TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Hezkuntzak behar du iraultza.

Hezkuntzak behar du iraultza.

Zigor_Ibarzabal

ZIGOR IBARZABAL

Ikastolen Elkarteko Hezkuntza Arduraduna.

[sgb_pgawvc_pdf_button sgb_pgawvc_width=”40″ sgb_pgawvc_height=”60″ sgb_pgawvc_image=”8972″ sgb_pgawvc_class=”” sgb_pgawvc_id=””]

ZIGOR IBARZABAL

Ikastolen Elkarteko Hezkuntza Arduraduna.

[sgb_pgawvc_pdf_button sgb_pgawvc_width=”35″ sgb_pgawvc_height=”50″ sgb_pgawvc_image=”8972″ sgb_pgawvc_class=”” sgb_pgawvc_id=””]

Zuekin partekatzen dudan gogoeta honen lehen lerroetan nire buruari baimena eman diot tenore eta tonu kritiko eta ezkorra izateko. Ez da nire nahia inolaz ere pasartean zehar jarrera mantentzea, ditugun aukerak eta erronka motibagarriak azaleratzea baizik.

Horregatik ez etsi irakurle, arnasa hartu eta irakurtzen jarraitzeko gonbitea egiten dizut, ekaitzaren ostean baitator barealdia.

Bizi dugun egoerak hezkuntza mailan izan beharko lukeen eragina ezinbestean gizarte mailan izan beharko lukeen eraginari elkar-lotuta dago. Gure bizimoduak, ohiturek eta baloreek, eraman gaituzte gauden egoera honetara eta bada garaia norbere buruarekin kritiko eta eraikitzaile izateko. Egoerak gaina hartu digu, pertsonak garela argi utzi digu, zaurgarriak garela alegia eta honek ziurgabetasuna, beldurra eta antsietatea sortu digu. Paradoxa interesgarri baten aurrean ere jarri gaitu: pertsonek mugikortasun eta askatasun mugak izan ditugun garaia naturarentzat arnasgunea eta askatasun momentua izan da (Myllyvirta, L. 2020), paradoxa konplexu bezain minkorra.

Kutsadura, lehengaien usurpazioa, pertsonen esplotazioa, lurralde askoren eta bertako biztanleen osasun eta bizi kalitate ezaren aurreko axolagabekeria, neurririk gabeko kontsumoa eta abar izan dira pandemia honen abiarazle nagusiak. Beraz, egoerari aurre egin eta etorkizunean gertatu daitezkeenak saihesteko ezinbesteko gogoetaren oinarri izan behar dute aipatutako horiek eta gehiago.

Argazkia: Eduardo Gorghetto, Unsplash.

Globalizazio garaian kapitalismo basatiak eragindako mina eta arrakala inoiz baino ageriago geratu dira. Bidegurutze baten aurrean gaude, norabidea aukeratu beharrean, egiten dugun hautuaren baitan aukerez beteriko etorkizuna izango dugu eraikitzeko. Ardura partekatua da, bai. Zure ardura ere bada bide horri ekiteko erabakiak hartzea. Norbanako gisa hartzen ditugun erabakiek gizarte bezala hartuko dugun norabidea marraztuko baitute eta bakarrik horrela lortuko baitugu mundua eraldatzea.

Hezkuntzaren alorrean ere hautuak egiteko momentua da; osasun krisi egoerak agerian utzi du zein den hezkuntzak bizi duen errealitatea.

Ez naiz ni filosofoa ez eta soziologoa ere, hezkuntzan dihardut eta horren inguruan nire ekarpena egiteko ardura hartu dut. Hezkuntzaren alorrean ere hautuak egiteko momentua da; osasun krisi egoerak agerian utzi du zein den hezkuntzak bizi duen errealitatea. Salbuespen egoera honen aurrean Hezkuntza arloko agintariek egindako adierazpenetan etengabe entzun ditugu edukien lanketa eta Curriculum egokitzapenen gaineko mezuak. Ebaluazio kalifikatiboaren garrantzia eta berau aurrera eramateko irizpide eta betebeharrak. Horien aurrean hainbat galdera eta zalantza sortu zaizkit; non geratu dira konpetentziak? Pertsonaren ongizatea? Hezkuntzaren rol berdintzailea? Hezkuntza komunitateari arreta eta begirunea? Hezkuntza sakoneko iraultza baten aurrean dago eta berriro ere zuk iraultza horren protagonista izateko aukera duzu Fullanek dion bezala (Fullan, M. 1998).

Egungo eskola antolaketak ez die ikasleen beharrei eta beraien ikaskuntza prozesu arrakastatsu baterako ezaugarriei erantzuten.

