TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Justuak dira, hizkuntza politika “koertzitiboak”?

Justuak dira, hizkuntza politika “koertzitiboak”?

Argudio nagusien zirriborro bat

Egilea: Savvas Stavrinos. Iturria: Pexels

Hizkuntza hegemonikoan zein hizkuntza gutxituan aritzen diren hiztunak elkarrekin bizi diren gizartean, bidezkoa da hizkuntza gutxitua sustatzea helburu duten hizkuntza-politika “koertzitiboak” aplikatzea? [i] Adibidez, bidezkoa da hizkuntza hegemonikoan aritzen diren hiztunak hizkuntza gutxituan ikastera behartzea? Edo bidezkoa da langile publikoak izateko hizkuntza horren maila jakin bat egiaztatzera behartzea? Galdera horiek guztiak bereziki eztabaidagarriak dira gizarte liberaletan planteatzen direnean, zeinetan, hizkuntza gutxituaren hiztunen elebitasuna dela eta, gehiengoaren eta gutxiengo nazionalaren arteko komunikazioa dagoeneko posible den hizkuntza hegemonikoan.

 

Hori litzateke Kataluniaren kasua, non postulatu batzuen arabera zaila baita ulertzea zergatik eskatu behar den katalana jakitera, baldin eta hizkuntza gutxituan hitz egiten duen taldearen elebitasunari esker, katalan eta erdal hiztunek beti elkarrizketa bat erdaraz gauzatu badezakete. Horrek, norbanakoaren askatasuna demokrazia liberalen printzipio preziatuenetako bat dela gehituta, eragiten du batzuetan hizkuntza hegemonikoan hitz egiten duen taldeko kideen autonomia nolabait murrizten duten neurriak –hala nola katalanezko konjuntzio eredua edo funtzio publikora sartzeko hizkuntza-eskakizunak– sektore soziopolitiko batzuetatik ikustea (baita zenbait zirkulu akademikotatik ere) ez-liberal, koertzitibo eta bidegabetzat (Miley, 2006; Centre d’Estudis d’Opinió, 2022). Dena den, gizarte liberaletan zenbateraino izan daitezke bidezkoak hizkuntza gutxitu bat babestea helburu duten hizkuntza-politika “koertzitiboak”, non hizkuntza gutxituan hitz egiten duen taldea dagoeneko elebiduna den eta, beraz, hizkuntza hegemonikoa ezagutzen duen? [ii] Ohar honetan dilema etiko-moral horri erantzuna ematen saiatuko naiz, “Are ‘coercive’ language policies fair?” (Pena– Tarradelles, 2024) artikuluaren sintesitik abiatuta, zeinean filosofia politikoa erreferentziazko marko teoriko handia bilakatzen den.

 

Hizkuntza-justiziaren teoriak

XX. mendearen amaieratik gizarte eleaniztunetako hizkuntza-aniztasunaren kudeaketari buruzko eztabaidak filosofia politikoan aztergai izan dituzte. Orduz geroztik, eta bereziki XXI. mendearen hasieratik, hainbat autorek bi galdera nagusiren inguruan hausnartu dute: batetik, zergatik diren hizkuntzak garrantzitsuak –hau da, zer balio duten pertsonentzat– eta, bestetik, nola banatu behar ditugun balio horiek modu ekitatiboan hizkuntzen kudeaketa justu bat lortzeko. Horrela sortu dira justizia linguistikoaren hainbat teoria eta hiru ildo teoriko handitan sailka ditzakegu: hizkuntza-instrumentalismoa, hizkuntza-lurraldetasuna eta hizkuntza-aniztasuna (Morales-Galvez i Riera-Gil, 2019).

