Gizartea aldatzearekin batera, pertsonen baloreak ere asko aldatu dira azken 30 urtetan. Krisi sozial bat bizi dugu (Azkarraga, J); garai bateko militantzia, auzolana, elkartasuna, konfiantza eta konpromisoa diluitu egin dira. Bere ondorioak izan ditu euskal nortasunaren izaeran eta zabalkundean eta nola ez hizkuntza ohitura eta erabileran. Familietan eta gazte eta nerabeengan ere antzematen dira aldaketa horien ondorioak. Haur direnean euskara erabiltzen duten pertsona askok nerabezaroan euskara erabiltzeari uko egiten diote eta kasu batzuetan familia hizkuntza aldatzera ere eramaten ditu. Gazte eta nerabeek euskaldun kontzeptua gaurkotzeko beharra dagoela erakutsi digute, beraien ikuspuntutik ez da erakargarria egun euskaldun izatearen irudia. Espainieraren eta frantsesaren presioa, sozialki duen presentzia, eskaintzen dituen erreferenteen erakargarritasuna, moda kontua eta abar dira ikertu behar ditugunak eta beraientzako erreferente erakargarriak sortzeko beharra dago. Euskaldunak anitzak gara, herri eta hirietan bizi garen musikariak, aktoreak, diseinatzaileak, youtuber-ak, instagramer-ak, irakasleak, dantzariak, zerbitzariak, surflariak, komertzialak, dendariak… gara baita baserritar eta artzainak ere eta horiek guztiak bisibilizatzeak, ikusgai egiteak generazio berriengandik gertuago egotera eramango gaitu.