Klima eta landa eremuaren inguruko lehen Gipuzkoako Herritar Batzarraren lehenengo saioa hasi da
Hernanin, 2022ko azaroak 4
Gipuzkoako Foru Aldundia, Telesforo Monzon Euskal herrigintza laborategia eta Arantzazulaben eskutik Gipuzkoako Herritar Batzarra bere lehen saioa izan du Orona aretoan.
Abian da Telesforo Monzon Euskal herrigintza laborategiak (TMeLab) eta Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak sustatu duten nekazaritza-jarduera eta klima-aldaketa ardatz izango dituen Herritar Batzar deliberatzailea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.
Gipuzkoako bizilagun gisa, ausaz hautatutako 32 herritar beraien ikuspegiak eta esperientziak partekatu eta gogoeta egin ahal izateko elkartuko dira. “Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?” galderari erantzun beharko diote. Adituak eta sektoreko eragileak entzungo dituzte eta horren baitan gogoetatu eta eztabaidatu, 4 asteburutako saioen bidez. Haien deliberazioetatik eratorriko diren emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztuko zaizkion hainbat gomendio izango dira.
Unai Pascual TMeLabeko kolaboratzailearen iritzian “Gomendio hauek datozen urteetako nekazaritza-politikaren arloko jarduerak bideratzeko lagunduko dute, beti ere nabarmenduz etorkizuneko nekazal sektoreak jadanik bertan dugun klima larrialdiari aurre egin beharko diola bere etorkizuna bermatu ahal izateko.”
Zergatik da garrantzitsua landa inguruan aurrera daraman nekazal sektorea eta klima larrialdi egoera, biak elkarrekin jartzea?
Badira hamaika arrazoi, baina Unai Pascualek bere aurkezpenean hiru nabarmendu ditu:
1. Herrialde guztientzat tokiko nekazaritza sektorea estrategikoa da. Nekazal sektorea garrantzitsua da herrialde guztiok behar ditugun elikagaiak ekoizteko eta landa inguruak sortzen dituen beste hainbat onuraren kudeatzaile ere bada. Hala nola, ura, bioaniztasuna, eta abar. Klima aldaketak munduko beste edozein txokotan bezala, Gipuzkoan ere, nekazal sektorearen kudeaketa balditzatuko du.
2. Esan bezela, jadanik gurean dagoen eta azeleratzen ari den klima aldaketak etorkizunean nekazal munduaren bilakaera balditzatuko du hein handi batean. Beraz, nekazaritza sektorearen etorkizuna bermatu ahal izateko, sektoreak berak klima aldaketara egokitu beharra dauka. Horrek baliabide berriak erabiltzea eskatzen du (adib. giza kapitala, teknologia, eta abar) eta jakin badakigu baliabideak urriak direla eta modu
egokian esleitu behar direla.
3. Landa inguruak negutegi efektua sortzen duten gasen isurketak, CO2a edo metanoa esaterako, xurgatzeko ahalmena izan dezake nekazal jarduera egokiak direnean.
TmeLab Telesforo Monzon Herrigintza Laborategiak, Herritarren batzar honen sustatzailetako bat izanik, bertatik eta Gipuzkoako Aldundiari helaraziko zaizkion gomendioak Gipuzkoar gizarteari helarazten lagunduko du.
Herritarren Batzar hau Telesforo Monzon Euskal Herrigintza laborategiak (TMeLab) eta Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiak Etorkizuna Eraikizen baitan orain ia urte bete aurkeztutako egitasmoaren gauzapena da. Proiektu hau demokrazia deliberatiboan adituak diren bertako zein nazioarteko aholkularien bidelaguntzarekin garatu da (ELGA, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea, eta Deliberativa elkartea).
IRITZIAK
Prozesu aitzindari eta berritzailea da, herritarrak nekazaritza-jarduera eta klima-aldaketa gisako gai publiko garrantzitsuen gaineko deliberazioan parte hartzera gonbidatzea helburu duena.
Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politiko guztien babesa du prozesuak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Herritarren Batzar honetatik hainbat gomendio jasoko ditu, datozen urteetako nekazaritza-politikaren arloko jarduerak bideratzeko balio dezaten.
Zozketa zibikoa Herritarren Batzarrean gipuzkoarren aniztasuna bermatzeko Gipuzkoako Herritarren Batzarrean parte hatuko duten herritarrak zozketa bidez hautatuak izango dira. Zozketarekin bilatzen den helburua da Batzarreko kide izango diren herritarrek Gipuzkoako aniztasuna eta biztanleria ondo islatzea da. Horretarako, lehen fase batean Foru katastroko etxe guztien artean 15.000 helbide hautatzeko zozketa egin da eta gutun bat bidaliko da etxe horietara, prozesuan parte hartzeko gonbidapenarekin.
Gutuna jasotzen duten 16 urtetik gorako edozein pertsonak du Herritarren Batzarrean izena emateko aukera. Gutuna jaso eta boluntario gisa Batzarrean parte hartzeko izena ematen duten pertsona guztien artean bigarren zozketa bat egingo da, ondorengo irizpide hauek kontuan hartuta: sexua, adina, hezkuntza maila, hizkuntza, kokapen geografikoa eta gaiarekiko jarrera. Horrela, Herritarren Batzarrean parte hartzen duten 32 pertsonez osatutako taldea eratuko da.
Talde horrek 4 asteburuz luzatuko den deliberazio saioan, galdera honi erantzun beharko dio: Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?
