3.- Eskola edukiak, oinarri entziklopediko nabarmenekoak, birpentsatu beharko ditugu konplexutasuna bilatuz. Ezagutzak -akaso lehen herri-ondasuna- gaurko hezkuntza sisteman daukan jitea birpentsatzeko arrazoi berriak eman dizkigu krisi honek. Sistemaren posizio ideologikoa, hezkuntza arautuan ikasleek ikas dezaten bilatzen den horretan hautematea badagoela uste dugu, eta ondorioz, gure kasuan, eduki horiek gutxienik susmopean paratzeko arrazoiak ez genituzke faltan. Lehenagotik ere, ezagutza deitzen dugun magma amaigabe eta konplexu harengandik testuliburu eta programazioetaraino ematen den transposizio didaktikoa kanporatua edo azpikontratatua dugula erran genezake; irakasleentzako gida-liburuak, aldez prestatutako programazioak, ebaluazio estandarrak, gisa guztietako froga diagnostikoak, eta abarrek baldintzatu dutelarik, aski logika entziklopedikoan, beraz ezagutza zatikatuz, zer irakatsi eta zer aldiz ikusezin egin. Ezagutzaren oinarriak desmuntatzeaz baino, berau eskolaratzeko modua konplexutasun berriz janztea proposatzen ari gara hemen, diziplina anitzeko den eskola ordutegi hura, transdiziplinaritatetik pasatuz metadiziplinar bilakatzera ailegatzeaz hain zuzen ere (A. Zabala, 1999). Hala beharrez taldetasunetik egin beharreko ariketa horretan, batetik orain artean entziklopediatik eta curriculumetatik kanpo gelditutako edukietako aunitz barnebildu beharko ditu planteamendu berriak. Bertzetik, zientzia ezberdinak uztartu eta ezagutzaren aurkezpen poliedriko, holistiko, aberats, konplexu, integral eta kritikoak bilatzea dagokigu, ezagutza komun berria bilatu, justizia sozialean, patriarkatuaren eraisketan eta demokrazian zangoak pausatuko dituena.