TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

barra
barra

Klima aldaketa eta Demokrazia deliberatiboa. Erronka berriei aurre eginez berrikuntzaren bidetik

Klimaren aldaketari eta honek dakartzan ondorioei aurre egitea ez da xamurra izango. Klima aldaketak gizakiori bere osotasunean eragiten digu eta eragingo duen kalteei aurre egiteko beharrezkoa da gizartearen kontsentsu zabalak sustatzea. Horrek demokrazia eredu berritzaile eta parte-hartzaileagoak esperimentatzea eskatuko du, eta bide horretan demokrazia deliberatiboa edota asanblada herritarrak eta parte-hartzaileak, gizartearen konpromisoa handitzea bilatzen duten heinean aproposak izan daitezke klima aldaketak eskatuko dituen dilema handiei erantzuteko.

Batzar herritarrak komunitate antolatuaren konpromiso maila handitzeko eredu baliagarria direla pentsatzen dugu, gobernantza eredu berriak sustatzen dituen eredu parte hartzaileak diren heinean. Eta honek berebiziko garrantzia izan dezake klima aldaketa bezalako erronkei aurre egiteko unean.

Horri begira Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiak, gogoeta eta esperimentazio ildo hau ireki zuen orain bi urte. Gogoeta teorikotik haratago esperientzia praktikoen bidez klima aldaketa-demokrazia partehartzailea binomioan sakondu asmoz.

Seguraski, klimaren aferaz gain, euskal gizartearen etorkizunari begirako ardatz estrategikoak norabidetzeko ere balio dezaketen tresnak izan datezke Batzar Herritarrak (Irlandako kasuan bezala), nahiz eta oraingoz klima aldaketa hartu dugun guk ardatz.

barra

Landa eremua eta klimari buruzko Gipuzkoako Herritarren Batzarra. Lehen esperientzia bat.

Telesforo Monzon Euskal herrigintza laborategiak (TMeLab) eta Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak sustatu dugun  Lehen esperientzia honek nekazaritza-jarduera eta klima-aldaketa izan ditu ardatz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

Gipuzkoako bizilagun gisa, ausaz hautatutako 32 herritar beraien ikuspegiak eta esperientziak partekatu eta gogoeta egin ahal izateko elkartu dira. “Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?” galderari erantzun diote gomendio batzuk prestatuz.

Gomendio hauek datozen urteetako nekazaritza-politikaren arloko jarduerak bideratzen lagunduko dutela espero dugu beti ere nabarmenduz etorkizuneko nekazal sektoreak jadanik bertan dugun klima larrialdiari aurre egin beharko diola bere etorkizuna bermatu ahal izateko.

barra

Zergatik da garrantzitsua landa inguruan aurrera daraman nekazal sektorea eta klima larrialdi egoera, biak elkarrekin jartzea?

Badira hamaika arrazoi, baina hiru nabarmenduko genituzke:

1. Herrialde guztientzat tokiko nekazaritza sektorea estrategikoa da. Nekazal sektorea garrantzitsua da herrialde guztiok behar ditugun elikagaiak ekoizteko eta landa inguruak sortzen dituen beste hainbat onuraren kudeatzaile ere bada. Hala nola, ura, bioaniztasuna, eta abar. Klima aldaketak munduko beste edozein txokotan bezala, Gipuzkoan ere, nekazal sektorearen kudeaketa balditzatuko du.

2. Esan bezela, jadanik gurean dagoen eta azeleratzen ari den klima aldaketak etorkizunean nekazal munduaren bilakaera balditzatuko du hein handi batean. Beraz, nekazaritza sektorearen etorkizuna bermatu ahal izateko, sektoreak berak klima aldaketara egokitu beharra dauka. Horrek baliabide berriak erabiltzea eskatzen du (adib. giza kapitala, teknologia, eta abar) eta jakin badakigu baliabideak urriak direla eta modu egokian esleitu behar direla.

3. Landa inguruak negutegi efektua sortzen duten gasen isurketak, CO2a edo metanoa esaterako, xurgatzeko ahalmena izan dezake nekazal jarduera egokiak direnean.

barra

PROZESUA: ORAINGO EGOERA

1. saioa, Oronan.
2. saioa, Tabakaleran.
3. saioa, Olaso dorrea.
4. saioa, Gipuzkoako Batzar Orokorretan

Esan bezala Gipuzkoako Herritarren Batzar hau zozketa zibiko bidez hautatutako 32 herritarrek osatu dute. 2022ko azaroa eta 2023ko urtarrila bitartean lau asteburutan bildu dira 40 orduko deliberazio prozesua burutzeko. Honako galdera izan dute hizpide: “Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?”.

Prozesuaren sustatzaileak Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategia eta ArantzazuLab Gizarte Berrikuntza Laborategia izan gara eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu du entitate komanditarioaren rola. Hori horrela, azken honek Herritarren Batzarrak proposatutako gomendioei erantzuteaz gainera, euren jardunean nola txertatuko dituzten adierazteko konpromisoa hartu du.

Lehen bi asteburuetako lan saioak Hernaniko Oronaren egoitzan eta Tabakaleran egin ziren. Horietan herritarrek nekazal jarduera eta klima larrialdiaren gaineko aditu eta arituen ekarpenak entzun zituzten askotariko ikuspegien bitartez begirada aberastua osatu ahal izateko.

Ondorengo bi asteburuak, Bergarako Olaso Dorrean (Telesforo Monzon eLaben egoitzan) eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin ziren. Bi saio horiek deliberaziora bideratutakoak izan ziren.

