TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Komunikazioan, gure R0 zenbakiak behera egin du.

Komunikazioan, gure R0 zenbakiak behera egin du.

Josu Amezaga, Hiruka Komunikazio Taldea, Attribution-ShareAlike 2.0 Generic (CC BY-SA 2.0)

JOSU AMEZAGA

EHUko irakaslea eta

Euskal Hedabideen Behatokiko ikerlaria.

Download PDF

JOSU AMEZAGA

EHUko irakaslea eta Euskal Hedabideen Behatokiko ikerlaria.

Download PDF

Sarrera

COVID-19ak komunikazioaren arloan Euskal Herria nola astindu duen aztertu aurretik, oinarrizko kontzeptu batzuk definitzea komeni da, labur bada ere. Komunikazio espazioa da lehena, hots, espazio bat non talde edo komunitate bat komunikatzen baita. Agora, greziarren garaian; plaza, gure herrietan; ikasgela, unibertsitatean; prentsa idatzian oinarritutako esfera publikoa, XIX. mendeko Mendebaldeko Europan; telebista XX. mendearen bigarren erdikoan; eta abar. Espazio horretan elkarren berri dute pertsonek; kultura sortu eta transmititzen da; afera publikoak eztabaidatu eta ebazten dira; eta talde nortasuna eraikitzen da. Horregatik esan ohi dut nazioa komunikazioz ere egiten dela. Nazioa ez baita behin lortu eta betirako duzun titulua: elikatu ezean, agortu egingo da, beste edozein instituzio sozial bezala. Hortaz, egunero egunero birsortzen den egitatea da.

Bigarren kontzeptua komunikazio sistema da. Sistema hori izan da, azken mende t’erdian, komunikazio espazio nazionalaren euskarri nagusia. Medio tradizionalek (prentsa lehenik, irratia eta telebista geroago) estatu-nazioaren mugetara zedarritu zuten komunikazio espazioa. Komunikazio mota berriek (satelitea eta internet bereziki) gainditu egin dituzte muga nazionalak, baina ez erabat: oraindik ere kableak behar dituzte datuak garraiatzeko; edota antena igorle zein hartzaileak (haririk gabeko komunikazioetan): eta kableak zein antenak lurralde fisikoan lekutzen dira, hots, estatuak kontrolpean duen lurraldean. Horrek nolabaiteko ahalmena ematen dio, oraindik ere, estatuari. Komunikabideen sistemen historian -Amerikan ez hainbeste- , pisu handia izan du Estatuak. Batetik komunikazioaren eremu batzuk monopoliotzat izan zituelako: irratia eta telebista duela mende erdira arte adibidez. Bestetik merkatuaren joko arauak ezarri dituelako, komunikabide pribatuak ere estatu-nazioaren mugen barnean aritzera jokatuz. Gaur egun komunikazio enpresa pribatuak nagusi dira ikus-entzunezkoen eremuan, eta komunikazioan ere neoliberalismoa eta desarautzea ezarri dira; baina komunikabideek sistema nazional gisa jokatzen dute neurri handi batean, oraindik ere, estatu-nazioa birsortuz.

Ikus-entzunezkoen arloan Euskal Herritik kanpotik datozkigu eduki gehien gehienak, eta horiek garraiatzen dituzten euskarriek Espainia edo Frantzia birsortzen dituzte.

Euskal Herriari begiratu arin bat emanez, nabaria da gure komunikazio sistemaren ahulezia. Ikus-entzunezkoen arloan Euskal Herritik kanpotik datozkigu eduki gehien gehienak, eta horiek garraiatzen dituzten euskarriek Espainia edo Frantzia birsortzen dituzte. Paperezko prentsan nagusi izan dira bertako medioak (haien ideologia nazionala alde batera utzita), baina interneten etorrerak paperaren hedapena apaldu eta sareko kontsumoa azkartu du: eta sarean berriz ere kanpoko komunikabideak arinago doaz audientziak irabazten. Euskal Herria bere osotasunean hartzen duten komunikabideak bestalde oso gutxi dira, eta irismen mugatua dute.

Horrez gain komunikazio espazio partekatua eraikitzeko unean hizkuntzaren auzia agertzen da: posiblea ote da hiru hizkuntzatan komunikazio espazio bat eratzea? Zein leku izan behar dute euskarak, gaztelaniak eta frantsesak espazio horretan? Oraindik ebazteke ditugun galderak dira.

COVID-19 euskal komunikazio espazioan

Testuinguru zail honetan iritsi da COVID-19aren pandemia Euskal Herrira, eta eragin duen kaltea ez da txikia izan. Nagusiki, beste hainbat arlotan bezala, lehendik zeuden joerak eta arrakalak sakondu ditu.

Komunikabideen (tradizionalen zein berrien) kontsumoa asko igo da pandemiaren krisiaren une gorenetan, inoiz ez bezalako mailetara iritsiz. Datu arin batzuk ematearren, esan dezagun Euskal Autonomi Erkidegoan (Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago) telebista tradizionalaren kontsumoak % 40ko igoera izan zuela martxoaren bigarren hamabostaldian, eta ekainaren erdira arte ez da hurbildu krisiaren aurreko mailetara (Kantar Media). Sareko komunikabideen kontsumoak bestalde % 50 baino gehiago egin zuen gora martxoan, eta maiatzean oraindik antzeko mailetan zebilen (OJD).

Komunikabideen kontsumoaren igoeraren inplikazioak ulertzeko, kontuan hartu behar dugu Euskal Herrian kontsumitzen diren komunikaziozko produktu gehien gehienak Espainia eta Frantzia mailako komunikabideetatik datozela: % 80tik gora telebistan, % 70etik gora irratian, % 60tik gora online prentsan, eta % 16 soilik paperezko prentsan, berau izan delarik, seguruenik, etxealdi garaian kaltetutako euskarri bakarra (CIESen datuetatik Hegoaldeko Euskal Herrirako egindako estimazioak).

Euskal Herriko komunikabideen kontsumoak ere egin du gora, baina kontsumo hau apalagoa izanik, pentsatzekoa da komunikazio espazio nazional espainol eta frantsesa gehiago indartu direla.

Etxealdiaren lehen ondorioa, beraz, argia da: komunikabideen kontsumoaren igoerak areagotu egin du espazio estatal-nazionalaren alde (espainola zein frantsesa izan) pairatzen dugun desoreka. Euskal Herriko komunikabideen kontsumoak ere egin du gora, baina kontsumo hau apalagoa izanik, pentsatzekoa da komunikazio espazio nazional espainol eta frantsesa gehiago indartu direla. Telebista har dezagun: 2019ko martxoa eta apirilean, EAEko biztanle bakoitzak egunero 200 minutu inguru eman zituen telebista ikusten, batez beste; etxealdiaren garaian 280 minutu eman ditu, hots, ordu bat baino gehiagoko aldea. Eguneroko ordu pasa hori, ohiko egoera batean, bestelako jarduera batzuetan emango zuen biztanle bakoitzak: lantokian, ikastetxean, lagunekin, erosketak egiten eta abar. Krisialdi garaian ordea telebistak eratutako espazio mediazentrikoan sartuta eman du denbora hori, bestelako komunikazio espazio hurbilak dekretuz itxita izan baititu. Eta espazio mediazentriko horren % 80-90 Espainiako telebistek okupatu dute. Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago; baina joerak antzekoak izango zirela pentsa daiteke.

Kualitatiboki ere aldaketarik izan da. Kontsumoan gehien igo den komunikazio produktua informazioa izan da, bereziki pandemiari eta hari aurre egiteko neurriei lotutako informazioa alegia. Eta Espainiako Gobernuak autonomia estatutuak bertan behera utzi eta politikaren kontrol osoa hartu izanak, Madrilen kokatu du erreferentea: kontsumitu diren informazio, agindu zein aholkuak, neurri handi batean, Espainiatik etorriak izan dira, Euskal Herriko erakundeek protagonismo handia galdu baitute. Gauza bera Iparraldeko Euskal Herriarekin.

