TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Hizkuntza politikarako arkitektura juridikoaren ahultasuna

Hizkuntza politikarako arkitektura juridikoaren ahultasuna


Euskararen Oinarrizko Legea, orain dela 43 urte onartu zen 1982an. Lege hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan beste hainbat arau onartu dira orduz geroztik, besteak beste, administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko helburuarekin. Azaroaren 25eko 250/1986 dekretuak jaso zuen lehenbiziko aldiz lanpostuetako hizkuntza eskakizunen kontzeptua, orain dela 39 urte

Horren ondoren etorri zen urte luzeetan Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen hizkuntza normalizazioaren norabidea markatu duen 86/1997 Dekretua. Dekretu honi esker, besteak beste, administrazioan euskararen erabilera progresiboki normalizatzen joan da bai zerbitzu hizkuntza gisa, bai lan hizkuntza gisa eta baita komunikazio hizkuntza gisa ere. 

86/1997 Dekretuan jaso zen lehen aldiz administrazioek bete behar zuten derrigorrezko hizkuntz eskakizunen indizea. Derrigortasun indize hori honela finkatu zen: euskaldunak + ia-euskaldunak/2 (administrazio bakoitza kokatua dagoen ingurune soziolinguistikora egokituta). Indize hori, orain arte beti ulertu izan da bete beharreko gutxieneko indize gisa eta hala jakinarazi izan dute kolore politiko desberdinetako jaurlaritzek. 

Testuinguru juridiko eta soziopolitiko horretan garatu da administrazioaren euskalduntze prozesua eta langile publikoen euskara-gaitasunaren bilakaera progresiboa. Progresibotasun eta zuhurtzia handiz egindako prozesua izan da. Aipatu dekretuak euskara zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza ere izan dadin ezartzen zituen helburuei jarraituz, lanpostuetan euskara jakitearen betekizuna progresibotasunez eta proportzionaltasunez ezartzen joan dira administrazioak. Esate baterako, Gipuzkoako administrazioetan batez beste %1–1,5 igo da derrigortasun indizea (baita Gipuzkoatik kanpoko beste entitate batzuetan ere). Ia 40 urteko prozesu luze batez ari gara hizketan.

Eraldaketa sozialerako prozesu eredugarri bat izan da. Horregatik egin ahal izan da bake sozialeko giroan eta gehiengo zabalaren aldekotasunarekin, bai administrazio barruan, bai gizartean.

Urteetako lan etengabe eta jarraituak eta jende askoren ahaleginak ekarri du gaur egun administrazio asko indize soziolinguistikoaren gainetik egotea, hainbat erakundetan ezagutza unibertsaletik gertu. Ezagutza poliki-poliki orokortu izanak erabileran eragiteko baldintzak sortu ditu, zerbitzu-hizkuntzaz harago, euskara lan-hizkuntza ere izan dadin.

Izan ere, esperientziak erakutsi digu euskararen ezagutza orokortu den entitateetan bakarrik bihurtu litekeela euskara ohiko lan-hizkuntza eta, hain zuzen ere, lan-hizkuntzan eragitea dela gakoa, zerbitzu-hizkuntzan ere eragin ahal izateko eta zerbitzu hori kalitatezkoa izateko. Izan ere, nola izan daiteke administrazio bat elebiduna langile elebidunez osatua ez badago?

Administrazio elebidun batek eskatzen du langile elebidunez osatutako administrazio bat izatea. Alegia, lurraldeko bi hizkuntza ofizialen ezagutza langile publiko izateko bete beharreko meritu eta gaitasun printzipioen barruan sartzen da. (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoak ere hala jasotzen du 56. 2. artikuluan,: “Las Administraciones Públicas, en el ámbito de sus competencias, deberán prever la selección de empleados públicos debidamente capacitados para cubrir los puestos de trabajo en las Comunidades Autónomas que gocen de dos lenguas oficiales “. Jurisprudentzia ere topatzen dugu bi norabideetan, hizkuntza ofizialen ezagutza ezinbesteko gaitasunen barruan sartzen duena eta ez duena).

Eta halaxe ikusten du herritarren gehiengo zabalak, herritarren zerbitzura dagoen langile publiko batek herritarren bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar dituela. Eusko Jaurlaritzak egin izan dituen inkestetan gehiengo zabalak adierazi du uste hori, Inkesta Soziolinguistikoa deritzan argitalpenean esaterako.

Espainiako estatuan ere horrelako hausnarketak egin dira eta aipatzekoak dira Kataluniako eta Galiziako ereduak. Katalunian eta Galizian bertako administrazioetan lan egiteko katalanera eta galiziera jakin behar da. Sarbiderako ezinbesteko baldintza da.

Egia da estatuko hizkuntza gutxituen normalizazio prozesuak direla-eta, konstituzio-jurisprudentzia aldatuz joan dela. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, deigarriagoa da zenbait epaitegik, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia nola aldendu den Konstituzioaren doktrinatik, batez ere euskararen inguruko edozein eskakizun edo klausula despropozionatutzat jota. Gai honen gainean pronuntziatu dira euskalgintzatik oso urruti dauden hainbat legelari aditu; esaterako, Xabier Arzoz, Luken Larburu, Javier Moreno, Iñigo Urrutia, Begoña Perez de Eulate, Luis Maria Rousse edo Eva Pons …. Azken epaiek agerian uzten dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, aditu askoren ustez Konstituzioaren interpretazio oso oker bat eginez, euskararen ezagutza meritu eta kapazitate printzipiotik at utzi nahi duela.

