Urpetik burua noizbait aterako dugunaren esperantzaz
Badatorkigu uda eta garai honetan aisia zein turismoari lotutako jarduerek gure jendarte, ingurune eta alor sozioekonomikoan ere eragina dute. Horietan guztietan herritarren hizkuntza eskubideek modu transbertsalean presentzia izan beharko luketen arren, errealitatea oso bestelakoa da, euskaraz bizitzeko eskubidea zuzenean edo zeharka, hainbat espaziotan baldintzatua dugulako.
Batetik, zerbitzu publikoen ohiko aldaketa, azpikontratazioek, langile finkoen oporrak betetzeko kontratazioek zein gure herri eta hirietako hizkuntza paisaiak nabarmenki eragingo die euskaraz bizitzeko ditugun aukerei zein kanpora begira gure hizkuntzak har dezakeen prestigio eta aitortzari. Izan ere, urte osoan zerbitzu publiko zein pribatuak euskaraz jasotzeko oztopo eta ezintasunak izaten ditugu, baina udan horrelakoak biderkatzen dira. Osasungintza edo segurtasun zerbitzuetan (Ertzaintza, Foruzaingoak, udaltzaingoak…) adibidez, herritarren hizkuntza hautua ohi baino gehiago baldintzatzen da udan, baina erakundeek antolatutako udako hainbat ekimen edo azpikontratatutako zerbitzutan ere ez da euskarazko zerbitzuak emango direla behar bezala bermatu edo ikuskatzen.
Uda garaian haur eta gaztetxoei zuzendutako aisiarako eskaintza berezia izaten da eta hemen ere egun euskarazko eskaintzak dituek hutsuneak nabarmenak izaten dira. Haur txikienei zuzendutako eskaintza euskaraz izatea gehiago zaintzen den arren, haur helduagoak zein gaztetxoentzako eskaintza, adinean gora egin ahala urritzen joaten da. Euskal Herriko herri eta hiri batzuetan, euskaraz eskainitako ekintzak kopuru aldetik askoz urriagoak izaten dira eta eskaintza hori ez da beti behar bezala bermatzen.
Euskaraz iragarritako hainbat ekimen gaztelaniaz egiten bukatzen dira, bai euskarazko ekimenean (erdarazko eskaintza gehiago izan arren) euskara ulertzen ez duen norbait apuntatu delako, zein zerbitzua emango duen enpresak euskaraz jarduteko gaitasun nahikoa duen langilerik ez duelako. Horiez gaindi, euskarazko ekimenei erdarakoen ratio kopuru minimo berdina ezartzen zaie edota euskarazko taldeak betetzen direnean, (euskarazko beste talde bat eratu beharrean) erdarazko taldeetara pasatzen dituzte. Ondorioz, gutxitutako hizkuntza bermatu eta sustatzeari begirako neurriak hartu beharrean, orain arteko egoera bidegabeak eta justizia eza eragiten duten egoerak legitimatzeari begirako neurriak hartzen dira, hizkuntzen arteko desoreka betikotuaz. Egoera hauek ez dira bakanak edo isolatuak eta Euskal Herrian eskolaz kanpoko ekimen zein jarduerak hautatzerakoan gaztetxoenek eta beraien familiek izaten dituzten bizipenen parte dira.
Azkenik, haur eta gazteez gaindi nagusiok ere aisia euskaraz gozatzeko aukera dugula ematen duen honetan, jar gaitezen uda honetan ere kontsumo-gai ezberdinak zein eskura ditugun aukerak aztertzen edo turismoaren aitzakiapean, gure herri eta hirietako hizkuntza paisaietan euskarari egiten diogun tokia aztertzen. Zer gertatzen da adibidez ostalaritza edo merkataritza sektoreetan? Kontsumitzaile eta erabiltzaile bezala bezeroen hizkuntza eskubideek duten legezko aitortza eta berme falta zalantza gabe euskarak sektore hauetan duen presentzia eskasaren arrazoietako bat da. EAE-ko legedian bezeroen hizkuntza eskubideekiko betebeharrak enpresa batzuei soilik ezartzen dizkieten arren, ez betetzeen aurrean ez da neurririk hartzen eta Nafarroan kontsumitzaile eta erabiltzaileen araudiak ez du euskaraz kontsumitu edo zerbitzuak jaso nahi dituztenekiko inolako betebeharrik ezartzen.
Beraz, 2023ko udak ere duela 10 urteko antzeko egoera izango du uda euskaraz bizitzeari dagokionean, urpetik burua noizbait aterako dugunaren esperantzaz.
Agurne Gaubeka Erauskin
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria