TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Minorizazio gorrian

Minorizazio gorrian

Euskara gaur, datu demolinguistikoen irakurketa oinarri hartuta

Hizkuntza-politika eraginkor bat pentsatzeko eta abian jartzeko, beharrezkoa da helburuak egoki finkatzea, eta horretarako, halaber, beharrezkoa da gure abiapuntua zein den argi izatea: Non gaude? Nondik gatoz? Zein da gure minorizazio-egoera?… Norabide horretan lagundu nahirik, Inkesta Soziolinguistikoetako, Zentsuetako eta Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketetako datuak aztertu ditugu berriki aurkeztu dugun tesian (hemen dago eskuragai: https://addi.ehu.es/handle/10810/60061); lerro hauetan, egoeraren nondik norako nagusiak ahalik eta laburrena azaltzen saiatuko gara.

 

Euskararen minorizazio-prozesuan bereziki bortitzak izan ziren XX. mendeko lehen bi herenak. Aldi horretan, frankismo garaian bereziki, areagotu egin zen euskal hiztun-komunitateari lehenagotik ere gainera zetorkion patua: desagertzeko bidean zihoan ezinbestean. Zorionez, joera-aldaketa bat gertatu zen 60ko hamarraldiaren inguruan, biziberritze-prozesu bat jarri zen abian, eta hein batean geldiarazi eta itzulbiratu egin zen joera hura. Alabaina, gaur egun ere minorizazio-egoera gorria pairatzen jarraitzen dugu; teoria soziolinguistikoak hizkuntza-komunitate baten egoera zertan den neurtzeko darabiltzan alderdi garrantzitsuenak Euskal Herrian gaur egun nola diren aztertuta heltzen gara ondorio horretara. Alderdi horiei erreparatuta, gure lurraldean ditugun hizkuntzen arteko aldea handia da, euskararen kaltetan betiere. Desoreka hori agerikoa da hizkuntzaren erabileran, non erdaraz (gaztelaniaz/frantsesez) egiten diren 7 elkarrizketa bakoitzeko bat bakarra egiten den euskaraz. Egoera ez da hobea hizkuntza-gaitasunari erreparatuta: hiztunen artean, %8 baino ez dira euskaraz errazago moldatzen direnak gaztelaniaz/frantsesez baino, eta, aldiz, hiztunen %83 errazago moldatzen dira bi hizkuntza horietako batean. Ez hori bakarrik. Horien arteko gehiengo handi bat elebakarra da, eta erdaraz bakar-bakarrik mintzatzen da. Gaitasunean eta erabileran, beraz, desoreka handia dago euskara-erdaren artean.

 

Argazkia osatzeko, funtsezkoak diren beste bi alderdi ere aintzat hartu beharra dago: lurraldean hizkuntza batzuek eta besteek duten nagusitasuna batetik eta hizkuntza-bilakaera prozesuak bestetik. Lurraldean hizkuntzek duten nagusitasunari erreparatuta, gaztelaniak/frantsesak nagusitasun ia erabatekoa dute (eta, ondorioz, baita hiztunen eguneroko bizitzako testuinguruetan ere). Badira oraindik euskara sozialki hegemonikoa den udalerri eta auzo batzuk, arnasguneak. Horietako eguneroko bizitzan euskara da nagusi eta bertako prozesu soziolinguistikoek, gainerako lurraldeetan ez bezala, bertako hiztunengan euskara indartzera bultzatzen dute. Gune horiek, baina, pisu demografiko gutxikoak dira tamalez (herritarren %4 inguru besterik ez da bizi horrelakoetan) eta azken urteotan ahultzera jo dute. Azken 20 urteotako joerak bere horretan jarraituko balu, hamarkada gutxitan desagertu egingo lirateke euskara nagusi duten eremu geografikoak.

Hizkuntza-bilakaera prozesuek hiztunen bizitzan zehar izaten diren aldaketa linguistikoak aztertzen dituzte. Euskal Herrian nola gertatzen diren aztertuta, esan behar da prozesuok gaur egun erdara indartzeko noranzkoan egiten dutela indarra. Horrela, jatorriz euskaldunak diren hiztunak (lehen hizkuntza euskara izan zutenak) erdalduntzeko joera handiagoa da jatorriz gaztelaniadunak/frantsesdunak zirenak euskalduntzekoa baino. Fenomeno hori gaitasunean, erabileran eta lurralde-nagusitasunean euskarak duen ahultasun handiaren ondorioa da; eta gure hizkuntza-komunitatearen bizi-indar ahularen erakusgarri zuzena. Ez da ahaztu behar, gainera, testuinguru orokorrak ere (hala nola sistema juridiko, politiko, ekonomiko eta komunikatiboak), salbuespenekin eta kontraesanak eduki ditzaketen prozesuekin, bizitzarako beharrezko/ezinbesteko egiten dituztela gaztelania-frantsesa eta ez-beharrezko/bigarren mailako euskara. Testuinguruak orokorrean lagundu egiten du, hortaz, hizkuntza menderatzaileak nagusitasun hori areagotu dezan (gaztelaniak Hegoaldean eta frantsesak Iparraldean), hizkuntza gutxituaren kaltetan (euskara Euskal Herri osoan).

