TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Natura errespetatzen duen ekonomia baterantz, COVID-19 osteko Euskal Herrian

Testu hau beste hizkuntza hauetan ere eskuragarri: Español

Natura errespetatzen duen ekonomia baterantz,

COVID-19 osteko Euskal Herrian

unai_pascual

UNAI PASCUAL

Ikerbasque-eko Ikerlaria, Ingurumen Ekonomian doktorea.

[sgb_pgawvc_pdf_button sgb_pgawvc_width=”40″ sgb_pgawvc_height=”60″ sgb_pgawvc_image=”8972″ sgb_pgawvc_class=”” sgb_pgawvc_id=””]

UNAI PASCUAL

Ikerbasque-eko Ikerlaria, Ingurumen Ekonomian doktorea.

[sgb_pgawvc_pdf_button sgb_pgawvc_width=”35″ sgb_pgawvc_height=”50″ sgb_pgawvc_image=”8972″ sgb_pgawvc_class=”” sgb_pgawvc_id=””]

Aurrerapena, garapena eta ongizatea egunero erabiltzen ditugun hitzak dira, norberak agian, inplizituki edo esplizituki (hau ia inoiz ez), terminoaren definizio ezberdinak erabiliz, batzuetan antagonikoak izanik.

Gauza bera gertatzen da ekonomia hitzarekin. Ekonomiaren definizioari buruzko eztabaida akademiko batean sartu gabe, erraz adostu genezake, ekonomiak, baliabide urriko testuinguru batean ongizatea lortzeko pertsonak erlazionatzeko moduari egiten diola erreferentzia. Merkatuko sistema ekonomikoan, norbanakoa kontsumitzaile edo ekoizle gisa definitzen da soilik, agian ñabardurekin, gizarte-erakundeek eskariaren eta eskaintzaren arteko elkarreraginaren ondoriozko desorekak kudeatzeko egiten duten esku-hartze mailaren arabera. Eskaria, baina, ez da soilik norbanakoen berezko eta kulturalki sortutako ohitura eta gustuen araberakoa. Eskaria, era berean, nahita eta artifizialki eraikitako beharren araberakoa ere bada, hauek ondasun eta zerbitzu batzuen kontsumoa lehenesten duten ekoizpen-ereduak indartzen dituelarik (oro har, marketin-teknika askotan oinarrituta).

Argazkia: Markus Spiske, Unsplash.

Etorkizuneko Covid-19 osteko normaltasun berria ongizate indibiduala eta aurrerapen soziala terminoak birdefinitzeko moduaren araberakoa izango da.

Etorkizuneko Covid-19 osteko normaltasun berria ongizate indibiduala eta aurrerapen soziala terminoak birdefinitzeko moduaren araberakoa izango da. Baina gu, ekonomia berriaren oinarri izango diren terminoen beharrezko birdefinizioan eragiteko gaitasun desberdina dugun pertsonen multzo heterogeneoa gara. Termino horiek, adibidez, ongizatea, eraginkortasuna eta ekitatea izan daitezke. Testuinguru horretan, merezi du azken hamarkadetan termino horien eta ingurumenaren edo naturaren arteko loturak zein izan diren ulertzea. Berez, praktikan, Eusko Jaurlaritzak politika ekonomikoak diseinatzeko orduan, lotura horiek bazterrekoak izan dira, eta egitura instituzionaletan organikoki eta zeharka txertatutakoak baino, marketin politiko kutsukoak izan dira. Ez dira, hortaz, idatzitako plangintza eta estrategietatik haratago joan.

Argazkia: Marija Zaric, Unsplash.

Asko jota, Euskal Herrian eta gure ingurune hurbilean, gobernu mailan, ekonomiaren eskola liberal ordodoxoen planteamendu teorikoen jarraipena egin da (batez ere anglosaxoia), oin-puntetan eta inolako hausnarketa kritikorik egin gabe. Planteamendu teoriko horietan ingurumena hor kanpoan dagoen zerbait bezala ulertzen da (ustiatu beharreko baliabide bezala), hau da, hazkunde (berde) bat sustatzen jarraitzeko kapital natural bezala ulertzen da gehien bat. Horretxegatik, hain zuen, ingurumenaren degradazioak hazkunde ekonomikorako gaitasuna (norbanakoen kontsumorako edo ekoizpenerako gaitasuna) arriskuan jartzen duenean soilik pizten dira alarmak, eta ingurumena, hor kanpoan zegoena, barneratzeko saiakerak egiten dira. Tokiko adibide asko daude (arnasten dugun airearen eta edaten dugun uraren kutsadurak, eta abar), baita eskala globalean ere, adibidez, kontsumitzaileek eta ekoizleek erregai fosilak modu indiskriminatuan erabiltzeak aldaketa klimatikoa bezalako kanpo-efektu globalak eragiten baitu.

Euskal Herrian, jendarteak Espainiar Estatuko ingurumen adierazleekin alderatzen jarraitzea onartu duela dirudi, Europako iparraldeko eskualde edo herrialde aurreratuenen adierazleekin konparatu beharrean, beste horien BPG maila horiengandik hurbilago gaudenean.

Klima larrialdi eta krisi ekologiko global baten testuinguru erreal batean, anbizio txikiko erregulazio eta zuzentarauen bidez Europa neoliberal baten planteamenduei jarraitzea izan da gobernu ezberdinen hautua. Are gehiago, Euskal Herrian, jendarteak Espainiar Estatuko ingurumen adierazleekin alderatzen jarraitzea onartu duela dirudi, Europako iparraldeko eskualde edo herrialde aurreratuenen adierazleekin konparatu beharrean, beste horien BPG maila horiengandik hurbilago gaudenean. Gogoratu behar da, halaber, Europa ingurumenari lotutako merkatu berrien erabileraren aitzindari bat dela, adibidez, CO2aren merkatu globalaren bultzatzaile sutsua da. CO2 isuriak arautzeko irtenbide mota hau zailtasun handiak izaten da mundu mailako klimaren negoziazioetan, egoera geopolitikoaren ondorioz (jatorri fosileko energiak ekoizten eta kontsumitzen dituzten herrialdeen arteko ezberdintasun estrategia energetikoak direla eta edota herrialde aberats eta pobreek dituzten garapenari lotutako lehentasun ezberdinak direla eta). Bitxia da: oso konplexuak diren arazoen konponbideak, esaterako, klima aldaketa, merkatu-rolari lehentasuna emanez norabide bakarrean planteatzen dira, agian espekulatzeko moduko produktu finantziero berriak sortzeko helburuarekin. Honekin, sortzen ari diren erpin askotako arazoetarako ere irtenbide gisa merkatuaren eginkizuna kokatzen da eta, une berean, harekiko fedean oinarritutako ideologia indartzen da egitura instituzionaletan eta gizartean orohar.

Euskal Herrian [...] geure buruari galdetu behar diogu: zenbateraino gaude prest naturaren gain sortutako presioan oinarritutako kontsumo-maila gero eta handiago batean oinarritutako ongizate mailari eusteko?

Argazkia: Alfonso Navarro, Unsplash.

Euskal Herrian, non gehiengoaren ongizate materiala aztarna ekologiko ezin mesprezagarriari lotutako iragan eta orainaldi batean oinarrituta sortu den, ispilura begiratu behar gara berriro, eta geure buruari galdetu behar diogu: zenbateraino gaude prest naturaren gain sortutako presioan oinarritutako kontsumo-maila gero eta handiago batean oinarritutako ongizate mailari eusteko? Hau da, noiz arte mantenduko dugu naturarekiko harrapakaria den metabolismo sozial batean oinarritutako ekonomia eredu bat, zeinek bere mugak etengabe erakusten ari den? Azken hamarkadetan Euskal Herrian gailendu diren politika ekonomikoek ez dute inertzia neoliberal indartsuari ihes egiten jakin, non botere-jokoek balantza epe laburrean irabaziak dituen sektore pribatu batera makurtu duten, irabazi horiek jendearen eta planetaren bizi-baldintzen kontura lortzen dituztenean.

Covid-19 osteko normaltasun berriak, beraz, aukera ematen du aurrerapena birdefinitzeko eta herritar gisa gure ingurune natural hurbilenarekin dugun harremana, ererspetuaren bidetik, berriz ezartzeko.

Covid-19 osteko normaltasun berriak, beraz, aukera ematen du aurrerapena birdefinitzeko eta herritar gisa gure ingurune natural hurbilenarekin dugun harremana, ererspetuaren bidetik, berriz ezartzeko. Herritar gisa, gero eta konektatuagoak gauden heinean, biodibertsitatearen, eta beraz bizitzaren aniztasunaren, aurkako erasoak gehiago jasateko gai ez den Planeta batean bizi gara jadanik. Biodibertsitatea, gizateriaren ondarea, Covid-19 bezalako pandemien arriskuetatik geure burua babesteko eta erresilienteak izateko aseguru natural gisa balio digun ezinbesteko ondare estrategikoa da. Beharbada, pandemia honek begiak irekiko dizkigu eta zientzialariek etenik gabe azaldu duten errealitatea erakutsiko lagunduko digu. Tenperaturaren igoeretatik, suteetatik, uholdeetatik, itsas mailaren igoeretatik eta beste muturreko ondorio batzuetatik (Euskal Herrian dagoeneko nabaritzen ari direnak klima krisiaren ondorioz, eta maiztasun eta intentsitate handiagoarekin haziko direnak) babesteko ekosistemek betetzen dituzten funtzioei eusten dien biodibertsitatearen babesa zeharkako politika publikoetan txertatu beharra dugu. Biodibertsitatea edo natura, bere adierarik zabalenean, ez da hazkuntza materialaren egarria asetzeko lehengaiak lortzeko fabrika edo zaku amaigabe bat. Herri gisa, biodibertsitatearen gaineko presioa handitzen jarraitzen badugu, bai hemen bai urreneko herrialdeetan, osasunarengain arriskuak hareagotuko ditugu. Naturarekiko errespetuzko harremana lehengoratzea tresna estrategikoa izango da pandemia berriak saihesteko eta hortik harago, baita buru-osasun eta osasun fisikoan irabazteko ere.

Osasunaren eta ekonomiaren arteko dikotomia falazia bat da. Osasuna giza kapital preziatuena bezala uler daiteke (hezkuntzarekin batera), baina osasuna, ondo dakigu, baliabide produktibo bat baino askoz gehiago dela.

Argazkia: Nik Shuliahin, Unsplash.

Osasunaren eta ekonomiaren arteko dikotomia falazia bat da. Osasuna giza kapital preziatuena bezala uler daiteke (hezkuntzarekin batera), baina osasuna, ondo dakigu, baliabide produktibo bat baino askoz gehiago dela. Era berean, natura eta ingurumena kapital naturala baino askoz gehiago dira (ondasun eta zerbitzuen fabrikatik haratago doana), osasunerako beharrezkoak baitira, baita ongizate zentzu sakonago baterako, zentzua eta nortasuna ematen baitigute. Beraz, post-covid-19 etorkizunari ezin diogu modu linealean begiratu: lehenik ekonomia, gero osasuna, eta, gero, agian, izango dugu interesa eta jarriko ditugu baliabideak ingurumen arazoetaz kezkatzeko (inoiz benetan kezkatu bagara). Linealtasun hori gure eredu kognitibotik eratorritako beste falazia handi bat islatzen du. Sistema konplexuek elkarrekiko mendekotasuna dakarte (hor sartzen dira herritarren identitatearen, ekonomiaren, eta osasunaren eta ingurumenaren arteko erlazio dinamikoak). Errealitatea den bezalakoa da, eta nabaria da jasangarritasunaren zientzialariei eta ekonomialari ekologikoei hainbat hamarkadatan jaramonik egin ez izanak jendarte modernoek sortu duten tranpa handienetako batean erortzea ekarri duela, politika publikoak erlazio sozio-ekologiko oinarrizkoenak kontuan hartu gabe diseinatzen jarraitu baitugu.

Tranpa honetatik ateratzeko, Euskal Herrian eta bere inguru hurbilenean eraiki beharreko ekonomia berriak ekonomia ekologikoa izan behar du, ezinbestean.

Argazkia: Ivan Bandura, Unsplash.

Tranpa honetatik ateratzeko, Euskal Herrian eta bere inguru hurbilenean eraiki beharreko ekonomia berriak ekonomia ekologikoa izan behar du, ezinbestean. Ekologikoa, ekonomia jendartearen zerbitzura dagoen azpisistema interdependentea dela ulertzen duelako, non jendarteak ezinbestean prozesu eta dinamika naturalei lotuta jarraituko duen. Euskal gizartearen garapen iraunkorrerako tresna gisa, naturarekiko harraparia den eta errespeturik ez duen ekonomia batek porrot egingo du. Irekitzen den garai berri hau euskal jendartean oraindik ere errotuta dauden oinarrizko balioak (adibidez belaunaldi barruko eta belaunaldi arteko elkartasuna eta naturarekiko errespetua) berriz nola artikulatu hausnartzeko baliatu beharko genuke. Garai neoliberal baten azelerazio handian sustatu diren balio ekonomizistetatik harago jardun behar dugu, honek herritarrak beren homo economicusaren preso bihurtu baititu (gero eta lehiakorragoak, berekoiagoak eta indibidualistak), inondik ere jasangarria ez den eredu ekonomiko bat sustatuz. Inoiz baino ezinbestekoagoa da pertsona guztiekiko eta naturarekiko errespetuzko harreman-balioak sustatzea, ekonomia (ekologiko) bat sortzeko. Euskal Herri post-covid-19 berrirako daukagun zeregin handietako bat da hau.

Inoiz baino ezinbestekoagoa da pertsona guztiekiko eta naturarekiko errespetuzko harreman-balioak sustatzea, ekonomia (ekologiko) bat sortzeko. Euskal Herri post-covid-19 berrirako daukagun zeregin handietako bat da hau.