere badugu gero eta kokapen zentralagoa hartzen ari den ekologismoak dakarren jasangarritasuna. Gogoan dut duela urte bat-edo, Yeyo Herrerok Donostian aipatzen zuela kultura hegemonikoak bizitzari gerra deklaratu diola. Ekofeministak bizitza duinak hartuko dituen eredu batera jotzeko erabakia hartu beharraz mintzo zen, eta zalantzarik gabe, gaur egun bidegurutze horren aurrean gaude. Eta, esan dezakegu, bertan jasotzen ziren elementuetan errazki kokatzerik dagoela hizkuntza gutxituaren gaia. Hiru faktore azaltzen zituen: krisi ekologikoa, menderakuntza-ardatz guztietako desberdintasunen sakontzea eta larritasuna. Are gehiago, aldaketa ardaztu behar zuten elementuen artean justizia eta subirautza-irizpideak zehaztu zituen, eta esan gabe doa, bi ardatz horiek bat egiten dutela guk aldarrikatzen ditugun elementuekin.

Beste alde batetik, ikusi berri dugu Kate Raworth ekonomistaren modelo zirkularrari jarraiki Amsterdamen probatu nahi dutela donutaren teoria. Hor ere garapen jasangarriaren helburuen ardatzak zehaztuta daude, baina hizkuntzak ez du tokirik. Eredu horietan egin izan dira hizkuntza-ikuspegia txertatzeko saiakerak, besteak beste Suzanne Romainen eskutik. Berak adierazi bezala, hizkuntza iraunkortasunari, ekitateari eta pobreziari buruzko munduko eztabaidan galdutako maila da. Horrexegatik, giza ongizatea muga sozial eta ekologikoen barruan bakarrik egon daitekeela iradokitzen denez, ingurumen-iraunkortasuna eta hizkuntza-justizia batera jorratzearen garrantzia nabarmentzen du. Hartara, eredu horretan ere badago hizkuntza gutxituaren elementua normaltasunez txertatzerik.

EUSKARALDIA. Argazkia: EGIZU Getxo Euskaldun Elkartea.

Euskalgintzatik ere garatu izan ditugu beste eremu batzuetan jorratutako paradigmetatik abiatutako proposamenak. Arnasguneen eremuan, esaterako, 1992an Rioko Munduko Gailurrean mundura hedatu zen jasangarritasunaren kontzeptua definitzeko erabili ohi diren hiru planoak aintzat hartzen zituen proposamena prestatu genuen garapen jasangarriaren hizkuntza-ikuspegia jorratzeko. Horrela, plano soziokulturalaren, sozioekologikoaren eta sozioekonomikoaren erdigunean kokatzen genuen lurgune euskaldunen garapen jasangarria.

Horrekin guztiarekin ondorioztatu nahi dugu beste sektore batzuetatik eraikitzen ari diren paradigma integral horietan hizkuntza gutxituaren ardatza kontuan hartuko bada, ezinbestekoa izango dela gure aldetik eragile horiekin aliantza berritzaileak eratu.

Horrexegatik, pertsonak erdigunera ekarri nahi ditugunok orain dugu aukera egunotan metatutako emozioak eta indarrak amaraun sendoa josteko balia ditzagun.

Eraikitzen ari den gizarte berriak ardatz izan behar dituen paradigmak ez dira sektorialak izango. Gizartea osotasuna da eta ardatz guztiak modu osagarrian eta koherentean txertatu beharko dira. Hartara, gure ardatza besteekiko osagarritasunean eta koherentzian txertatzeko nahitaezkoa da elkarren berri ez ezik, elkarren arteko lankidetza ere bideratzea.

Garai zalantzakorrak dira, bai. Norberak bere buruari, bere egiturari, bere sektoreari begiratzen dio. Nazioarteko testuingurua ez dugu lagun: interdependentzia gero eta globalagoa, zentralizazio ikaragarria eta nazioarteko erakundeak gero eta ahulagoak eskubide kolektiboei behar bezala erantzuteko. Halere, azken asteotan erantzuteko gaitasun kolektiboa egon dela erakutsi dugu. Egia da, bai, shock batean gaudela, eta tentazioa izango dutela hala edo nola shockaren doktrina antzeko bat aplikatzeko. Horrexegatik, pertsonak erdigunera ekarri nahi ditugunok orain dugu aukera egunotan metatutako emozioak eta indarrak amaraun sendoa josteko balia ditzagun.