

TXILLARDEGI
GOGOETA GUNEA

Hizkuntz politikaz eta glotopolitikaz aritzeko Txillardegi Gogoeta Gunea abian

Zergatik Gogoeta Gune hau?
XXI. mendearen lehen laurdenean murgildurik gaudela, mundu mailan sekula ezagutu ez den abiadan ematen ari dira aldaketak: robotizazioa, inteligentzia artifiziala, gauzen interneta, teknologia aurrerapenak, informazio joan-etorriak... Horren guztiaren ondorioz, gizarte eraldaketa sakona gauzatzen ari da. Horrekin batera, migrazio mugimenduak eta baita mugikortasunak ere; hala nola gizarte batzuen zahartzeak biziki ari dira aldatzen ingurunea urte gutxitan, Europan batik bat.
Horrekin lotuta eta horretaz gain, ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna nagusi dira gaur egun. Agortu da belaunaldi berriei iraganekoei baino bizi-baldintza hobeak ekarriko zizkien promesa neoliberala. Inoiz baino gordinagoak dira zalantzez eta galderez betetako etorkizuna, eta agertoki berrien gaineko ziurgabetasuna.
Hizkuntzaren auziari lotuta, neoliberalismoaren gailentzeak liberalismo linguistikoaren diskurtsoa eta praktika indartu ditu azken hamarkadetan. Ideologia horrek kultura aniztasuna merkatu parametroetan ulertzen du, eta kulturak nahiz hizkuntzak kontsumo-gai bilakatzen dira.
Euskal Herrira etorrita, euskararen egungo normalizazio-ereduak goia jo duen zantzuak nabariak dira; besteak beste, hezkuntza arloan, helduen euskalduntzean edo erakunde publikoen normalizazio-prozesuetan, kultur transmisioan edota esparru komunikatiboan. Horrek guztiak ondorioak utzi ditu euskararen transmisioan eta bizi iraupenean, kale erabilera datuek adierazten duten bezala.
Horren atzean, Txillardegik argi erakutsi zigun bezala, ez dago hizkuntzaren molde edo barne-egitura arrazoirik, ezta hiztun-herriaren utzikeriarik ere. Hizkuntza-ordezkapen horren atzean dauden botere-harremanei begiratu behar zaie fenomeno hori ulertzeko.
Aipatu eraldaketa horiek guztiak kontuan izanik, euskararen normalizazioa helburu duen euskaltzaletasunak/abertzaletasunak ezinbestekoa du gogoeta sakona egitea. Paradigma- aldaketen garaian bizi gara eta egoera berri horietara egokitzeko gaitasuna izateak berebiziko garrantzia izango du.
Esan bezala, XX. mendeko amaierako egoerari begira garatutako eta bere jatorria hor du(t) en hizkuntza-politikak/ek ez dute errealitate berri horri erantzuteko ahalmenik. Gelditu eta inguruetara begiratzeko garaia dugu euskararen normalizazio-prozesuan; sistemikoak eta egiturazkoak diren eraldaketez ohartu, eta errealitate honen aurrean euskal botere politikoek (euskal erakundeek) nola eragin behar duten XXI. mendeko eta menderako euskararen normalizazioan prospektiboki sakondu behar dugu.
Aztertu beharra dago botere politikoa nola eta zertarako baliatu euskararen normalizazio osoa erdiesteko; izan ere, eztabaida ez da asko/gutxi aurreratu dugun, botila erdi betea edo erdi hutsa dagoen, baizik eta XXI. mendeko erronken aurrean zer hizkuntza-politika behar dugun aurrera egiteko.
Halere, horretarako ezinbestekoa izango da datozen hamarkadetan zer gizarte-eraldaketa izango diren ongi ulertzea, zein diren joera orokorrak, zein izan daitezkeen ezustekoak... Eta horren guztiaren baitan euskara eta euskal identitate erresilientea lortzeko behar dugun hizkuntza-politika birpentsatu behar dugu.
Horretarako, Txillardegik berak jarri zuen oinarria: hizkuntza eta herria, biak batera pentsatu behar dira. Hizkuntza-politika, finean, herrigintzaren zehar-alderdia da: “nolako herria eratu nahi eta ahal dugun” galderari erantzutetik hasi behar baita hizkuntza-politikaren nondik norakoak zehazten.
Norabide horretan, hortaz, XXI menderako hizkuntza-politika eztabaidatu eta ahal bada ondorio nagusi batzuk ateratzeko gogoeta gunea da Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategitik eratzera doan Txillardegi Gogoeta Gunea.



* Ikuspegi sistemiko eta egiturazko batetik abiatutako gizarte prospekzioa eta hortik abiatuta aurrera begirako hizkuntz politika ikuspegiak landu.
* Euskararen normalizazioari buruzko etorkizuneko erronken inguruko gogoeta eta proposamenak landu.
*Maila horretan corpus legalaren eta euskal erakundeen papera euskararen normalizazioan sakonki aztertu.
*Proposatzen den lanketa Euskal Herri osoko ikuspegiarekin landuko da.
-Gogoeta egin: Mintegi publiko baino itxien, zein jardunaldi irekien bidez.
-Gogoeta zabaldu: Aldizkarietan azaltzeko artikuluak bekatuz
-Formakuntza sustatu: Hizkuntza Politikaren inguruan formakuntza eskainiz.
LEHENENGO MINTEGIA URTEA AMAITU BAINO LEHEN BURUTUKO DA:
Gaia: DEMOGRAFIA/MIGRAZIOA EUSKAL HERRIAN 15 URTE BARRU.
Mintegiaren helburua prospektibaz baliatuz hemendik 15 urtera aurki ditzakegun agertoki posibleak irudikatzea da. Horretatik abiatuta, horrek euskararen egoeran zer eragin izango duen aztertuko da, eta, euskararen berreskurapen-prozesuan zer hizkuntza-politika eta honekin erlazionatutako zer beste politika eraman beharko liratekeen eztabaidatuko da.