Horregatik hemen ere joera orokorrean aipatu duguna berretsi behar dugu: desberdintasun egoera batean, hazkunde linealek indartsuari egiten diote mesede gehiago ahulari baino.

Joera orokor honez gain, euskarazko komunikazioan ere utzi du arrastorik COVID-19aren pandemiak. Oro har, badirudi herri ekimeneko euskarazko komunikabideak gai izan direla kolpeari eusteko, bai audientziei dagokienez bai egiturari dagokionez ere. Seguruenik joan den urtean Eusko Jaurlaritzarekin adostutako laguntza sistema berriak oso lagungarri suertatu dira oraingoan. Bestetik, euskarazko komunikazio digitalak jauzi handi bat egin du gora. Baina ez haatik erdarazkoa baino handiagoa. Horregatik hemen ere joera orokorrean aipatu duguna berretsi behar dugu: desberdintasun egoera batean, hazkunde linealek indartsuari egiten diote mesede gehiago ahulari baino. Alabaina, euskarazko komunikazio digitala sekula iritsi gabeko publiko eta pertsonengana iritsi da, eta horrekin muga batzuk hautsi ote diren itxaropena zabaldu da sektorean.

Komunikabide publikoei dagokienez ordea, krisiak kalte handia eragin du telebistan. Zehazki, telebista kontsumoak inoizko maila gorena jo duenean, ETB1ek ikusleen erdia galdu ditu, gainontzeko telebista kanalen kontrako joeran murgilduta. Horren arrazoi nagusia, seguruenik, kanalaren ezaugarrietan dago. ETBko egitekoen banaketaren barruan ETB1 kirol emankizunetan espezializatu da, eta ETB2 informazioan. Krisiak genero biak astindu ditu: kirol ekitaldiak bertan behera geratu dira (adibidez, uztailera arte ez da pilota profesionala hasiko), eta informazioa jendearen genero kutun bihurtu da. Horren ondorioz, ikusle kopuruetan ETB2k oso gora egin duen aldi berean, ETB1ek oso behera egin du, lehendik zetorren desoreka areago sakonduz. Euskarazko ETB3 kanalak joera orokorrari jarraitu dio (ikusle kopuruan handituz), baina bere ekarpena ez da nahikoa izan ETB1en galera leuntzeko; eta edozelan ere ETB4ko gaztelaniazko saioek konpentsatu dute, modu negatiboan, hirugarren kanalaren ekarpen apurra.

ETBk krisiari eman dion erantzunak ez eze, euskal erakundeetatik eman zaionak ere zerikusia izan du, nabarmena izan baita COVID-19aren inguruko informazio instituzionalak izan duen izaera diglosikoa.

Galera honek epe hurbilean zer ondorio utziko duen aurreikustea zaila da; baina egungo egoerak zera utzi du agerian: euskal gizartean ia batere presentziarik ez duen euskarazko telebista publiko bat, ikusleen % 1en arreta ozta-ozta erakartzen duena. Bestelako ondorio bat ideologia mailakoa da: lehendik zetorren eskema diglosiazale bat (hots, informazioa erdararekin lotzen duena, euskararekin baino askoz gehiago) indartu egingo zen azken hilabeteetan. Horretan ETBk krisiari eman dion erantzunak ez eze, euskal erakundeetatik eman zaionak ere zerikusia izan du, nabarmena izan baita COVID-19aren inguruko informazio instituzionalak izan duen izaera diglosikoa. Komunikazio espazioan nazioa eratzeko informazioaz gain bestelako arloak ere garrantzitsuak izan arren (aisialdia, kirolaren inguruko nortasun eraikuntzak, eta abar), ezin da ahaztu informazioak oraindik ere (eta krisi honetan gehiago) oso garrantzi handia duela nazio baten eraikuntzan.

EITBren Bilboko egoitza.

Komunikabide publikoez ari garelarik, ezin albo batera utzi beste alderdi bat: informazio politikarena. Eusko Legebiltzarra deseginda harrapatu zuen EAE alarma egoerak; erakunde publikoen (irrati telebista barne) kontrolatzeko ahalmena ahulduta alegia. Bestetik etxealdiak beren burua agerrarazteko espaziorik gabe utzi ditu gobernuan ez dauden eragileak (alderdi politikoak, sindikatuak eta abar), erakundeak baino gehiago. Espazio publikoa, hala beharrez, komunikabideen eta sarearen espazioa izan da. Bigarrena monopolizatzea zailagoa da lehena monopolizatzea baino; baina oraindik ere lehenak du eragin sozial handiagoa.

Egoera anormal hau hauteskunde kanpaina bateraino luzatu da. Testuinguru horretan ugariak izan dira komunikabide publikoei gobernuan dagoen alderdiaren alde ohi baino gehiago lerratu izana leporatu dioten ahotsak. Eta honek zuzenean ukitzen du komunikazioaren bidez nazioa eraikitzeko prozesuaren nolakotasuna: demokrazia, aniztasuna, parte-hartzea eta beste zenbait balio sartzen dira jokoan, nazioarekin batera eraiki beharreko gizartearen ezaugarrietan arrastoa utziko dutenak.

Euskal telebista publikoaren ereduak gaztelerazko kanala indartu eta euskarazko kanala ahultzea eragin du; komunikazio sistema publikoaren gobernantza ereduak (zeinak gehiago jarraitzen baitio kontrol politikoaren eredu mediterraneoari zerbitzu publikoaren eredu anglosaxoiari baino) lerratze politikoa ahalbidetu du.

Aurrera begirako erronkak

Arestian esan dugunez, COVID-19aren inguruko krisiak areagotu eta sakondu egin ditu lehendik zetozen desorekak eta joerak. Euskal komunikazio sistemaren ahuleziak, krisialdi garaian Espainiako eta Frantziako komunikazio sistemak indartzea eragin du; euskal telebista publikoaren ereduak gaztelerazko kanala indartu eta euskarazko kanala ahultzea eragin du; komunikazio sistema publikoaren gobernantza ereduak (zeinak gehiago jarraitzen baitio kontrol politikoaren eredu mediterraneoari zerbitzu publikoaren eredu anglosaxoiari baino) lerratze politikoa ahalbidetu du. Hortaz, aurrera begira jarrita, lehendik zetozen arazoei aurre egin behar zaie; hala krisi honek orain arte eragin dituen kalteak leuntzen hasteko, nola etorkizunean gerta litezkeen antzeko krisiei ere hobeto aurre egin ahal izateko.

Ildo honetan, 2018an Eusko Ikaskuntzak 2018an Oñatin burututako Geroa Elkarrekin biltzarraren ondorioetako batek Euskal Herrirako Komunikazio Plan Estrategikoaren beharra planteatu zuen. Izan ere komunikazioaren arloan Euskal Herrian orain arte egi den guztia (herri ekimenetik zein ekimen publiko eta pribatutik) ez da modu adostu eta planifikatuan egin. Emariak hor daude, batzuk emankorragoak beste batzuk baino, baina gehiago jarraitu diete intuizioari eta ekintzailetasunari, planifikazio eta adostasunari baino. Hortaz, industriaren, garraioaren, unibertsitatearen, osasunaren, segurtasunaren zein beste arlo askoren joan-etorriak zoriaren eta banakoen esku uzten ez diren bezala, komunikazioa ere uzterik ez dago. Plan horrek eragile guztien arteko adostasuna eskatzen du (erakundeak, komunikazioaren sektoreak, herri ekimenak, ikerkuntza sistemak e.a.), bai eta konpromiso politikoak, baliabideak eta ebaluazio sistemak ere.

Oñatiko Biltzar hartan nabarmentzen zenez, gaur egun Euskal Herrian egundo izan ez diren baldintza politikoak daude Euskal Herria helburu duen plan bat egiteko. Nafarroa Garaian eskuma antieuskalduna gobernutik alboratu izana, Ipar Euskal Herrian Elkargoa sortu izana, eta EAEn Euskal Herria erreferentetzat duten alderdiek gehiengo argia edukitzea, baldintza itxaropentsuak dira. Ez, seguruenik, Euskal Herria helburu politiko gisa hartzeko; bai ordea kultur eta hizkuntz helburu gisa hartzeko. Izan ere herri honek bere kultura, bere hizkuntza eta bere nortasuna galtzen baditu, EAEko, Nafarroako zein Iparraldeko botere egiturenak ere egin du.

Kultur eta hizkuntz komunitate hori eratzeko funtsezkoa da, izan, komunikazio espazio propioa. Eta horretarako komunikazio sistema propioa indartu behar da. Oñatiko biltzarrak emandako beste ondorio batek hortik jotzen zuen: Euskal Herri osorako komunikazio proiektuak eratu beharra. Zehazki, lurralde osorako telebista bat aldarrikatzen zen orduko hartan.

1990eko hamarkadara arte telebista seinalea espazio irrati-elektrikoz soilik zabaltzen zen, espazio horren kontrola estatuena izanik. Estatuek erabaki zuten hortaz Euskal Herrian zein telebista kanal ikus zitezkeen, eta zein ez. Euskaltel agertu denetik, bere kablez banatzen ziren telebista seinaleak Euskaltelek erabakitzen ditu.

Garrantzitsua da hemen sistemaren ideia azpimarratzea. Estatu egiturek, zuzen zuzenean, gero eta indar txikiagoa dute euren neurriko komunikazio espazioak eratzeko. Eragile pribatuekiko lehia aspaldi galdu zuten, eta internetek ahuldu egin ditu estatuaren kontrolak. Baina komunikabideek, neurri handi batean, sistema gisa jokatzen dute, eta sistema nazionalak birsortzen dituzte. Hortaz funtsezkoa da euskal komunikazio egiturek izan behar duten sistema izaera azpimarratzea, izaera ezberdinetako agenteak (publikoak, herri ekimenekoak, pribatuak), maila ezberdinetakoak (nazionalak, tokikoak), euskarri anitzekoak (medio tradizionalak zein berriak) eta hizkuntza ezberdinetakoak ere koordinatuz eta inplikatuz.

Komunikazio sistema propioa eratu eta indartzeko bidean, funtsezko izaten jarraitzen dute komunikabide tradizionalek; funtsezkoak dira baita interneten oinarritutako komunikazio modu berriak. Baina haiek bezain funtsezkoak dira komunikaziorako azpiegiturak: gure datuak (izan aisialdirako produktuenak, informaziozkoak, zerbitzuetakoak zein makinen artekoak) garraiatzen dituzten azpiegiturak alegia. Eta hemen Euskaltelen auziarekin egiten dugu topo. Euskaltel, kapital publikoarekin sortu zen 1995ean, eta arrakasta nabarmena lortu zuen ordura arte estatuaren monopolio izan zen EAEko telefonia finkoaren merkatu kuotan (% 38); baita geroago telefonia mugikorrean (% 20), kable bidezko telebistan (% 47) eta banda zabaleko interneten (% 41). Horrela, gero eta komunikazio produktu gehiago mugitzen dira bere sareetatik. Horregatik funtsezkoa da haren kontrola. Honen garrantzia ikusteko, honakoa gogoratu: 1990eko hamarkadara arte telebista seinalea espazio irrati-elektrikoz soilik zabaltzen zen, espazio horren kontrola estatuena izanik. Estatuek erabaki zuten hortaz Euskal Herrian zein telebista kanal ikus zitezkeen, eta zein ez. Euskaltel agertu denetik, bere kablez banatzen ziren telebista seinaleak Euskaltelek erabakitzen ditu.