 

Alde batetik, hizkuntza-instrumentalismotik (Barry, 2002; Pogge, 2003) jotzen da hizkuntzak balioa duela, batez ere komunikazio-tresna den aldetik. Horrenbestez, eredu horrek defendatu ohi du: hizkuntzari dagokionez pluralak diren gizarteetan, hizkuntza-ordezkapeneko prozesuak ez direla bidegabeak, kontrakoa baizik. Hizkuntza hegemonikoak balio komunikatibo handiagoa duenez –hau da, jende gehiagorekin informazioa trukatzeko aukera ematen du–, hizkuntza-talde minorizatua hizkuntza hegemonikoa hitz egitera pasatzeak dakar hizkuntza hegemonikoan aritzen den taldearen aukera sozioekonomiko berdinak izatea, deliberazio demokratikorako sarbide berdina, mugikortasun handiagoa, elkarrekiko konfiantza eta kohesio handiagoa izatea. Beraz, hurbilketa horretatik, hizkuntza hegemonikoa sustatzearen alde egiten da, justizia sozioekonomikoa bultzatzeko.

 

Bestetik, hizkuntza-lurraldetasunetik (Kymlicka, 1995; Van Parijs, 2011) eta hizkuntza-aniztasunetik (De Schutter, 2008, 2014; Patten, 2003, 2014) adierazten da ezinezkoa dela herritar guztiak norbanako aske eta berdin gisa tratatzea, hizkuntzen balio identitarioa eta hortik datozen interesak kontuan hartzen ez badira: duintasunarena eta norbanakoaren autonomiarena. Hala, bada, bi teoria horien arabera, ezkutuan edo esplizituki hizkuntza hegemonikoari soilik mesede egiten dioten hizkuntza-politikak egiteak tratu desorekatua sortzea eragiten du; izan ere, norbanako batzuek –hizkuntza hegemonikoaren hiztunek– beren identitate-interesak aitortuta eta gauzatuta ikusten dituzten bitartean, besteek – hizkuntza gutxiengotuaren hiztunek– beren duintasuna eta autonomia kaltetua ikus dezakete.

 

Horrek guztiak ondorio batera garamatza: demokrazia liberal batean, herritarren arteko berdintasuna beste printzipio oinarrizkoenetako bat dela dioen honetan, hizkuntza-instrumentalismoaren eredua aplikatzea –eta, beraz, hizkuntza hegemonikoa bakarrik sustatzea– ezingo litzateke bidezkotzat jo, talde baten interesak –bereziki identitarioak– bestearen gainetik lehenetsiko lituzkeelako. Ondorioz, bai lurraldetasuna eta bai hizkuntza aniztasuna, [iii] hizkuntza hegemonikoa eta gutxitua aitortzea defendatzen dutenak, norbanako guztien komunikazio eta identitate interesak modu ekitatiboan tratatzeko, moralki eredu onargarriagoak eta justuagoak izango lirateke, hiztunen arteko berdintasuna bermatzen baitute. Hori bai, horrek esan nahi al du bidezkoa dela hizkuntza gutxituak babesteko neurri “koertzitiboak” aplikatzea?

Justizia linguistikoaren teoria klasikoak (TLJ) (1) liberalismoa I edo II eta (2) garrantzitsutzat jotzen dituzten hizkuntzen balio eta interesei lotutakoak. [Koloreko irudia ikusi wileyonlinelibrary.com helbidean]

Konbergentzia-eredu eleaniztuna

 

Konbergentzia eleaniztunaren ereduari jarraituz, Morales-Galvezek (2017) dio, hizkuntza aniztasun handiko gizarte batean, hizkuntza gutxitua eremu publikoan aitortzeko ekintza soila agian ez dela nahikoa tratu-berdintasuna lortzeko. Egilearen ustez, norbanakoen arteko menpekotasun-ereduak eta, beraz, menderatze-harremanak ezar ez daitezen, hizkuntza hegemoniko eta gutxituaren hiztunen arteko elkar ulertzea sustatu behar da, hau da, bakoitzak bere hizkuntza eremu publikoan erabiltzeko eskubidea izan behar du eta bestearen hizkuntza ulertzeko betebeharra. Dena den, Morales-Gálvezek (2017) dioen bezala, hizkuntza hegemonikoaren taldea eta hizkuntza gutxituarena nahastuta bizi diren gizarteetan, askotan, elkarrekiko elebitasun hori ezin da lortu hizkuntza gutxitua modu esplizituan babestu eta sustatu gabe, hau da, neurri “koertzitiboekin” (esaterako, eskolako komunikazio-hizkuntza bihurtzea). Hau da, hizkuntza hegemonikoaren boterea eta indarra direla eta, hizkuntza hegemonikoaren taldeak ez du sentitzen hizkuntza gutxitua ikasteko beharrik, onartzen baitu hizkuntza gutxituaren hiztun taldea bere hizkuntzara (hizkuntza hegemonikora) batuko dela.

