TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Kulturatik ere, Euskal Herria helburu

Kulturatik ere, Euskal Herria helburu

joanmari_larrarte

JOANMARI LARRARTE TELLETXEA

Elkarreko Komunikazioa eta Kultur arloko zuzendaria eta Jakin fundazioko lehendakariordea.

[sgb_pgawvc_pdf_button sgb_pgawvc_width=”40″ sgb_pgawvc_height=”60″ sgb_pgawvc_image=”8972″ sgb_pgawvc_class=”” sgb_pgawvc_id=””]

JOANMARI LARRARTE TELLETXEA

Elkarreko Komunikazioa eta Kultur arloko zuzendaria eta Jakin fundazioko lehendakariordea.

[sgb_pgawvc_pdf_button sgb_pgawvc_width=”35″ sgb_pgawvc_height=”50″ sgb_pgawvc_image=”8972″ sgb_pgawvc_class=”” sgb_pgawvc_id=””]

COVID-19aren krisiak kulturan izango duen eraginaz hausnartzen hasterakoan, derrigorrez izan beharko dugu kontuan maila zabalean izango duen eragina. Osasun krisia zirudienak krisi ekonomiko, sozial eta politikoa ekarri ditu, eta horren ondorioak zein izango diren aurreikusteko goiz da oraindik.

Guztiok sumatzen dugu aldaketa garaia datorrela, gauzak ez direla izango berdin hemendik aurrera, baina ez da samurra asmatzen nondik nora joango diren aldaketak. COVID-19aren krisiak astindu handia ekarri du, eta astinduaren ostean, lurra berriro baretzen denean, zertarako gai izango garen ez dakigu. Lurra baretzen denean esan badut ere, agian egokiago da esatea lurra baretzen bada, ez baitago argi benetan baretuko den edota krisi egoera ia etengabe batera egokitu beharrean izango garen.

Lurra baretzen denean esan badut ere, agian egokiago da esatea lurra baretzen bada, ez baitago argi benetan baretuko den edota krisi egoera ia etengabe batera egokitu beharrean izango garen.

Zalantza eta galdera ugari eta erantzun gutxi, beraz, hausnarketa abiatzeko, eta horiek izango dira, seguruenik, amaieran ere geratuko zaizkigunak, erantzunak denon artean topatu beharko baititugu, norberaren hausnarketaren balioa zalantzan jarri gabe eta aldamenekoenak ere aintzat hartuta. Ziur naiz nik ez dudala etorkizunaren giltza, eta uste dut beste inork ere ez duela, denon arteko elkarrizketa zintzo batekin bakarrik egin ahal izango dugula aurrera.

Kerobiaren kontzertua Durangoko Azokan. Argazkia: Igor Zalbidea (CC BY-NC-ND 2.0)

Etorkizunaz gogoeta egiten hasi aurretik, komeni da presente edukitzea zer garen, eta sail honetako gogoeten artean topatu dudan Urko Aiartzaren aipamena oso egokia iruditu zait abiatzeko: “Gurea bezalako herri txiki batek ez du inolako eragin gaitasunik mundua hartzen ari den norabidean, baina norabide honek edukiko du eragina gugan, nola ez.”1 Egungo mundu globalizatu honetan, komeni da gure neurria kontuan hartzea eta ez ahaztea mundu mailako mugimenduek gurean sekulako eragina dutela. Herri txiki bat gara eta eraginik ez dugu munduaren norabidea markatzeko garaian, baina horrek ez du esan nahi gure herriari eta gure kulturari eutsi eta biziberritzeko ahalmenik ez dugunik. Euskal Herriak lehen ere erakutsi du gaitasuna, garai zailetan, norabide propioa topatu eta bere hizkuntza eta kultura indarberritzeko, eta orain ere izan gaitezke gai, baldin eta horretan sinesten badugu, geure buruan sinesten badugu.

