Normalitate berrirako agroekologia feminista.
MIRENE BEGIRISTAIN ZUBILLAGA
Ekonomian doktorea.
Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU.
MIRENE BEGIRISTAIN ZUBILLAGA
Ekonomian doktorea.
Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU.
Azken urteetan eztabaidan izan dugun eredu sozioekonomiko eta ekologikoa eta bere ondorioak etxeko sukaldean dauzkagu.
Dagoeneko ez da baserritarrak, talde ekologistak, zientzialari edo ikerlariak, feministak, mahats bilketan dabilen sasoiko langileak, basozainak, pentsalari eta aktibistak, kontsumo arduratsuko herritar antolatuak, nekazal sindikatuak edota beste hainbatek plazaratzen duten aldarria. Danoi sartu zaigu etxeko sukalderaino; baina, sartze hau, ez da eman modu demokratiko eta unibertsalean, bakoitzaren abiapuntu baldintzak xakitzen baitu hori ere.
Elikadura sistemako kate-begien izaera klasikoaren (ekoizpena-banaketa-kontsumoa) ondorioen zerrenda ukaezina dela erakutsi digute azken urteetako ebidentzia zientifikoek
COVID-19aren aurretik zeuden krisi anitz eta konbergenteen beste estualdi bat etorri da. Planetaren eta bizitzaren biziraupenarekin zer egin nahi dugun erabakitzera eramaten gaituen estualdia. “Hau eta gero”, zein ote da onartuko dugun normalitatea?
Egun dugun elikagai-kate ereduak sortzen dituen eraginak ezagunak genituen “honen aurretik”. Elikadura sistemako kate-begien izaera klasikoaren (ekoizpena-banaketa-kontsumoa) ondorioen zerrenda ukaezina dela erakutsi digute azken urteetako ebidentzia zientifikoek: monolaborantzaren ondoriozko higadura handia eta ekoizpen dibertsifikatuaren galera; intsumoen menpekoa den ekoizpen eredu intentsiboa eta inbertsioen zorpetzearekin gurpil zoroan murgilduta dauden baserriak; nekazaritza lurren artifizializazio maila; itsasoen orekak apurtu eta agortzera eraman dituzten arrantza praktika xurgatzaileak; erreleborik ez duen ereduan sakontzea landa-munduaren krisia areagotuz; elikagai kilometrikoak normalizatzea; banaketa katean baserritarrei ordaintzen zaiena eta batez beste kontsumitzaileek ordaintzen dutenaren arteko aldea gero eta handiagoa izatea, kontrolik gabe, banaketa elikagai enpresa handi eta gutxi batzuen mesedetan; dietetan elikagai prozesatu eta ultraprozesatuen kopurua handitzea eta elikadura ez egokiak eragindako gaixotasunen zabaltzea; jantoki publikoetan catering enpresa gutxik duten jarduera eta monopolioa baimentzea; eta abar luze bat.
Argazkia: Rob Mulder, Unplash.
Ebidentzia guztiak medio, aste honetan bertan SAPEAk (Science Advice for Policy by European Academies) argitaratu berri du A sustainable food System for the European Union txostena, non Europar Batasunean elikagai-sistema jasangarri eta inklusibora trantsizioa egiteko informazio zientifikoa biltzen duen. Bertan adierazten da gaur egungo Europako elikadura-sistemak osagai sozial, ekonomiko eta ekologiko konplexuak dituela, eta erabateko aldaketa behar duela epe luzera jasangarri bihurtzeko. Aldaketa horretarako, eredu agroindustrialaren garapena eman den bitartean, hedatzen joan dira zientziatik, nekazarien praktikatik eta gizarte-mugimenduen artikulaziotik etorritako bestelako proposamenak. Ekimenen hazkunde hori, aldi berean, elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren diskurtsoaren hedapen oso garrantzitsuaren ondorio eta kausa dira. Agroekologia elikadura sistemaren dimentsio anitzei (ekologikoa-sozioekonomikoa-politiko-kulturala) begiratzen dien oinarrizko ikuspegia da, ekoizpen eta kontsumo alternatiba iraunkorrak proposatzeko gai izan dena, prozesu eta ikuskera berriekin, bai planetarentzat zein pertsonentzat.
Elikadura sistemaren azterketak, ikuspegi multidimentsional eta konplexua eskatzen badu ere, oraindik ikuspegi feminista, neurri handi batean, eskasa da, nahiz eta agroekologiaren arloan ekarpen aitzindariak baditugun.
Baina, elikadura sistemaren azterketak, ikuspegi multidimentsional eta konplexua eskatzen badu ere, oraindik ikuspegi feminista, neurri handi batean, eskasa da, nahiz eta agroekologiaren arloan ekarpen aitzindariak baditugun (Silinprandi eta Zuloaga, 2014). Bertan kokatzen dugu emakumeek* elikadura-sisteman duten egoera desorekatua. Gaiak eskatzen duen sakontasunean hemen murgilduko ez bagara ere, ekonomia feministak erabiltzen duen iceberg-aren metafora irudikatzen badugu, elikadura katearen eta haren hiru kate-begien ikuskera klasikoak (ekoizpena-banaketa-kontsumoa) bere isla hartzen du nekazaritzako elikagaien sistema globalean. Kate-begi bakoitzari so: elikagaien banaketa enpresa multinazionalek kontzentratu eta elikagai-merkatuaren boterea eta erabaki-hartzea menderatu egiten dituzte, eta norabidea etengabe markatzen dute, eta, hala, ekoizpen- eta kontsumo-eredu bat beren interes partikularren mende jartzen dute; ekoizpenaren eta kontsumoaren kate-begiak, biak ere, eredu esklabo baten mende daude, eta eredu horrek “ez-alternatiba” sentsazioa sortzen du, shock-estrategiaren ondorio gisa; icebergaren oinarrian “etxeak” daude, sistemaren sostengua dira eta metafora osatzen dute (Urretabizkaia eta Arroyo, 2018; Alvarez eta Begiristain, 2019). Elikadura sistemako begirada osoa badugu, etxeetan eta ekoizpenean egiten diren askotariko zapalkuntzen katea hautsi dezakegu, eta ekoizpenera gehiago hurbiltzen diren eta banaketa handitik urruntzen diren kontsumo-eredu zainduak bultzatu ahal ditugu, proposamen emantzipatzaile errealak sustatuz.
Hausnarketa intimo eta kolektibo honetan –subertsiboa ere izan daitekeena- gure antolaketa sozioekonomiko eta politikoan elikadurari eta elikagaien ekoizpenari leku bat ematea nahitaezkoa da
COVID-19aren etorrerak dagoeneko esku artean genituen arazo estrukturalak argiago erakusten dizkigu, baina etxeko lanak egin gabe harrapatu gaitu. Hamaika sentsazio, bizipen, hausnarketa eta pentsamendu-galdera sortzen zaizkigu.
Argazkia: Free to Use Sounds, Unplash.
Zer da esentziala gure bizitzen ortzi-mugak askatasunean eraiki nahi baditugu? Zer da esentziala planetaren eta pertsonen bizi-onerako? Guztia merkantilizatzen duen sistemarentzat, dena da esentziala; balantze-ekonomiko positiboa helburu. Baina COVID-19aren kolapsoarekin agerian geratu da ikusezinak ziren hainbat jarduera esentzialak direla. Hausnarketa intimo eta kolektibo honetan –subertsiboa ere izan daitekeena- gure antolaketa sozioekonomiko eta politikoan elikadurari eta elikagaien ekoizpenari leku bat ematea nahitaezkoa da, elikatzearen beharra dugulako. Beraz, euskaldunok elikagaien inportazioekiko dugun menpekotasuna sustatzen jarraitu behar dugu edo, ez ote da zentzuzkoagoa eta erabaki estrategikoa gure elikagaien ekoizpena, esentziala izanik, tokikotzea eta sostengarria bihurtzea? Egungo egoeran, hazkundean doan munduko populazioaren elikadura segurtasuna eta eskubidea bermatu nahi badugu, elikagai sistemaren ereduaren menpekotasuna eta lehentasunen eztabaida premiazkoa da.
Elikadura, esentziala izateaz gain, eredu iraunkorra eta eredu industrialaren arteko talkan dago.
Elikadura, esentziala izateaz gain, eredu iraunkorra eta eredu industrialaren arteko talkan dago. Elikadura kateko botere desorekak eta elikagai banaketa kateek ordaintzen dituzten prezioak nekazaritzaren krisia elikatzen dutela dioten ikerketa ugari ditugu. Halaber, intsumoetan menpekoa den ekoizpen ereduari ere arreta jartzea ezinbestekoa da. Baserrien kopuruen murrizketa, ekoizpena produktu gutxi batzuetara bideratzea eta eskala handitzea eta intentsifikazioak, lanpostuen galeraz harago, ingurumena eta gure lurraldeen kaltetzea ekarri du. Ez al du zentzu gehiago baserri kopuruari eusteak edota areagotzeak, eskala murriztuz, nekazaritza eta abeltzaintzako enplegua defendatzeak, soberakinak ezabatzeak eta produkzioa, batez ere, tokiko merkatuetara bideratzeak, kalitatea, iraunkortasuna eta gizarte-justizia irizpidetzat hartuta? Agroekologian oinarritzen den nekazaritza eta abeltzaintzak emaitza positiboak ematen ditu, ekoizpenetik kontsumoraino, lurretik platereraino (Van der Ploeg eta besteak, 2019). Beraz, COVID-19ak gogorarazten digu badagoela zer eztabaidatu eta erabakitzen ari garela zein nekazaritza eta elikadura eredurantz joan nahi ote dugun; dikotomia horretan, elikadura eta nekazaritza iraunkorrerantz doazen trantsizio prozesuetan sakondu beharko dugu berandu baino lehen.
Zertarako baliatzen ari gara konfinamendua Agroekologia feministan?
Instituziotatik ezarritako alarma-egoerak emergentziazko hainbat neurri ekarri ditu. Horien artean hurbileko merkatu ez-sedentarioak, auto-hornikuntzarako baratzeak edota nekazaritza eta abeltzaintza txikiei ezarri zaizkienak murriztaileagoak izan dira beste ekoizpen eta elikagai banaketa kate handiekin alderatuta. Euskal Herrian zehar agroekologiaren ikuspegian kokatzen diren baserritar eta mugimendu sozialek euren eskubideen defentsan ekimen anitz aktibatu dituzte. Lurraldez lurralde, tokian-tokiko elikadura sareen antolaketa maila eta tokiko elikadura espazioekiko jendartearen afinitatea eta lotura sinbolikoen errespetuzko adibidetzat har genitzake guztiak. Ekimen gaitasun honek, erreakzionatzeko gaitasunetik harago, prozesuak abordatzeko beste logika bat erakusten digu: lan-dinamika horizontala, errespetuzkoa, eraikuntza kolektiboa positiboki eta era eraikitzailean baliabideak, esperientziak eta harremanak partekatzeko lankidetza. Honek ez du esan nahi garatu diren ekimenek mugak ez dituztenik -eskala mugak edota subjektu anitzaren eraikuntzari dagokienez, adibidez- baina egiteko moduak interpelatuak izan dira, eta aldatzeko bokazio sakona dute. Modu horretara, elikadura sistema bere ikuspegi integralean zaintzeko beharra erdigunean jartzeaz gain –egungo banaketa sistemaren truke errentagarrien irizpide bakarraren aldean-, ikuspegi agroekologikoa eta feminista egikaritzeko “prozesuak eta antolaketa ereduak” politizazio eta eraldatze prozesuen ardatzak direla ikasten dugu.
Argazkia: Nordwood Themes, Unsplash.
Egunerokoan, lanak sakonki egituratzen ditu gure bizitzak.Hiru arrazoi nagusi aipatzen dira baserrien errelebo faltarekin lotuta: belaunaldi berrien interesik eza, ustiategien zailtasunak eta hiri-eremuak, eraikuntza eta azpiegiturak medio, landa-lurraren gainean eragiten duen presioa.
Egunerokoan, lanak sakonki egituratzen ditu gure bizitzak, lan egiteak arau soziala izaten jarraitzen du, neurri handi batean behintzat. “Egoera honek” norbanakoarengan galdera nahiko existentzialista ekar dezake: gure lanaren balioa eta bestelako lan batzuen balioa zein den galdetuz, zein ote diren lanbide erabilgarriak, bai norbanakoentzat bai kolektiboki. Eta, ze balio ematen diogu baserritarren lanari? Hiru arrazoi nagusi aipatzen dira baserrien errelebo faltarekin lotuta: belaunaldi berrien interesik eza, ustiategien zailtasunak eta hiri-eremuak, eraikuntza eta azpiegiturak medio, landa-lurraren gainean eragiten duen presioa. Datu batzuk (Brent, 2019; Gaindegia): EAEn, nekazaritza ustiapenen titularren % 8,5 soilik dira 35 urtetik beherako pertsonak; batez besteko errenta maila baino % 30 errenta baxuagoa dute; Euskal Herrian artifizializaturiko lur azalera bikoiztu egin da 1990-2018 urte tartean, 37.500 hektareatik 79.300 hektareatara, eta afekzio kritikoenak nekazaritza lurra urri den eremuetan gertatu dira. Europako Kontu Auzitegiak 2017an onartu zuen nekazaritza erreleboa sustatzeko NPBtik diseinatutako laguntzak oker zehaztutako interbentzio logika batean oinarritu direla. Normalean, landa-eremuan bizi eta lan egin izan duten pertsonak nekazaritzan tradizioa edo familia dutenak izan dira. Baina, joera hau aldatzen ari da; bestelako profil eta interesak dituzten pertsonak geroz eta gehiago gerturatzen ari dira landa-eremura (adina, hiritar edo landatarrak, bertakoak edo atzerritarrak, ibilbide profesional eta bizi molde desberdinetakoak,…). Honek “young farmer problem” delakoaren kontzeptualizazioa ekarri du (Zagata eta Sutherland, 2015). Beraz, ezagutza eta baserrien transmisio formulak aldatzeko beharra dago, eta proiektuen ekoizpen-autonomia eta izaera kolektiboko modu berriak iraunkortasunerako ardatzak dira.
Menpeko pertsonak bizi diren baserrietako familien %80tan emakumeak arduratzen dira zaintza lanez.
Erreleboa eta landa-eremu biziak, soka bereko gaiak dira. Gaur egun, Euskal Herrian biztanleriaren % 12a bizi da landa-eremuan, aldiz Europako herrialdeen bataz bestekoa %26koa da. Udalerri bakoitzak oinarrizko zerbitzuetara (hezkuntza, osasuna eta babes soziala, larrialdiak…) duen irisgarritasuna aztertu eta bataz besteko distantziak aintzat hartuz, euskal geografiak desberdintasun nabarmenak ditu, kostalde eta hiri-guneak eta barnealdeko landa-guneak alderatuz. Testuinguru horretan, menpeko pertsonak bizi diren baserrietako familien %80tan emakumeak arduratzen dira zaintza lanez. Horrez gain, landa-eremuko hustutzearen dinamika estrukturalaz hitz egiteak estereotipoz betetako gure imajinarioa birpentsatzera eraman beharko gintuzke. COVID-19an landa-eremuan ematen ari diren arazoei erantzuteko hartutako neurriak, zein logikatik hartzen dira? Elikagaien ekoizpenerako eta baserrien biziraupenerako beharrezkoa dugu logika urbanoetatik ateratzea eta landa-eremu – hiri lurraldeen arteko harreman orekaturako proposamenak sustraitzea. Txikitik pentsatu behar da, espazio bakoitzaren berezitasunetik, gabeziei erantzunez eta errealitateak homogeneizatzeko ahalmena duten kanpoko plangintza handietatik ihes eginez. Baliabideak eta zerbitzuak antolatzeko beste modu batzuk ezarri behar ditugu. Horiek ez dira nahitaez ekonomiaren aldetik garestiagoak izan behar, eta landa-eremuaren egiteko moduak hartu behar dira kontuan, herritarren nahien eta lehentasunen zerbitzura jarriz, eta lurralde horretan duintasunez bizitzeko eskubidea bermatuz.
Euskal Herriko elikadura-sistemari eragiten dioten politika publikoak, helburuak eta tresnak modu nahasgarri eta ez-eraginkorrean biderkatu dira. Ikusten dugu nola, alde batetik, obesitatearen aurkako anbizio handiko estrategiak aktibatzen diren eta bestetik janari-zabor merkea eta ugaria eskaintzen den; baserritar gazteei pizgarriak ematen zaizkie eta aldi berean nekazaritza lurraren prezioa eta eskuragarritasuna arazo estrukturala da. NPBko laguntzetatik gehien jasotzen duten % 10ek laguntzen ia % 50 kontzentratzen dute EAEn eta Nafarroan, beraz, beste erdia, lur-jabeen % 90 artean banatzen da (proportzio hori % 30-% 70 da Iparraldean); oztopo administratibo eta tamaina handiko ustiapenen pareko burokrazia amaigabea bizi dute tamaina txikiko nekazaritza ekologikoko proiektuek, jasangarritasunari egiten dioten ekarpena lehentasunezkoa dela entzuten duten bitartean; Emakume Baserritarren Estatutua aho batez onartu zen orain lau urte Eusko Legebiltzarrean, babes falta juridiko eta laboralarekin bukatzeko, baina legean jasotakoa betearazteko ez da baliabiderik jarri. Beste hainbat adibide jar daitezke elikadura eta gaixotasun kronikoak eta osasun sistemako gastuak erlazionatuz, edota Larrialdi Klimatikoa deklaratzen den bitartean elikadura artifizialki ekoizteko euskal RIS3 estrategiak nolako lehentasunezko finantzaketa publikoa jasotzen duen. COVID-19aren krisialdiko neurrietan logika bereko adibide anitz ditugu.
Argazkia: Rob Mulder, Unsplash.
Politiken planifikazioek epe laburrerako ikuspegia lehenesteko joera dute, eraginkortasun- eta lehiakortasun-irizpide ez oso kontrastatuetan oinarrituta, iraunkortasunaren, bizitza bizigarriaren eta osasun publikoaren kaltetan. Dikotomia honetan, IPES Food erakundeak, elikadura sistemako hainbat aditu eta erakundeekin batera, Elikadura Politika Bateratu (EPB) baten proposamena landu du: kostu-eraginkortasun horiek desagerraraziko lituzke, elikadura sistemaren ikuspegi integral eta holistikoaren izaera barneratuz. Politika publikoak logika kapitalistatik irten, eta bizitzarako funtsezkoak diren beharrekin –elikadura kasu-, negozioa ez egitea bermatu behar dute, elikadura iraunkor eta nutritibo baten eskubidea lehenetsiz. Politika publiko koherenteak diseinatu ahal dira, helburu komunak ezarriz eta bateraezintasunak eta ezkutuko kostuak/arrakalak (edo “kanpo-eraginak”) saihestuz. Behetik gorako politikak eta gizarte-ekimenak ere, berrikuntza soziala direnak, azkar ari dira hedatzen herriz-herri, hasi nekazarien komunitateak eta merkatuek babestutako programetatik, hirietako elikadura-politika eta estrategiak lantzen dituzten tokiko kontseiluak sortzeraino. Ekimen horiek etorkizun handia dute iraunkortasunari dagokionez. Gainera, eragileekin errealitatea birmoldatzeari dagokionez, demokrazia, erantzukizun publikoa eta elikadura sistemekiko konfiantza berrezartzeko aukera ematen dute. Baina, COVID-19ak gobernantzaren auzia ere azaleratu digu; krisialdiaren kudeaketa tokian tokiko errealitatera egokitzeko erabakitze-ahalmena ez dugula ikusi dugu, baliagarria litzatekeena adostasun eta parte-hartze kultura zabalagoetara iristeko. IPES Food-eko adituen panelak COVID-19aren krisialdiari begira egin duen txostenean elikadura-krisiaren sintomak eta zergatiak aztertzen ditu, baita pertsonak eta planeta babesteko orain behar ditugun egitura-aldaketak ere. Beraz, agroekologia eta feminismoan oinarritutako elikadura-sistema iraunkorra eraikitzeko, modu kontzientean bidea egin behar da maila anitzeko gobernantza eraginkor baterantz.
“Hau eta gero” zein dira onartuko dugun “normalitate berria”ren zutabeak?
COVID-19aren krisialdiaren garaian hartutako zein neurriri eutsi beharko genieke? Zertarako balio dute neurri horiek eta norentzat? Etorkizun hurbileko agertokien izaera eta egonkortasuna ezjakina da. Krisia sistemikoa da, eta kolapso egoera honetan sistema berrartikulatzen saiatuko da, bere interesetan sakontzen jarraituz. Zentzu horretan, “normalitate berriaren diskurtsoa” borrokatu beharreko lurraldea izango da, sistemaren ondorioak krisiaren ondorio bezala saldu nahiko dizkigutelako. Borroka horretan, “normalitate berria” planeta eta herritar guztiak babesteko baliatu behar dugu, gero eta naturalizatuagoak genituen desberdintasun sozialetara ez bueltatzeko, eta ezinezkoak ziruditen politikak posible direla sinisteko. Hori horrela bada ere, jakitun gara gure senak betiko normalitatera bueltatzeko joera izango duela (horretan kapitalismoak ederki jakin izan du bere kartak jokatzen, epe motzeko asetasunak elikatuz). Honetarako hausnarketa interesgarria proposatzen du Marina Garcesek: Zer da bizitza osasuntsua? Zein dira benetan osasunaren mugak? Elikadura sistemaz ari garenean, immunitateaz eta janari seguru eta aseptikoez harago, gure osasuna eta osatze kolektiboa zerekin konektatuta dagoen begiratzera garamatza. Alde batetik, gure osatzea lekukotuz, ziklo naturalekin konektatuz eta zaurgarritasunak eta interdependentziak onartuz, baita ere belaunaldi eta ezaugarri ezberdinen artekoak. Bestetik, erantzukizunak hartuz, norbanakoaren baitan ere badaudelako aldaketa aukerak, pribilegioak eta eragiten ditugun biolentziak baietsiz eta ez dagozkigun ardurak utziz.
Argazkia: Manh Phung, Unsplash.
Normalitate berria izendatzerakoan agroekologia feminista izan behar du izenetako bat, sistemaren logika produktibista eta kontsumistatik bizitzaren iraunkortasunaren eta deshazkundearen kulturara eraldatzera garamatzana.
Eta elikagaien ekoizpen eta kontsumo eredu iraunkorrarekin bat egiten duen jendartea dugunean, agenda publikoak ezinbestekoa izango du eredu eta marko politikoa garatzea. Azken batean, jendartetik sortzen diren proposamenak/alternatibak gaur egungo sisteman sustraietan eta erdigunean dagoena ikusaraztea eta aldatzea dute helburu. Izan ere, asmo oneko planteamendu orokor batetik harago, “garai honetan” eztabaidatzen ditugun proposamenek bokazio pragmatiko eta politikoa izan behar dute, elikadura burujabetzak asetzen dituen premiak lehenesteko eta ulertzeko eta gure bizitzen errealitatean txertatzeko.
Erreferentziak
Alvarez, I. & Begiristain, M. (2019). Feminismos para los sistemas alimentarios y la agroecologia, RIESISE, 2 (2019),125-146. http://dx.doi.org/10.33776/riesise.v2i0.3658
Brent, Z. (2019). Nekazaritzako etorkizuneko belaunaldiak NPBren erreformaren aurrean. Etxalde-Nekazaritza Iraunkorra & Bizilur.
European Court of Auditor (2017). EU support to young farmers should be better targeted to foster effective generational renewal. Special report No 10/2017. https://www.eca.europa.eu/Lists/ECADocuments/SR17_10/SR_YOUNG_FARMERS_EN.pdf
Garces, M. (2017). Nueva ilustración radical, Anagrama.
SAPEA, Science Advice for Policy by European Academies (2020). A sustainable food system for the European Union. Berlin: SAPEA. https://doi.org/10.26356/sustainablefood
IPES Food (2020). COVID-19 and the crisis in food systems: Symptoms, causes, and potential solutions. http://www.ipes-food.org/_img/upload/files/COVID-19_CommuniqueES%281%29.pdf
IPES Food (2019). Towards a common food policy for the european unión.
http://www.ipes-food.org/_img/upload/files/CFP_FullReport.pdf
Siliprandi, E.& Zuluaga, P. (2014). Género, Agroecología y Soberanía Alimentaria. Perspectivas Ecofeministas, Ed. Icaria, Barcelona.
Urretabizkaia, L. & Arroyo, M. (2018). El feminismoa en la Soberanía Alimentaria: Feminismo Campesino, 4. Gida. Baserritik Mundura-Del Caserío al Mundo, Hegoa Institutoa (UPV-EHU)&EHNE-Bizkaia.
Van der Ploeg, J. D., Barjolle, D., Bruil, J., Brunori, G., Madureira, L. M. C., Dessein, J., … & Gorlach, K. (2019). The economic potential of agroecology: Empirical evidence from Europe. Journal of Rural Studies, 71, 46-61.
Zagata, L. & Sutherland, L. (2015). Deconstructing the ‘young farmer problem in Europe: Towards a research agenda. Journal of Rural Studies 38: 39-51