 

Neurri “koertzitibo” horiek ezarri arren, Morales-Galvezen (2017) ustez, eredu horrek ez du herritarren askatasuna murrizten, kontrakoa baizik: emantzipatzen ditu. Egilearen ustez, herritarren arteko elkar ulertzea lortu nahi duten hizkuntza-politikak ezartzeak menperatze-harremanak ezabatzearen alde egiten du eta, beraz, hiztun guztien arteko berdintasuna sustatzen du, bai esparru komunikatiboan, bai identitarioan. Zehatzago esanda, Morales-Galvezek (2017) dio elkarrekiko elebitasun mota honek aukeratzeko testuinguruak zabaltzen dituela eta, beraz, (1) herritar guztien autonomia indibiduala zein (2) norbanako guztien duintasunari eusteko aukera ematen duela, (3) lurraldearen barneko kohesioa eta mugikortasuna areagotzen duela, eta (4) guztion aukera sozioekonomiko berak eta deliberazio demokratikorako sarbidea izatea errazten duela. Hala ere, kontuan izan behar da egileak ez duela bere teoria formulatzen, Katalunian gertatzen den bezala, hizkuntza gutxituaren hiztun taldea dagoeneko elebiduna den gizarteetan bereziki pentsatuz. Hori dela eta, beharrezkoa da erabiltzen dituen argudioak berrikustea, Kataluniakoa bezalako testuinguruetan duten balioari buruz hausnartzeko. Kasu hauetan, benetan beharrezkoa da Morales-Galvezek (2017) defendatzen duen elkarrekiko elebitasuna hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko? Beraz, zenbateraino da bidezkoa, hizkuntza gutxituaren hiztun taldea jada elebiduna denean, hizkuntza gutxitua sustatzea helburu duten neurri “koertzitiboak” aplikatzea elkarrekiko elebitasuna lortzeko?

 

1.Norbanakoaren autonomia

 

Norbanakoaren autonomiaren argudioak (Kymlicka, 1995) ideia honekin du zerikusia: hizkuntzak –nahiz eta gutxituak izan– giltzarri bat dira pertsonentzat baliotsuak izan daitezkeen hainbat aukera eskuratzeko, eta beraz, hitz egin ahal izatea ezinbesteko baldintza da norbanakoek beren bizi-plana diseinatu ahal izateko. Hala ere, katalanaren kasua aztertzen badugu, lehen begiratuan, badirudi hizkuntza gutxitua ez dela iristen nagusia ez den beste edozein testuingurutara. Zer alde dago, autonomia indibidualari dagokionez, Vull ser casteller eta Quiero ser casteller esatearen artean –DLE-n jada jasota dagoen hitza– mundu guztiak gaztelania ulertzen badu eta, beraz, edonork gaztelera erabiliz kultur testuinguru horretara sar badaiteke? Horrenbestez, badirudi ezen, hizkuntza gutxituaren hiztun taldea jada elebiduna bada, norbanakoaren autonomiaren ideiak, Morales-Galvezek (2017) proposatutakoaren arabera –Kymlicka-n (1995) oinarrituta– ez lukeela funtzionatuko hizkuntza gutxitua babestu eta sustatzen duten politika “koertzitiboak” ezartzea justifikatzeko: izan ere, hizkuntza hegemonikoak hiztun talde bat ala beste aukeratzeko testuinguru guztietara sarbidea ematen duenez, norbanako guztiek autonomia indibidual bera izango lukete elkarrekiko elebitasunaren beharrik gabe. Aurrerago, baina, ideia hori garatuko dut.