Hala, gaurko egunean ordezkaritza politiko apala duten zenbait eragile eta oligarkia elebakarzalearekin bat egiten duen Langile Sindikatu bat epaitegiak erabiltzen ari dira hizkuntza politika aktiboak garatzeko. Epaitegiak ari dira diseinatzen une honetan Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza politika eta urgentea da hizkuntza politika itzultzea dagokion toki legitimora; herriak aukeratutako legebiltzarrera eta gobernuetara.

Eremu honetan ezin da aipatu gabe utzi euskararen normalizaziorako legedia betetzen ez duen lehenengo eragilea Estatuko administrazioa dela, oro har, eta justizia administrazioa, bereziki,euskal hiztunen eskubideak sistematikoki urratuz.

Azken epaiek administrazio erabat segregatzaile baten alde egiten dute. Administrazio bat non euskarazko arreta jaso ahal izateko, euskal hiztunei eta euskal hiztunen komunitateari ilara berezi bat jartzea nahikotzat eta ontzat ematen duten.

Administrazio bat non gaztelania den eta izango den lan-hizkuntza nagusia, nagusitasun handiz eta ezinbestean, ia Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztietan. Gaurko egunean euskarazko jardun nabarmena duten hainbat erakunde, orain dela 20-30 urteko egoerara itzularaztea izango litzateke epai horiek batere hausnarketarik gabe eta itsuan aplikatzea. Hori gertatzeko arrisku haundia dago, Eusko Legebiltzarrak edo Eusko Jaurlaritzak beharrezko neurriak hartu ezean.

Administrazio aurreratuenetan (Euskaltzaindiaren Gogoetagunearen kontzeptuak erabiliz) ezagutza orokortu ezean, betiko sorgin gurpilean katramilatuko gara: elebakarrek elebidunen euskarazko jarduna eragotziko dute, euskara erabili ezin eta elebidunen euskara gaitasuna kamustuko da, eta, berriz ere, gure hizkuntza politikaren argia ia erabat gaitasunean eta itzulpenetan jarri beharko genuke. Hori bai, berriz ere esango dugu, gaztelaniaz egiten dugula “ohituragatik”; baina ez, ez da egia, sistemak behartzen gaitu horretara.

Testuinguru honetan agerian geratu da Euskal Autonomia Erkidegoko arkitektura juridikoaren ahultasuna eta ekaitz perfekto honen erdian onartu zen azken arau nagusia, 19/2024 Dekretua hain zuzen ere. Dekretu honekin ez da lortu normalizazio prozesua babestuko duen arkitektura juridiko sendo bat osatzea eta azken sententziek kolapsoaren atarira eraman ditu administrazio asko. Egoera horren aurrean inoiz baino beharrezkoagoa da normalizazio-prozesuan atzera ez egiteko baldintzak bermatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskura dagoen araudia egokituz eta osatuz.

Euskararen biziberritze prozesurako administrazioaren plaza ez da edozein plaza. Plaza hori galtzea errore historiko bat izango da, inflexio puntu bat euskararen hiztun-komunitatearentzat eta euskararen normalizazio-prozesuan.

Izan ere, nola eragingo dugu, administrazioaz harago, beste dimentsio batzuetan administrazio barruan etxeko lanak egin ezean? Sinesten al dugu hizkuntzaren normalizazioan administrazioak eredu izan behar duela? Nola izango da administrazioa eragile eta indar orekatzailea administrazioan bertan euskara mendeko hizkuntza bada? Nola azalduko diegu administrazioko langileei eta herritarrei aurrera egiten jarraitzeko baldintzak sendotu ordez, kontrako bideari ekin behar diogula eta atzera egin behar dugula? Askok eta askok izugarrizko ahalegina egin dute euskara ikasi eta lanpostua eskuratzeko.

Gero eta familia erdaldun gehiagok ez al dute pentsatuko zertarako eraman seme-alabak euskarazko ereduetara? Zertarako ikasiko dute gure lurraldera bizitzera etorriko direnek euskara, gaztelaniarekin nahikoa bada? Katalunian ikasi genuen hizkuntza gutxitu batek aurrera egin dezan, besteak beste, “útil i necessari” izan behar dela.

Iruditzen zait azken sententzien harira hausnarketa bat ireki behar dela nahi dugun administrazio-ereduaren inguruan. Garaia da eztabaidagaia dagokion lekuan jartzeko. Zeren erantzun beharreko galdera ez da, hizkuntza eskubideak bai ala ez. Denok ados gaude, teorian, euskal hiztunek erdal hiztunek dituzten hizkuntza eskubide berberak izan behar dituztela.

Mahai gainean jarri beharreko galdera beste bat da: nolako normalizazio paradigma nahi dugu? Nafarroako eremu mistoko eredura joan nahi dugu edo Danimarkako gutxiengo alemanaren eredura? Alegia, euskaldunak Europako beste hainbat minoria bezalako bat garela aitortzea eta minoria bati dagozkion oinarrizko eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika bat egitea euskarak gizartean duen minorizazio maila erreproduzitzera mugatuz .

Edo euskaldunen hizkuntza komunitateari erabateko garapena ahalbideratuko dion eta euskararen erabateko normalizazioa ahalbidetuko duen prozesu bat jarri nahi dugu abian berdintasun eta kohesio baloreetan oinarrituta? Ez al du merezi euskararen hiztun komunitateak, munduan bizitzeko daukan lurralde bakarrean, etorkizunean ere izaten jarraitzeko baldintzak eraikiko dituen administrazio bat?

Joxean Amundarain Iturrioz.

Hizkuntza Normalkuntzako teknikaria.