TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

COVID-19, arazo sakonagoen ondorio

COVID-19, arazo sakonagoen ondorio.

joxerra_aihartza

JOXERRA AIHARTZA

EHUko Zientza eta Teknologia Fakultateko irakaslea, Biologian Doktorea.

Download PDF

JOXERRA AIHARTZA

EHUko Zientza eta Teknologia Fakultateko irakaslea, Biologian Doktorea.

Download PDF

Ekaitza gogor lehertu da eta denok etxeko aterpean izkutatuta mantendu gaitu, bakartuta, Covid-19 izeneko enbata noiz "pasako", berriro ere kanpora atera eta egindako kalteak zenbatekoak izan diren ikusteko gogoz.

Kezkatuta, noski, eta ez alferrik. Makina bat aldetatik sortzen da galdera —irrika ulergarria— “lehengo egoerara” noiz itzuliko ote garen. Baina gure bizitza zeharo aldatuko dela aurreikusi dute arlo guztietako adituek: osasunean, ekonomian, harremanetan, bizitza sozial eta kulturalean… ezer ez omen da “berdina” izango. Eta hala bedi. “Lehengo egoerak” eta orduko jardunak ekarri baitute gaurkoa.

Ezer ez omen da "berdina" izango. Eta hala bedi. "Lehengo egoerak" eta orduko jardunak ekarri baitute gaurkoa.

GIE: Gaitz Infekzioso Emergenteak.

Covid-19 deitu diogun enbata ez da, ez, ezerezetik, ustekabean sortu. Urte luzetan adituek abisatu zuten halako zerbait aurki etorriko zela, eta prestatu beharra zegoela, pandemia haundi bati aurre egiteko baliabideak prestatu behar zirela. Azken hamarkadotan hainbat gaixotasun “berri” azaleratu baitira munduko eskualde guztietan. Eta egungo bizi-baldintzetan, haietako batek “ihes” egin eta mundu zabalera hedatzea denbora kontua baino ez zen. Jones eta kideek 2008an Nature aldizkarian argitaratutakoaren arabera, 1940tik 2004ra Gaitz Infekzioso Emergenteek (GIE) (Emerging Infectious Diseases, EID) gora egin zuten nabarmen. GIE horiek aztergai, makina bat artikulu, liburu, eta gaiari zuzendutako aldizkari espezializatuak ere argitaratu dira, bide berean, aurreko mendearen azkenetik aurrera.

Gizakioi eragiten diguten gaitz gehienak zoonosiak dira, animaliatatik eratorritakoak alegia, eta hauen arteko gehientsuenak basanimalietatik jasotakoak izan dira, lehen eta orain. Prehistoriatik eragiten omen digun malariaren aldaki ezberdinek, esaterako, primate espezie ezberdinetan dute jatorria, eta beste horrenbeste gertatzen da egun, Gaitz Infekzioso Emergenteen artean, ebolaren aldaki ezberdinekin ere. Argazkia: JRA.

Jones eta kideek aztertutako 335 GIE kasuen artean, bestalde, zoonosiak ziren nagusi (>%60); hau da, animalietatik gizakietara jauzi egindako gaitzak. Zoonosiak oso ezagunak izan dira lehendik ere, halakoxeak baitira jatorriz gu jotzen gaituzten gaitzen %60 inguru. Batzuk aspalditik ezagutzen genituen, trikinosia, gibeleko fasziolak edo amorrua bezala; beste batzuk, aldiz, azken mendean zehar ikasi ahal izan dira, horretarako teknika aproposak —molekularrak bereziki— garatzen joan diren heinean. Horrela jakin ahal izan dugu, gurean aldizka —edo ez horren aldizka— ageri ziren hainbat gaitzek ere animaliatan zutela jatorria: Q sukarrak ahuntz, ardi eta beste aziendatan; psitakosiak loro eta antzeko hegaztietan; toxoplasmosiak katuetan; tularemiak untxi eta erbietan; malariak tximino espezie ezberdinetan; gripearen zenbait aldakik hegaztietan, zerrietan… Azken hamarkadetan zoonosi berrien agerpenek horren nabarmen gora egiteak argi gorriak piztu ditu, ordea; zerrenda luzea da: ABLV, SARS, MERS, Nipah, Hendra, Ebolaren hainbat aldaki, Borreliosia…

Abeltzantza industrialean, aziendak kopuru handitan bilduta eta behar besteko osasun-jarraipenik gabe mantentzen direnean, baldintza ezin hobeak sortzen dira beraien artean gaitzak garatu, mutatu, eta gureganaino ere jauzi egin dezaketen aldaki berriak sortzeko.