 

2.Duintasuna

 

Duintasunaren argudioak zerikusirik du, pertsonok gure hizkuntzarekin identifikatuta senti gaitezkeenez, hizkuntza honi ematen zaion estatusa geure buruari pertsona gisa ematen diogun estatusarekin zerikusi zuzena duela. Gaztelania bezalako hizkuntza hegemoniko eta indartsu batek beti izango du estatus altua eta, hortaz, hiztunen duintasuna ez da inoiz kaltetuko. Dena den, katalanak pairatzen duen minorizazio egoeraren ondorioz –horrek maiz bere hiztunak menpekotasunera eta hizkuntza-konbergentziara eramaten ditu–, babestua ez badago, hizkuntza gutxitu horrek erraz gal dezake bere estatusa eta prestigioa. Ondorioz, hizkuntza gutxituaren hiztunak nagusiaren hiztunen duintasun bera izan dezan, ezinbestekoa bihurtzen da hizkuntza nagusiaren hiztunak hizkuntza gutxitua ikastera eta elebidunak izatera behartzen duten neurri koertzitiboak ezartzea. Hala, katalan hiztunen mendekotasuna eta hizkuntza-kobergentziarako joera murrizten da eta, beraz, fenomeno horrek katalanaren estatusean eta, aldi berean, katalan hiztunen duintasunean duen eragin negatiboari aurre egiten zaio. Hala, bada, duintasun berdinaren argudioak testuinguru elebidunean funtzionatzen du, hizkuntza gutxitua babesteko neurri “koertzitiboak” ezarri beharra justifikatzeko.

 

3.Kohesioa eta mugikortasuna

 

Katalan-hiztunen eta erdaldunen artean egin daitezkeen elkarrizketen kopurua –hau da, interakzioa termino kuantitatiboetan– berbera da, erdaldunak katalana ikastera “behartuta” egon ala ez; izan ere, hizkuntza gutxituaren hiztunak elebitasunak ahalbidetzen du komunikazioa ia beti erdaraz izatea. Dena den, kontuan hartu behar da termino ez-berdintasunezkoetan ulertze horrek –hizkuntza aldaketa beti talde berak, hiztun talde minorizatuak, egin behar baitu–  eragina izan lezakeela, esan dugun bezala, katalan hiztunen duintasunean eta, ondorioz, segregazio testuinguru bat sortu, hizkuntza arrakalak dituena, norbanakoek lurraldean askatasunez mugitzeko gaitasuna mugatuko lukeena. Kataluniako gizarteak arrisku hori jasaten du, katalan-hiztunak eta erdaldunak nahasita bizi diren arren, hizkuntza-banaketa ez delako homogeneoa lurralde osoan. Beraz, elkarren arteko elebitasuna sustatzen duten neurri “koertzitiborik” ez ezartzeak are gehiago polarizatu litzake lurralde zatiketak, segregazioa areagotu eta Kataluniako lurraldean herritarren mugikortasun aukerak murriztu.

 

4.Aukera sozioekonomikoak eta deliberazio demokratikorako sarbidea

 

Komunikatzeak ez du esan nahi pertsona batekin elkarrizketa bat izatea soilik. benetako komunikazioa egon dadin, elkarrizketa horrek eraginkorra izan behar du, eta Morales-Galvezek (2017) ez du hori kontuan hartzen. Zentzu horretan, kontuan izan behar da komunikazio kualitatiboa hizkuntza partekatua erabiltzearen mende ez ezik, hizkuntza zehatz bat erabiltzearen mende ere egon daitekeela (Riera-Gil, 2019). Katalana erabiltzea gaztelera erabiltzea baino baliagarriagoa izan daiteke –edo alderantziz– komunikazio hobea lortzeko, adibidez, lan-elkarrizketa batean elkarrizketatzaileak bere burua hizkuntza horrekin identifikatzen edo balioesten badu. Ondorioz, gure solaskidearen hizkuntzara –hizkuntza gutxitua edo nagusia izan– egokitzeko gai izateak eragin positiboa izan dezake komunikazio-egintzaren emaitzan, aurrerapen sozioekonomikorako eta parte-hartze politikorako aukerak sortzen diren testuinguruetan. Horregatik, nahiz eta hasieran bazirudien gaztelania bakarrik hitz egiteak aukera ematen zuela katalana eta gaztelania elebidunak izatea aukeratzeko –eta, ondorioz, autonomia indibidual bera izateko– testuinguru berberetara iristeko, komunikazio kualitatiboak erakusten digu badirela testuinguru batzuk, politikoak edo sozioekonomikoak, zeinetara errazago irits baitaiteke hizkuntza batekin bestearekin baino. Beraz, hiztun taldeen arteko berdintasuna bermatu nahi bada, elkarrekiko elebitasuna ez ezik –Morales-Galvezek (2017) aldarrikatzen duen bezala–, beharrezkoa da elkarrekiko elebitasun aktiboa: hau da, erdal hiztunak aktiboki elebidun izatera “behartuko” dituzten politikak ezartzea beharrezkoa da, eta katalan-hiztunek, berriz, aukera gutxiago izango lituzkete elebakarrek eta elebidun politikoek.