Egungo eskola antolaketak ez die ikasleen beharrei eta beraien ikaskuntza prozesu arrakastatsu baterako ezaugarriei erantzuten (Varona, E.J. 2015). Antolaketa orokorrari erreparatuz, ikasleak mailaka antolatzen ditugu, adin berdineko pertsona guztiek ezaugarri, behar, gaitasun eta interes berdinak izango balituzte bezala. Adin ezberdinetako pertsonen arteko elkarrekintzak ikaskuntza prozesuan zein maila pertsonalean dituen onurak ere ezagunak dira eta horiek garatzeko oztopoak eta mugak jartzen ditu egungo ereduak (Montessori, M.). Bestalde, ordutegiak ikasarloen baitan banatzeak eta arlo bakoitzari eskaini behar zaion denboralizazioa zehazteak ere hezitzaileen antolaketarako erraztasunak ematen ditu ez besterik. Ikasleek ez dituzte matematika, hizkuntza eta natur zientziak era isolatu batean ikasten, modu globalizatuan ikasten ditu (Zabala, A. 1989) eta ezagutza ezberdinen arteko loturak eta transferentziak eginez barneratzen du ikasitakoa. Curriculumaren antolaketak ez du era positiboan eragiten. Zehatzago esateko, Curriculumaren zurruntasuna eta pisua dira hezitzaileak ito eta ikasleak aspertzen dituena. Edukien transmisioan oinarritzen da eta konpetentzia metadiziplinarren lanketan oinarritzen den eredu baterako gogoeta egitea ezinbestekoa izango da. Ezagutzaren eta informazioaren garaian bizi gara eta oraindik ere XIX. mendeko gizarte egoerari erantzuten dion hezkuntza eredua baliatzen ari gara. Gizartearen ezaugarriak aldatu diren heinean hezkuntza ere aldatuz joan da, arazoa da aldaketa horiek ez direla neurri eta abiadura berdinean gertatu eremu batean eta bestean.

Curriculumaren zurruntasuna eta pisua dira hezitzaileak ito eta ikasleak aspertzen dituena. Edukien transmisioan oinarritzen da eta konpetentzia metadiziplinarren lanketan oinarritzen den eredu baterako gogoeta egitea ezinbestekoa izango da. Ezagutzaren eta informazioaren garaian bizi gara eta oraindik ere XIX. mendeko gizarte egoerari erantzuten dion hezkuntza eredua baliatzen ari gara.

Argazkia: Dragos Gontariu, Unsplash.

Hezkuntzaren funtzio edo xedeari iruzur egiten ari gara, azpijokoan ari gara. Kongresu, sinposio eta aurkezpenetan behin eta berriz entzun eta askotan errepikatu dugu ikaslea erdigunean jartzen duen pedagogia garatu behar dela eta asko dira beraien hezkuntza proiektua definitzeko esaldi hori erabiltzen dutenak. Baina zer ulertzen dugu “pertsona erdigunean” espresioarekin? Askotan baliatzen den beste esamolde bat haurra, gaztea edota nerabea da ikasketa prozesuaren protagonista da. Aurretik aipatutako ideiarekin bat dator eta gakoa hori nola egiten den zehaztean datza, zein da irakaslearen rola horrelako irakaskuntza prozesu baten aurrean? Hezkuntza sistemak gogoeta sakon eta argigarria eskatzen digu izan ere, pandemia garaian ditugun hutsune eta beharrak agerian geratu dira eta momentuan galderak gehiago dira ditugun erantzun landuak baino. Zer nahi dugu gure ikasleek bizi eta ikasi dezaten? Bizi garen garaian esanguratsua al da horrenbeste eduki barneratu behar izatea? Zertarako behar ditugu edukiak? Zein da edukien lanketa eta konpetentzien garapen arteko oreka egokia? Zein aldaketa behar ditu Curriculumak ikasle profilari erantzuteko? Etorkizunak aukerak eskaintzen dizkigu, itxialdi egoera honetan bizitakoak eskenatoki berrietara leihoak zabaldu dizkigu eta orain, inoiz baino gehiago, aldaketa horiek irudikatzeko eta definitzeko ardura daukagu.

Argi izan behar dugu gure ikasleekin zein ezaugarri garatzeko lan egin nahi dugun, zein den landu nahi dugun ikasle profila eta zein diren gure erakundean ikastearen ondorioz ikasle horiengan sortu nahi ditugun inpaktuak.

