Euskal Nazio Algoritmikoa sortuz:
Subirautza Teknologikoa
Post-COVID-19 gizartean (1/2)1
Dr IGOR CALZADA
Dr IGOR CALZADA
ABSTRACT
COVID-19 krisi pandemikoaren ondorioz Euskal Herrian berriki sortu den egoera aztertzea du xede nagusi artikulu honek. Bereziki, estaturik gabeko nazioa izanik, premiazko esnaldi estrategiko bat beharrezkotzat jotzen du artikuluak erantzun eta begirada tekno-politiko batetik nazioartean bere rola berrirudikatzeko. Europako hiri-eskualdeen mosaikoa anitza izanagatik, konparatiboki Euskal Herrian zentratzen den politiken analisi estrategiko honek, eraldaketa digital, adimen artifiziala (AI), eta datuen gobernantza eta ekosistemek, hiritar eta erakundeak ahalduntzen lagun dezaketeela argudiatzen du balizko bide orri bat aurkeztuz bukaeran. Bide batez, Europako eta nazioarteko hiri, eskualde, eta nazioekin lankidetza transnazionalari irekiera emango ziolarik. Korapilatsuak diren ondorio lazgarriak ugariak izanik Europako hiri-eskualde askotan, artikulu honek Euskal Herriko eragileak animatzen ditu erantzun bateratu eta estrategiko bat kolektiboki lidera dezaten Europako beste lurraldeetako eragileekin elkarlanean. Zehazki, artikulua, orainarte hegemonikoak izan diren nazio-komunitate eta estatu-eraikuntza bezalako narratibak eguneratzen saiatzen da euskal nazio algoritmiko baten sorkuntza proposatuz. Horretarako beharrezkotzat jotzen du euskal enpresa, erakunde, gizarte zibil, akademia, eta ekintzaile/aktibisten arteko erantzun aktibo eta kooperatibo indartsu bat. Euskal nazio algoritmikoak lau palanka estrategiko izango lituzke aktibaziorako: (i) gizarte ongizatearen bermea eta justizia soziala (bizitza); (ii) eredu ekonomiko jasangarriak eta plataforma bidezko alternatiba sozio-ekonomikoak (ekonomia); (iii) gizarte onurarako adimen artifizial gardenagoa (tekno-politika); eta azkenik, (iv) demokratikoagoa eta ez hain distopikoa den panoptiko bat (demokrazia). Hartara, artikulu hau egun Europar Batasunak (EB) darabilen datu politiken debatean kokatzen da. Debate honen arabera, hiri-eskualdeen rola potentzialki berrindartu liteke, berauek EB-ren post-DBAO arautegiaren pean, datu ekosistemen lider bilakatuko balira. Horretarako, subirautza teknologikoan oinarrituak egon beharko luketen kasu, proiektu, eta egitasmoak burutzea ezinbestekoa litzateke eskualde eta tokian-tokiko eragileen artean. Politiken artikulu hau bi ataletan banatua dago: (i) Diagnosia eta (ii) Estrategia.
HITZ GAKOAK
Hiritartasun pandemikoa; Post-COVID-19 Gizartea; Nazio Algoritmikoak; Subirautza Teknologikoa; Euskal Herria; Estrategia; EB; Eraldaketa digitalak; Adimen artifiziala; Datu gobernantza/ekosistemak; Post-DBAO; hiri-eskualdeak; politikak.
Ilustrazioa: Ana Arranz.
Argazkia: Markus Spiske, Unsplash.
Nola ekidin Euskal Herria eta bere hiritarrak zelatatuak daudela etengabe Big Tech edota estatuaren kontrolaz? Nola diseinatu euskal estatu bat, hain zuzen ere, panoptiko digitalaren kontzeptutik urrun? Posible al da egungo mundu konplexu, interkonektatu, interdependiente, eta mugaz jositako honetan estatu bat izatea?
Determinismo teknologiko ekiditeko bidea subirautza garatzea da, baina Europar hiri-eskualde, nazio eta estatuekin elkartasun eta lankidetza internazionalisten bidez (izan Estonia, edo izan Katalunia)
Diagrama: Igor Calzada.