Ondoren, tokiko erronkei erantzunak bilatzeko, deliberatu egin dute, eta azkenik, galderari erantzuteko gomendio-kolektiboak idatzi dituzte.

barra

G O M E N D I O A K :

Urtarrilaren 14ko Batzar Nagusietako saioan herritarrek ondorengo 9 gomendioak aurkeztu zizkioten Eider Mendoza Gobernantza diputatua buru izan duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritzari eta sustatzaileak izan garen bi laborategiei:

1.

Landa eremuko jabeei konpentsazio ekonomiko bat itzuli zerbitzu ekosistemikoetan dituzten ekarpen kopuruaren arabera eta gizarteari balio hauek zabaldu.

2.

Baso gestioa sustatu I+D bitartez eta sektore estrategikoa bihurtuz.

3.

Lehen sektorea estrategiko bihurtzea, balorazio ekonomikotik ekosistemikora igaroz, tartean diren eragileen parte-hartzearen bidez.

4.

Gizartea haurtzarotik kontzientziatzea/sentsibilizatzea, nekazaritzaren eta klima-aldaketaren munduari dagokionez.

5.

Lehen sektorea gaztetzeko neurriak aztertzea.

6.

KM. 0 sustatzea 1. ekoizpen-fasetik.

7.

Nekazaritza ekologiko estrategikoa sustatzea, lehiakortasuna, produktibitatea eta merkaturatzea handitzeko erakunde bat sortuz/zabalduz.

8.

Tokiko produktua sustatzea, hobari fiskalak egokituz.

9.

Baserri misto profesionala sustatzea.

Proposamen bakoitzaren babes-maila bozkatu zen saioan bertan eta, gomendio guztiek, batek izan ezik (%78ak onartu zuen) %80ko babes maila gainditu dute.

Gomendio bakoitzaren inguruan ondoko azalpena jaso da: deskripzioa – zertan datza egindako proposamena eta justifikazioa – zergatik proposatu da.

Xehetasunak jasotzen dituen dokumentua hemen ikusi eta deskargatu daiteke.

Urtarriletik martxora bitarte Aldundiak 9 gomendio horiei erreparatu eta euren jardunean nola inplementatu aztertzen aritu da. Martxoaren 14an egindako ekitaldi publikoan egin du Aldundiak deboluzioa eta dokumentu batean bildu ditu Herritarren Batzarrak aurkeztutako gomendioei emandako erantzunak. Gomendioen erantzunak jasotzen dituen dokumentua hemen ikusi eta deskargatu daiteke.

Hurrengo pausuei dagokienez, grafikoan ikusten den moduan, Aldundiak 2023ko martxoan adierazitako neurrien inplementazioari buruzko informazioa partekatuko du 2023ko eta 2024ko urrian egingo diren ekitaldi publikoetan. Gipuzkoako Herritarren Batzarrak, sustatzaileak garen bi laborategien bidelaguntzarekin, Aldundiaren jardunaren gaineko jarraipena egingo du.

barra

B A L O R A Z I O A

Oraindik goiz da Gipuzkoako Herritar Batzarrak eman duenaren inguruko balorazioa egiteko. Lehenik eta behin esan beharra dago gaia ez zela erraza, aldaketa klimatikoa eta landa eremua uztartu eta horren inguruko gogoeta bat egitea esfortzu handia izan da herritarrentzat.  Konplexutasuna duen eta ezagutza maila sakona eskatzen duen gaiari erantzun behar izan diote herritarrek. Halere nabarmentzeko da herritarren aldetik aurkeztutako prestutasuna, ausaz hautatu beharreko herritar profil desberdinak bete ahal izateko bolondres adina aurkeztu baiziren.  Gainera nabarmentzeko izan da beraien inplikazio eta dedikazioa eta guztion aldetik prozesuarekiko balorazio ona izan dugu. Honek agerian utzi digu demokrazia krisian baino, agian krisian direnak eredu batzuk direla eta herritarrak prest daudela herri honekiko konpromisoa azaltzeko eta eskaintzen zaienean parte hartzeko. Maila horretan enpoderamentu prozesu bat izan da. Gainera gizarteak konplexutasunei erantzuteko gaitasuna duela adierazi du prozesu honek ere eta beraz aldaketa klimatikoak eskatzen dituen erronken inguruan kontsentsuak bilatu eta erantzuteko tresna egokia dela dirudi.

Badira halere kontuan izan beharreko elementuak, prozesuaren konplexutasunak eta kostuak tamaina eta eskala maila eskatzen du, kontu edo auzi sinple edo txikiagoak deliberazio prozesu errezagoen bidez bideratzeko aukera aztertu behar delarik.

Era berean kontuan eduki behar da gaiaren zabaltasunak proposamenen edo ekarpenetan sakontasunez erantzutea zailtzen duela. Zenbat eta gai zabalagoa orduan eta sakontzeko aukera gutxiago ematen du. Horren ondorioa da egiten diren proposamenak ere zabalak izatea da eta beraz hauei eman ahal dakieken erantzuna ere horrelakoa izatea.

Orain erronka noski, erakunde publikoek deliberazio prozesuei ematen dioten erantzunaren tamaina aztertzea da. Dagokigun kasuan Gipuzkoako Foru Aldundiak 9 errekomendazioei erantzun die, guztiak onartuaz, baina Aldundiak adierazi bezala, kasu guztietan “aldaketa txikiekin”. Emaniko erantzuna eta horren sakontasuna nahikoa den edo ez aztertzea herritar batzarrean parte hartu dutenei, herritarrei eta eragile politiko sozialei dagokie (HEMEN ikus daiteke Aldundiaren erantzuna). Garrantzitsua izango da ere erantzun honek denboran duen bilakaera. Maila horretan esan bezala jarraipen eta ebaluaziorako bilkurak ezarri dira.

Talde motorreko kide batzuk.

TELESFORO

MONZON

eLab