Ikastetxeek funtzio berriak integratu behar dituzte, ez da nahikoa ezagutzen transmisioan zentratzea. Argi izan behar dugu gure ikasleekin zein ezaugarri garatzeko lan egin nahi dugun, zein den landu nahi dugun ikasle profila eta zein diren gure erakundean ikastearen ondorioz ikasle horiengan sortu nahi ditugun inpaktuak. Pertsona ereduaren definizio hori izan behar da ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuen oinarria eta iparra. Ezaugarri horiek garatzeko hezkuntza ildoak identifikatu eta hautu metodologikoak egin behar ditugu eta besteak beste Curriculuma, eskola antolaketa, espazioen banaketa eta erabilera, denboraren antolaketa, naturarekin harremana, harreman soziala ere baldintzatuko dituzte.

Ikuspegi soziolinguistikotik ere Euskal Herrian daukagun erronka ez da makala. Euskararen ezagutza eta zabalkundea eta euskal kulturaren transmisioa hezkuntzaren egitekoen zerrendan kokatu den beste zeregin bat da.

Ikuspegi pedagogikotik iraultza baten beharrean dago hezkuntza baina ez da eraldaketa hori behar duen alor bakarra. Ikuspegi soziolinguistikotik ere Euskal Herrian daukagun erronka ez da makala. Euskararen ezagutza eta zabalkundea eta euskal kulturaren transmisioa hezkuntzaren egitekoen zerrendan kokatu den beste zeregin bat da. Ez dut esan nahi ikastetxeek bakarrik dutenik ardura hori, badira beste zenbait erakunde ibilbide horretan bidelagun izan direnak eta guztien artean ekarpen ikaragarria egin da baina datuek erakusten digute egindako esfortzu eta lana ez direla guztiz eraginkorrak izan. Euskararen ezagutzaren datua azken urte luzeetan izan dugun daturik onena izan bada ere (Soziolinguistika Klusterra), kalean eta jendearen ahotan ez da oraindik behar eta nahi beste entzuten. D ereduan ikasteak XX. mende erdialdean zegoen arazoa konponduko zuela uste zen eta hein batean bere eragina izan du, hala ere, sozialki ezagutzen den baina erabiltzen ez den hizkuntza bat da gurea eta horrek etorkizunean iluntasunak marrazten ditu. Euskal gizarteak elkarlanean, irmo eta era koordinatuan heldu behar dio desafio honi. Agintari eta erakundeek batez ere, baina baita eragile eta herritarrok ere. Epe luzerako helburuak bezain garrantzitsuak dira epe ertain eta laburreko ibilbideak eta estrategia horietan ezinbestekoa izango da herri honen hizkuntza gutxitua dela kontuan hartzea. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren berbak baliatuz, euskara bera gizarte ongizaterako ez ezik, kohesioa, berdintasuna eta justizia ere lortzeko oinarrizkoa da, are gehiago horrelako egoera berezi batean, are gehiago hizkuntza eskubideen urraketak han eta hemen gertatzen ari direnean.

D ereduan ikasteak XX. mende erdialdean zegoen arazoa konponduko zuela uste zen eta hein batean bere eragina izan du, hala ere, sozialki ezagutzen den baina erabiltzen ez den hizkuntza bat da gurea eta horrek etorkizunean iluntasunak marrazten ditu.

Argazkia: Oussama Zaidi, Unsplash.

Hezkuntza eta hizkuntzaren ikaskuntza eta erabileraren arteko sinergiak ezinbestekoak dira testuinguru erdaldunetan bizi diren ikasle eta familien errealitatean. Pandemia egoeran euskara irakasleekin eta telematikoki entzun eta baliatu duten ikasleen kopurua nahi baino handiagoa da, egoera soziolinguistiko zaurgarrian daude. Kasu horietan auzo eta herri mailako egitasmoak abiatu dira ez ohiko egoerak euskararen ikaskuntza eta erabileran ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Kasu hauetan ere hezkuntza eta beste erakunde eta mugimenduen arteko elkarlana izan da gakoa.

Hizkuntza bat ezagutzen ez duen pertsona batek ikas dezan, hizkuntza hori ikasteko motibazioa behar du. Motibazioa sustatzeko, hizkuntzak erakargarria izan behar du; hizkuntza baten ikaskuntza prozesua soziala dela adierazten dute ikerketek (Brunner, J.; Vygotsky, L.) eta beraz, erabiltzeko gogoa, beharra eta aukerak sortu behar dira. Eskenatoki horretan egingo du pertsona batek hizkuntza berri bat ikasteko esfortzua. Konponente emozional bat ere badauka (Moskowitz, G.; Goleman, J.; Gardner, H.; Krashen, S.) eta Euskal Herritarron ardura eta konpromisoa dira gure hizkuntza eta kulturarekiko maitasuna eta atxikimendua erakustea. Globalizazio garaian munduko biztanleriaren mugikortasuna fenomeno garrantzitsua da soziolinguistika ikuspegitik. Asko dira beraien jatorrizko herrialdetatik gurera bizitzera etorri direnak; beraien kultura, familia eta lagunak agurtu eta bizimodu berri baten bila abiatu direnak. Herri bezala dagokigu pertsona hauek euskalduntzeko lanari heltzea eta beraien kultura eta hizkuntza errespetatuz gure ezagutu eta bizitzera gonbitea egin behar diegu. Horretarako aldiz, hizkuntza eta kultura biziak ikusi behar dituzte; sozialki erabiliak, maitatuak eta garrantzitsuak direla sentitu behar dute. Hizkuntza eta kulturartekotasuna inklusiorako gakoak izango dira.

