Katalanaren etorkizuna

Katalanak ez du etorkizuna ziurtatua
Espainiako eta Frantziako estatuek bi mendeetan zehar hizkuntzari eraso egin ondoren, 1900. urtean oraindik posible zen Països Catalans-en iparraldetik hegoaldera joatea katalanez bakarrik hitz eginez eta hizkuntza hori nonahi entzunez. Hori guztia hala zen, nahiz eta hezkuntza formalaren gehiengoa gaztelaniaz edo frantsesez izan eta klase burges eta aristokraten barruan Alacanten eta Valentzian gaztelaniaz edo Perpinyan frantsesez hitz egiten zuten gune txikiak egon. Zalantzarik gabe, kaleko ohiko hizkuntza katalana zen.
1960an artean katalana zen Herrialde Katalanetaeko hizkuntza nagusia, frankismoaren errepresioa eta debekuak izan arren eta andaluziarrek, gaztelarrek eta aragoiarrek jada gure lurraldeetara migrazioak hasiak izan arren. Herri gehienetan katalanak kaleko ohiko hizkuntza izaten jarraitu zuen.
XX.mendeko azken hamarkadan katalanak Herritalde Katalanetako hizkuntza nagusia izateari utzi zion eta, gaur egun, nekez zeharkatu daiteke herrialdea puntatik puntara katalanez bakarrik hitz egiten; aldiz, ezin hobeto egin daiteke gaztelaniaz hitz egiten (edo frantsesez, Ipar Kataluniako lurraldean). Herrialde Katalanetako biztanleen % 40k soilik hitz egin ohi du katalanez, eta herri batzuetan, Alacanten edo Perpinyan adibidez, zaila da eguneroko bizitza katalanez egitea. Aldiz, Bartzelona, Valentzia eta Palmako metropoli-eremuetako hiri askotan katalanez hitz egin daiteke, baina askotan gaztelaniaz erantzuten dizute.
Eta berrogeita hamar urte barru, 2075ean, zein izango da Herrialde Katalanetako hizkuntza-paisaia? Aditu batzuek modu ezkorrean dioten bezala, katalan hiztunen % 10 besterik ez da geratuko Valentziako hiri handietan, Palman edo Bartzelonako metropoli-ingurabidean, eta Catalunya del Nord, l’Alguer eta Valentziako hegoaldean, berriz, katalana ia desagertuta egongo da jada? Edo katalanez hitz egin ohi duen biztanleriak eutsi egingo dio hizkuntzari, eta hedatzeko gai izango da, eta hiztun berriak sartuko dira bertan?
2014an, Carme Junyent hizkuntzalariak elkarrizketa batean adierazi zuenez, “munduko hizkuntzen %10ek azken hiztunak baino ez dituzte jada, % 40 baino gehiago jada ez dira transmititzen, eta beste % 40k sintomak dituzte (…) sintoma larriagoak edo ez hain larriak egon daitezke, baina katalana talde horretan dago”2. Katalanak, munduan gehien hitz egiten diren 200 hizkuntzen talde txikian egon arren, ez du etorkizuna ziurtatua.
Egungo hizkuntza-konposizioa
Gaur egun, katalanaren hizkuntza-eremuan 14,5 milioi biztanle bizi dira. Zifrak borobilduz eta asko sinplifikatuz esan daiteke biztanleria hori gutxi gorabehera antzeko hiru taldetan banatzen dela demografiaren ikuspegitik:
– Heren batek katalanez hitz egiten du eta bere ohiko hizkuntza bakartzat hartzen du.
– Heren bat Herrialde Katalanetan taldean jaio da, baina katalana, gutxi gorabehera, gaztelania bezala erabiltzen du, edo ez du normalean katalanez hitz egiten.
– Heren bat ez da Herrialde Katalanetan jaio, hizkuntza desberdinak ditu hasierako hizkuntza gisa, eta gehienbat estatuko hizkuntzan (gaztelania, frantsesa edo italiera) harremantzen da bertako biztanleekin, nahiz eta proportzio txiki batek katalanez hitz egin.
Talde horiek ohiko hizkuntzaren arabera ehunekoetan jarrita, katalana menderatzen duten biztanleen % 41,5ek uste du ohiko hizkuntza bakarra katalana dela (% 33,4) edo katalana eta beste bat (% 8,1). Zenbaki absolutuetan, horrek esan nahi du ohiko 5,8 milioi katalan hiztun daudela.