Herritarren Batzarraren saioak prozesu hauetan esperientzia duten pertsonek bideratu eta dinamizatuko dituzte. Parte-hartzeko ez da beharrezkoa gaian aditua izatea, ezta gaiari dagokion ezagutza berezirik izatea ere, bileretan zehar erabakiak hartzeko beharrezkoa den informazioa emango bait zaie parte-hartzaileei. Hain zuzen ere, prozesu hauek bilatzen dutena da, Gipuzkoako bizilagun gisa herritarrek eman dezaketen ikuspegia eta esperientzia jasotzea. Prozesu osoan zehar, Batzarreko kide bakoitzaren pribatutasuna gordeko da eta saioetan parte hartzeagatik, 444 euroko ordainsaria jasoko dute herritarrek.
BATZARRAREN FASEAK ETA SAIOEN EGUTEGIA
Gipuzkoako Herritarren Batzarra 4 saiotan elkartuko da eta 3 fase nagusi hauek izango ditu: (1) Proposatutako galderaren inguruan adituen eskutik informazioa jasoko dute parte-hartzaileak (lehen bi saioak) (2) Jasotako informazioaz hausnartu eta deliberatuko da (hirugarren saioa) (3) Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat proposatutako galderari erantzun eta gomendio adostuak egin eta idatziko dituzte herritarrek (laugarren saioa).
Prozesuaren egutegiari dagokionez, saioak 4 asteburutan izango dira (ostiral arratsaldea eta larunbat goiza): azaroaren 4-5ean, azaroaren 25-26an, abenduaren 16-17an, eta urtarrilaren 13-14an. Saioak Donostian eta Bergaran egitea aurreikusten da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako konpromisoa jarraituz, Batzarrak egindako gomendioak aztertuko ditu eta 2023ko martxoaren 15ean lehen itzulera-saio bat egingo da. Bilkura horretan, foru arduradunek Batzarretik jasotako gomendioei erantzuna emango die.
Informazio gehiago egitasmoaren web orrian:
UNAI PASCUAL - TMeLab eko aholkulariaren IRITZIA
Landa ingurua berebiziko garrantzia du klima aldaketaren efektuei egokitzeko, eta baita ere negutegi efektua eragiten duten gasen isuria murrizteko, bai eta ekosistemek duten CO2a xurgatzeko aukerak handituz. Badira klima aldaketarekin zerikusi zuzena duten hainbat esparru estrategiko, klima aldaketaren erresilientzia sozio-ekologikoa bermatzeko ikuspuntutik ere. Klima aldaketak landa inguruko ekosistemen zerbitzu materialen (elikagaiak, lehengaiak, etab) fluxua baldintzatuko du etorkizunean. Naturarekiko errespetuzko eta gertuko nekazaritza eredu batek klima aldaketarekiko eta berarekin batera nazioarteko merkatuen gora beherei aurre egiteko erresilientzia bermatzeko sektore estrategikoa da.
Beste aldetik, landa inguruak bere prozesu propioak dauzka, hirien dinamiketatik kanpo gelditzen direnak, adibidez arlo sozio-kulturalaren aldetik. Landa inguruan txertatuta dauden hainbat ekosistemen zerbitzu ez-materialak balio handikoak dira lurraldearentzat, adib. identitate kulturala, euskara, etab. bermatuz. Halaber landa inguruetako ekosistemek hirietako biztanleei beste hainbat ekarpen egiten dizkio ere. Ekosistemek erregulazio ekologikoak ziurtatzeko ezinbesteko rola dute, adibidez uraren fluxuak osasun mentala bermatuz, COVID19-aren pandemia egoeran argi nabarmendu delarik. Klima aldaketaren testuinguruan natura baliatu eta natura babesteko beharra dugu biztanleen osasun fisiko eta mentala bermatzeko.
Landa ingurunea eta bertako naturak klimarekin zuzenean lotutako bestelako ekosistema zerbitzu garrantzitsu bat eskaintzen dute, hala nola landarediak eta basoek, CO2a xurgatzeko ahalmen garrantzitsua dutelarik, beti ere beraien kudeaketa egokia bada. Basogintzak badu kasu honetan berebiziko garrantzia. Orain arte basogintza gehien bat merkaturako lehengaiak eskaintzeko kudeatu izan da, baina sektorearen gainbehera ekonomikoaren aurrean, Europako beste leku askotan bezala, landa inguruan jokatzen duen papera zabalagoaz hausnartu beharra dago.
Badira hamaika arrazoi landa inguruak klima aldaketa eta berarekin bat, bioaniztasunaren kontserbaziorako duen rol garrantzitsuaz hausnartzeko. Euskal Herrian klima aldaketaren eta orokorrean erronka sozio-ekologikoei aurre egiteko “Naturan Oinarritutako Irtenbideak” (NBI) behar beharrezkoak ditugu. Landa inguruan NBIak aztertu eta politiketan txertatzeko beharra azpimarratu beharko litzateke. Azkenik, lurraldearekiko atxikimendua, bere populazioaren kapital soziala, etab. identitate kulturalean dute oinarri. Landa inguruan ematen diren hainbat dinamikek identitate kulturalarekin zerikusi handia duten heinean, adibidez euskararekin, jendearen balore kulturalak naturarekin zerikusi handia dute. Naturarekiko balio hauek dinamikasozio-ekonomiko eta demografikoek baldintzatzen dituzte eta klima aldaketa bera dinamika hauen biderkatzailea da. Hau guztiarengatik klima politikek landa inguruan duten eragina sektore anitz zeharkatzen ditu (nekazaritza, energia, basogintza, kultura, etab) landa inguruaren balio estrategikoa nabarmenduz.