Argazkia: Markus Spiske, Unsplash.

Euskarak bere lekua aldarrikatzen du hedabideetan, politikan, industrian, komertzioan, ostalaritzan, lanean, harremanetan eta esparru guztietan. Herritarroi dagokigu merezi duen protagonismoa exijitzea eta arduradun politikoen zeregina da hizkuntza bultzatzeko, erabiltzeko erabakiak hartzea. Bide luzea dugu aurretik egiteko eta pausuak ematen jarraitu behar dugu beranduegi izan baino lehen. Argi dago orain artean egindakoak ez dituela nahiko genituzkeen fruituak eman, horrenbestez bakoitzak duen rol eta arduratik gogoeta egin eta elkarlanera batzea behar beharrezkoa da.

Gazte eta nerabeek euskaldun kontzeptua gaurkotzeko beharra dagoela erakutsi digute, beraien ikuspuntutik ez da erakargarria egun euskaldun izatearen irudia. Espainieraren eta frantsesaren presioa, sozialki duen presentzia, eskaintzen dituen erreferenteen erakargarritasuna, moda kontua eta abar dira ikertu behar ditugunak eta beraientzako erreferente erakargarriak sortzeko beharra dago.

Gizartea aldatzearekin batera, pertsonen baloreak ere asko aldatu dira azken 30 urtetan. Krisi sozial bat bizi dugu (Azkarraga, J); garai bateko militantzia, auzolana, elkartasuna, konfiantza eta konpromisoa diluitu egin dira. Bere ondorioak izan ditu euskal nortasunaren izaeran eta zabalkundean eta nola ez hizkuntza ohitura eta erabileran. Familietan eta gazte eta nerabeengan ere antzematen dira aldaketa horien ondorioak. Haur direnean euskara erabiltzen duten pertsona askok nerabezaroan euskara erabiltzeari uko egiten diote eta kasu batzuetan familia hizkuntza aldatzera ere eramaten ditu. Gazte eta nerabeek euskaldun kontzeptua gaurkotzeko beharra dagoela erakutsi digute, beraien ikuspuntutik ez da erakargarria egun euskaldun izatearen irudia. Espainieraren eta frantsesaren presioa, sozialki duen presentzia, eskaintzen dituen erreferenteen erakargarritasuna, moda kontua eta abar dira ikertu behar ditugunak eta beraientzako erreferente erakargarriak sortzeko beharra dago. Euskaldunak anitzak gara, herri eta hirietan bizi garen musikariak, aktoreak, diseinatzaileak, youtuber-ak, instagramer-ak, irakasleak, dantzariak, zerbitzariak, surflariak, komertzialak, dendariak… gara baita baserritar eta artzainak ere eta horiek guztiak bisibilizatzeak, ikusgai egiteak generazio berriengandik gertuago egotera eramango gaitu.

Pertsona eta gizartekide garen heinean eraldaketa honetako ezinbesteko protagonistak gara. Ezina ekinez egina leloari jarraiki etorkizuneko ereduak definitzeko lan egitea dagokigu, norbanako arduratik abiatu eta ardura kolektibora jauzi eginez.

Idatzian zehar tenore aldaketa sumatu duzulakoan nago, arazoak identifikatzetik aukerak zehazteko saiakera egin dut. Esparru ezberdinetan zabaltzen dira erronkak; gizarte mailakoak, hezkuntza arlokoak, hizkuntzari dagozkionak eta abar. Ikasketa gertatzeko testuinguruan gaude baina ikasketa ez da bere kabuz gauzatuko, erronkari heldu egin behar diogu eta horrek ardura eskatzen digu. Pertsona eta gizartekide garen heinean eraldaketa honetako ezinbesteko protagonistak gara. Ezina ekinez egina leloari jarraiki etorkizuneko ereduak definitzeko lan egitea dagokigu, norbanako arduratik abiatu eta ardura kolektibora jauzi eginez. Testuaren hasieran irakurgaia irakurtzeko gonbidapena egin dizudan bezala, orain eraldaketan parte hartzaile aktibo izan zaitezen erabakiak hartzera gonbidatzen zaitut.