Zoonosi hauetako zenbait abeltzantzaren garapenarekin lotu izan da. Izan ere, abeltzantza industrialean, aziendak kopuru handitan bilduta eta behar besteko osasun-jarraipenik gabe mantentzen direnean, baldintza ezin hobeak sortzen dira beraien artean gaitzak garatu, mutatu, eta gureganaino ere jauzi egin dezaketen aldaki berriak sortzeko —zerrietatik sortutako gripe-aldakiak eta Q sukarra dira horren adibide—. Arestian aipatutako Jones eta kideek egindako ikerketan, ordea, aztertutako zoonosi guztien %70etik gora animalia basatietatik eratorriak dira. Honela, Afrika eta Asiako hainbat eskualdetan oraindik horren hedatua dagoen “basa okelaren” (bush meat) ehizak eta trafikoak zoonosien garapenean duen papera ere maiz azpimarratu izan da, batez ere iharduera horrek diru asko mugitzen duen merkatu beltz zabala eta mugikortasun izugarrikoa lortu dituen garai hauetan. Litekeena da, noski, lehen ere gure historia osoan zoonosi berriak aldizka han eta hemen gertatzea, baina gaitzen izaera bera jakiterik ez zegoenez —are gutxiago haien jatorria—, oharkabean joango zitzaizkigun. Amazonaseko oihanaren erdian, bertako ehiztari-biltzaile leinu txiki batean familia oso bat gaitzak jota hil ezkero, inork ez zukeen jakin ere egingo; are gutxiago zergatik, edo gaitzaren jatorria sumatuko. Ikusten ez dena ez da existitzen.

Ikertzaile gehienek bat egiten dute GIE hauen gorakada faktore sozio-ekonomikoekin eta giza ekologiaren aldaketa globalekin lotzerakoan.

Baina gure ikasteko ahalmenak gora egin izanaz haratago, zoonositan aditu diren ikertzaile gehienek bat egiten dute GIE hauen gorakada faktore sozio-ekonomikoekin eta giza ekologiaren aldaketa globalekin lotzerakoan. Haien artean, baserrietatik kalerako migrazioak eta haiek sortutako dentsitate altuko aldiri peri-urbanoak, distantzia luzeko mugikortasun eta komertzioaren areagotzea, gerrak eragindako konflikto sozialak, banakoen jokabide-aldaketak, eta geroz eta gehiago ingurumenean eragiten ditugun aldaketa globalak azpimarratzen dituzte; tartean, bereziki, deforestazio zabala eta aldaketa klimatikoa.

Borneoko Kalimantango erdigunean, Keniah edo Iban leinuetako dayaktarrak ibai nagusien inguruan soilik bizi izan dira denbora luzean, nekazaritzan eta ehizean, eta ibaietatik urrundu ezkero gizakirik gabeko eremua da nagusi (no-man land). Azken hamarkadotan, ordea, egurra ateratzeko kontzesioek eta lur-azaleko mehatzek geroz eta sakonago urratu dituzte bertako oihanak, orain arte gugandik isolatuta bizi izan den basabizitzarengana iritsiz, eta beraz, baita haien "apopilo" diren birus, bakteria eta bizkarroiengana ere. Argazkia: JRA.

GIEak Antropozenoaren testuinguruan

Gizateriak gure planetako ekosistemei, biodibertsitateari eta klimari berari ezarritako inpaktu globalaren erakusle, egun bizi dugun aro geologikoari Antropozeno izena ematea proposatu da, eragin horien guztien arrastoa hain nabarmena baita erregistro estratigrafikoan; batzuren iritziz nekazaritza sortu zenetik gertatu da, duela 12.000 urte inguru, baina batez ere industrializazioaren garaitik, eta are abiadura handiagoz II. Mundu Gerra amaitu osteko garapen ekonomiko esponentzialaren ondorioz. Eragin horien guztien artean azpimarratzekoak dira, besteak beste, biodibertsitatearen galera (aurretiko estintzio-tasak 100-1000 aldiz biderkatu ei dira azken hamarkadotan, VI. Iraungipenean sartuta gaudenaren erakusle), ekosistemen galera edota haien hedapena eta ekoizpenaren murrizketa (deforestazioa, koralezko arrezifeen gainbehera…), aldaketa eta homogeneizazio biogeografikoa (klima-aldaketaren eta gizakiak egindako animalia eta landareen translokazio zuzenen ondorioz), bai eta makina bat espezieren jokabidea eta ekologiaren aldaketak ere (bai habitat ezberdinetara egokitu eta mugitu direlako, bai egunezko bizimodutik gautarrera aldatu behar izan dutelako giza presioa ekiditeko).

Ekosistemetan egiten ditugun mota guztietako eraldaketa eta presioek (fisikoak, kutsadurazkoak, klimarenak, translokazioak…) bertako komunitateak oreka dinamikozko “egoera erakarletatik” (atractor state) atera, eta oreka berrien bila bultzatzen dira. Bide horretan, normalean, aurreko baldintzetara egokitutako espezie espezialisten galera gertatzen da —iraungipena—, eta espezie oportunisten —edo horietako batzuren— arrakastarako aukerak zabaltzen dira. Eta espezie oportunistak gailentzen dira, direla animaliak, landareak… baita bakterioak eta birusak ere. Eta horiek gainera aldatu eta bizimodu berriak bilatzeko borrokatuko dira.

Halako dinamikak beti gertatu izan dira bizitzaren historian, baina aldaketen erritmoa eta intentsitatea gako dira haien eraginarentzat. Eta azken mendeotan gure espeziearen bilakaerak ezarritako aldaketen erritmo izugarriak munduko ekosistema guztiei eragiten die; gehienei zuzeneko ekintzez, eta beste askori zeharka, kutsadura globala eta klima-aldaketa bezalako fenomenoei esker. Honela, azken hamarkadetan erabat hedatu —eta intentsifikatu—da gure espeziearen presentzia planetako ekosistema guztietan, eta horrekin batera, baita bertako beste animalia guztiekin —eta haien birus, bakteria, onddo eta bestelako bizkarroiekin ere—harremanak izateko aukerak ere. Horrek zoonositarako probabilitateak emendatu egin ditu. Era berean, paisaiaren eta habitaten fragmentazioak eragin nabarmena izan dezake gaitzen bilakaeran, batez ere gaitz horiek espezie bektoreen bitartez kutsatzen eta zabaltzen direnean. Honen adibide, paisaiaren egiturak akainen ugaritasunean eta hauek kutsatutako gaixotasunen bilakaeran duen eragina eskuarki aztertu da Ipar Amerikako eta Europako makina bat eskualdetan, bereziki Lyme gaitzak eta akainek sortutako entzefalopatiak — Borrelia generoko bakterio espiroketek sortuak— geroz eta maizago agertzen diren eskualdetan. Ikerketa horien arabera, basoak zenbat eta txikiagoak edo eraldatuagoak izan, eta bertako karniboro txikiak urriagoak, arrisku handiagoa dago akainak hartu eta jendeari gaitza kutsatzeko.

Globalizazioak ekarri duen mugikortasunaren emendioari esker, balizko zoonosi horiek inoiz baino transmisio-gaitasun handiagoak dituzte, mundu osora zabaltzeko aukera izanik.

Gainera, globalizazioak ekarri duen mugikortasunaren emendioari esker, balizko zoonosi horiek inoiz baino transmisio-gaitasun handiagoak dituzte, mundu osora zabaltzeko aukera izanik. Kutsatzeko aukera eta transmisio-gaitasuna, biak faktore gakoak dira edozein gaixotasunen hedapenean. Honela, egun ez da zaila imajinatzen, ehiztari batek Afrikako erdialdeko oihanetan gaixorik dagoen animalia bat ehizatu, “basa okela” hori errepide bazterrean saldu, hiriburura bidean doan funtzionario edo enpresari batek erosi, etxean jan, eta ordu gutxitan nazioarteko bilera batean Europa iparraldeko, Amerikako edo Asiako ekialdeko hainbat herritako beste politikari eta enpresariekin tertulian aritzea. Eta berarekin batera, oihanean gaixo zegoen animaliak zekarren gaitza Afrikatik mundu osora egun gutxitan zabaltzea. Halaxe gertatu zen duela hamarkada pasa SARS gaitzarekin, ordu gutxitan Asiako merkatu batetik mundura zabaldu zena. Eta antzera gertatu da orain ere Covid-19arekin.