Jakina denez, erakunde publikoek Euskalteleko parte-hartzea saldu egin zuten (Eusko Jaurlaritzaren kasuan) edo beraiek pribatizatu ziren (aurrezki kutxen kasuan), Euskaltelen kontrola atzerriko inbertsio funtsen esku utzita. Konpainiak, oraindik ere, nolabaiteko errotzea du Euskal Herrian. Baina azken urteko mugimenduek (Espainia osora zabaltzeko urratsak, Orangerekin bat egitea, Zuzendaritzako aldaketak eta abar) argi uzten dute arriskua. Eta Euskaltelek Euskal Herriarekin duen lotura ahulduz gero, komunikazio espazio propioa eratzeko tresna estrategikoa (oraingo eta geroko datuen sare fisikoaren zati handi bat) erabat galduko dugu. Hortaz, lehentasunen artean Euskaltelen kontrola berreskuratzea izan beharko litzateke.

Ebatzi beharreko gai bat, bestalde, hizkuntzarena da: zein leku izan behar duen hizkuntza bakoitzak euskal komunikazio espazio baten eraikuntzan. Ez da eztabaida erraza, maila teorikoan planteatzen bada. Baina eztabaidatu beharrik ez dago, euskarazko komunikazioa indartzen den neurrian euskal komunikazio espazioa indartzen dela. Hortaz, aurrera begirako ildo lehenetsia izan beharko litzateke euskarazko komunikabideak indartzea; bai eta komunikabideetan (guztietan) euskararen presentzia areagotzea.

Lehen baino baldintza eta giro politiko hobeak ditugu hiru herrialde administratiboetan. 200 pertsona graduatzen dira urtero komunikazio alorrean, Euskal Herriko unibertsitateetan. Euskararen ezagutzak aurrera jarraitzen du, eta gaur egungo Euskal Herrian gehiago dira euskara gutxienez ulertzen dutenak ulertzen ez dutenak baino.

Erronka hauei heltzeko ditugun indarguneak ez dira gutxi: ataka gogorretan aurrera egiten jakin duen herri ekimen zaildua dugu komunikazioaren alorrean ere. Esfera publiko eta agenda propio garrantzitsua ere badugu. Lehen baino baldintza eta giro politiko hobeak ditugu hiru herrialde administratiboetan. 200 pertsona graduatzen dira urtero komunikazio alorrean, Euskal Herriko unibertsitateetan. Euskararen ezagutzak aurrera jarraitzen du, eta gaur egungo Euskal Herrian gehiago dira euskara gutxienez ulertzen dutenak ulertzen ez dutenak baino. Euskarazko herri ekimeneko komunikabideak bederen elkarrekin pentsatzen eta jokatzen hasiak dira. Herri aberatsa gara, horrek isla zuzena duelarik interneten eta informazioaren teknologian euskarak duen presentzia handian. Eta beste zenbait.

Ahuleziak ere badira. Lehena, beste batzuen indargunea da: propiotzat hartzen ez ditugun komunikazio espazio estatalen indar zentripetoa, egunero egunero beren komunikazio sistemen bitartez irensten gaituztenak. Bigarrena, komunikazio jarduerari epe laburreko etekina atera nahi dion ikuspegi politiko hedatuegia, bereziki erakunde publikoetan. Joera globalak ere mehatxu dira, espazio propioa eraiki nahi duenarentzat.

Indarguneak indargune eta ahuleziak ahulezia, garrantzitsuena honakoa iruditzen zait: Euskal Herriak komunikazio politikaren kontzientzia hartu behar du, birsortzen jarraitu ahal izateko. Krisi honetatik ikasitako termino bat metafora gisa baliatuz, esan daiteke azken hilabeteetan nazio espainolaren eta frantziarraren Ro zenbakiek (nazio horien birsortze indizeek alegia) gora egin dutela, gureak behera egiten zuen bitartean. Besteak beste, gure komunikazio sistemaren ahula zelako eta hutsune nabarmenak genituelako.