Egungo mundu globalizatu honetan, komeni da gure neurria kontuan hartzea eta ez ahaztea mundu mailako mugimenduek gurean sekulako eragina dutela

Ez da bakarrik herri txiki bat garela: txikia izateaz gain, administrazio aldetik zatitutako herria gara eta gutxitutako hizkuntza batez ari gara. Badira munduan biztanle gutxiago dituzten herriak, baina hizkuntza hori estatuko hizkuntza denean eta bere lurraldean nagusia denean, garapenerako aukerak handiagoak dira. Gurean, Euskal Herri osoa bere baitan hartuko duen administrazioa ere ez dugunean, eta politika guztiak gutxien-gutxienez hiru eremutan diferenteak direnean, antolaketa soziala, herri antolaketa, ezinbestekoa dela uste dut nik, eta ikuspegi hori ez genuke galdu beharko, izaera propioa duen herri bat buruan baldin badugu. Izaera propioa, besterik gabe, ez hobea ez okerragoa, gurea. Hizkuntza propio baten baitan eratutako herria eta inguruko gainerako herri eta kulturekin harremanean bizi nahi duena, horretarako bera izateari utzi gabe.

«Gudari armatu baten erretratua», Jorge Oteiza. © Bilboko Arte Ederren Museoa.

Herri izaera propio horri eutsi nahian, euskarak eta euskal kulturak ibilbide handia egin dute pasa den mendeko 60ko hamarkadatik hona. Desagertze bidean zen hizkuntza biziberritu eta kultura modernizatzeko, ezinbestekoa izan zen herri ekimena. Garai oso zailetan, dena kontra zegoela, euskal gizarteak asmatu zuen antolatu eta bere ahalmenez aurrera egiten, ezerezetik abiatuta lortu zen egungo kultur egituraren oinarriak jartzea: ikastolak, euskaltegiak, argitaletxeak, hedabideak, diskoetxeak, antzerki taldeak, zinema… Mundua eraldatzen ari zen garaian, zailtasun guztien gainetik, etorkizunerako oinarriak jarri ziren. Garaiak asko aldatu dira, eta berriro gaude mundua aldatuko duen egoera batean; beraz, gure hizkuntza eta kultura bidean gera ez daitezen, berriro saiatu beharko dugu garai berrietara egokitu eta egoerak behar duen antolaketa eta tresnak pentsatzen.

Euskararen garapenaren baitan dago euskal kulturaren etorkizuna: euskal herritar orok euskaraz jakitea ez da bakarrik desiratuko genukeen zerbait, lortu beharko genukeena baizik, hori baita bidea euskal kulturan bizitzeko, eta hori baita bidea herri bat, izaera propioko komunitatea osatzeko.

Euskara eta euskal kulturaren egoera zaila ez da COVID-19aren ondorio, aurretik genuen egoera zaila, eta krisi honek hori areagotu egin du. Euskarak eta euskal kulturak lortu behar dute bere lurraldean, Euskal Herrian, nagusitasun nahikoa bigarren mailakoa izan ez dadin, eta gaur egun hala da. Norabide horretan lan egitea ezinbestekoa da eta hori lortzeko beharrezkoa da hizkuntzaren ezagutza unibertsalizatzea. Euskararen garapenaren baitan dago euskal kulturaren etorkizuna: euskal herritar orok euskaraz jakitea ez da bakarrik desiratuko genukeen zerbait, lortu beharko genukeena baizik, hori baita bidea euskal kulturan bizitzeko, eta hori baita bidea herri bat, izaera propioko komunitatea osatzeko. Bai, kultur anitzetako jendea hartu duen eta hartuko duen herri bat izango da Euskal Herria, eta hori aberatsa da, ez da txarra; gainera ona izango da nork bere kultur propioa ere lan dezan, gal ez dezan, baina denon egitekoa da, komunitatea bera osatuko dugun neurrian, lurralde honetan, bat egiteko lekua euskarak eta euskal kulturak jar ditzan, hori izan dadin elkartzeko lekua.