Euskal nazio algoritmikoa sortzen joan behar dugu subirautza teknologikoak Europar testuinguruan (bereziki) irekitzen dizkigun aukera baliatuz (DEMOKRAZIA)
Norberaren balio-eskala eta ideologiaren baitan ordenatua eta filtratua, sintomatologia sozial anabasa osatzen ari gara.
Krisi pandemikoak, prozesu ekonomiko, politiko, teknologiko eta sozial paraleloak abian jarri ditu, AI-ren kontrolaren norgehiagoka global batean hezurmamitzen ari dena, alegia krisi algoritmiko batean.
Guzti honek zerikusi zuzena du gobernantza, herrigintza, erakundetze, herri-estrategia, nazioa eta balizko estatugintza batetara lerratzeko urratsekin. Egungo eszenatokiaren sintomatologia sozialaren faktore hauek, ordea, ez dira modu lineal batean lerratzen eta ez dute izango bilakaera berdina Euskal Herrian. Maila geopolitiko global batean behintzat, Txinaren hegemonia oso nabarmena izango da eta EE.BB. krisi sakon batean sartzeko arriskua liteekena izango da (Trump-en lidergoaren beherakadarekin batera). Hala ere, lehen analisi honetan ez genuke ahaztu behar bi erraldoi hauen eta EBren arteko joko-zelaia, oso esparru ekonomiko estrategiko eta zeharkakoan gertatzen ari dela aspalditik: AI eta eraldaketa digitalen paradigmen konpetizio eta inposaketan. Oso komenigarria iruditzen zait, euskal hiritarraren bizitzan hain nabarmena ez den kontu honen azpimarra egitea, izan ere, ikustezin egitea ez du esan nahi eragin zuzena jadanik izaten ari ez denik. Nere tesia baita, krisi pandemiko eta algoritmikoa txapon berdinaren bi aldeak direla. Krisi pandemikoak, prozesu ekonomiko, politiko, teknologiko eta sozial paraleloak abian jarri ditu, AI-ren kontrolaren norgehiagoka global batean hezurmamitzen ari dena, alegia krisi algoritmiko batean. Algoritmoak ez dira hodeian dauden zerbait; algoritmoak euskal hiritarrok (are gehiago egunotan konfinamenduan egonik norbera bere etxean sartuta sareak eta Internet erabilera izugarri igo denean), patriketan nonahi daramagun sakeleko telefonoko zerbitzu eta nabigazioan sortzen ditugun ‘gure’ datuekin elikatzen ari gara etengabean. Honek zuzeneko zerikusia duelarik krisi honen ondorioen ostean ‘geratuko’ zaigun demokrazia mailarekin. AI, datu-ekosistemak, eta orohar eraldaketa digitalak ez dira jadanik gure bizitza eta gure herri proiektutik at egon beharko luketen gaiak. Kontrara, gomendatuko nuke ahalik eta lasterren gai hauek debate publikoan txertatu eta ekintza estrategiko inklusiboak abian jartzea Euskal Herriko lurraldeetako eragile eta interes-taldeekin (stakeholder-rekin). Subirautza teknologiaz ari naiz.
Argazkia: fabio, Unsplash.
- Artikulua aipatzeko: Calzada, Igor (2020), Euskal Nazio Algoritmikoa Sortuz: Subirautza Teknologikoa Post-COVID-19 gizartean/Setting up the Basque Algorithmic Nation: Technological Sovereignty Amidst the Post-COVID-19 Society. Bergara: TMLab.
DOI: 10.13140/RG.2.2.28853.01766/1 - Zerrendatzea ez da osoa eta ez du bokaziorik osotasun bat errepresentatzeko baizik amalgamazio posible eta konplexu, alegia, ez lineal bat irudikatzeeko. Akats handi bat izango litzateke honako analisi estrategikoak soilik sektoreka egitea, izan ere badira aldagai batzuk independiente bilakatzen direnak, zeharkako bihurtuz ere alde berean. Eraldaketa digital eta AI-ari buruz ari naiz. Ez litzateke zuzena IKT etiketa beraz erabiltzea. Eraldaketa digitala eta AI-k, ekonomia, gizarte, geo-politika eta demokrazia gaietan zuzeneko eragina baitute modu ez-linealean operatuz.