 

Euskararen komunitateak baditu, dena den, indargune batzuk, eta horiek eusten diote bizirik. Herritar gehienek euskararen aldeko atxikimendua ageri dute beren iritzietan, eta erabili ere gehiago egiten dute espero izatekoa zena baino. Horrela, euskaraz hobeto moldatzen diren hiztunak hizkuntzarekiko leialak dira gaur egun; eta erdaraz hobeto moldatzen diren elebidunek ere erabiltzen dute euskara erosotasun-irizpideek aginduko luketena baino gehiago. Sozializazio- eta transmisio-prozesuekin zerikusia duten jokabideak ere indargune ditugu, eta horiei esker, gaur egun belaunaldi berriak euskaldunagoak dira bai gaitasunean eta baita erabileran ere beren gurasoenak baino, nahiz eta erdararen nagusitasunak argia izaten jarraitzen duen belaunaldi berrien artean ere. Herritarren sail zabalen euskaltzaletasuna eta sozializazio-prozesuetan komunitateak egiten duen ahalegina, beraz, Euskal Herriko ezaugarri positibo bereizgarri garrantzitsuak dira. Ez dira ezaugarri arruntak munduko hizkuntza-komunitate gutxitu gehienen artean eta, zalantzarik gabe, indarberritze-prozesu baterako ezinbesteko osagaiak ditugu.

 

Esandakoak esanda, gure egoera bi ezaugarriren bidez labur dezakegu.

Lehen ezaugarria: egitateei dagozkien aldagai guztiek minorizazio gorriko egoera erakusten dute euskararentzat.

Euskara-erdaren arteko desoreka handia da; euskara oso ahul dago erdaren aurrean bai erabileran, bai gaitasunean, bai lurralde-nagusitasunean, bai hizkuntza-bilakaeran eta baita sozializazio-prozesuetan ere. Gauzak gordin adierazita, aldagai horiei buruzko zenbakiek erakusten dute gertuago gaudela hizkuntzaren heriotzatik normalizazio-egoera batetik baino. Are gehiago, gertuago gaude heriotzatik balizko elebitasun orekatu egoera batetik baino. Egoeraren larritasun horrek, gainera, berarekin dakar berez “hizkuntza gutxituak gutxiagotzen” jarraitzeko joera, kontrako norabidean hizkuntza gutxituaren aldeko jarduera indartsua abian jartzen ez bada behinik behin.

Gure egoera laburtzeko bigarren ezaugarri nagusia honako hau genuke: aurrekoarekin kontrastean, euskararen aldeko jarrera indartsu azaltzen zaigu hiztunen artean, bizinahi handia duen komunitatea da gurea.

Bizinahi hori iritzietan ez ezik, hiztunen portaeretan ere gauzatu izan da azken 50-60 urteotan, XX. mendeko 60ko hamarraldian euskaltzaletasun eta abertzaletasun indarberrituak bultzatuta abiatu zen euskalduntze-olatu handiaren eskutik. Olatu handi hartan parte hartu duten banakako euskaldun eta euskaltzaleen ahaleginik gabe, euskalgintza antolatuaren bultzada eta jarduna kontuan hartu gabe, erakunde batzuetatik euskararen alde egin diren politikak izan ez balira, gutxitze-prozesuak argi eta sendo asko jarraituko zukeen, erdaldun elebakarren multzoak handitu egingo ziratekeen eta euskaldunenak jaitsi, erabilerak ere sendo egingo zukeen atzera, transmisio-prozesuetan euskarak duen pisua are gehiago txikitu izango zatekeen, eta abar. Bizinahi handi horrek eraginda egin den ahalegin handiari eskerrak eutsi dio komunitateak bizirik, alderdi batzuetan aurrerapauso esanguratsuak emanez eta beste batzuetan kontrako joerei kontra eginez.

 

Testuinguru horretan, euskararen komunitateak bizirik jarraitzen du, indartzera eta ahultzera bultzatzen duten aldibereko joera kontrajarriekin. Guk zehatzago aztertu dugun epealdian, 1991-2021 tartean, aldi berean gertatu dira bai euskaren kaltetan izan diren ordezkatze-dinamikak eta baita hizkuntzaren jarraipena eta indarberritzea dakarten dinamikak ere. Azken 20 urteotan zehazki, 1960 inguruan hasitako indarberritze-bulkada ahuldu egin dela eta geldotze aro batean sartu garela erakusten dute datuek. Horretan eragin dute, besteak beste, mundu globalizatuko aldaketa ekonomiko, teknologiko, sozial eta kultural indartsuek eta Euskal Herriko demografian, jaiotze- zein migrazio-fluxuetan, izan diren aldaketek. Pentsatzekoa da joera horiek areagotu egin daitezkeela etorkizun hurbilean; horrek ez du erraztuko hizkuntzaren indarberritzean aurrera egitea.

 

Horiek horrela, bizi dugun minorizazio-egoera gorriak eskatzen du lehenik egoeraren larritasunaren kontzientzia hartzea eta bigarrenik hizkuntza-politika sendo eta ausartak abian jartzea euskararen alde. Euskara lehentasunetara ekartzea eta neurriko (neurri ez txikiko) hizkuntza politikak lantzea ezinbesteko zeregina izango ditu herri honek hurrengo hamarraldietan, mendeetako katea etetea nahi ez badugu behintzat.

Iñaki Iurrebaso Biteri

Soziologoa