Carla Diego eta Raymond Naval Iker Karreraren «7fm» dantzatzen Leioako Umore Azokan, 2017. Argazkia: Mikel Ibarluzea.

Norabide horretan lan egin daiteke eta egin behar dugu. Mundu globalizatu honetan, denon eginkizuna eta erantzukizuna beharko luke izan kulturarik txikiena ere gal ez dadin; kontrakoa egin behar dugu, galtzeko bidean den hura ere biziberri dadin, ez baitugu nahi mundu globalizatu honen hurrengo urratsa mundu uniformea izan dadin, non denok berdinak izango garen, denok hizkuntza eta kultura bakarra izango dugun eta aniztasunaren aberastasuna desagertuko den. Naturan edozein espezie desagertzea galera den bezala, gizartean kultura eta hizkuntza bat desagertzea galera handia da, munduaren aniztasuna ari delako galtzen, eta horrek pertsonen askatasuna eta izatea desegingo dituelako.

Euskararen eta euskal kulturaren lehentasuna eta euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa ekarriko duten politikak behar ditugu Euskal Herrian, eta horietatik urrun gaude.

Esango nuke gaur egun ez dugula bat egiten norabide horrekin, eta oraindik asko direla euskara eta euskal kultura traba gisa ikusten dutenak. Euskararen eta euskal kulturaren lehentasuna eta euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa ekarriko duten politikak behar ditugu Euskal Herrian, eta horietatik urrun gaude, besteak beste, askorentzat existitu ere ez baitira egiten, edo askok jokatzen baitute existituko ez balira bezala.

Euskara eta euskal kulturarako eragileok bi egiteko nagusi ditugu: batetik, nahi dugun Euskal Herria definitu eta helburuak argitu behar ditugu; eta bestetik, hori lortzera begirako herri ekimena lortu behar dugu elkarrekin.

Egoera horretan, ezin pentsa daiteke, ingurutik datozen indar guztiak kontrara datozenean, aldaketak egun batetik bestera etorriko direnik; aldaketak eragin egin beharko dira, eta, horiek eragiteko, euskalgintza eta kulturgintzak motor izan behar dute. Euskara eta euskal kulturarako eragileok bi egiteko nagusi ditugu: batetik, nahi dugun Euskal Herria definitu eta helburuak argitu behar ditugu; eta bestetik, hori lortzera begirako herri ekimena lortu behar dugu elkarrekin. Bi horien artean ez dago ordena jakin bat, ez dator bata bestearen aurretik, biak batera gauzatu beharko ditugu, eta horrek egituraketa eta antolaketa behar ditu.

Argazkia: Ergita Sela, Unsplash.

Horretarako, gaur egun ez dugun egituraketa behar dugu kultur munduan. Legitimoa eta beharrezkoa da nork bere ikuspegi, behar eta lehentasunak izatea, eta horrela izan behar du. Aldi berean, jakin behar dugu elkarrekin lan egiten, batera diseinatzen etorkizuneko jokalekua eta indarrak biltzen. Ulertu beharko genuke kolektiboak ekar dezakeela benetako etorkizun diferente bat. Bakoitzak bere bidetik jokatuta, une jakin batzuetan lor daiteke momentuko arrakasta, baina horrela zaila da egoera aldatzea, paradigma aldatzea, eta guk hori lortu behar dugu. Uste dut ekonomia eta enpresa mundutik hori ikas daitekeela: euren artean lehian ari dira gehienetan enpresak, bakoitzak bere merkatu kuota handitzea duelako helburu, baina horrek ez du kentzen politikan eragin nahi denean, politika aldaketak lortu nahi direnean, elkar hartu eta norabide berean eta elkarrekin indar egitea, nork bere izaera eta egitekoa bazterrera utzi gabe. Kulturgintzak zergatik ezin dugu hori egin?

Legitimoa eta beharrezkoa da nork bere ikuspegi, behar eta lehentasunak izatea, eta horrela izan behar du. Aldi berean, jakin behar dugu elkarrekin lan egiten, batera diseinatzen etorkizuneko jokalekua eta indarrak biltzen.

Zaila da, dena dugu kontran, eta oraingo krisi honen ondoren, are okerrago izango dugu, ez izan zalantzarik, baina posible da. Neurri handi batean gure esku dago: kolektiboan har dezakegun jarreraren baitan dago neurri handi batean.

Eta presa dugu, baina ezin gara presaka ibili. Presa dugu mundu globalizatu honek gero eta elementu gehiago dituelako nagusiak ez diren hizkuntza eta kulturak deusezteko; “bi egunetan mundua aldatu behar dugu” pentsatuz abiatzen bagara, ordea, ez dugu ezer lortuko. Epe luzerako helburuak eta norabidea markatu behar dira, etengabe berrikusiz eta behar diren aldaketak eginez, mundu mailan gertatzen joango diren aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoak une oro aztertuta.

Euskal sortzaile eta eragileek desgaste handia jasan dute eta jasango dute krisi honen testuinguruan, hainbat galtzeko zorian izan daitezke, eta ezin dugu, inolaz ere, ezer gal dadin utzi.

Eta bitartean?

Honaino iritsi dena hasia izango da pentsatzen oso etorkizunaz ari garela, baina gaur eta bihar ere bizi egin behar dela, eta uneko egoerari ere aurre egin behar zaiola, biharko Euskal Herria eraikitzen ari garen bitartean eutsi egin behar diogula. Eta hala da, baina gaur egin behar dugunak eta hurrengo hilabeteei begira hartuko ditugun neurriek ezin dute etorkizunerako perspektiba begi bistatik galdu, Euskal Herria badugu helburu.

Egoera honetan lehentasunezkoa da egungo euskalgintzaren eta euskal kulturaren egiturari eustea. Euskal sortzaile eta eragileek desgaste handia jasan dute eta jasango dute krisi honen testuinguruan, hainbat galtzeko zorian izan daitezke, eta ezin dugu, inolaz ere, ezer gal dadin utzi. Behar diren laguntzak eta inbertsioak bideratu behar dira, oraina kolokan baldin badugu ezinezkoa egingo baitzaigu etorkizuna lantzea.

Orain artekoari eusteko behar den dinamika eta politika eragiteko garaia da hau, etorkizuna eraikitzen hasteko, kultur aniztasunean eraikitako izaera propioa izango duen Euskal Herria eraikitzeko.

Argazkia: Victoria Priessnitz, Unsplash.

Euskalgintzatik eta euskal kultur mundutik planteamendu zehatzak egiten ari dira, eta ez dut uste hau denik lekua haiek biltzeko. Nahi dituenak eskura ditu. Bakoitza lanean ari da bere eremutik, eta egiten diren planteamenduak kontuan hartu behar dira.

Badakigu dirua mugitzen den eremuetan kultura bigarren mailako ikusiko dela, ez dela lehentasunen artean ikusiko. Beti izan da horrela, eta 2008ko krisi ekonomikoen ondorioetan agerian geratu zen hori. Orain ere, eremu batzuetan horretarako tentazioa izango da, eta garai egokia izan daiteke euskal kultur munduak sektoreka antolatu eta batera bere lekua errebindika dezan, Euskal Herriaren eraikuntzarako duen lehentasuna agerian jarri eta bere baitako elementu guztiei euts diezaien.

Orain artekoari eusteko behar den dinamika eta politika eragiteko garaia da hau, etorkizuna eraikitzen hasteko, kultur aniztasunean eraikitako izaera propioa izango duen Euskal Herria eraikitzeko.

  1. AIARTZA, Urko; “COVID-19, mundua eta gu” (2020, Euskal Herria)