Zonifikazioaren alde
Euskararen ezagutza areagotzen ari dela, baina erabilera ez. Kezka horrekin bidegurutzean dabil euskalgintza joan den hamarraldian. Eta, bai, norabide hori erakusten dute datuek. Baina, axaleko argazkitik harago, ezinbestekoa da erabilera-aukerei begiratzea: egingarria al da, euskararen ezagutza areagotuta ere, erabilerak igoera esanguratsurik edukitzea? Gaurko egoera soziolinguistikoak erroko bi arazo ditu erabilerari begira: batetik, gaitasuna, hiztun elebidunen erosotasun falta; bestetik, ingurua, euskarazko sarerik eza, erdaldun elebakarren nagusitasuna. Eta bi faktore gako horiek elkarri lotuta daude kasu gehienetan.
Euskararen ezagutza hedatu egin da hamarkada hauetan, batez ere belaunaldi berrien eta eskolaren eskutik. Non? Batik bat Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako udalerri nagusietan. Begira: Euskal Herriko euskaldunen erdiak baino gehiago 23 udalerritan bizi dira. Hortaz, gune populatuenak garrantzi berezia hartzen ari dira euskararen ezagutzaren ikuspegitik.
Kontua da, ordea, udalerri horietako gehienetan, nahiz eta gero eta herritar gehiagok dakiten euskaraz, gutxiengoa direla euskaldunak, bereziki helduen eta adinekoen artean. Lehen eta bigarren gune soziolinguistikoetan bizi dira euskaldun gehienak, euskaldunak gutxiengoa diren lekuetan. Euskaldunak gehiengoa diren eremuek populazio txikiagoa dute. Pentsa: hirugarren eta laugarren gune soziolinguistikoetan 189 udalerri daude, eta bost soilik dira 10.000 biztanletik gorakoak: Zarautz, Tolosa, Azpeitia, Hernani eta Bermeo.
Ezagutzaren norabideak erabat baldintzatzen ditu erabilera-aukerak. Batetik, Euskal Herri mendebaldean hazkunde nabarmena izaten ari da euskararen ezagutza: Araban eta Bizkai mendebaldean argia da igoera; hein txikiagoan, Nafarroa erdialdean ere bai. Uste izatekoa da datozen urteetan hala jarraituko duela, belaunaldi berrien bidez. Bestetik, ordea, atzera egiten ari da euskararen ezagutza non eta sendoen dagoen eremuetan, batez ere laugarren gune soziolinguistikoan; biztanle-mugimenduek —kanpokoek nahiz barnekoek— zerikusi zuzena izan dute horretan. Horra, beraz, erabileraren ezina: ezagutza areagotzen ari den lekuetan, dentsitate txikia oztopo da erabilera hauspotzeko; eta euskaraz aritzeko egokiera handiena dagoen eremuetan, ezagutza murrizten ari da, erdaldunen kopurua handitu baita.
Euskaldunen dentsitateak zuzenean eragiten du erabilera-aukeretan, eta euskaldun horien nolakotasunak ere bai. Ezagutzari soilik ez, gaitasunari ere erreparatu behar baitzaio: elebidunek zenbateko erosotasuna duten euskaraz jarduteko. Euskararen ezagutza hazten ari da etengabe, baina zein ezaugarritako hiztunen bidez? Euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi dutenen bidez, zeinak hobeto moldatzen diren erdaraz. Hori da Euskal Herriko gazte elebidun gehienen profila. Horrek badu, gainera, irakurketa geografiko bat: dentsitate apaleko guneetan, askoz handiagoa da erdaraz erosoago moldatzen diren elebidunen ehunekoa. Alegia, eremu soziolinguistiko batzuetatik besteetarako aldea ez da bakarrik euskararen ezagutza-tasa, baizik eta elebidunen profila nolakoa den. Grafikoki esanda: ezagutza eta gaitasun aldetik orube sendoa dago laugarren gune soziolinguistikoan, eta oreka hirugarren gunean; lehen eta bigarren gune soziolinguistikoetan, berriz, inbutua dago.
Egoera horren menpe dago erabilera, eta ez da harritzekoa arestian aipatutako errealitatea: ezagutza areagotzen ari da, baina erabilera ez. Aztertzekoa da euskararen erabileraren banaketa geografikoa. Batetik, erabileraren hein esanguratsua gertatzen da erabilera apaleko eremuetan: euskararen erabileraren %40 inguru dagokie lehen eta bigarren gune soziolinguistikoei. Horrek zera esan nahi du, testuinguru aldetik, euskara gero eta gehiagotan erabiltzen dela nagusi ez den eremuetan, erdara gailen den inguruetan. Baina erabileraren hein handiagoa dagokie hirugarren eta laugarren guneei: euskaldunen %40 dute udalerri horiek, baina erabileraren %60. Horregatik dira estrategikoak udalerri euskaldunak: pentsa liteke, pisu demografikoagatik, hiriguneetan dagoela giltzarria, baina, gaur-gaurkoz, eta testuingurua ikusita, eremu euskaldunen atzerakada tentuz hartzekoa da.
Euskal Herriaren luze-zabalean askotariko errealitateak ditu euskarak, eta hori derrigor hartu behar da kontuan hizkuntza-politikan eta hizkuntza-plangintzan. Ezinbestekoa da zonifikazioa: ez herritarren hizkuntza-eskubideak mugatzeko, ezpada hizkuntza-politika eraginkorrak garatzeko. Eremukatze horretan, hirigune nagusiak aparte utzita, bada aukera udalerriz gaindiko eremu batzuk unitatetzat hartzeko: eskualdeak. Zergatik? 687 udalerri banako hartzea baino erabilgarriagoa delako; eskualdean egiten delako bizitza sozialaren zati handia; eta eskualdeetan, oro har, elkarren segidako guneetan daudelako udalerriak.
Maiz aipatu da hirigune nagusiak dituela euskarak irabazteko, eta, bolumen aldetik, gune esanguratsuak dira, baina, gaur egungo egoera soziolinguistikoan, rol interesgarria dute eskualdeek, abagunea jartzen baitute hizkuntza-politikan era mailakatuan urratsak egiteko.
Oharra: artikulu honetan landutako datuen iturria honako hau da: Goikoetxea Etxeberria, Garikoitz. 2024. “Euskararen geografia berria”. BAT Soziolinguistika Aldizkaria, 130, 45-77. Andoain (Gipuzkoa). https://doi.org/10.55714/BAT-130.2
Garikoitz Goikoetxea
Euskara-teknikaria