Hizkuntza-politika(k) berria(k)
Nahi baino gehiagotan entzun ohi dugu euskara ez dela politikarekin nahastu behar, ez eta hizkuntza gatazkarekin ere. Alta, guk kontrakoa aldarrikatu nahi dugu: hizkuntza-politika nahitaezkoa da hizkuntza-gatazkaren zurrunbilotik atera ahal izateko. Izan ere, hizkuntza komunikazio-tresna da, eta ondorioz fenomeno soziala ere bada. Horrela, fenomeno soziala den heinean, gizarte horretan ezarrita dauden harremanen mende ere badago, eta beraz, gizartean ezarrita dauden harreman sozialek, botere-harremanek barne, hizkuntza-harremanetan eragin zuzena dute. Gauzak horrela, hizkuntza-politikak botere-harremanen ondorioz sortutako egoera bidegabeak konpontzeari begira jarri behar dira. Eta, hizkuntza-politikaz ari garenean, erakunde publikoek hizkuntzen erabilera antolatzeko eta arautzeko egiten dituzten eskuhartzeen multzoaz aritzen garela argitu behar dugu.
Horrela, hizkuntza-politika definitu behar badugu, lehenbizi, nahitaezkoa izango da politika horren baitan dauden elementuak zehaztea: politikaren helburua, parte hartuko duten aktoreak, eragin nahi dugun portaera, zuzenduko gatzaizkion populazioa, baldintzak, baliatuko ditugun bitartekoak, izango diren baldintzak, eta, azkenik, lortu nahi ditugun ondorioak.
Politikaz ari gara, eta beraz, esan bezala, esku-hartzeez. Horietako batzuk, nola ez, praktika sozialetatik etorriko dira, baina izan beharko dira botere publikoen esku-hartze zehatzen bidezko ekintza programatuak. Ezin dugu espero, askotan esaten zaigun bezala, hizkuntzaren berreskurapen-prozesua herri-gogoaren bultzadaz bakarrik gertatzea. Aitzitik, botere publikoen eskuhartzeak beharrezkoak dira. Horien baitan, bi eskuhartze nagusi izaten dira arau bidezkoa, eta bestetik, sustapen bidezkoa. Gurean, politika nagusietan joera handiagoa izan da sustapen bidezkoak aplikatzeko, hain zuzen ere, sektore zehatz batzuei inolako balizko deserosotasunik ez sortzearren. Hor badugu, beraz, aplikatu diren politika nagusienetako zuzendu beharreko ezaugarria: egoera gutxituan dagoen komunitatearen eskubideak bermatzeko talde nagusiak bere egindako pribilejioak ukitu nahi ez izatea.
Ari gara, bai, baina egun oraindik ezin da Euskal Herrian euskaraz bizi, eta gainera, gero eta adostasun handiagoa dago diagnostiko kezkagarriaren baitan.
Ondorioz, hizkuntza-politikaren zutabeak berraztertzeko garaia iritsi da. Batetik, indarrean dauden marko juridiko zaharrak eta askiezak berritu behar dira. Beste politiketan bezalaxe, hizkuntza-politikaren baitan ere, araugintza oinarrizko zutabea da. Legeria edo araugintza herrialde bateko edo sektore jakin bateko pertsonen arteko harremanak arautzen dituen arau eta lege multzoa da. Horrela, bada oinarrizko printzipio bat: ez dago araubiderik gabeko hizkuntza-politikarik. Bigarrenik, plangintzari erreparatu behako diogu. Hizkuntza-politika zerbait baldin bada, politika planifikatua da, ezin da bestela kudeatu, egite hutsak ez gaitu helburura gerturatzen. Horrexegatik, helburura iristeko egin beharreko urratsak zehaztu behar dira, bai eta hori egin ahal izateko epeak eta ebaluazioak ere. Azkenik, baliabide egokiak esleitu behar zaizkio hizkuntza-politikari, eta baliabideok egoki kudeatu behar dira.
Horiek dira hizkuntza-politikaren baitan birformulatu beharreko hiru zutabeak. Halere, azken boladan ohartu gara badela horien guztien gainean hedatzen den beste elementu bat: komunikazioa, diskurtsoa… Hizkuntza-politikak gizarte-aldaketa ere badakar eta, horretarako, ikuspegi oso bat, euskararen pertzepzio jakin bat, kultura oso bat eraiki behar dugu. Euskararen normalizazioa jendearen buruan jokatzen da, norbanako bakoitzak euskarari buruz duen pertzepzioan. Hizkuntza-politika egitean, errealitatea aldatu nahi den heinean, gizarte aldaketa sakona eragin nahi den heinean, argi izan behar da (onerako eta txarrerako) jendearen pertzepzioa dela “benetako” errealitatea, beren jarduna baldintzatzen duen errealitatea eta, ondorioz, pertzepzio hori, errealitate hori aldatuz lortuko dugula aldaketa.
Euskalgintzak azaroaren 4an Bilbon deitutako mobilizazioa. Iturria: Berria
Esan bezala, euskararen normalizazioa herritarren buruan jokatzen da, euskarak herritarren pentsamenduan duen kokapen edo tokian, alegia, norbanakoak euskaraz duen pertzepzioan. Horrexegatik, oso garrantzitsua da hizkuntza-politikak aurrera eramaten direnean, hori guztia kontuan izatea. Izan ere, hasieran esan bezala, euskara herritarren buruan egoki “posizionatzeko” ezinbestekoa da estrategia oso bat, estrategia orokor eta iraunkor bat.
Gero eta argiago geratzen ari da urgentziazkoa dela Euskal Herria berruskalduntze bidean jarriko du(t)en politika(k) abiaraztea. Are argiago, botere judizialaren oldarraldia kontuan hartuta. Azter ditzagun izan diren proposamenak, eman diezaiegun begirada gure mugetatik kanpo aplikatzen diren politikei. Ekin diezaiogun.
Paul Bilbao Sarria
Euskal filologian litzentziaduna