Hizkuntzaren etorkizunerako mehatxuak
Zer da etorkizunean espero dezakeguna? Etorkizun demografikoa iragartzea oso zaila da; era berean, zaila da biztanleriaren hizkuntza-erabileren bilakaera aurreratzea. Zailtasunak zailtasun, gaur egungo hizkuntzaren erabilerari lotuta sortzen diren joerak eta arazoak antzeman ditzakegu eta horiek hizkuntza-komunitate gisa dugun etorkizuna baldintzatu dezakete.
Lehenik eta behin, Herrialde Katalanetan, Europako jendarte gehienetan bezala, jaiotza-tasa oso txikia da eta biztanleria zahartu egin da. Baina arazo horiek, batez ere, bertako biztanleei eragiten diete, hau da, katalana hasierako hizkuntza duten biztanleei. Duela zenbait urtetik hona, katalana hasierako hizkuntzatzat duten pertsonen kopuru absolutua gutxitzen ari da, eta ez, ordea, hizkuntzari uko egin zaiolako (kasu gehienetan), baizik eta katalan hiztun gehiago hiltzen direlako jaiotzen direnak baino.
Bigarrenik, hazkunde begetatibo negatiboa izanda ere, Herrialde Katalanetako biztanleriak gora egiten jarraitzen du. Hori, jakina, lan egitera edo etorkizun hobe baten bila datozen hainbat herrialdetako pertsonen eraginez da. 1999. eta 2019. urteen artean, Herrialde Katalanetako biztanleria 2,85 milioi pertsonatan hazi zen, ia guztiak immigraziotik zetozenak, eta oso gutxi bertako hazkunde begetatibotik. Pertsona horien ia % 50ek gaztelania dute hasierako hizkuntza, eta horrek esan nahi du erdal hiztunen ekarpena esanguratsu eta etengabea dela; gaztelania hasierako hizkuntza ez duten askok, berriz, harremanetarako hizkuntza gisa hartzen dute. Gaur egun, jaiotzen % 30 inguru baino ez da katalanez hitz egiten duten amengandik jaiotakoen proportzioa.
Hirugarrenik, katalan hiztunen jarrerak ere berak ez du askotan hizkuntza zabaltzen laguntzen. Oraindik ere hizkuntza-konbergentzia da nagusi; hau da, hizkuntza katalandun pertsona batek gaztelaniadun batekin hitz egin behar duenean (edo hizkuntza errumaniarrarekin, edo arabiarrarekin, edo beste batzuekin), gaztelania hartzen du komunikazio-hizkuntza gisa (berdin gertatzen da frantsesarekin Catalunya del Nord-en). Jarrera horrek esan nahi du katalana ikasi duten etorkinek batzuetan ezin dutela bertakoekin praktikatu.
Laugarrenik, hauteman da katalanez hitz egiten duten gazteen artean leialtasun linguistiko eskasa dagoela, eta, horren ondorioz, hizkuntza-erabileran elebitasuna dagoela edo, kasu batzuetan, gaztelania harreman-hizkuntza gisa bakarrik erabiltzen dela. Azken jarrera hori nabarmen ikusten da katalanaren erabilera gutxiengoa den lekuetan, hala nola Elx eta Alacanten eta Eivissa uhartean, edo diglosia handia dagoen lekuetan, adibidez Franja de Ponenten3. Zehazki, Franja de Ponenteko gazteen % 25ek, Balear Uharteetako gazteen % 16k eta hasierako hizkuntza katalana duten Kataluniako gazteen % 9k beren gaztelaniaren aldeko hautua egiten dute (ez dugu Valentziako daturik). Catalunya del Nord-i eta l ‘Alguerri dagokienez, katalanaren erabilera gazteen artean testimoniala da.
Bosgarrenik, katalanaren erabilera minoritarioa edo oso minoritarioa duten hiri edo eskualdeetan bizi da katalan hiztunen % 25 (València eta Alacant, Bartzelonako lehen metropoli-ingurabidea, Catalunya del Nord, etab.) eta, ondorioz, arriskua dago gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiten duen gehiengo horrek katalanez jarduten duen biztanleria xurgatu dezan.
Azkena, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, kontuan hartu behar da Frantziako, Espainiako eta Italiako estatuek eta Europar Batasunak katalanaren erabilera hedatzea erraztuko luketen legeen aurka etengabe gauzatzen duten ekintza legegile eta judiziala iraunkorra dela. Era berean, ezin dira kontuan hartu gabe utzi Valentziako eta Balear Uharteetako gobernu autonomikoek hizkuntzaren erabileraren aurka dituzten lege-xedapenak4.
Hala ere, itxaropen berriak
Hala eta guztiz ere, katalanaren etorkizunerako alderdi positiboak ere ikus daitezke, eta datu horiei esker pentsa daiteke ez dagoela ezer atzeraezina eta posible dela hizkuntzarentzat etorkizun hobea irudikatzea.
Herrialde Katalanetako egungo 14,5 milioi biztanleetatik, 12 milioik katalana ulertzen dute eta 10 milioik hitz egiten dakite. Beraz, akatsak akats ikastetxeetan (batez ere Katalunian) katalanezko hizkuntza-murgiltzeak emaitza nabarmenak lortu ditu. Herrialde Katalanetako biztanleriaren % 70ak katalanez hitz egin lezake ingurune sozial eta politikoak hizkuntzaren erabilera bultzatuko balu. Horren froga ona da 5,8 milioi pertsonak katalanez hitz egiten dutela normalean, baina dezente gehiagok (6,6 milioi, zehazki) adierazi dute katalana laneko eta ikasketetako hizkuntza gisa erabiltzen dutela.
Gorago aipatu dugun moduan, katalanez hitz egiten duten gazte batzuek beren jarduna gaztelaniatzen dute, baina eskola adineko umeen hizkuntzari buruzko ikerketek ere adierazten dute beste hizkuntza batzuetan aritzen diren gazte batzuek beren hizkuntza-hautua katalanaren aldekoa dela. Katalunian gertatzen da gehien fenomeno hori: beste hizkuntza batzuetako gazteen % 18 katalanez elebitzen dira.
Beste datu positibo bat da gurasoen hizkuntza seme-alabei transmititzeko familia-transmisioak positiboa izaten jarraitzen duela, hurrengo taulan ikus daitekeen bezala. Katalana gehiago hitz egiten da seme-alabekin inkestatutako pertsonen gurasoekin baino. Gertaera horrek bat egiten du pertsona helduak katalana identifikazio-hizkuntza gisa hasierako hizkuntza baino gehiago duela adierazten duten datuekin.
Familia bidezko katalanaren transmisioa | |||
Katalunia | Herrialde Valentziarra | Balear Uharteak | |
Katalana (beti edo maiz) amarekin | % 31,4 | % 27,0 | % 39,5 |
Katalana (beti edo maiz) aitarekin | % 32,0 | % 27,0 | % 40,0 |
Katalana (beti edo maiz) seme-alabekin | % 38,5 | % 29,9 | % 41,7 |
Iturria: (Enquesta d’usos lingüístics de la població 2018 Catalunya, Coneixement i ús social del valencià 2021, Enquesta d’usos lingüístics a les Illes Balears, 2014)
Aitzitik, Franja de Ponenten familia-transmisioak behera egin du, eta Catalunya del Nord-en eta l ‘Alguer-en, berriz, ia ez dago halakorik. Hala ere, hiru lurralde horiek Herrialde Katalanetako biztanleriaren % 4 baino ez dira, eta, beraz, gutxi aldatzen dute aldeko joera orokorra.
Etorkizun hurbileko agertokiak
Hizkuntza-politika egokiei ekingo balitzaie, immigrazioaren egungo sarrera murriztuko balitz, eta egungo immigrazioaren zati batek, edo horien ondorengoek, seme-alabak katalanez heziko balituzte (joan den mendeko gaztelaniadunen immigrazioaren zati esanguratsu batek egin zuen bezala), baikortasunez pentsatuz, 2050-2075 aldirako % 45era irits litezke, eta ohikoan katalana erabiltzen duten 7 milioi hiztunera, ohiko hizkuntza gisa katalana eta beste hizkuntza bat izango luketenak barne.
Hala ere, gaur egun egoerak ez dakar baikortasun izpirik immigrazioaren ondorengoek katalana ohiko hizkuntza gisa hartzeari dagokionez. Gaur egungo migrazio-erritmoak etengabe jarraitzen badu, eta hasierako hizkuntza katalana duten gazteen sektore batetik hizkuntza ohitura gaztelaniara aldatzen bada, katalan hiztunen ehunekoa % 20-25era murriztu daiteke. Ehuneko horren barruan, gazteen hizkuntza-erabileraren egungo joerek adierazten digute batzuk elebidun deklaratuko liratekeela, hau da, katalana eta beste hizkuntza bat, batez ere gaztelania, berezkotzat eta ohikotzat hartuko lituzketela. Egoera horrekin, katalanez hitz egiten duten pertsonen kopurua 5 milioi ingurukoa izango litzateke.
