Noranzkoak, noranzko: AITZINA
23. Korrikak, beste behin ere, Euskal Herri osoa zeharkatuko du.
23. Korrikak, beste behin ere, Euskal Herri osoa zeharkatuko du. Bidasoako ibaiaren bazterrean, Irunen, Euskal Herriaren ipar-ekialdean ekingo dio ibilbideari. Hain justu, gure hizkuntza, euskara, zapaltzen duten bi hizkuntza hegemonikoen arteko mugan. Eta Korrikak aitzina egingo du, eta muga hori zeharkatuko du, izenik eta izanik ez duten beste batzuek ez bezala. Murgilduko da euskara babesgabe den lurraldean. Alboko hizkuntza hegemonikoaren aldean baldintza erabat makurrak ditu euskarak eta, beraz, zer esanik ez bertako herritar euskaldunek, euskal hiztunon aurkako hizkuntza-politika publikoak garatzen baitira. Eta, egun, EEPren berritze-prozesuan gaudelarik, euskararen biziberritzea segurtatzeko hizkuntza-politika ausartagoetaranzko urratsak emango al dituzte… Euskararen biziberritzerako funtsezkoa den Ardanabia ibaiaren bazterrean murgiltze irakaskuntza kinka larrian dagoen honetan…
23.Korrika hor ingurutik ere pasako da eta aitzina egingo du. Eta Izpegiko lepotik berriro ere muga zeharkatuko du. Eta sartuko da oraindik ere zonifikazioaz hitz egitera behartuta gauden lurraldera. Eremu euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna? Diskriminazio, desberdinkeria eta desadostasun-iturri. Hizkuntza-justizia, hizkuntza-kohesioa eta hizkuntza-berdintasuna erdigunera ekarri ezean, antzina onartutako lege madarikatu batek ez dio euskarari aitzina egiten utziko. Baina Korrikak egingo du eta, horrekin batera, Agerraldia bezalako ekimenek. Eta bertan aldarrikatuko dugu euskararen ezagutza zabaldu nahi dugula, euskararen erabilera handitu nahi dugula eta euskararen aldeko jarrerak indartu nahi ditugula. Elkarrekin, aitzina.
1980. urtean abiatu zen lehen aldiz, eta ordutik urte asko igaro dira. Zoritxarrez, agerikoa da hasiera hartako aldarri askok egun ere oihartzuna behar-beharrezkoa dutela.
23. Korrikak Kanpezuko erliebe menditsutik barrena Arabako mahatsak pasako ditu. Eta Kantauri itsasorako bidea hartuko du, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiak amaierarik ez duen honetan. Bai, egia da 70.000 lagunek babestu genituela hizkuntza-eskubideak, euskararekin bat, euskaraz bat. Halere, badirudi, aitzina egin ordez, atzera egiten ari garela. Horren adibide dugu, esaterako, onartu berri den EAEko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua. Aurrerapausotxoak bai, baina hizkuntza-politika ausartagoak egiteko pausorik ez… Zer esanik ez Nafarroako Merezimenduen Dekretuari buruz. Erasoak batetik eta bestetik, eta instituzioak galga jarri eta jarri… Noizko euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa? Noizko Euskal Herriko biztanle guztiok euskaraz eroso bizi ahal izateko baldintzak? Eta euskara doan ikasteko eskubidea noizko bermatuko digute? 23. Korrikak hor ere aitzina egingo du, eta muga eta oztopo horien guztien gainetik jomugara iritsiko da: Baionara.
1980. urtean abiatu zen lehen aldiz, eta ordutik urte asko igaro dira. Zoritxarrez, agerikoa da hasiera hartako aldarri askok egun ere oihartzuna behar-beharrezkoa dutela. Eta oraingoan ere ehunka mila lagunek egingo dugu bat Korrikarekin; izan ere, euskararen herri harroa garela argi adierazteko unea da. Euskarak batzen gaitu eta batuko gaitu, eta herriak batuta euskararen herria mugitzeko indarra du. Harrotasunez adierazi behar dugu harro gaudela baina ez konforme, euskararen biziberritzerako eta normalizaziorako urratsak eman ditzaten.
Antzina eta aitzina, hizki batek ditu ezberdintzen eta badirudi batzuek lehena dutela oinarri, ez direla aitzina egiteko prest. Baina 23. Korrikak aitzina egingo du, euskararen herri harroak lez. Eta noranzkoak noranzko, aitzina egingo dugu, harik eta Euskal Herri euskaldun askea izan arte!
Aize Otaño Lizarralde
AEKren artezkaria