Oraingoan pasako da enbata. Eta hurrengorako?

Oraingoan pasako da enbata. Ikustear dago oraindik zenbateko kaltea ekarriko duen, galdutako bizitzatan, lan-postuetan, jendartearen ongizatean, ohituretan eta abar. Eta agian jendarteak —gobernuek— hartuko dituzte beharrezko neurriak hurrengorako hobeki prestatuta iristeko, osasun-zerbitzuak indartuta, babes-sozialerako baliabideak gehituta, ardura gehiago jarrita jendartearen ongizatea bermatzeko, eta zientzialari eta teknikariek egiten dituzten ohartarazpen eta arrisku-seinaleei jaramon eginez. Weis-ek aurreratu zuen jada “politikarien ezjakintasunak, ukazioak eta egoskorkeriak larriagotu baino ez ditu(ela) egiten GIEn arriskuak” (Nature Med., 2004), eta orain, Covid-19arekin, Trump, Johnson edo Bolsonaroren adierazpen eta jarrerak horren adibide garbia ditugu. Baita hurbilagoko batzuk ere.

Behin ekaitza pasata, aurrerantzean arrisku probableei arreta ipiniko diegu agian, baina arrisku horiek sortzen eta areagotzen dituzten faktoreei, zer? Egindako kaltea konpontzeko bitartekoak jarri beharko dira; baita etorkizunean sor daitezkeen kalte berriei aurre egitekoak aurreikusi ere. Baina ez al da zuhurragoa kalte horiek sor ditzaketen faktore ezagunak murrizten saiatzea?

Baso-ustiaketa jarduera ekonomiko garrantzitsua duten Italiako Alpeetan, 2018.eko udazkenean, ez-ohizko haize-erauntsi izugarriak mendi-magal osotako izeidiak erauzi zituen (irudian), eta ondorioz, haizeak botatako egur guztia moztu eta bildu behar izan zuten. Bertako baso-teknikari eta kudeatzaile guztiek hondamendi ekologikotzat jo zuten gertakizuna, baso-ekosistema ezabatu eta bertako jarraiera eteten zuelako. Harrigarriro, Bizkaia eta Gipuzkoan, matarrasa da ohiko basogintza-prozedura, basoa deuseztearekin batera bertako lurzorua ere desegin eta higaduraren menpe jartzen duen arren. Argazkia: JRA.

Bizkaia eta Gipuzkoako pinadietan zabaldutako izurriteak, eta administrazio eta basogileen elkarteetatik haiei emandako erantzun negargarriak […] hamarnaka urtetako okerreko baso-politikaren jarraipena baino ez dira, inolako parekotasunik ez duena Europan.

