Hizkuntza eskubideak eta euskararen presentzia turismoa edo ostalaritzari lotutako jardueretan

Iturria: Oarsoaldeko Hitza
Uda garaian jarduera batzuk biderkatzen dira: Turismoa eta ostalaritza, aisialdira zuzendutako mota guztietako jarduerak…
Horrek guztiak bezeroen hizkuntza eskubideetan edo gure herri eta hirietako paisaia linguistikoan ere eragina du, nola ez. Urte guztian zehar eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera eta hizkuntza eskubideen bermea gainditu gabeko gaiak diren arren, uda edo turismoari berariaz lotutako garaietan modu berezian ikusten dugu euskararen presentzia eta erabileraren baldintzatzea.
Ostalaritza dugu euskararen presentzia falta edo bezeroek euskara erabiltzeko ezintasun gehien izaten dituzten arloetako bat. Herri batzuetan jarduera hau lantzeko berariazko neurriak hartzen diren arren –UEMAk uda guztietan egiten duen kanpaina adibide–, hizkuntza erabilerarekiko sektorearen betebeharrik eza, formakuntza eta kontzientziazioan neurri egokirik eza eta, orokorrean, prekarizazioaren ondorio ere badira egun ostalaritzan gertatzen denaren seinale.
Ondorengoak Euskararen Telefonoan jasotako adibide batzuk dira, bezeroek ostalaritzako negozioetan euskaraz kafesne bat edo ardo bat eskatzerakoan jaso dituzten erantzunak hain zuzen:
“Háblame en castellano”, “No tengo obligación de hablar euskera y no quiero aprenderlo”, “¡Que no hablo euskera!”, “No tengo por que aprender euskera”, “¡No te entiendo, es que no soy de aqui! Estamos en España”, “No entiendo euskera ni quiero saber”.
Argi dago erantzun batzuek euskara eta euskal hiztunekiko aitortza eza erakusten dutela, baita norbaitek euskaraz egite hutsa erasotzat hartzen duenik ere badela. Baina, hortik harago, erakusten du bezeroei eskainitako zerbitzuen kalitatean edo bezeroekiko arreta onean hizkuntza eskubideen aitortzak eta behar bezalako tratamenduak duen garrantzia ez dela kontuan hartzen. Nola ez, euskaraz lan egiteko gaitasun edo ohitura eza, eta sektorean atzerriko hizkuntzak lehenestea ere, arazo ditugu.
Honi guztiari lotuta, hartu beharreko neurriez hitz egiterakoan, sektore hauetako Lanbide Heziketako formakuntzaz gogoeta egin nahiko nuke. Izan ere, oinarrizko lanbide heziketari lotutako formakuntza izaten da gehienetan ostalaritza, merkataritza edo bestelako zerbitzu pertsonalen sektoreetakoa (turismo eta aisiari lotutako jarduerak, zaintzari lotutakoak…). Foko garrantzitsu bi argi ikusi genitzake: bata, formakuntza hauek euskaraz –D ereduan– egiteko askoz aukera gutxiago daudela (zer esanik ez lurraldearen arabera), eta bestea, formakuntza hauetako askotan ingelesa irakasgai dela A ereduan ere, euskara aldiz ez (eta beharko luke).
Adibide batzuk jarri nahiko nituzke: merkataritza zerbitzuen Oinarrizko Lanbide Heziketan, aukera bakarra Gipuzkoan dago eta ez da zentro publikoa. Bidaia agentzia eta ospakizunen kudeaketa eskaintza osoa A ereduan egiten da (eta ingelesa irakasgaia da, euskara ez). Ostalaritza eta turismo alorreko oinarrizko formakuntzetan 12 zentrok soilik eskaintzen dute D eredua, A eredua EAEko 60 zentrok eskaintzen duten bitartean.
Nafarroan sukaldaritza eta jatetxeetako oinarrizko Lanbide Heziketa 6 zentrok eskaintzen dute, denak A ereduan eta gida, informazio eta asistentzia turistikoetarako zikloak ere gaztelania edo gaztelania-ingelesa ereduetan egin daitezke, euskaraz ez (gaztelania hutsean direnak ingelesa irakasgai bezala dute).
Hizkuntza eskubideak, euskararen aitortza, egungo egoera eta jarrerak… ez da ezer berezkoa. Esparru pribatuan ere euskaraz berdintasunean bizitzeko hainbat eragin esparrutan neurriak hartu beharra dago, aldaketak errotik planteatuko dituzten neurriak.
Agurne Gaubeka Erauskin.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria.