TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Pantailetan ez dagoen hizkuntza eta kultura hilko da

Pantailetan ez dagoen hizkuntza eta kultura hilko da

 

Andres Kornai hizkuntzalari eta matematikari hungariarrak 2013an egindako ikerketan hala ondorioztatu zuen: munduko hizkuntzen %5 bakarrik dago interneten; gainontzekoak, hiltzera kondenaturik daude. Gurean, Gaizka Aranguren kazetari eta ikus-entzunezko ekoizle ezagunak esaldi potolo hau bota zuen Jakin aldizkarian 2021ean:

 

“…Postmodernitatean, pantailak dira hizkuntza eta kulturaren transmisio bitarteko hegemonikoa. Pantailetan ez dagoen hizkuntza eta kultura galduko da.”

 

2021eko ekainean euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko lanean genbiltzan hainbat elkarte eta mugimendutako kideek bat egin eta Pantailak Euskaraz ekimena sortu genuen. Izan ere, kezkaz ikusten genuen gure bizitzetan geroz eta pisu handiagoa hartzen ari ziren pantailetan (smartphone, tablet, plataforma, smartTV,…) euskarak zuen presentzia urria. Ikerketa soziolinguistikoek diotenez, hizkuntza ohituretan berebiziko eragina dute gure aisialdian ditugun esperientziek. Bataz beste, egunean 6 ordu igarotzen ditugu Euskal Herrian mota ezberdinetako pantailen aurrean (3 ordu sare sozialetan, eta beste 3 ordu telebista eta plataformetako edukiak kontsumitzen), eta hauetan ditugun erreferente ia denak erdaldunak badira, ze hizkuntza hautatuko dugu gure egunerokotasunean? Sare sozialetan, streaming plataformetan, telebistan, zein zineman, erdaren itsaso zabalean ia ikusezina den uharte txiki bat da euskara.

 

Euskararen kale erabileraren azken neurketaren arabera, 2006 eta 2021 artean %1,1 egin du behera euskarak, eta jaitsiera hori askoz nabarmenagoa izan da Udalerri euskaldunetan. UEMAko euskara teknikari batek kontatzen zidan nola hainbat herritan, gurasoak hika ari ziren bitartean haurrak gazteleraz jolasten ziren, telebistako pertsonaiak oinarri hartuta. Arrue ikerketek ere ikasleen euskara maila azken urteotan baherantz doala erakusten digute.

 

Kasualitatea izan ala ez, 2006an smartphoneak sortu ziren, 2010ean Youtube sortu zen, 2016ean Netflix iritsi zen gurera… Duela hamarkada batetik, mota guztietako edukiak uneoro eskura ditugu euskarri desberdinetan, eta gehienak, erdaraz dira. Hego EHko gazteek interneten 2024an ikusitako azken edukia %66ak gazteleraz, %22ak ingelesez, %2ak beste hizkuntzetan, eta %1ak soilik kontsumitu zuen euskaraz, Ikusiker Panelaren arabera. Beste arrazoi batzuk ere badaudela ukatu gabe, euskararen kontrako faktoreetako bat pantailak eta hedabideak izan dira, izaten ari dira, halaxe dio Iñaki Iurrebasoren doktore tesiak ere (2023).

 

Pantailak Euskarazen 4 urteko ibilbidean gauzak aldatzen hastea lortu dugu. Garaipen nagusia, euskarazko ikus-entzunezkoen gaia eztabaida sozial eta politikoan kokatu izana da. Euskaldun gehienok normalizatua genuen streaming plataformetan, zineman, edo sareetan euskarazko edukirik ia ez egotea. Orain, ordea, hizkuntza komunitate gisa, eta baita kontsumitzaile gisa ere, ditugun eskubideak aldarrikatu eta defendatu beharraren kontzientzia piztu dugu.

 

Horrekin batera, aurrerapauso nabarmenak eragin ditugu streaming plataformen munduan: duela 4 urte esku bakarrarekin zenba zitezkeen euskarazko edukiak. Gaur egun, merkatuan nagusi diren enpresak (Netflix, Primevideo, eta Max) euskaraz bikoiztu eta azpidatzitako edukiak txertatzen ari dira (jadanik 247 eduki ikus daitezke euskaraz bikoiztuta edo azpidatzita Netflixen, 242 Primen, eta 51 Max-en) eta garrantzitsuena dena, euskaldunok jadanik baditugu euskarazko edukiz, bertakoak zein nazioartekoak, hornitutako streaming plataforma propioak, Primeran (2023tik) eta Makusi haurren plataforma (2024tik). Halere, 13/2022 Espainiar Ikus-entzuneko Lege Orokorrak ez zituen hizkuntza komunitate gutxituek nahi genituen xedapen eta kuotak jaso, eta oso zeharkako betebeharrak ezarri zizkien plataformei, zehapen mekanismo zehatzik gabe gainera. Hau dela eta, ikus dezakegu nola Disney+-en, adibidez, ez dagoen eduki bakar bat ere euskaraz. Are gehiago, bere katalogoan duen euskarazko ekoizpen bat, Irabazi Arte, gazteleraz soilik eskaintzen du. Hori euskarafobia da.

 

Euskal Herrian ospatzen den ikus-entzunezko ekitaldi nagusian ere, Donostia Zinemaldian, Sail Ofizialak euskarazko azpidatziak eskaintzen ditu 2023tik, eta honek euskaldunok jaialdi honetan bizi genuen diskriminazio egoerarekin amaitzeko inflexio puntu bat ezartzeaz gain, gure hizkuntza nazioarteko erakusleiho honetan ikusgarri egiten du.

 

Baina lortutako garaipenez gain, hainbat erronka potolo ere baditugu parez pare: euskarazko zinemak eta zinemetan euskarak bizi duen egoera, esate baterako. Azken urteotan, bolo-bolo dabil agintari eta komunikabideen ahotan “euskal zinemaren loraldia”. IBAIA euskal ekoizle elkarteak, ordea, kontrakoa salatu zuen 2023ko maiatzean Eusko Legebiltzarrean: euskarazko zinema hilzorian dagoela esan zuen. Ez baita gauza bera “Cine Vasco” eta “Euskal Zinema”.

 

Egia da azken hamarkadan, arloko profesionalek egindako aparteko saiakerari esker, euskarazko zinemak ale zoragarriak utzi dizkigula, nazioartean ere ibilbide oparoa egin dutenak. Baina hori nahikoa al da “loraldiaz” hitz egiteko?

 

Aztertu ditzagun datu objektiboak: 2022an, euskarazko fikziozko film bakar bat ere ez zen estreinatu zinemetan: dokumental bat eta 3 animaziozko pelikula besterik ez. 2023an, berriz, euskarazko fikziozko lan bat izan genuen, Irati, 3 dokumentalekin batera. 2024ean ere, Azken Erromantikoak, Bizkarsoro, eta Negu Hurbilak izan ditugu euskarazko fikziozko bakarrak. Euskal Herriko zinemetan %2koa izan da euskarazko estreinaldi kopurua, eta filmen emanaldi kopuruari erreparatzen badiogu, %1 baino gutxiago izan da euskaraz.

 

EAE eta Nafarroa azken putzak izan dira azken urteetan Estatuan hizkuntza koofizialeko ikus-entzunezkoen ekoizpenera bideratutako aurrekontuetan: Katalunia, Valentzia, eta Galizak diru gehiago inbertitu izan dute. Zorionez, 2024an, Jaurlaritzak ekoizleen eta herri ekimenen eskaerei erantzun positiboa eman, eta ekoizpenerako dirulaguntzak 2,4M€tik 7,3M€ra igo zituen, horietatik erdia baino gehiago euskarazko edukientzat izango direla bermatuz. Beharrezkoa zen halako apustu bat euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza biziberritzeko, hau bideragarri egiteko, eta hauen aldeko apustua egiten duten profesionalen ziurgabetasuna gutxitzeko. Espero dezagun honek zinemetan (eta zeharka, plataformetan) euskarak bizi duen egoera hobetzen laguntzea. Badirudi 2025ean euskarazko ekoizpen gehiago iritsiko direla zinemetara.

 

Kontuan izan behar dugu, hizkuntzaren aferaz gain, iruditeria kolektiboa elikatzeko, kultur erreferente amankomunak sortzeko, alegia, gure herri nortasuna indartzeko, ikus-entzunezkoek duten garrantzia. Beharrezkoa da gure historia eta istorio unibertsalak guk geuk gure hizkuntzan eta gure mundu ikuskeratik kontatzea, eta nazioarteko istorioak ere gure hizkuntzara ekartzea. Ikus-entzunezko kontakizun propiorik ez duen herria ez baita existitzen.

 

Baina euskarazko ikus-entzunezkoek bizi duten egoera benetan iraultzeko, gure lurraldeetan araudi propioak garatzea eta ekoizpen eta bikoizketarako baliabide eta aurrekontuak biderkatzea ezinbestekoa izango da. Bitartean, herritarrok, euskarazko edukiak kontsumitu, gehiago nahi ditugula aldarrikatu, eta erakundeak interpelatzen jarraitu behar dugu. Horretarako, #Pantailaldia antolatu dugu maiatzaren 6tik 14ra. Nik eman dut izena, eta zuk?

Alex Aginagalde Lopez.

Pantailak Euskaraz ekimeneko bozeramailea.