Euskal Herria herri txikia da populazioaren tamainari dagokionean, eta are txikiagoa azaleran. Beraz, jende-dentsitate handia eta ingurumen-baliabide gutxi ditugu oso, eta horiek ardura osoz zaintzea derrigorrezkoa da. Eta ez epe motzean soilik, etorkizunera begira baizik, gure ondorengoen bizi-baldintzak zeharo hipotekatu gabe. Eta hori ez gara ondo egiten ari, ez azken mendetan, ezta orain ere. Ingurumenaren zaintza eta berreskurapena gainditu gabeko irakasgaia da gure herrian, eta halaxe argi adierazten dute Covid-19aren aurreko hilabeteetan gurean zalaparta gehien sortu duten arazoek. Oraindik ere arrasto tristea uzten ari den Zaldibarreko zabortegiaren istripuak agerian utzi du hondakin kutsatzaileen arloan Euskal Herrian dugun arazo latza, eta lehendik ere Gipuzkoako errauskailuarekin eta haren alternatibekin izandako eztabaida berriro mahairatu da, modurik tristeenean. Hortik jakin dugu —triste jakin ere— duela 30-40 urte batean eta bestean “izkutatu” ziren eta egun nonahi agertzen zaizkigun lindanoa bezalako kutsatzaile arriskutsuen pilaketei, egun amiantoa, metal astunak, eta beste makina bat hondakin toxiko batzen zaizkiela, eta batere publikotasunik gabeko prozedurak jarraituz, han eta hemen “alfonbra azpian” izkutatzen dizkigutela “hondakin-kudeatzaile” pribatuek, datozen belaunaldien ongizatearen kontura dirua eginez. Aldi berean, Bizkaia eta Gipuzkoako pinadietan zabaldutako izurriteak, eta administrazio eta basogileen elkarteetatik haiei emandako erantzun negargarriak (fungizida inespezifikoekin tratamendua, sail zabalen matarrasa, eta eukaliptoaren landaketaren hedapena), hamarnaka urtetako okerreko baso-politikaren jarraipena baino ez dira, inolako parekotasunik ez duena Europan, gure latitudetan, baso-ustiaketa baliagai ekonomiko garrantzitsu gisa darabilten herrietan (dela Suitzan, Austrian, Eslovenian edo Italiako Alpeetako eskualdetan). Mundu osoko gazteen klima-aldaketaren kontrako aldarriak inoiz baino ozenago entzuten ari diren honetan, gurean errepide-sareak sendotzen jarraitzen dugu, automozioa oinarri nagusi duen industria bati irtenbiderik bilatu gabe, gure herrian bideragarri izan daitezkeen energia alternatiboak behar beste aztertu gabe, elektrizitatea sortzeko zaborrak barra-barra errez… guretzat etorkizunik baldin bada karbonoaren isurketak errotik moztuta izan beharko duela albo batera utzi nahian. Baina energia “berdeak” baliatzen direnean ere, modurik txarrenak aukeratzen dira; e.b. haize-errotak haran-hondoetan izan ezik mendi-zerratan ezartzen direnean, gure herrietako azken babesgune naturaletan alegia, ziurrenik bertan mendi publikoa delako nagusi eta hark ez duelako lurren erosketa edo desjabetzeen beharrik. Eta azken adierazgarri gisa, Euskal Autonomi Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Katalogoan 88 eta 113 animalia eta landare espezie daude, hurrenez hurren, “Galtzeko Arriskuan” eta “Kaltebera” kategoriatan sailkatuta. Oraindik, ordea, Euskal Herriko Natura Babesteko Legeak (16/1994) ezarritakoa bete gabe, 14 eta 4 espezieren kudeaketa-planak besterik ez dira egin —hurrenez hurren—haien berreskurapenerako… 26 urtetan!

Gurean errepide-sareak sendotzen jarraitzen dugu, automozioa oinarri nagusi duen industria bati irtenbiderik bilatu gabe, gure herrian bideragarri izan daitezkeen energia alternatiboak behar beste aztertu gabe.

Arestian aipatutako zientzialarien eta jardun politikoaren arteko isolamenduak azal dezake soilik, hemen eta munduan, azken hamarkadetan egindako aurreikuspenei ez-ikusiarena egitea, bai GIEei dagokienez, bai klima-aldaketaz, edo gainerako ingurumen-arazo nagusietan ere. Isolamendu hori gertatu eta gertatzen da Euskal Herrian ere, ziurrenik ez dugulako bertan tradizio eta azpiegitura zientifiko sendorik izan denbora luzean, eta politikariek ezagumendu —eta interes— gutxi izan dutelako ikerketa zientifikoari buruz. Izan ere, Hegoaldeko elkargo autonomoetan, unibertsitate publikoez haratago ez da ikerketa berariazko helburu duten egitura publikorik izan (Espainiako CSIC, Frantziako CNRS edo Alemaniako Max Plank Institutuekin aldera daitekeenik). Azken urteotan hori aldatzen hasi da, eta hainbat ikerketa zentro eta zentro teknologiko eraiki dira diru publikoa erabiliz. Batzuk, ikerketa aplikatua dute helburu nagusia, eta sektore produktibo zehatzen beharrizanetara begira egiten dute lan batez ere. Beste batzuk, “bikaintasunezko ikerketarekin” lotutakoak, lehendik unibertsitate publikoan arrakastaz jardundako ikerketa-taldeei garapen handiagoa edo lan-eremu egokiagoa emateko eraiki dira. Bilakaera honek, ordea, hutsune handiak uzten ditu oinarrizko ikerketaren bilakaeran; horren adierazgarria da 40 urteko autonomi-estatutuen ondoren oraindik ez izatea inolako Natur Zientziatako Institutu edo parekorik Euskal Herrian, bertako naturaren ondarea aztertu eta jarraituko duenik, munduko ia herri guztietan egiten den bezala. Egoera honetan tristea da ikustea Euskal Herrian zer-nolako ezagumendu eta interes eskasa ageri izan duten, oro har, politikariek ikerketa eta zientziarekiko. Eta adierazi dutenetan beti ere ikerketa “aplikatua” hobesteko izan dela, oinarrizko ikerketa gutxietsiz; zientziak garapen handiena duen herrien irakaspenei bizkar emanez, eta ulertu gabe ezin dela, inondik ere, ezagutzen ez denik aplikatu. Etorkizunik izango badugu, askoz ere baliabide gehiago jarri beharko ditugu Euskal Herrian ikerketa sustatzeko, bereziki ingurumenaren esparruan, eta are ahalegin handiagoa egin politikak zientziarekiko ageri duen jarrera autista gainditzeko.

Euskal Herrian ere, ziurrenik ez dugulako bertan tradizio eta azpiegitura zientifiko sendorik izan denbora luzean, eta politikariek ezagumendu —eta interes— gutxi izan dutelako ikerketa zientifikoari buruz. Izan ere, Hegoaldeko elkargo autonomoetan, unibertsitate publikoez haratago ez da ikerketa berariazko helburu duten egitura publikorik izan.

Euskal Autonomi Erkidegoko Espezie Mehatxatuen Katalogoan 88 eta 113 animalia eta landare espezie daude, hurrenez hurren, Galtzeko Arriskuan eta Kaltebera kategoriatan sailkatuta. Oraindik, ordea, Euskal Herriko Natura Babesteko Legeak (16/1994) ezarritakoa bete gabe, 14 eta 4 espezieren kudeaketa-planak besterik ez dira egin —hurrenez hurren—haien berreskurapenerako. EAEn 9 ugaztun espezie daude Galtzeko Arriskuan sailkatuta, eta horietatik 6 saguzarrak dira; bakar batek ere ez du kudeaketa-planik. Irudiko Rhinolophus euryale ferra-saguzar mediterranearra, EAEn Galtzeko Arriskuan eta Nafarroan Kaltebera gisa dago sailkatuta; ez du kudeaketa-planik. Argazkia: JRA.

Etorkizunik izango badugu, askoz ere baliabide gehiago jarri beharko ditugu Euskal Herrian ikerketa sustatzeko, bereziki ingurumenaren esparruan, eta are ahalegin handiagoa egin politikak zientziarekiko ageri duen jarrera autista gainditzeko.

Hurrengo hamarkadak ez dira inondik ere errazak izango, eta ez soilik, ekonomialariek eta soziologoek adierazten duten bezala, iraultza digitalak bere garaian iraultza industrialak eragin zuena baino aldaketa handiagoa dakarkeelako. Gainera, ingurumenari ezartzen ari gatzaizkion presio izugarriek haien ordainak geroz eta bortitzago ezarriko dizkigutelako. Eta horrek jendarteko sektore zabalenen artean arazoak aztertu, haien bilakaera aurreikusi, eta aurre egiteko baldintza hoberenak bideratzen joatea eskatzen du. Ezinbestekoa da Euskal Herriaren bilakaera eta etorkizuna bermatuko duen ingurumenaren kudeaketa arduratsua aztertuko dituzten disziplina anitzeko hausnarketa-guneak martxan jartzea, eta jendarte bezala epe ertain eta luzerako ekonomia eta ingurumena uztartuko dituzten helburuak, eta bertara iristeko plangintza exekutibo mailakatuak adostea. Bestela, jai dugu.

Ezinbestekoa da Euskal Herriaren bilakaera eta etorkizuna bermatuko duen ingurumenaren kudeaketa arduratsua aztertuko dituzten disziplina anitzeko hausnarketa-guneak martxan jartzea, eta jendarte bezala epe ertain eta luzerako ekonomia eta ingurumena uztartuko dituzten helburuak, eta bertara iristeko plangintza exekutibo mailakatuak adostea.