TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

barra
barra

I R I T Z I A

Unai Pascual

TMeLabeko aditu kolaboratzailea. Unai Pascual Ikerbasque Ikerketa Irakaslea da Basque Center for Climate Change (BC3) zentroan. Ekonomialari ekologista da, 20 urte baino gehiagoko esperientzia du gizarte- eta natur-zientzien arteko zubi-sistema sozial-ekologiko konplexuak ulertzeko.

Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiaren (TMeLab) eskutik klima larrialdiaren erronkari euskal gizartetik bertatik nola hel diezaiokegun hausnartzeari ekion nion orain dela bi urte inguru. Nire buruan zebilkidan ideia zaparradatik argi ondorioztatu nuen gizartea aktibatu beharra zegoela klima larrialdiaren erronkari herri bezela erantzun ahal izateko.

Euskal Herrian orain arteko klimaren inguruko gobernantza nahiko ankilosatua dagoela sinestuta, modu berritzaileekin esperimentatzeko garaia dela argi daukat, eta aukera ezberdinak ikusita, TMeLab-en galdera zehatz batekin lanean hastea otu zitzaigun: Klima larrialdiaren erronkari goitik beherako eta behetik gorako gobernantza nola lotu?

Bagenekien aukera ezberdinak zeudela eta horietako batek piztu zigun arreta gehien. Izan ere, demokrazia deliberatiboaren eredua interesgarria dela pentsatu genuen. Euskal Herrian halako esperientziak martxan jartzea eta horietatik ikastearen beharra genuela ondorioztatu genuen. Beraz, buru belarri jarri ginen demokrazia deliberatiboa ardatz izango zuen ereduen bila.

Horietatik munduan zehar klimaren gaia lantzen zuten Herritarren Batzarren esperientziak aztertu genituen eta Euskal Herrian horrelako esperientzia bat antolatzeko aukerak aztertzen hasi ginen: non, norekin, eta noiz abiatu halako esperientzia? ArantzazuLab eta Deliberatiba bidelagun hartuta ekin genion lanari eta, herrialde mailako eskala buruan hartuta, Gipuzkoan jarri genuen gure begirada. Euskal Herriko beste herrialde batean ere gertatu zitekeen arren, Gipuzkoak eskaintzen zuen esperimentaziorako gunea aproposa zela iruditu zitzaigun.

Beti diot klima larrialdia erpin askoko arazoa dela. Baita ere, arazoaren muina sozio-ekologikoa dela, non aldagai sozialak (adib. Jendeak dituen balioak, portaerak…), politikoak (botere harremanak, ziklo politikoak,… ), ekonomikoak (hazkunde ekonomiko etengabea, ongizate eredua…) ingurumenarekin modu konplexuan harilkatuta dauden. Alde batetik, klimarena ez da teknologiaren esparrutik (adib. energia berriztagarriak, hidrogenoa, etab.)  bakarrik aurkituko dugun irtenbide magikoa. Arazoa askoz konplexuagoa da eta arlo soziologikoa, politikoa, etab. kontutan hartu beharrekoak dira. Are gehiago Herrigintza proiektu batean txertatzen badugu klima politika estrategikoen beharra dugu. Bestetik, ingurumena sistema konplexua dela konturatzea beharrezkoa da, eta ondorioz, bere dinamika eta inertzia propioak dituenez horiek kontrolpean izatea batzuetan ezinezkoa dela. Noizbat konturatuko gara deus ex machina ez garela?

Beraz, zailtasunak zailtasun, galdera batzuk erantzutea beharrezkoa izan genuen. Demokrazia deliberatibotik sistema sozio-ekologikoaren gobernantzari nondik heldu? Zein sektore izan daiteke ardatz (hezkuntza, kultura, industria, biodibertsitatea, nekazaritza…) esperientzia berritzaile honekin hasteko? Zein jarduera (kontsumoa, ekoizpena, hondakinak, mugikortasuna, elikadura…) izan daiteke Herrigintzaren helburuari hoberen lotuko zaiona?

Hausnarketa prozesuan landa eremuak oinarrizko gaiak (sozialak, ekologikoak, etab) lotzeko aukera ematen duela ikusi genuen. Hortaz, Herritarren Batzarra esparru horretan zentratzea erabaki gunuen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) partaidetza lortuta, gure bidelagunekin abiatu genuen “Gipuzkoako Herritarren Batzarra (GHB): Landa-eremua eta Klima”-ren diseinua egiteko prozesua.

Diseinuaren gai garratzizkoenetakoa GHBk erantzun beharreko galdera adostea zen, baita GFArekin ere. Ordu askoko lanaren ostean, galdera finkatu genuen: “Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima larrialdiari aurre egiteko?”. Nire iritziz, aukeran bazeuden galdera hobeak, baina galdera horrek ere bazuen potentzialitatea eta harekin egin genuen aurrera.