 

Hizkuntzen balio identitario eta komunikatibotik harago

 

Hizkuntza gutxitua babesteko eta elebitasun aktibo eta elkarrekikoa ziurtatzeko neurri “koertzitiboak” aplikatzea justifikatzen duten argudio horiez gain, badira kontuan hartu beharreko beste hiru ideia nagusi. Lehenik eta behin, iraganerako eskubidea (Europako Kontseiluko Parlamentuko Batzarra, 1996): hizkuntza gutxitua babesteak bermatzen du bi hizkuntza-taldeetako etorkizuneko belaunaldiek beren kultur ondarea eskuratzea. Bigarrenik, elebitasunaren onura kognitiboak, [iv] hizkuntza nagusiaren hiztunak elebidun izatera “behartua” izanez gero soilik esperimentatu ahal izango du. Azkenik, hasierako kostuen eta epe luzeko onuren arteko proportzionaltasuna: hizkuntza politika “koertzitiboek” berehalako kostuak izan ditzaketen arren, bi taldeentzako etorkizuneko onurak –autonomia, duintasun, kohesio, mugikortasun eta aukera sozioekonomiko eta politiko handiagoak– askoz ere esanguratsuagoak dira.

 

Beraz, ondoriozta daiteke katalana bezalako gizarte linguistikoki anitzetan, elebitasun aktibo eta elkarrekikoa lortzeko hizkuntza gutxitua babestu nahi duten neurri “koertzitiboak” bidezkoak izateaz gain, beharrezkoak direla edozein demokrazia liberalen funtsezko printzipioetako bat bermatzeko: hiztun guztiek eskubide eta askatasun berberak izatea. Hori horrela da, ikusi dugun bezala, politika horien aplikazioak, talde minorizatuari ez ezik, gehiengoari ere egiten diolako mesede berdintasunari dagokionez. Ildo beretik, kontuan hartu behar da elebitasun aktibo eta elkarrekiko helburutik harago doan eta hizkuntza nagusiaren hiztun taldearentzat desberdintasun handiak sortzen dituen edozein neurri “koertzitibo” ez litzatekeela onargarria izango demokrazia liberal batean.

Joana Pena Tarradelles.

Pompeu Fabra Unibertsitateko doktoratu aurreko ikertzailea.

Apunte hau 2024ko urriaren 6an Nations and Nationalism aldizkarian argitaratutako “Are ‘coercive’ language policías fair?” artikuluaren edukiaren sintesia da.

Jatorrizko izenburua: Són justes, les polítiques lingüístiques “coercitives”? Un esbós dels arguments principals

Egilea: Joana Pena Tarradelles

Iturria: Blog de la Revista de Llengua i Dret

Lizentzia: CC BY 4.0 atribuzioa

BIBLIOGRAFIA

Assemblea Parlamentària del Consell d’Europa. (1996). Recommendation 1283 (1996): History and the learning of history in Europe. Consell d’Europa.

Barry, Brian. (2002). Culture and equality: An egalitarian critique of multiculturalism. Harvard University Press.

Centre d’Estudis d’Opinió. (2022). Enquesta metodològica i d’actituds sociopolítiques. Desembre 2021.

Costa, Albert. (2017). El cerebro bilingüe. La neurociencia del lenguaje. Penguin Random House Grupo Editorial.

