TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Euskararen eta euskaldunon herri aktibazioaz

HIZKUNTZ POLITIKAZ HAUSNARTZEKO BLOGA

Euskararen eta euskaldunon herri aktibazioaz

 

Paradoxikoa dirudi, baina euskararen borrokak sabaia jo duela esaten den garaiotan jaio dira borroka horren kimu berriak. Hutsune bati erantzunez baino gehiago,  hutsunearen forma bestelakoa zela ikusita, piezak eta heldulekuak egokitzeko helburuz jaio zen Gazte Euskaltzaleen Sarea; euskararen borrokara militante gazteak batzeko, eta euskararen borrokan gure belaunaldiaren perspektiba txertatzeko. Borroka eraldatzaile orok bezala, aldatu nahi genuen errealitate edo kezka batetik abiatzen ginen. Gure hizkuntzaren egoerarekin, euskaraz bizi nahi dugunon egoerarekin kezkatuta geundela esan genuen aspaldi. Kezkagarritzat jo genituen euskararen aurka hartutako erabaki judizialak, euskarak pantailetan zuen presentzia murritza, eta euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea. Hilabete hauek (euskararen borrokari dagokionez, nahasiak bezain oparoak izan direnak) gure hautuan berrestera eraman gaituzte: euskara ez da aurrera joango, aurrera eraman behar da, eraman behar dugu; guk, guztiok.



Euskararen normalizazio garaian jaio garen belaunaldia omen gara. NUPen, ordea, ezin dugu euskaraz ikasi, Mañeruko herritarroi ez zaigu zonalde mistora sartzeko erabakia errespetatu, EHUn euskaraz ikasten dugulakoan gure hizkuntza eskubideak urratuz ikastera ohitu gara, euskarazko gradu eta ikasketen eskaintzaren murrizketak, Uliazpi, Irun… larritasunez bizi ditugu azken hilabeteetako gertakarien zerrenda hau. Askotarikoak dira aipa genitzakeen eskubide urraketak, askotarikoak eguneroko ogi gisa barneratu nahi dizkiguten bazterketak.  Euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politikoak, juridikoak eta mediatikoak ez du etenik izan denbora honetan guztian, eta geroz eta ageriagokoak dira euskararen aurkako diskurtsoak, euskara eta euskaldunok zapaltzaile gisa aurkeztu nahi gaituztenon ahotsa. Ustez, gure belaunaldiak gainditutzat zituen diskurtso eta jarrera euskarafoboekin bizi gara egunero, diskurtso horiek gure administrazioetan daude, gure hezkuntza zentroetan eta ustezko justizian.  Euskaraz bizi nahiaren mugak eta ezinak sufritzen ari garen belaunaldia bilakatu gara. Norberaren osteko belaunaldiari egozten zaio maiz etorkizuna eraikitzeko zama, baina gure nahi eta borondate guztia euskararen loraldi berrian jarrita ere, ez dago etorkizun posiblerik herri oso baten babesarekin osatzen ez bada. Nahi dugu, baina ezin dugu. Ezintasun horri erantzuteko ordua da, guk bultza egingo dugunik ez izan zalantzarik, baina herri bultzada horrek hizkuntza politika berrien orubearen babesa behar du, berandu baino lehen.


Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuek ere, antolatzeko beharrean kokatzen gaitu. Bateren bati lasaitzeko balioko diote datuek “okerrera jo ez dutela” ikusteak, baina jakintzaren eta erabileraren artean ez da ispilu zantzurik nabaritzen, eta euskararen aldeko jarrerak gehiengoak badira ere, kontrakotasunez dihardutenen kolpeak nabari ditugu gure bizkarretan: ez dugu gaur gaurkoz, hizkuntza eta hezkuntza politiketan euskararen aldako erabaki ausartik ikusten.  Heldu diezaiogun behingoz. Guk, herri hau euskaratik irudikatzen duen oro euskararen bultzadara batzeko egingo dugu arraun; iazko maiatzean erakutsi genuen, Gaztealdian erakutsi genuen, joan den martxoaren 23ko mobilizazioetan, Baionan eta behar den guztietan egingo dugu berriro. Herriak hitz egin du, orain bada garaia instituzio eta agintariek benetako hizkuntz politika eraginkorrak har ditzaten.