TELESFORO MONZON eLab / Euskal Herrigintza Laborategia

Hizkuntza errealitatea Lapurdi Nafarroa Beherea eta Xiberoan

Hizkuntza errealitatea Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Xiberoan

Iragan urtean argitaratu ziren inkesta soziolinguistikoaren emaitzek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Xiberoako hizkuntza errealitate gordina ekartzen dute argira (IKUS DATUAK).

Ipar Euskal Herriko lau biztanletik bat elebiduna da, baina, hogei urtetan 55.000 euskaldun izatetik 51.500 izatera igaro gara. Eta aldiberean, elebidun hartzaileak 26.000 izatetik 24.000 izatera igaro dira. Azken hamarkadari so egiten baldin badiogu, 2016az geroztik kopuru absolutuetan egonkortze bat antzeman daiteke, batez ere eskola transmisioak egin ekarpenari esker. Haatik, erabilerak peko errekarako bidean jarraitzen duela deigarria da, hizkuntza gaitasunari dagokionez frantsesa euskara baino hobeto menperatzen duten euskal hiztunen kopuruaren gorakadak baldintzaturik.

Inkesten datuez gain, Frantziako Estatuko hizkuntzen legezko kuadroa kontuan hartu behar da euskararen egoera azaltzeko. Konstituzioaren 2. artikuluak diona aintzat hartuz, Frantziako Estatuan ez dago hizkuntza ofizialik frantsesa ez denik : “Errepublikaren hizkuntza frantsesa da” (1992).

 

Konstituzioaren hizkuntza irizpide horrek jurisprudentzia egiten du Estatuko beste hizkuntzen aldeko proposamen guztiak eragozteko orduan. Eta 2008an Konstituzioan erantsi zuten 75-1 artikuluak, « Eskualdeetako hizkuntzak Frantziako ondare » gisa onartzen dituenak, periferiako hizkuntzei ez die deus baikorrik ekarri. Ezagutza ofizialik eza ahulgune bat da lekuko hizkuntzak babes juridiko gabe uzten baititu.

 

Geroztik, Mollac diputatu bretoiak irakaskuntzan murgiltze eredua arautzeko eta babesteko proposatu zuen legearen aurka Frantziako Konstituzio Kontseiluak 2021eko maiatzan jakinarazi zuen ebazpenak lekuko hizkuntzen insekuritate juridikoa areagotu besterik ez du egin.

Instituzioen esku-hartze mailakatua hizkuntza politikaren ezaugarritzean

Legez ukatua, 90 hamarkada bukaera bitartean euskalgintzako elkarteen ekarpena erabakigarria izan da herritarren presioz instituzioek euskara laguntzera behartzeko. Hortaz, 1996an Garapen Kontseiluak argitaratu dokumentu batean Ipar Euskal Herrian “hizkuntza antolaketa” politika publiko baten beharra mahaigaineratu zen lehen aldiz.

 

2004an instituzio ezberdinek Frantziako gobernuaren eskutik, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) sortu zuten hizkuntza politika osatu, ebaluatu eta diruztatze berriak aurkitzeko. Bi urte geroago EEPk Hizkuntza Politika Egitasmoa osatu zuelarik lau urteetarako.

 

Oraindik indarrean den EPPren hizkuntza politika egitasmoaren ardatza eskola transmisioa sustatzea da, hiztun osoak lortzeko bidean lehentasuna haur eta gazteetan ezartzea erabaki baizuen 2006an.

 

Egituraketari dagokionez, Euskararen Erakunde Publikoa, Interes Publikoko Elkargo (IPE) bat da, eskubide publikoko pertsona juridikoa. EPP Estatuaren, Akitania Berria eskualdeko, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko eta Euskal Hirugune Elkargoko ordezkariek osatzen dute. Izan ere, 2015eko abuztuaren 7ko NOTRe legearen (Frantziako Estatuan lurralde antolaketa arautzen du) 104. artikuluak zera zehazten du: “lurralde hizkuntzen promozioaren ardura herrien, departamenduen, eskualdeen eta estatutu bereziko kolektibitateen artean partekatua da”.