Craik, Fergus I. M., Bialystok, Ellen, i Freedman, Morris (2010). Delaying the onset of Alzheimer disease: Bilingualism as a form of cognitive reserve. Neurology, 75(19), 1726-1729. http://dx.doi.org/ 10.1212/WNL.0b013e3181fc2a1c

De Schutter, Helder. (2008). The linguistic territoriality principle: A critique. Journal of Applied Philosophy, 25(2), 105-120. http://dx.doi.org/10.1111/j.1468-5930.2008.00397.x

De Schutter, Helder. (2014). Testing for linguistic injustice: Territoriality and pluralism. Nationalities Papers, 42(6), 1034-1052. http://dx.doi.org/10.1080/00905992.2014.954989

Kymlicka, Will. (1995). Multicultural citizenship: A liberal theory of minority rights. Clarendon Press.

Miley, Thomas Jeffrey. (2006). El caso de Cataluña. Centro de Estudios Políticos y Constitucionales.

Morales-Gálvez, Sergi, i Riera-Gil, Elvira. (2019). Què són polítiques lingüístiques justes? Els paradigmes actuals de la justícia lingüística. Revista d’Estudis Autonòmics i Federals, 30, 25-56. http://dx.doi.org/10.2436/20.8080.01.38

Morales-Gálvez, Sergi. (2017). Living together as equals: Linguistic justice and sharing the public sphere in multilingual settings. Ethnicities, 17, 646-666. http://dx.doi.org/10.1177/1468796816667143

Patten, Alan. (2003). Liberal neutrality and language policy. Philosophy & Public Affairs 31(4), 356-386. http://dx.doi.org/10.1111/j.1088-4963.2003.00356.x.

Patten, Alan. (2014). Equal recognition: The moral foundations of minority rights. Princeton University Press.

Pogge, Thomas W. (2003). Accommodation rights for hispanics in the United States. Dins Will Kymlicka i Alan Patten (eds.), Language rights and political theory (p. 105-122). Oxford University Press.

Riera‐Gil, Elvira. (2019). The communicative value of local languages: An underestimated interest in theories of linguistic justice. Ethnicities, 19(1), 174-199. https://doi.org/10.1177/1468796818786310

Van Parijs, Philippe. (2011). Linguistic justice for Europe and for the world. Oxford University Press.

Suay, Ferran, i Franco, Anthyma. (2015). Impacte del bilingüisme sobre l’estructura cerebral. Llengua, Societat i Comunicació, 13, 58-67.

Vila, F. Xavier. (2019). Models de política lingüística i els seus condicionaments sociolingüístics: aplicacions al cas de Catalunya. Revista d’Estudis Autonòmics i Federals, 30, 97-145.

OIN OHARRAK

 

[i] Justiziari buruzko hausnarketa –eta bidezkoa dena edo ez dena–, oro har, gizartean bizitzearen kostu eta onuren banaketari buruzko hausnarketa da. Hizkuntzen kasuan, bada, eztabaida da nola banatzen ditugun, modu etikoki onargarri eta justifikagarrian, hizkuntza-aniztasuneko gizarteetan bizitzearen kostuak eta onurak, gutako bakoitzari hiztun gisa dagokigun zama ebaluatuz.

 

[ii] Artikulu honek hizkuntza hegemonikoaren (hau da, hertsapenik ezaren) ezagutzak ziurtzat ematen duen marko mentala bere eginez lan egin nahi du. Hala ere, “koertzitibo” hitzaren inguruan kakotxak erabiltzeak ohartarazi nahi du hertsatzailea zer den eta zer ez den zehaztea gatazkatsua izan daitekeela. Gehienetan, hizkuntza gutxituaren hiztun taldeak hizkuntza nagusia ikastea ez da prozesu natural eta espontaneo baten ondorioz gertatzen, baizik eta hiztun talde nagusiak aplikatzen dituen politiken ondorioz; izan ere, gizabanako horiek ere hertsatu egiten dituzte, modu hutsal eta sotilagoan bada ere.

 

[iii] Bi eredu horien arteko desberdintasunean sakondu nahi baduzue, irakurri Morales‐Gálvez i Riera‐Gil (2019). Sailkapen honi buruzko kritika bat egiteko, ikus Vila (2019).

 

[iv] Elebitasunak txikitatik eragin positiboa du hirugarren hizkuntza ikasteko gaitasunean, gaitasun kognitiboak hobetzen ditu eta dementziaren eta Alzheimerraren sintomak atzeratzen ditu (Costa, 2017; Craik et al., 2010; Suay eta Franco, 2015).