TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Euskara-gaitasunaren bilakaera xehea aztergai, 1991 eta 2021 urte bitarteko Inkesta Soziolinguistikoen arabera

Euskara-gaitasunaren bilakaera xehea aztergai, 1991 eta 2021 urte bitarteko Inkesta Soziolinguistikoen arabera

 

Inkesta soziolinguistikoaren datuei irakurketa orokor bat egiteko, artikulu honetan bi gakoen bilakaerari erreparatuko diegu: erdaldun elebakarrena batetik eta, bestetik, elebidun profilena. Hausnarketa hori lurraldearen arabera xehetuko dugu, herrialde bakoitzak bere ezaugarri eta erronka propioak baititu (beheko taulan daude datu zehatzak).

 

Azken 30 urteetan 16 puntu behera egin du erdaldun elebakarren proportzioak Euskal Herrian, % 70etik % 54ra. Euskararen ezagutzaren unibertsalizaziotik urrun gaude eta horrek jarraitzen du izaten euskal hiztunon eskubideen bermeentzat oztopo handienetako bat oraindik ere, nagusia ez bada. Hala ere, aldi berean, erdaldun elebakarrak hamarretik zazpi izatetik, hamarretik bost izatera pasa dira. Horrekin, nahi baino gutxiago eta nahi baino mantsoago izan arren,  aukerak zabaldu egiten dira euskal hiztunentzat eta euskararentzat. Aukera erreal horiez gain, erdaldun elebakar gutxiago egoteak esan nahi du geroz eta gehiago direla euskararekin kontaktua edo ezagutza dutenak eta, hortaz, teorian, sentsibilizazio linguistiko handiagoa eta euskararen sustapenerako baldintza hobeak daudela. Iritzietan ere horrela antzematen da: euskararen aldeko jarreretan, aldekotasuna puntuak irabazten joan da 1991tik.

 

Erdaldun hutsak ez direnei erreparatuz gero, interesgarria da hizkuntza-gaitasun erlatiboari erreparatzea, euskararen inguruan gertatzen diren dinamikak ulertzeko argazki garbiagoa ematen baitu (erabileraren gorabeherak argitzeko, esaterako). Euskara hartzaileek 8 puntu egin dute gora eta elebidunek beste hainbeste. Baina azken horien artean, euskara-gaztelania/frantsesa, zertan duten erraztasun gehiago kontuan hartzen badugu, ikusten da azken 30 urteetan bereziki hazi dena, hartzaileez gain (+8,4), erdal elebidunak direla (+5,2). Euskaldun elebakarrik edo erdara hartzailerik ez da ageri.

 

EUSKARA-GAITASUNAREN BILAKAERA LURRALDEKA, 1991-2021

 

 

HIZKUNTZA-GAITASUNAREN BILAKAERAK LURRALDEKA
Erdaldunak Elebidun profilak
GIPUZKOA Erdaldun gutxien dagoen herrialdea da. 30 urtetan 15 puntu egin dute behera, eta egun % 30,5 dira. Herrialde bakarra non elebidunen irabazia elebidun orekatu (+4) edo euskal elebidunen (+2,8) eskutik etorri den.
NAFARROA BEHEREA / ZUBEROA Erdaldun gutxien dauden bigarren eremua da (% 38,7), baina kasu honetan bilakaera “positiboa” da. 30 urtetan 8 puntu egin dute gora. Elebidunen profil guztiek izan dituzte galerak.
BIZKAIA / ARABA Erdaldunak erdia baino gehiago dira, eta beren jaitsiera nabarmena izan da (25 puntu baino gehiago).  Hala ere, ez Bizkaia eta ez Araba, ez dira iritsi Gipuzkoan orain 30 urte zegoen proportziora (% 45,6). 14-16 puntu artean egin dute gora elebidunek, baina hazkunde horren erdia baino gehiago erdal elebidunetatik etorri da (9-10 puntu). Euskara hartzaileak ere ia proportzio berdinean hazi dira (11-12 puntu).
LAPURDI Nafarroarekin batera, herrialderik erdaldunena, % 75 dira erdaldun elebakarrak eta azken 30 urteetan, gainera, ia 9 puntu egin dute gora. Elebidunen profil guztiek izan dituzte galerak.
NAFARROA Herrialderik erdaldunena (% 75,3), baina azken 30 urteetan ia 11 puntu egin dute behera. Edozein kasutan, jaitsiera hori eremu mistoan gertatu da bereziki. Eremu erdaldunean % 91 da erdaldunen proportzioa eta hemen aldaketa gutxi eman da.  Euskal elebidunak gutxiago dira egun (-1,0), nahiz eta elebidunak oro har hazi diren. Igoera hori erdal elebidunen eskutik etorri da (+4,2) eta gutxiago elebidun orekatuetatik (+1,4). Hazkunde hori eremu mistoan eman da, nahiz eta azken neurketa honetan eremu erdaldunean zeuden 44 udalerri ere kontuan hartu diren. Bereziki Iruñean eman da hazkunde adierazgarrienetako bat.

 

Ondorio gisa, ikuspegi soziolinguistiko batetik, oso lurralde anitza dugu eta tokian tokiko errealitateek agintzen dute. Erdaldun proportzio txikiagoek aukera ematen dute erabileran jauziak emateko. Aldi berean, azken hamarkadetan sortu diren elebidunak trinkotu beharra dago, haien euskara gaitasuna/erraztasuna eta maila zorroztu. Euskalgintzan horretarako hamaika proposamen eginak daude, euskara modu pasiboan ere jaso dadin eta modu aktiboan erabiltzeko aukerak biderkatu daitezen, hezkuntzan, lan munduan edota aisian. Badago zer egina.

 

Enara Eizagirre (Antropologoa eta Aztikerreko kidea)
Asier Etxenike (Soziologoa eta Aztikerreko kidea)