Bi urtetako prestakuntza lana eta gero, GHB martxan jarri eta bere ibilibidearen etapa nagusia amaitu da. Aurreko hilabeteetan GHBak lau asteburutan bildu eta aurreko galderari erantzun ahal izateko hainbat gai aztertu ditu, zenbait aditu eta arituren informazioa kontuan hartuz. GHB osatu duten pertsonek bederatzi gomendio eskeini dizkiote GFAri (eta bederen, Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden alderdi politikoen talde guztiei).

Bederatzi gomendioak GFAren esku daude jadanik eta GFAren erantzukizuna da gomendio horiek zein eratara kontuan hartuko dituen adieraztea. Laister jakingo dugu GFAren iritzia, zeinak berau Gipuzkoako herritarrei helaraziko dion. GHBak GFAren ekintzak fiskalizatuko ditu. Hau da, berak proposatutako gomendioei lotutako ekintzak aztertuko ditu. Nire iritziz GHB ez ezik, oro har Gipuzkoako herritarrak aktibatu behar dira, demokrazia deliberatiboaren ereduak benetan balio dezan.

Bederatzi gomendioak GFAren esku daude jadanik eta GFAren erantzukizuna da gomendio horiek zein eratara kontuan hartuko dituen adieraztea. Laister jakingo dugu GFAren iritzia, zeinak berau Gipuzkoako herritarrei helaraziko dion. GHBak GFAren ekintzak fiskalizatuko ditu. Hau da, berak proposatutako gomendioei lotutako ekintzak aztertuko ditu. Nire iritziz GHB ez ezik, oro har Gipuzkoako herritarrak aktibatu behar dira, demokrazia deliberatiboaren ereduak benetan balio dezan.

Nire ikuspuntutik bederatzi gomendioak interesgarriak dira. GHBaren bidez, gizarteak landa eremuaren egoera zein den aztertuta, klima larrialdiari aurre egiteko bide bat marraztu dute; gizartean dauden pertzepzio, kezka eta balio anitzetatik abiatuko litzatekeen bidea da.  Gomendioen artetik nire iritziz interesgarriena GHBren barruan adostasun handiena lortu duena da: “Landa eremuko jabeei konpentsazio  ekonomiko bat itzuli zerbitzu ekosistemikoetan dituzten ekarpen kopuruaren arabera eta gizarteari balio hauek zabaldu”.

Landa eremuak zerbitzu ekosistemiko ugari eskeintzen dizkio gizarteari (baita hurrengo belaunaldiei ere). Horietako gehienek (ura, elikagaiak, bioaniztasunaren kontserbazioa, eta abar luze bat) klimarekin lotura estua dute. Baita landa inguruan bizi eta lan egiten duten pertsonen ongizatea bermatzen dituzte zerbitzu ekosistemiko hauek ere. Eta noski, hiritarrok, jabetu gabe agian, landa eremuak eskeintzen dituzten zerbitzuen kontsumitzaile ezkutuak gara. Baina noski, landa eremua ere ezin da erromantizatu. Zerbitzu ekosistemiko positiboak eskeintzeko ahalmena badu ere, landa eremuak zerbitzu negatiboak sortu ditzake, hala nola, basogintza eredu ez dibertsifikatu batek sortzen dituen galera eta arrisku handiak (adibidez klima aldaketari egokitzapena, bioaniztasunaren galera, eta ur emarien narriadura).

Bukatzeko, zerbaitekin kontu handia izan behar dugula uste dut: demokrazia deliberatiboa ez da panazea bat. Hasiak bagara ere, oraindik asko ikasteko dugu esperientzia honetatik eta horretan nola sakondu ondo pentsatu behar dugu. Horrelako esperimentu gehiago beharko ditugu, eskala ezberdinean (herri mailan, adibidez).

Demokrazia liberalaren legitimate soziala gainbeheran ote dagoelaren ideia zabaltzen ari da gizartean eta politikoek hau ongi aski dakite. Jendea gero eta mesfidatiagoa da ohiko alderdien politikan eta, nire ustez, gero eta jende gehiagok somatzen du agintariak gizartearen beharretatik urruti daudela. Ingurumearen arloan (beste askotan bezela) teknokratismo batean erotzen ari garela ere nahiko argia da nire ustez. Gainera, gizartea asko aldatzen ari da eta oso modu azkarrean. COVID19aren pandemiatik atera eta “normalitate” berriaren garai honetan aldaketa txiki asko egon direla nabaria da, adibidez giza harremanen arloan. Bada niretzako testuinguru berri honetan  oraindik ondo ulertu ez dugun arrisku bat: Agintariek eta teknokratek demokrazia deliberatiboa instrumentalizatzeko ahalegina. Demokrazia deliberatiboaren potentziala noraino heldu daitekeen ikusita, abiatuko ditugun ekimen berriak asko zaindu beharko ditugu eta tentuz diseinatu. Espero dut abiatutako GHBaren esperientziak jarraipena izan dezan Euskal Herrian. Esperientzia berri eta egokiak martxan jarri beharko ditugu identifikatzen diren beharrei egokituta. Herrigintzarako instrumentua izateko potentziala duela uste dut.

TELESFORO

MONZON

eLab