 

EEPn hartzen diren erabakiak oro Frantziako Estatuaren, Akitania Berriaren, Pirinio Atlantikoen eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko hautsi-mautsien emaitza dira. Bestalde, indarrean dauden lege hertsatzaileek errotik baldintzatzen dute hizkuntza politikaren norabidea.

 

Haatik, Ipar Euskal Herriko herritarren artean euskararekiko ageri den atxikimenduak akuilaturik, legearen parean lekuko instituzioen borondate politikoak lerroak mugiarazteko gaitasuna izan dezake.

Gisa horretan, oraindik ibilbide laburra duen Euskal Hirigune Elkargoak 2018ko ekainaren 23an lehen aldiz hiru lurraldeentzat hizkuntza politika bat onartu zuen, zeinetan euskarari nolabaiteko ofizialtasuna aitortzen zaion. Euskal Elkargoko hautetsiek ahobatez ofizialki onartu zuten euskara eta okzitaniar gaskoiera lurraldeko hizkuntza gisa izendatzea, frantsesaren ondoan. Bilkura berean, Elkargoko Kontseiluak «Euskara jalgi hadi plazara» euskararen aldeko hizkuntza politika proiektua onartu zuen, honako helburu hauek lehenetsiz:

  • Euskal Elkargoak, herriek eta udal alorreko beste eragileek herritarrei proposatzen dizkieten zerbitzuetan eskaintza elebiduna egitea, hala nahi duten biztanleek euskara egunerokoan erabili eta elkarri pasa ahal diezaioten.
  • Biztanleek zerbitzu horiek erabil ditzaten, haiei etengabe informazioa eman eta horien garrantziaz ohartaraztea, hartara, herritarrak jardun horietara lot daitezen eta euskarazko dinamikak gara ditzagun bizi inguruneetan.

Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika bidegurutze batean

Aurten Frantziako Estatuak EPPren IPE izaera luzatuko ote duen trenkatuko du, EEPren ibilbidearen ebaluaketa prozesuaren emaitzan oinarrituz.

 

Aldiberean, inkesta soziolinguistikoaren emaitzetan oinarrituz, euskalgintzako elkarteek hizkuntza politikan sakoneko aldaketa baten beharra mahaigaineratu dute.

 

Hizkuntza politika egitasmoa eguneratzea ezinbestekoa dela agerikoa da, Ipar Euskal Herriaren erakundetzean eman diren urrats berriek bestelako abagunea sortu baitute, baina batez ere erronka soziolinguistikoak nabarmen aldatu direlako 2006az geroztik. Lurraldearen bilakaera demografikoaren aurreikuspenei so egiten baldin badiegu, ikuskera eta esku-hartze maila aldatzea premiazkoa bilakatzen da.

 

EPPk aurkeztu berri duen hizkuntza egitasmoan oinarritzen bagara, norabide aldaketarik gertatuko ez balitz, 2050erako Ipar Euskal Herriko euskaldunen kopurua %17ra jeitsiko litzateke. Euskalgintzako eragileek eskatzen duten norabide aldaketak euskal hiztunen %30a lortzea luke helburu.

 

Euskararen transmisioa indartzen jarraitzearekin batera (murgiltze eredua orokortuz eta helduen euskalduntzea indartuz), erabileraren igoera ere bada hurrengo hamarkadetarako hizkuntza politikaren erronka handia. Bide horretan, instituzio guztien borondatea eta gaitasuna izango dira giltzak, dagozkien eskumen guztiak baliatuz (haurtzaroa, gazteria, kultura, kirola, garapen ekonomikoa, komunikabideak, kultur ekoizpena eta hedapena) hizkuntza politika garatu dezaten, ekintza guztiak beraien artean eta EEPrekin koordinatuz.

 

 

Egoitz Urrutikoetxea

Seaskako Pedagogia Zuzendaria