Gerta litekeen egoerarik negatiboena litzateke immigrazioa handitzea, familien barruan katalanaren transmisioak atzera egitea eta katalan hiztunen kopurua 3 milioi hiztunetara jaistea. Egoera horren ondorioz, hiztun katalanen ehunekoa Herrialde Katalanetako biztanleen % 15era murriztuko litzateke. Ez da baztertu daitekeen egoera bat, batez ere kontuan hartuta Herrialde Katalanetako metropoli-eremu handietako (Bartzelona, Valentzia, Palma eta Alacant-Elx konurbazioa) 25 urtetik beherako gazteen artean katalanaren erabileraren ehunekoa %5 eta % 30 bitartekoa dela gaur egun, edo Valentziako hiru probintzia-hiriburuetako gurasoen % 15 eskasak hitz egiten duela katalanez seme-alabekin. Oraingo gazte horiek 2075eko zaharrak izango dira, eta pentsatzekoa da zein hizkuntza transmitituko dieten beren seme-alabei.
Hurrengo taulan datozen berrogeita hamar urteetan hizkuntzaren etorkizunari dagokionez gerta daitezkeen hiru agertoki zehazten dira. Katalan hiztunen ehunekoen artean, katalana eta beste hizkuntza bat ohikoak izango zituzten pertsonak sartu dira, eta horiek, beharbada, handituz joango lirateke mende honetan zehar.
2075ERAKO AGERTOKIAK | Biztanleriarekiko ehunekoa | Katalan hiztunen ehunekoa | |
HIPOTESI
ALTUA |
Egungo migrazio-tasaren jaitsiera.
Migratutako pertsonen ondorengoen zati esanguratsu baten katalan hizkuntzara txertatzea. |
%40-45 | 7-7,5 milioi |
HIPOTESI
ERTAINA |
Egungo migrazio-erritmoari eustea hiztun berrien txertatze baxuarekin batera
|
%20-25 | 4’5-5 milioi |
HIPOTESI
BAXUA |
Immigrazioaren hazkundea katalan hiztun berrien txertatzerik gabe.
Katalan hiztun gazteen gaztelerarako aldatzea. |
%10-15 | 2’5-3 milioi |
Agertoki horien arabera, zaila da katalana Herrialde Katalanetako biztanle gehienen hizkuntza izatea, XX. mendearen amaiera arte izan zen bezala. Nolanahi ere, ziurta genezake, huts egiteko beldurrik gabe, katalana, hizkuntza mintzatua den aldetik, XXII. mendera iritsiko dela, baina ez dago batere argi zein baldintzatan iritsiko den. Haren etorkizuna, hein handi batean, mende honetako hiztunek hizkuntza erabiltzen jarraitzeko eta herrialde osoan hitz egiteko segurtasuna, motibazioa eta borondatearen araberakoa izango da, baina, era berean, migranteek zein haien ondorengoek lurralde honetako hizkuntza, XVII. mendean okzitaniarrek edo XX. mendean murtziar eta andaluziar askok egin zuten bezala, bere egiten ote duten ere bai. Immigrazioak hurrengo urteetan izango duen garrantzia demografikoak bere hizkuntza integrazioa ezinbesteko bihurtzen du katalanarentzat; hori gabe, katalan hiztunen gutxiagotuz joango da poliki-poliki.
Oin oharrak:
1 Artikulu hau egilearen L’ús parlat del català, en un tombant decisiu liburuan oinarrituta dago, (Publicacions de l ‘Abadia de Montserrat, 2024).
2 MARESMA, A. i BADIA, J. Carme Junyent-i elkarrizketa, Vilaweb, 2014ko urriaren 5a.
3.La Franja de Ponent Aragoiko lurralde bat da, Kataluniarekin muga egiten duena. Bertan, katalanez hitz egiten duten lau eskualde daude: Ribagorça, la Llitera, el Baix Cinca eta el Matarranya. Guztira 47.000 biztanle ditu.
4.PP eta VOX alderdiak Balear Uharteetan 2024an gobernu autonomikoan sartu ondoren Valentzian egin zituen lehen xedapenek helburu hauek izan zituzten: irakaskuntzan katalanaren erabilera mugatzea, Kataluniako kulturarako dirulaguntza guztiak kentzea eta katalana exijitzeari uztea jendeari arreta emateko funtzio jakin batzuk betetzeko.
Joan Maria Serra. Geografian lizentziatua, Institut Moianèsen irakaslea eta katalan irakaslea, “L’ús parlat del català. En un tombant decisiu” liburuaren egilea.